Munduko txiroak zain: nork kenduko die multinazionalei COVID-19arentzako txertoen jabegoa?

  • COVID-19arentzako txertorik gabe gera daitezke 2021ean munduko herrialde txiroenetako hamar biztanletik bederatzi. Farmaziako korporazioek jada saldutako 100 txertotatik 53 herrialde aberatsek –euskaldunok tartean– erosiak zeuzkaten, mundutarren %14 baizik ez izan arren. Urte amaierarako, nazio pobreetan txertorik ez, baina aberatsetan, herritar bakoitza hiru aldiz txertatzeko adina edukiko dute.

Mundu mailako ikuspegia. Herrialde txiroetan pandemia errotik geldiarazten ez bada, birus mutatuek herrialde aberatsak ere harrapatuko dituzte. (Argazkia: M. Longari)
Mundu mailako ikuspegia. Herrialde txiroetan pandemia errotik geldiarazten ez bada, birus mutatuek herrialde aberatsak ere harrapatuko dituzte. (Argazkia: M. Longari)

Urte hasierarekin, COVID-19aren hirugarren eraso betean, alerta deia zabaldu dute hainbat erakunde humanitariok, tartean Amnistia Internazionalak, salatuz urte amaieran hamar biztanletatik bederatzi txertatu barik edukiko dituztela munduko 70 herrialde txiroenek, eta gobernuei bezala farmaziako industriari eskatuz mundutar guztiei iristeko adina txerto ekoitzi eta banatzea.

Sinatzaileetakoa den People’s Vaccine Allianceko Mohga Kamal Yanik esan du herrialde aberatsek urtean zehar eskuratuko dituztela beren herritar guztiak ez behin baina hirutan txertatzeko adina botika –Kanadaren kasuan baita bost aldiz ere–, eta bitartean, txiroenetan ez dutela edukiko zerekin immunizatu –ezta COVID-19aren kontrako borrokan arriskurik handienean ari diren profesionalak eta jende zaurgarrienak ere–. “Gaurko sisteman –esan du– farmaziako konpainiek diru publikoak eskuratzen dituzte beren ikerketetarako, baina lortutako sendagaien eskubide esklusiboak dauzkate gero, beren teknologia sekretupean atxikiz etekin ekonomikoak handitzeko. Honek bizi askoren galera ekar lezake”.

Ez da nahikoa izango... Multinazionalek borondatez emango dituzten txertoekin herrialde txiroek ez dute aski edukiko ezta arriskurik handienean ari diren profesionalentzat ere. (Argazkia: D. Schludi)

Adabakia ‘Covax’ deitzen da

Pandemia deklaratu berritan, 2020ko apirilean, OME Osasunaren Mundu Erakundeak Covax izeneko mekanismoa sortu zuen garatze bidean diren herrialdeen ezin hori arintzeko. OMEz gain, Covaxen partaide dira hainbat erakunde, bai publiko eta bai pribatu, tartean, Bill eta Melinda Gatesen fundazioa. Aberatsek bai baitakite arrautzak jartzen otar guztietan, bai botika garesti ekoiztuko duten konpainietan eta bai prezioa pagatu ezinik geratuko diren txiroenetako batzuei laguntzeko operazio filantropikoetan.

Covaxek orain arte 2.400 milioi dolar daramatza bilduta donatzaile publiko eta pribatuengandik, baina beste ia hainbeste falta zaizkio gutxieneko helburu diren 4.600 milioietara iristeko. Otsail honetan hastekoa zen solidaritatezko txertoak banatzen baina ez zen espero –kalkulua ofiziala da– 2021 amaierarako banatutako elkartasun dosiok 2.000 milioien muga gainditzea. Txertaketa bakoitzak bi dosi behar dituenez gehienetan… kontuak ez dira ateratzen ongi, ez behintzat pandemia kontrolpean edukitzeko Lurra planetako 7.800 milioi jendeen %70ak txertatuta egon behar badu, OMEk behin eta berriz dioenez.

Covax mekanismoa mundu osoa txertatzeko soluzio egokia dela aldarrikatzen duen afixa. Egilea: patenteak eten barik herrialde txiroei txertoak filantropia bidez iritsaraztea proposatzen duen Gavi aliantza, Bill eta Melinda Gatesek sustatua.

Covax itunak karitate publiko-pribatuz arazoa konpondu ezin duenez, zerbait erradikalagoa proposatu dute 100 herrialdek, India eta Hego Afrikak abiarazitako mugimenduan: MME Munduko Merkataritza Erakundeak patente eta jabego intelektualen arautegiak indargabetu ditzala COVID-19ari dagozkionetan; horrela, pandemiari aurre egiteko botika, erremedio eta txertoak lortu ahala horien teknologia eta informazioak mundu guztiak erabili ahal izan ditzan, bidea irekiz askoz herrialde eta konpainia gehiagok ekoizteko txerto eta gainerako produktuak.

AEB, Erresuma Batua eta beste herrialde boteretsuenak kontra azaldu zaizkie. Globalizazio neoliberalaren aitzindaria den MMEk, txiroen ezinegona baretu nahian, mekanismo light bat sortu du: botika berrion patenteen jabeek beren eskubideei aldi baterako borondatez uko egitea. Laster ikusi da inprobisatutako keinu bat baizik ez zela,  farmaziako korporazio bakar batek ez baitio kosk egin bihotz oneko karitatea erakusteko aukeraren amuari.

Orain, Indiak eta Hego Afrikak jaurtitako eskariaren haritik patenteak liberalizatzeko proposamenari bultzada eman nahi diote zientoka erakunde humanitario eta aurrerazalek, tartean daude Amnesty International, Oxfam eta abar luze bat. Kanpainaren sinatzaileen artean dagoen Public Eye erakunde suitzarretik Patrick Durischek argudiatu du neurriak leukakeen garrantzia: “Patenteen indargabetze honek balioko luke uneotan urrea balio digun denbora irabazteko eta COVID-19aren kontrako erreminten ahalmena biderkatzeko, munduko eremu askotan konpondu barik dauden urgentziei erantzuteko”.

Jonas Salk, 1952an poliomielitis beldurgarriarentzako txertoa asmatu zuen mediku estatubatuarra. (Argazkia: Wikipedia)

Nork patenta lezake eguzkia?

Ildo berean ari den beste erakunde bat da The People’s Vaccine koalizioa, aldarrikatzen duena COVID-19aren kontrako txertoak mundu osoaren jabego publikokoa izan behar duela: “Patenterik gabe: herritarren txertoa, ez etekin ekonomikoen txertoa. Ez dugu ‘lehengo normaltasunera’ itzuli nahi”. Eredutzat goraipatu dute Jonas Salk, 1952an poliomielitis beldurgarriarentzako txertoa asmatu zuena. Sekulako fama bildua zuen Salk doktoreari behin galdetu omen zioten ea nor izango zen txerto haren jabea eta berak: “Jendea. Ez dago patenterik. Ala zuk patentatu ahal izango zenuke eguzkia?”.

Global Justice Now erakundeko zuzendari Nick Deardenek analisi fin batean laburbildu du jokoan dagoena Big Pharma’s finest hour (“Farmaziako industriaren unerik loriatsuena”) artikuluan. Deardenen iritzian, COVID-19aren txertoek konpainia horiei sekulako aukera ematen diete, beren etekinak hobetzeko baina batez ere beren irudi publikoa –hainbeste eskandaluk zikindutakoa– garbitzeko.

"Herrialde txiroetako 10 biztanletik 9 gera daitezke txerto barik", salatzen du The People's Vaccine mugimenduak.

Ez badiogu aurre egiten Big Pharma-ren ereduari –Nick Dearden mintzatuko da ondorengo lerroetan– koronabirusak jarraituko du munduan zehar barreiatzen, planeta mailako berdintasun eza sakontzen eta aldi berean, birusari aukera ematen mutatu eta arriskugarriago bihurtzeko, azkenean geure (Britainia Handitik ari da) etorkizuna ere baldintzatuz.

Ez da ahaztu behar, bestalde, txerto berriak lortu direla horietan inbertitutako dirutza publiko handiei esker. Zenbait kasutan, Moderna konpainiarena esaterako, ia osorik finantziatu da diru publikoz, baina lortutako produktuaren jabego intelektuala esku pribatuetan geratu da.

Farmaziakoa da munduan etekin handienak ematen dituen industrietakoa. Zehazki COVID-19aren txertoen lasterketan buru belarri aritu diren lehen sei konpainia handien artean (kenduta Moderna, hau konpainia berria baita) 266.000 milioi dolarreko sarrerak eduki zituzten 2019an eta 46.000 milioiko irabaziak. Aitzindari izatea lortu duen Pfizerrek diru sarrera handiagoak eduki ditu petrolioa gainezka daukan Kuwaitek edo Malaysiak baino; 2019an etekin handienak lortu zituzten munduko 30 konpainien artean egon zen Pfizer, 52.000 milioi dolarreko diru-sarrerak, 16.000 milioiko etekinak.

Big Pharma-k hainbeste aberastea lortu du Munduko Merkataritza Erakundeak patente eta jabego intelektualari buruzko itunekin beren botiken gainean hogei urterako aitortzen dien monopolioari esker. Botika berrien prezioak garestitu ditzakete nahieran eta horiek osasungintza publikoan nagusitzea lortzen dute, mediku eta gainerako profesionalen gain daukaten eragin izugarriarekin. “Alabaina –dio Global Justice Nowko zuzendariak– sistema monopolista hau eragozpen bihurtu da epe luzeko ikerketa sustatzeko. Beharrezko botika berrien ikerketa Big Pharma-k egiten du diru publikoa era masiboan injektatuta, baina gero jabego intelektuala eta kudeaketaren monopolioa bere eskuetan atxikitzen ditu eta jarraitzen du etekin izugarriak ematen dizkion bere benetako negozioan, enpresa berriak erosiz eta akzioen prezioak goian mantenduz. Big Pharma-k bere ikerketa zentratzen du batik bat tratamendu berriak pagatzeko dirua daukaten jendeen gaixotasun kronikoetan. Gizartea uzten dute pagatzeko dirurik ez daukaten jendeen gaixotasunentzako sendagairik gabe edo, antibiotikoak bezala, premia handiz behar ditugun botika berririk gabe. Sistema hau gaur egun Big Pharma-ren pentsaerak muinean itsatsita dauka”.

Munduko Merkataritza Erakundeari eskaria: kendu monopolioa 'Big Pharma'-ri. COVID-19arentzako txerto eta tratamenduak behar ditugu denontzat eta leku denetan.

Justizia versus globalizazioaren kezka

Eta oligopolioak jotako doinuan egiten dute dantza gainerako arizaleek, izan agintari politiko, ikerlari edo unibertsitarioek. Oxfordeko Unibertsitateak garatu duen txertoa hasiera batean esklusibitaterik eta royalty-rik gabekoa izatekoa zen. Oxforden barruan ikerketa zeraman Jenner Institutuko zuzendariak erantzun zien horretaz galdezka ari ziren kazetariei: “Niri dagokidanez, ez dut uste pandemia garai batean lizentzia esklusiboa izan beharko lukeenik”. Laster, ordea, AstraZeneca konpainiarekin egin zuten tratua eta kontua erabat aldatu zen: esklusibitatean oinarritu da ituna eta, konpainiak dioen arren ez duela etekinik eramango, ez du erakutsi ez kontratuaren xehetasunik eta ezta txertoa lortzeko ikerlanen kalkulu zehatzik ere.

Global Justice Nowko zuzendariaren ustean, koronabirusak ematen digu aukera “reseteatzeko” botikak ekoizteko sistema hori, etenaz mundu mailako patente arauak, Hego Afrikak eta Indiak eskatzen duten moduan, edo gutxienez hitzartuz open source (iturri irekiak) gisako itun bat koronabirusari buruzko ikerketa medikuei dagokienean. Horrelako soluzioen gainean posible genuke botikak sortu eta partitzea baita pandemiaz haragoko eritasunetarako ere. “Ospitale eta klinikak –dio Deardenek– aginte publikoak kontrolatuta egotea normaltzat jotzen baldin badugu, zergatik ez dute egon behar berdin horietan erabiltzen diren botikek? Gure osasun zerbitzuak merkatuen esku ez uzteko bezain garrantzitsuak baldin badira, ondorioztatu behar dugu gu sendatuko gaituzten botiken ikerketa eta garapenak pakete berean joan behar duela”.

Albert Bourla Pfizer konpainiako zuzendari nagusia: argi eta garbi esan dio ezetz txertoen patentea libre uzteari. (Argazkia: Pablo Martinez Monsivais)

Pfizer izan zen iazko maiatzean patenterik gabeko ikerketa eta produkzio itun bat sortzeko proposamen berrioi farmaziako oligopoliotik erantzuten lehena, bere buruzagi exekutibo nagusia den Albert Bourlaren ahotik: “Garai hauetan horrelakorik aipatzea zentzurik gabea da… eta baita arriskutsua ere”. 2021ean Pfizerrek COVID-19arentzako txertoarekin 13.000 milioi dolarreko salmentak egitea espero duela jakinda, ulertzen zaio.

Lortuko ote du arrakastarik herrialde txiroek eta herri mugimenduek patenteak askatzeko daramaten kanpainak? Irakurleak ez du baikor izateko motibo handirik edukiko, ikusita pandemiaren logikak berak nola ahuldu eta askotan lurperatu ere egin dituen globalizazio neoliberalaren kontrako mugimenduak. Baina orduan… herrialde aberatsetan nola edo hala 2021ean zehar populazioaren zati oso handi bat txertatu arren ez ote du COVID-19ak kontrol barik jarraituko munduaren eremu oso zabaletan?
Aberatsoi interesatzen zaigu, nonbait, mundu guztia immunizatzea. Eta hor sartzen da jokoan Bill eta Melinda Gatesen fundazioak txertoak unibertsalizatzeko sortutako Gavi deitutako aliantza publiko-pribatua, Munduko Merkataritza Erakundearen patente sistema ukitu gabe irtenbide bat lantzeko.

Gaviko zuzendaritzatik Rafael Vilasanjuanek esan duenez, oker daude Ipar eta Mendebaldean beraiek txertatuz gero salbo egongo direla uste dutenak: immunitatea mundu osora hedatzen ez bada pandemia ez da amaituko, birusak erresistentziak garatuko ditu aldaera berriak sortuz. Hau jada jendeon osasun arazo izatetik iragan da mundu mailako segurtasun arazo izatera: “Pandemia geldiarazi gabe, globalizazioa ezinezkoa da”.

Oker daude Ipar eta Mendebaldean beraiek txertatuz gero salbo egongo direla uste dutenak: immunitatea mundu osora hedatzen ez bada pandemia ez da amaituko. (Argazkia: Oxfam)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude