Libia, ziurrenik munduko drone-gerrarik handienaren agertokia

  • Libian zerutik bonbak erortzen direnean, hasten da nork jaurti dituen asmatzeko jokoa. Han esku hartzen duten atzerriko bost estatuetatik edonor izan daiteke arduraduna, edo Libiako bi gobernu lehiakideen bi aire armadetako bat. Sarri hauetako batek ere bere gain hartzen du, benetan erasoa atzerritarrek egin arren. Beste eraso asko errebindikazio barik geratzen da. Bonbardaketa batek eskandalua eragiten duelarik, errudunek arerioei egozten diete kulpa.

Wing Loongs drone txinatarra, Libian lurreratua. Argazkia: Fighter Jets World
Wing Loongs drone txinatarra, Libian lurreratua. Argazkia: Fighter Jets World

Arduradunak aurkitzeko interes handia edo profesionala dutenak trebatu dira egiten susmagarrien artean hautatzeko galderak. Biktimak nor uste du dela, ziurrenik, erruduna? Zer iradokitzen dute erasoaren prezisioak eta kaltearen neurriak hegazkin erasotzaileaz? Bonbak kale egin badu bere intentzioan, Libiako bi aire armadek dauzkaten MiG, Sukhoi edo Mirage hegazkin zaharrak izan dira. Misil txikiago eta telegidatuak bere ehizakia bete-betean harrapatu duenean dronea da susmagarri nagusia. Ziurrenik izango zen Arabiar Emirerri Batuek erabilitako Wing Loongs txinatarra edo Turkiak darabilen Bayraktar delakoa, Turkiako lehendakari Recep Tayyip Erdoganen suhi Selçuk Bayraktarren konpainiak ekoiztua. Edo erasoan batu badira txikizio handia eta prezisioa, erruduna izango da puntako teknologiako gerra hegazkin bat, ziurrenik Emirerrien Mirage 2000 frantsesa edo, menturaz, Egiptok dauzkan Rafale-etako bat (Frantzian ekoiztua hau ere) edo estatu bat baino gehiagok darabiltzaten F-165 iparramerikarretako bat. Lekukoek entzun badute hegazkin militarraren hurbileko ziztua edo eta drone baten urruneko zurrumurrua, horrek arrasto gehigarriak pilatzen ditu, nahiz eta batzuetan hegazkinak eta droneak aldi berean ibili inguruetan. Jaurtigaiaren hondarrak dira probarik zuzenenak (smoking gun edo “ketan dagoen pistola”), baldin eta ziur bazaude zuk uste duzun aldeak jaurtia dela.

Galdera hauek eguneroko ogia bilakatu dira, inork ez dituelako publikoki identifikatzen erasoen errudunak, ez Nazio Batuen Erakundearen ordezkaritzak, ez AEBek eta ez Mendebaldeko beste ezein estatuk. Libiako gatazka lagun arteko gerra txiki bat balitz bezala, ematen du itsusia dela lehiakideen izenak salatzea. Hau ezbairik gabe egia da Arabiar Emirerri Batuen eta Egiptoren jokabideari dagokionez. Turkiak 2020ko erabaki zuen Tripoliko gobernuaren alde egun argitan esku hartzea eta Mendebaldearen kritikak piztu zituen gudari siriar turkomanoak hara bidali zituelako, ez ordea 2019ko maiatzetik Turkiak droneekin egiten zituen erasoengatik. AEBek ozenki aurpegiratu diote Errusiari mertzenarioak bidaltzea Khalifa Haftarren milizien alde borrokatzera, Mendebaldeko herrialdeek behin eta berriro salatzen duten bezala Errusiaren esku hartzea beste zenbait gatazkatan. (Errusiak ez du oraindik aireko erasorik egin Libian).

2019ko apirilean Haftarrek Tripoli hiriburua bereganatzeko ofentsiba sutu zuenez geroztik, ondorengo guduetan droneen gain joan da aireko erasoen zama handiena. Urte haren amaiera bitartean 1.000 erasoz goiti eginak zituzten droneek, Libia bihurtuz “ziurrenik munduko drone-gerra handienaren agertokia”, Nazio Batuen Erakundearen ordezkari Ghassan Salamék definitu izan duenez.

Droneak merkeak dira eta, mertzenarioen ugaritzea bezala, eta biak dira Libiako gerran atzerriko armaden esku hartzearen ezaugarriak. Gerra ordezkoen bidez –surrogate warfare– egiteko joera gero eta zabalagoa ere erakusten dute. Gutxieneko inbertsio batekin eta ageriko arrasto gutxi edo batere utzi gabe, atzerriko potentziek beren indar militar ohikoen arriskuak gutxitu dituzte eta saihestu dute ekintzen errudun azaltzea, aldi berean gudu-zelaian eraginkortasun handia atxikiz. Ororen gainetik, Libiako saltsan sartutako estatuek bilatu dute beren esku hartzea ukatu ahal izatea munduaren aurrean. (…) Droneen erasoak bata bestearen ondotik, Libian hondoratzen ari da nazioarteko ordena, bere arau eta guzti.

War On the Rocks aldizkarian 2020ko martxoan argitaratutako Drones, Deniability, and Disinformation: Warfare in Libya and the New International Disorder artikulutik.

Irakurri ARGIAren zenbaki berean: Robotak Libian estreinatu dira gudari autonomo gisa, gizakiei tiro egitea beren kasa erabakiz


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerra
2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Turkiaren droneak, Kurdistanetik Tigray, Sahara eta Ukrainaraino

Droneen ekoizpena gorantza doan industria da, eta Turkia gerrarako droneen fabrikatzaile eta esportatzaile handienetakoa bihurtu da. Haien produktu izarra Bayraktar TB2 da. Modu autonomoan aireratu, lurreratu eta nabigatu dezakeen drone bat, baina giza operadore baten mende... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen aita sionista

1950eko hamarkadan, AEBetako armada droneak erabiltzen hasi zen gatazka guneetan zaintza eta errekonozimendu misioetarako. 1994ko uztailaren 3an izan zen Predator dronearen lehen hegaldia, armatuta egon gabe. 1995eko uztailean, Predatorrek Balkanen gainetik egin zuen hegan... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen gerra
Ehizaren fantasia desegiten denean

Las Vegas hiri ezagunetik ordubetera Creech-eko aire-base militarra dago basamortuaren erdian. 1950eko hamarkadan, Gerra Hotzean, ia mila leherketa nuklear "esperimentalen" lekua izateagatik ospetsu egin zen. Creechen koordinatu dituzte azken 20 urteotan AEBek mundu... [+]


Eguneraketa berriak daude