Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAko militante ohia bilatu, atxilotu eta espetxeratzeko euroagindua eman du. Urrutikoetxea bere kasa aurkeztu da Frantziako Fiskaltzaren aurrean, eta libre utzi dute kontrol judizialpean, orain arte bezala.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxea atxilotu eta kartzelara bidaltzeko beste saiakera bat egin du, arrakastarik gabe. Santiago Pedraz epaileak eman du euroagindua, Frantziako Estatuak bere lurretan bizi den ETAko militante ohia atxilotu dezan. Hala ere, euroaginduaren berri izatean bere kabuz aurkeztu da Urrutikoetxea, bere abokatuarekin batera, Frantziako Fiskaltzaren aurrean. Frantziako epaileak ebatzi du ez dagoela arrazoirik Urrutikoetxearen egoera judiziala aldatzeko, eta orain arteko egoera berean jarraituko du: aske, kontrol judizialpean. Ondorioz, Lapurdin jarraituko du bizitzen, eta astean behin kontrola pasa beharko du.
Pedrazek temati jarraitzen du Urrutikoetxea atxilotu nahian. Joan den astean eman zuen euroagindua, uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen kontra hasi zuen prozesuaren jarraipena da. Herriko tabernen auziari lotuta, epaileak ETAko zuzendaritzako kide izatea leporatzen dio, Madrilen eta ETAren arteko elkarrizketetan parte hartu zuela, eta erakundearen amaieraren berri eman zuela argudiatuta.
Bestalde, 2026ko apirilean Parisko Dei Auzitegiak Urrutikoetxea epaituko du, 2002tik 2005era ETAko kide izatea egotzita. Prozedura hori amaitu ostean Espainiak ere Urrutikoetxea epaitzea aurreikusten du, 1987an Zaragozan egindako atentatu batengatik.