Gaixotasun luze baten ondorioz, 74 urterekin hil egin da Donibane Lohizuneko preso politiko ohia. 32 urte izan zen espetxean.
Jakes Esnalek 2022ko urriaren 18an askatasuna berreskuratu zuen eta Lannemezango kartzelatik atera zen, atzean 32 urte eta erdi lagata Frantziako kartzeletan. Askatasuna berreskuratu aurreko urte horietan Ipar Euskal Herrian herri mugimenduak garatu zuen kanpaina erabakigarria izan zen bera Ion Parot eta Frederic Haranburu 'Xixtor' Euskal Herrira ekartzeko.
Espetxetik atera ostean urtebeteko "probaldia" izan zuten, eta denbora horretan kontrol telematiko gogorra izan dute. Ordutik, Frantziako agintarien kontrol-neurrien mende egon da. Baldintza horietan egon behar zuen hamar urtez.
1990eko apirilean Donibane Lohizunen atxilotu zuten Esnal eta 1997an biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Guztira, 72 urteko zigorra ezarri zioten Jakes Esnali ETAren Argala komando ezaguneko kide izateagatik. Legeak agintzen duena baino hamabost urte gehiago egon da espetxean Esnal. 2007az geroztik baldintzapeko askatasunerako eskubidea bazuen ere, Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak irmo eutsi zion Esnal espetxean mantentzeari.