10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

  • Presoen aldeko eta espetxeen aurkako freestyle lehiaketaren hamargarren edizioa azaroan hasi zen, eta urtarrilean amaituko da Gasteizen. 2016ean hasi zen ekimena Ekaitz Samaniego preso politiko gasteiztarraren etxeratzea eskatzeko, baina behin kaleratuta, desagertu ordez hazi egin da lehiaketa herrikoia. Xabier Antia Zuaznabar eta Ekaitz Samaniego Curiel All in tha house ekimenaren antolaketa taldeko kideek erantzun dituzte ARGIAren galderak.

All in da house

2025eko abenduaren 10ean - 07:50
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azaroaren 14an aurkeztu zenuten aurtengo lehiaketa, eta azaroaren 21ean ospatu zenuten lehen saioa Oñatin. Zer moduzko hasiera izan du ekimenak eta zer bide geratzen zaizue aurretik?

Samaniego: Oso pozik gaude erantzun ona jaso dugulako jende aldetik. Gainera, aurten Nafarroara zabaldu izanak ilusio handia sortu digu, eta ederra izan zen Errotxapeako El Hadji gune autogestionatuko aurkezpenean lehen errimak konpartitu eta ekimena azaldu izana. Oñatiko Antixena gaztetxean giro aparta izan genuen, inprobisazio ederrekin eta erritmo biziekin. Hurrengo geltokia ostiral honetan daukagu Hendaiako Enbata gaztetxean, hortik Gernikako Astrara egingo dugu salto [abenduak 19], eta azkenik, urtero bezala finala Gasteizko Gaztetxean izango da, urtarrilaren 24an.

Freestyle lehiaketa da All in da house, ekimena ezagutzen ez duenarentzat, nola azalduko zenukete formatua bera eta sortu ohi den giroa?

Antia: Txapelketa honetan parte hartzen duten freestylerrek rap aireekin baina estilo anitzetan inprobisatzen dute, aurrez prestatutako gaien edo ariketa ezberdinen gainean, euskaraz beti ere. Unean uneko sormenaz baliatzen dira oinarri musikal baten gainean inprobisatuz. Beraz, esan dezakegu, rapa, inprobisazioa, musika, sormena... nahasten dituen jarduera berezia dela. Bestalde, eszenatokian zein publiko artean, rollo ona eta kidetasuna zaintzen saiatzen gara, oilar-borroka ezagunen estilotik urrundu nahirik.

Hamazortzi freestyler arituko dira guztira lehiaketan, zer nabarmenduko zenukete parte hartzaileez?

Samaniego: Saretxo bat sortzen ari gara, Euskal Herrian jendaurrean euskaraz formatu honetan edo freestylean inprobisatzera animatzen diren kideena: dj lanetan dabiltzanak, epaileak, aurkezleak... Saiatzen ari gara, eta ekimena geroz eta anitzagoa izatea nahiko genuke, estilo, genero zein lurraldetasun mailan, adibidez. Bide batez, irakurleren bati parte hartzeko gogoa pizten ari bazaio, gurekin harremanetan jar dadila. Egia da bertsolaritzatik etorritako lagun dezente aritzen dela, baina saio guztietan izaten da esparru raperoago batetik edo bestelakotik datorren hainbat lagun ere. Adin tartea zabala da,  20 eta 47 urte bitarteko parte hartzaileak ditugu. Alde horretatik oso pozik gaude. Azpimarratu nahiko genuke saioek leku hartzen duten espazioekin batera elkarlanean antolatzen direla ekitaldiak. Asko eskertzen dugu haien inplikazioa. Ederra da han eta hemen lagun berriak egitea aldarrikapen politen inguruan.

Aurtengoa All Inda House lehiaketaren X. edizioa duzue. Egun bakarreko eta Gasteizera mugatutako ekimena izan zen hasieran, baina egun Euskal Herri mailakoa da, bi hilabetez luzatzen da eta lau saio burutzen dira. Nola eman da bilakaera hori?

Antia: Egia da urteak aurrera joan ahala geroz eta indar gehiago hartu duela egitasmoak, parte hartzaileen aldetik, esaterako. Hasieran, gure lagun Ekaitzen etxeratzea eskatzeko ekimena zen, bera parte zen Gasteizko espazioetatik antolatzen genuen, etxean bertan. Ekaitz espetxetik irtetean modu naturalean suertatu zen aldarria preso politiko guztietara zabaltzea, eta antolatzaileok genuen motibazioa zela eta, baita ekimena zabaltzen joatea ere.

Preso politikoen askatasunaren aldeko eta espetxeen aurkako ekimena da, eta euskaratik egina. Nola ulertzen dituzue aldarrikapen horiek 2025ean gauden honetan?

Samaniego: Argi dugu espetxeak muturreko zapalkuntza egituren adierazpena direla, pertsonak ezeztatzeko eta kontrolatzeko sortutako instituzio errepresiboak. Euskal Herrian ondo dakigu zein funtzio sozial betetzen duten: disidentzia politikoa neutralizatzea eta jendarteko sektore baztertuak diziplinatu eta esplotatzeko mekanismo gisa jardutea. Sistemaren egiturazko oinarri kriminalak dira kartzelak, eta ondorioz, ez dira desagertuko dominazio eredu hau aldatu ezean. Gauza bera preso politikoen existentziarekin, hamarnaka ditugu egun, eta errepresio mekanismoek bere horretan diraute. Horregatik, preso politikoen berehalako askatasuna eta kartzelen suntsiketa aldarrikatzen ditugu, haien behar perbertsoa izango ez duen egiazko gizarte aske bat irudikatzeko aukera izateko bidean. Hau guztia esanda, zentzuzkoa iruditzen zaigu ekimena euskara hutsean izatea, Euskal herritik sortzen eta elkartasuna bultzatzen gabiltza, gure free estiloan, euskaraz.

 

Jarraian, aurtengo eta iragan urteetako hainbat argazki:

 All in da house
 All in da house
 All in da house
 All in da house
 All in da house
 All in da house
 All in da house
 All in da house
 All in da house
 All in da house

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025eko abenduaren 10
Koldo Otamendi, Kojo musikaren errepidean
"Niretzat, musikak funtzionatu behar du argiak itzalita"

2025eko abenduaren 10
Barra warroak
Dena ez da hain guaia

Eguneraketa berriak daude