Kezkak eta kexuak areagotu dituzte COVID-19ari begira Macronek harturiko azken neurriek

  • Ondoko bi neurriek dute zeresan gehien sortzen: batetik, pass sanitaire deitu osasun pasea beharrezko jartzea eguneroko sozializazio gune askotan; eta bestetik, osasun eta zaintza arloko langile eta laguntzaileei txertoa derrigortzea. Bizitza pribatuaren errespetua eta herritarren arteko berdintasuna zangopilaturik direla diote hainbatek.

     


2021eko uztailaren 15an - 14:04
Azken eguneraketa: 16:32

Bere horretan pass sanitaire edo osasun pasea ez da ilegala: "Bizitza pribatuaren errespetua eta datu pertsonalen babesa bermatzen dituzten eskubideei ez die modu larrian eragiten", Frantziako Estatu Kontseiluaren arabera. Uztailaren 6ko epaia da, La Quadrature du Net elkarteak jarri salaketari segi plazaraturikoa.

"Interes publikoaren izenean" bideraturik, osasun pasea legala dela argitzen du auzitegiak, zehaztuz hala ere, ez dituela "eguneroko eginbeharrak hunkitzen" –maiatzaren 31ko legeak "elkarretaratze handietarako, aisialdietarako, ferietarako eta lan arloko elkarretaratzeendako" finkatzen zuen baldintza–. Baina hortik gutxira, uztailaren 12an Emmanuel Macron Frantziako presidenteak are zabalago bihurtu zuen osasun pasearen baldintza, aldi honetan bai eguneroko eginbeharretara bideratuz: taberna, jatetxe, garraio publiko ala beste. Hori horrela, baliteke, giza eskubideen izenean, COVID-19ari aurre egiteko neurri berriak auzitegira eramatea eta bertan argitzea honen legalitatea. Osasun paseari baino gehiago, hau exijitzen den esparruari begiratuko lukete auzitegian.

Gaitza pasatu izana, txertoa hartu izana edo aitzineko egunetan egin testan negatibo eman izana zehaztu beharko du dokumentuak, eta hori ez bada horrela, herritarrak ezingo du egon zainduriko edo kontrolaturiko espazioan. Herritar multzo baten haserrea piztu du neurriak, honen ustetan –txertatu nahi ala ez nahi– behartze hau norberaren askatasunen eta eskubideen aurka doalako.

Kontua da nahiz eta Macronek txertatzea ez behartu, bizitza soziala bermatzeko eta sozializazio espazioetan egoteko baldintza gisa jartzen duela osasun pasea. Adierazpena bukatu bezain laster biderkatu ziren kalera ateratzeko deiak sare sozialetan, #passsanitairedelahonte (#lotsazkoosasunpasea) traola erabiliz. Tartean, uztailaren 14an 500 lagun batu ziren Baionako manifestazioan, “ongi etorri osasun-diktadurara” lemapean. Protesta batzuetan liskarrak egon dira polizien eta manifestarien artean, Parisen adibidez:

"Uztailaren 21etik aurrera, osasun pasea aisialdi eta kultura guneetara zabalduko dugu. Konkretuki, hamabi urtetik gorako guztiek txertatuak izan beharko dute, edota testaren emaitza negatiboa ukan beharko dute [50 lagun baino gehiagoko] ikusgarri, atrakzio parke, kontzertu edota festibal batera sartzeko", Macronek aste hasieran jakinarazi zuenez. Hori hasteko, eta abuztuaren hastapenetik aurrera, kafetegi, jatetxe, taberna, zentro komertzial, garraio publiko baita ospitaleetan egoteko baldintza bilakatuko da ere. Paraleloki, orain arte kitorik ziren antigeno testak eta PCR probak bere poltsikotik ordaindu beharko ditu herritarrak udazkenetik goiti; hor ere azkenean, txertatzera bideratzeko helburuarekin.

Txertoa beharturik osasun arloan eta zaintzan

Herritar batzuk ez dute hauturik ukanen: irailaren 15etik aitzina –bai ala bai– txertatu beharko dute osasun arloko eta zaintzaren esparruko langile eta laguntzaileek. Errefusatuz gero, ezingo dute lanik egin eta ez dute soldata jasoko. 

Eztabaida sortu du neurri honek ere, behartzearena ez dutelako guztiek begi onez ikusten. Are gehiago, urte bat eta erdiz, buru-belarri eta baldintza txarretan COVID-19ari aurre egiten aritu ondoan, behartze horrek batzuen kexua areagotu egin du. Zehaztekoa da ere urteetako austeritate politikari COVID-19aren izurriteak eragin lan karga gehiturik, Ipar Euskal Herriko eta orokorki Frantziako erizainen morala apal dela eta hori aitzin ere nekea eta haserrea sendi dela osasunaren sektorean.

Egingarritasuna ere zalantzan jartzen dute jatetxe eta ostatu askok, baliabide aldetik "ezinezkoa" zaielako osasun pasearena. Neurria irailera arte atzeratzea eskatu diote gobernuari baina eskaera ez zaie onartua izan. Hala ere, "kezkak entzunik" gobernuak zehaztu die "malgutasunez" bideratuko dituztela langileei buruzko kontrolak.

Gehiengoa alde

Iritzi-zundatzeei fidatuz gero, badirudi gehiengo zabalak Frantziako Gobernuak harturiko neurri horiekin bat egiten duela. Herritarren %76 da osasun eta zaintza arlokoei txertoa behartzearen alde. Osasun paseari dagokionez haatik, %58 da taberna eta jatetxeetan dokumentua behartzearen alde. %63 da orain arte kitorik ziren antigeno testak eta PCR probak pagaraztearen alde. Orokorrean, izurritea gainditzeko bidean hartu beharreko neurri gisa dauzkate Macronek plazaraturiko hauek ere.

Funtsean, Macronen diskurtsoaren gauean 926.000 lagunek zuten txertoa egiteko hitzordua hartu, eta hortik bi egunetara orotara 2,2 milioi ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude