Frantziar Errepublikaren printzipioak inposatu, askatasunen gainetik pasaz

  • Islamismo erradikalaren suntsiketa helburu jarririk, separatismoaren kontrako legea edo izen ofizialari segi, Errepublikaren Printzipioen Errespetua Sendotzeko Legea Frantziako Parlamentuan da. Kezka handia eragiten du lege-proiektuak musulmanen artean, kultu askatasunaren zangopilatzea dakarrelako eta jada itogarria zaien giro islamofoboa elikatu besterik ez duelako egiten. Orokorkiago, elkarteek eta herritar militanteek ere dute alarma pizturik, kontrolaren eta errepresioaren areagotzea dakarrelako testuak.

Azken asteetan eztabaida anitz eragiten ari da Frantziako Gobernuak idatzitako lege-proiektua. Separatismoaren kontrako legea ezizenez ezaguna, zehazkiago Errepublikaren Printzipioen Errespetua Sendotzeko Legea izena jarri zioten iazko abenduan Ministroen Kontseiluan aurkezturiko testuari. Jean Castex lehen ministroak hastapenetik argiturik du: "Errepublikaren etsaia dugu islamismo erradikala izeneko ideologia politikoa". Honen kontra eragiteko arma berria dute lege-proiektu hau.

1960. hamarkadatik musulmanek Frantziako Estatuan pairatu bazterketa zein arrazismoa errealitate ukaezina da; eta azken urteetan are bortitzagoa bihurtu zaie islamofobia, eskuin muturreko ideien zabalkundearekin eta atentatu islamistek jendartean eragindako beldur zein amalgamengatik.

Kezkaturik begiratzen diote lege-proiektuari musulman askok, kulto askatasunaren murrizketa eta islamofobia hauspotzeko elementu arriskutsua zaielako. Baina, orokorkiago, elkarte mundua ere da kezkaturik, besteak beste herritarren hurbileko kontrola dakarrelako testuak, delitu berriak eta Frantziako Errepublikaren mesederako betebehar berri batzuk planteatuz. Euskalgintzan zein Euskal Herriaren aldeko herrigintzan dabiltzan egiturek ere dute kezkatzekoa, elkarte orori –izan paristar, euskaldun, kortsikar ala bretainiar– eskatua izanen zaiolako Frantziako Errepublikaren printzipioekin bat egitea.

Frantziako Parlamentuak testuaren alde bozkatuz gero, elkarte askatasuna zekarren 1911ko Legea baita kulto askatasuna zekarren 1905eko Legea liratezke hunkiak. Argiki mintzo dira Giza Eskubideen Liga eta beste hamarnaka elkarte: "Errepublikaz duen ikuspegia inposatu nahian dabil boterea, joera erabat sekuritario eta errepresiboan. Logika honen atzean den filosofia politikoa errepublikaren ikuspegi demokratikoarekilako hausturan kokatzen da". Legebiltzarrak otsailaren 16an alde bozkaturik, martxoaren 30etik aitzina eztabaidagai ukanen dute Senatuan. 347 diputatuk bozkatu zuten alde, 151k kontra, eta 65 abstenitu ziren. Emmanuel Macronen LREM alderdikoak eta zentroko gehienak alde kokatu eta LR eskuina eta ezkerreko Les Insoumis aurka agertu ziren; abstenitu zirelarik Alderdi Sozialista, komunistak eta eskuin muturrekoak.
Horra puntuz-puntu Frantziako Gobernuak idatzitako testuak ondorioztatu lezakeena.

"Separatismo delitua"

Hautetsi edo funtzionario bat mehatxatzen, erasotzen edota beldurtzen duen orok bost urteko espetxea eta 75.000 euroko isuna izanen du. Hain zuzen, laugarren artikuluak dakar "separatismo delitua". Zigorra bideratzeko, hautetsi zein zerbitzu publikoa betetzen dabilen agenteak edota administrazioak –kasu honetan erasoa jasan duenaren baimenarekin– salaketa jarri beharko du.

Otoitz-lekuen kontrola

1911ko Legeari segi, meskita gehienak elkarte gisa deklaraturik dira gaur egun, baina, erlijio praktiken esparrua arautzen duen 1905eko Legean kokatzera bultzatzen ditu gobernuak. Meskiten hurbileko kontrola ekarriko luke aldaketa honek, tartean, kontabilitateari buruz gardentasun gehiago eskuratuz. Hori ez badute egiten, elkarte gisa dauzkaten betebeharrak jarraiki beharko dituzte –bost urte guztiz haien jarduera prefekturan deklaratzera behartuak izanez gainera–, baina estatutu horrek dakarzkien abantailak ez dituzte jasoko. Beti ere, meskiten kontuak kontrolatzeko gisan, nazioartetik 10.000 euroz gorako diru-iturri bat jasoz gero, suprefekturan deklaratu beharko dute.

Epaile batek pertsona bati debekatzen ahalko dio otoitz-lekura joatea, "terrorismoagatik", edo "diskriminazioa, gorrotoa zein indarkeria bideratzeagatik" zigortua izanez gero. Meskita bat hesteko bidea ere zabaltzen du lege-proiektuak, beti ere "herra bideratzea" leporatuz. Senatuaren bozka biharamunean, Gerard Darmanin Barne ministroak berehala jakinarazi zuen legea bozkatu bezain laster bideratuko duela 89 meskiten kontrola –eta "separatismoa" bideratzea leporaturik, beharrez hesteko urratsa hartuko duela–.

Separatismoaren kontrako legeari gehitu behar zaio Frantziako Gobernuak exijituriko Frantziako Islamarentzako Printzipioen Karta, islamako hainbat ordezkarik izenpetu behar izan dutena. Barne ministeritza eta CFCM Frantziako Musulmanen Kontseilu Frantsesaren artean idatzitako dokumentua da, musulman askok gogorki kritikaturikoa. Karta irakurriz gero argiki ageri da norabide berdinean doala: "Ezta gure uste erlijiosoek ezta beste edozein arrazoik ere ez dezakete errepublikaren zuzenbidea eta konstituzioaren osagai diren printzipioen lekua har".

Besteak beste, Imamen Kontseilu Nazionalaren sorrera dakar, eta hemendik aurrera, honek erabakiko du imam batek Frantzian jarduten ahalko duen ala ez –noski, errepublikaren printzipioen errespetuaren baldintza hertsiari segi–. Irakaskuntzako eta kultu musulmaneko 500 bat eragilek gutun bat izenpetu berri dute, karta honen aurka kokatuz: "‘Laikotasuna defenditzeko’ asmoz, Frantziako bigarren erlijioa antolatzeko modalitateetan zuzenean eta esplizituki eskua sartzen dabiltza –alta, indarrean dauden legeen arabera, errepublikak neutral egon beharko luke bakoitzaren sinesteen parean–; eta ‘berdintasuna sustatzeko’, salbuespen musulmana sortzen da –izan ere, beste kultuek ez dute tratamendu eta kriminalizazio bera jasaten; haien elkarteak, kultu-lekuak eta erlijio-kargudunak ez dira zalantzan ezarriak, ‘mezu bat pasarazteko’ helburuarekin–". Giza eskubideen errespetuaren alde dabiltzan eragile andana ere da karta honen aurka posizionaturik.

Ez da musulmanei begira den neurri bakarra. Adibidez, zerbitzu publikoko misio baten ardura duten zuzenbide pribatuko agenteentzako “neutraltasun erlijiosoa” errespetatzeko obligazioa agertzen da lehen artikuluan. Konkretuki, berriro aktualitatera dakar zapi islamikoaren janzteko hautuaren gaia. Azken hiru hamarkadetan eta batez ere Nicolas Sarkozy presidente ohiaren garaitik aktualitatea bideratu izan du behin baino gehiagotan zapi islamikoak. Orain arte, funtzionarioei mugatua zaie debekua, eta emakumeek 2010az geroztik ezin dezakete aurpegia osoki estaltzen dieten burqarik zein niqabik jantzi espazio publikoetan. Enpresa pribatuetan ere kasu mugatu bakar batzuetan debekatzen zaie zapia.

Frantzian poligamia, ezkontza behartua zein birjintasunaren agiriak debekaturik direla, hauen gaineko kontrolak eta zigorrak azkartzeko bidea ere dakar testuak.

Orokorki, elkarte mundu osoa kontrolaturik

Dirulaguntzak eskatzerakoan, "errepublikaren printzipioak errespetatzeko" konpromisoa hartu beharko du elkarte orok. Seigarren artikuluari segi, "konpromiso errepublikarraren hitzarmena" izenpetu beharko dute, dirulaguntzak jaso ahal izateko.
Alta, Estatuko Kontseiluak, Eskubideen Defendatzailea deitu autoritate administratiboak baita hamarnaka elkartek aitortzen dute "interpretazio antagonistak" eta "ziurgabetasunak" dakarzkiela betebehar horrek. Hain zuzen, zer sartzen dute printzipio multzo horretan? Zeren arabera interpretatuko dute? Hamaika galdera, eta hala ere, elkarteak arbitrarioki alde batean ala bestean kokatzeko eskumena bideratzen zaio estatuari. Elkarteen Askatasunen Aldeko Koalizioak publikatu gutunean ondokoa irakur daiteke: "Nola saihestu eztabaida publikoan joera kritikoarekin kokatzen diren elkarte-jarduerei buruzko oztopoen ugaritzea? Jadanik 2020ko urrian, Elkarteen Askatasunen Behatokiak alarma-gorria piztu zuen Herritar erreprimituak txostenarekin; txosten horretan, elkarteen aurkako ehun errepresio-kasu dokumentatzen ziren".

Elkarte baten aktibitatea geldiarazteko gobernuaren aukerak zabaltzen ditu testuak: orain arte elkarteak delitua bideratuz gero desegiten ahal zuen estatuak, baina legeak dio elkarteko kide batek delitua burutuz gero desegiten ahalko dutela elkartea. Zabaltze hau "gehiegizkoa" dela ondorioztatu du Eskubideen Defendatzaileak berak.

Estatuak baimendu kirol-federazioak "babes-erregimen" batetik "kontrol-erregimen" batera pasako dituzte ere. Hauen kasuan ere, "errepublikaren printzipioen errespetua" onespenean inskribatua izanen litzateke.

Irakaskuntza etxetik, geroz eta aukera gutxiago

Umea etxean eduki eta eskola etxetik bideratu nahiko duten gurasoek baimena lortu beharko dute eta soilik baldintza bakar batzuetan onartuko zaie: osasun arazo batengatik, familia ibiltarien kasuan, ikastetxe batetik urrun baldin badira edo haurraren berezko egoeraz arduratzeko erabakiaren izenean. Orain arte, "umearen heziketa" dago behartua –izan etxetik ala eskolatik–, 2022tik aitzina, "eskolako heziketa" da behartuko, aipatu salbuespenentzat salbu. Frantziako Estatuaren balore eta printzipioen txertatzeko tresna gisa daukate eskola gobernukoek: "Eskolak lehenbizi errepublikaren –eta ez erlijio baten– baloreak pasarazteko leku izan behar du, (…) eskolaren bidez aurre egingo diegu errepublika hil nahi dituenei!", Emmanuel Macron presidentearen hitzetan.

Estatuarekin kontraturik ez duten eskolak ere hurbiletik kontrolatuak izanen dira, "desbideratzeen" kasuan hesteko eskumena emanez estatuari. Gaur egun, 1.500 eskolaz gora dira kasu honetan –batez beste 85.000 ikasle–.  Alta, %70ak ez dira erlijio bati lotuak – eta eskola musulmanak katolikoak baino hiru aldiz gutxiago dira, nahiz eta argi eta garbi hauek ukan jomugan–. Beraz gehiengo zabala eskola alternatiboek osatzen dute, demagun Montessori pedagogiari segi dabiltzanak.

Frantsesezko irakaspenaren ordez, tokiko hizkuntzan bideraturiko eskolak ere luzaz egon dira estatuarekiko hitzarmenik pasa gabe: bretoieraz irakasten dabiltzan Diwan eskolei hamazazpi urteren buruan, 2013an eman zitzaien hitzarmen bidez funtzionatzeko aukera eta ikastolak ere 25 urtez aritu ziren estatuarekiko kontraturik gabe irakasten. Gaur egun ordea, eskola pribatuak izan arren, kontratu pean dira ikastolak. Hori horrela, irakasleen postuak estatuak ordaindurikoak dira, eta ikastola bat duen udalak betebeharra dauka eskola publikoa bezainbat laguntzea ikastola –baina Seaskak behin eta berriz salatu izan duenari segi, badakigu estatuak eta hainbat udalek ez dituztela ardura horiek betetzen–. Trukean, besteak beste, programa publikoa segitu beharra daukate, eta akademiako errektorearen inspekzioa jaso behar dute.

"Terroristen" kategoria zabalduz

"Terrorismo" gisa sailkatuak direnak biltzen dira Fijait fitxategian. Are zabalagoa bihurtuko da zerrenda: plaza publikoan zein internet bidez "terrorismoaren apologia" bultzatzen edo egiten duena sartuko dute ere –zazpi urteko kartzela zigorrarekin eta 100.000 euroko isunarekin zigortuko dute–. Publikoarekin harremanetan diren jarduerak ezingo ditu bideratu zerrendan den herritarrak.

Polizia babesteko neurria

Segurtasun Legearekin bideratu nahi den polizien argazkien zabaltzearen debekua ere berriz agertzen da lege-proiektu honetan. Hala nola, 18. artikuluak "pertsona baten bizitza pribatuari, familiari edo profesionalari buruzko informazioa zabalduz honen bizitza arriskuan jartzearen delitua" berresten du. Legea pasaz gero, hiru urteko kartzela-zigorra bete eta 45.000 euroko isuna pagatu beharko du kondenatuak –bost urteko kartzela-zigorra, funtzionario edo autoritate publikoa daukan baten kontra bideratu baldin bada leporaturikoa–.


ASTEKARIA
2021eko martxoaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Gobernua
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


Elkarretaratzera eginen dute Baionan, Frantziako Ekonomia eta Etxebizitza ministroen bisitaren kari

Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Eguneraketa berriak daude