Maskulinitate toxikoa

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Harria bota eta eskua gorde nuen gero: zutabe batzuk atzera, gizabanakoaren bizitzaren batez bestekoaz ari nintzela –80 urteen bueltan kokatzen dute–, gizonezkoena beti txikiagoa zela esan nuen, nire iritzian kausa nagusietako bat izan daitekeena aipatuz: maskulinitate kaltegarria. Alegia, faktore biologikoez gain, utzikerian, biolentzian, toxikotasunean oinarritutako maskulinitate batek labur dezakeela gizonezkoen bizitza. Gehiago izango da intuizioa, ados, ikerketek erakusten baitute gauza bat eta kontrakoa. Baina zutabe honen motibazioa ez da hain zuzen bizi esperantzaren zergatia ezartzea, ezpada maskulinitate molde batez hitz egitea, maskulinitate molde hori kritikatzea, maskulinitate molde horren alternatibak badirela, are osasungarriagoak direla agerian uztea.

Ezen, ez pentsa, maskulinitatea maiz izan zait gatazka iturri. Maskulinitate hegemonikoa dei dezakegun hori: hitz egiten dut apalki, ez zait inporta apartatzea beste bat pasa dadin, diruarekiko ezaxola da erabatekoa, autoak leku batetik bestera aldatzeko baino ez zaizkit interesatzen. Eta pasa izan naiz burlaize, bizkarreko takateko, futbol taldeetako aldageletatik. Noski, zakilduna naiz –ez guztien begietara normatiboa segur aski–, gizon gisa naiz irakurria. Eta irakurketa horren ondorio diren pribilegioak dauzkat, etekina ateratzen diet –batzuetan gogoz kontrara–. Baina horrek ez dit eragotzi gizon izatea zer den galdetzen hastea, gizontasuna eraikitzen duten zera sozial eta kulturalak identifikatzen, problematizatzen, deseraikitzen saiatzea, maskulinitate osasuntsuago bat bilatzen jarraitzea. Adibidez Ivan Jablonka irakurriz, bere autobiografia generikoa, genero-autobiografia alegia, Un garçon comme vous et moi. Eta zein da momentuz konklusioa: oraindik lan handia egin behar dugula, ez bakarrik parekidetasuna, lortzeko are gehiago desio nukeen egoera ez bereziki binarioa.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude