Kubatar guztiek uda aurretik hartuko dute txerto nazional eta publikoa

  • 2021eko uda aurretik bere populazioaren zati handi bat txertatuta eduki dezake Kubak COVID-19aren kontra, jadanik proba klinikoen 2. fasean sartuta daukan ‘Soberana 02’ txerto publiko eta nazionalak bere bidea normaltasunez burutzekotan. Horrekin lezio berri bat emana izango dio munduari: herrialde txiki batek nola zaintzen duen bere osasun burujabetza.

Urtarrilaren 6an albiste agentziek zabaldu zuten Kubak Iranekin sinatu duela tratua, COVID-19arentzako txerto berriaren proba klinikoak uharteko herritarrez gain Asiako herrialde hartakoetan ere burutzeko. Bi albiste zeramatzan bere baitan hitzarmenak: bat, Kuba txertoak ekoizteaz gain bioteknologiazko produktuok esportatzeko gai dela; eta bi, uhartean jende gutxiegi dagoela koronabirusez kutsaturik –beren zorionerako-- txertoen proba klinikoen 3. fasea osorik uhartean burutu ahal izateko.

Egun batzuk lehenago, abendu amaieran, Miguel Díez-Canel lehendakariak bisita egina zien Habanako Finlay Txerto Institutuko ikerlariei, kubatarren esker ona publikoki adierazteko haien lana dela medio Kuba izango delako “Hirugarren Munduan honelako txerto baten ekoizpena hain aurrera eraman duen herrialde bakarra”. Ez hori bakarrik: nazio bakarra izango da herritar guztiei ezartzeko txertoa %100ean baliabide publikoz finantzatu eta ekoiztuko duena.

Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, 2021eko urtarril hasieran  munduan prestatze prozesuan diren 237 txerto proiektuetatik 6 jada gobernuren batek ontzat eman eta jendeari ezartzen hasiak ziren, beste 6 onartzeko bidean zeuden eta 64 gehiago proba klinikoetan abiatuta. Azken hauetatik 2. eta 3. faseetan sartutako 12en artean dago Kubaren Soberana 02.

Finlay institutuaren aipatu bi txertoez gain, Kubako Ingeniaritza Genetiko eta Bioteknologia Zentroak beste bi gehiago lantzen ditu, urtarrilaren 18an 1. faseko proba klinikoak gainditu dituztenak, Abdala eta Mambisa izenekoak. Balentria handia, Euskal Herriak halako lau biztanle edukita (11 milioi jende) gutxi gora behera gurea adinako Barne Produktu Gordina daukan uharte txiroarentzako: Kubaren BPG 100.000 milioi dolarrekoa zen 2018an, Iparraldea barik EAE eta Nafarroarenak batuta 90.000 milioi dolarekoa 2016an. 

 Diaz-Canel Kubako lehendakaria –erdian–, abenduaren 28an, Carlos J. Finlayko ikerlariei txertoarekin egindako aurrerapenengatik zorionak emateko egindako bisitan. (Argazkia: ACN)

Kuba txertoetan aurreko puntan ibiltzea ez da kasualitatea, horrelako teknologia ez baita bi egunetan inprobisatzen. Gaiaren xehetasun interesgarriak eman ditu Fabrizio Chiodo immunologo italiarrak berriki Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko Ana Iglesias Mialareti eskaini dion elkarrizketan. Doktoregoa Donostian egina omen den Chiodo, Habanako unibertsitatean irakasle aritzeaz gain Italiako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluan ere badago eta parte hartu du Soberana 01 eta Soberana 02 txertoen ikerketa eta proba klinikoetan.

Lau txerto dauzka kubak bidean: soberana 01, soberana 02, Abdala eta Mambisa

Chiodok azaldu duenez, teknologiari dagokionean txerto kubatarrak kokatzen dira txerto zaharren multinazionalek azken teknologia genetikoetan oinarritutako belaunaldikoen arteko mailan. Duela urte gutxi arte txertoak egiten ziren bezala indargabetutako birusak erabiliz hartzailearengan erantzun immunitarioa eragiteko, gaur Pfizerrek eta Modernak landu dituztenak bezalako azken belaunaldikoak oinarritzen dira manipulazio genetikoetan eta birusen osagai genetikoak injektatzen dituzte hartzailearen zelulei irakatsi diezaieten birusen proteinak sortu eta immunitatea esnarazten. Bi belaunaldien arteko erdibidean omen daude, beraz, Kubak ekoizten dituenak  eta orain arte proba klinikoetara iritsi diren COVID-19aren kontrako txertoen herena, Proteina-subunitatezko txertoak deituak: AEBetako Novamaxena, Errusiako Vector Instituterena eta abar.

Ikerlari kubatarrek COVID-19aren kontrako txertoak lantzeko erabili dituzte aurretik uhartean sortutako beste txerto batzuen birus-proteinak. Soberana 01-ean B meningokokoarentzako txertoarena darabilte, azken 20 urteotan uharteko haurrak immunizatzeko eta beste hainbat herrialdetara esportatu izan dutena. Soberana 02-ren kasuan tetanoaren birusaren proteina bat erabili dute, aurretik egin izan duten bezala beste txerto batzuekin, hala nola B gripearen kontrakoarekin.  Chiodok dioenez, bi txerto berriok hozkailu arruntetan kontserbatzen ahal dira, izozte berezien beharrik gabe (merkatura atera duten lehena, Pfizer-BioNTechena -70ºC-tan dago gorde beharra), horrek koste eta azpiegituretan dakartzan abantailekin. Habanako agintariek espero dute Soberana 02-ak apirilerako gainditzea proba klinikoen 3. fasea eta uztailerako uharteko herritar guztiak txertatu ahal izatea.

Chiodok azpimarratu du jabegoa ez farmaziako multinazionalena baina publikoa izatearen garrantzia. Bera kubatarrekin hasi omen zen lanean hauen txertoak direlako munduan  %100 publikoak diren bakarrak: “Beti pentsatu nuen maiteko nuela egunen batean lan egitea farmaziari dagokion guztia publikoa daukan herrialde bati laguntzen. Ikasle nintzela esaten ziguten proba kliniko bat egitea ezinezkoa zela munduan farmaziako enpresa batekin ez bazen. Salbuespen bakarra aipatzen ziguten: Kuba”.

BOTIKETAN ERE BURUJABE IZAN NAHIAN

“Pfizer eta burujabetasuna: Kubaren COVID-19aren kontrako txertoak kontrapuntu interesgarria jartzen dio AEBetan Pfizerrek garatutakoari” artikulu interesgarrian gaiaren testuingurua azaldu du Naomi Schoenfeld antropologo iparramerikarrak Medical Anthropology Quarterly aldizkarian.

Hasteko, ez da kasualitatea Soberana txertoen sorburu den institutuak Finlay izena edukitzea: Carlos J. Finlay zientzialari kubatarrak erakutsi zuen XIX. mendean Sukar Horia gaixotasuna Aedes aegypti eltxoak sartzen diola gizakiari. Finlay institutua 1934tik ari da txertoak sortu eta ekoizten, baztangaren kontrakoa, tifusaren, tuberkulosiaren, errabiaren eta tetanoaren kontrakoak…1970ko hamarkadan bioteknologiaren jaiotzarekin txertoen ekoizpena arras aldatu zenean, Kuban alor hau lantzen hasi ziren Kari Cantell zientzialari finlandiarrarekin elkarlanean. Cantellek asmatu zuen nola sortu Interferon botika –gaur ere farmazeutika kubatarren izarretakoa dena– giza leukozitoetatik abiatuta, baina nahiago izan zuen ikerketan eskuratutako ezagutza partitzea hura patentatzea baino… zientzialari eskuzabala bera!

Zoriak nahi izan zuen interferona Kuban bertan nola ekoiztu aurkituta berehala denge gaixotasunak agerraldi berria egitea uhartean, 116.000 gaixo ospitaletara eramanaz. Bioteknologian ari zirenek osasun sistemari –biak dira estatuarenak– eskaini zioten interferona probatzea dengearen kontra, eta hortik abiatu zen ikerketaren eta osasun arretaren arteko integrazio estua, gaur egun ere uhartearen beste ezaugarrietako bat dena.

Interferonak irekitako bidetik, hura bezala immunitate sistema modulatu nahi duten beste mila molekula baino gehiago patentatu eta ekoiztu dituzte bai Kubako Ingeniaritza Genetiko eta Bioteknologia Zentroak eta bai Finlay Institutuak:  hainbat interferon, B hepatitisaren txertoa, B meningitisaren txertoa… Azken hau famatua egin zen 1980 hamarkadan Brasil, Argentina, Kolonbia eta Uruguain zabaldu zen B meningitis agerraldia kontrolatzen lagundu zuenean.

Naomi Schoenfeldek uste du, “Txertaketaren politika: historia globala” liburua aipatuz, gobernu batek bere txerto propioak ekoizteko ahalmenak sendotzen duela burujabetza nazionala eta horregatik txertaketa kanpainan parte hartzen dutenentzako erremedio nazional horren arrakasta edo porrotak eragina daukala jendearen herri kontzientzian.

Kari Cantell (eskuinean) immunologo finlandiarra Fidel Castrok gonbidatuta 1982an Kubako Ingeniaritza Genetiko eta Bioteknologia Zentroaren inaugurazioan.

TXERTOA, BOTIKEN ARTEAN POLITIKOENA

Schoenfelden hitzetan eta modu orokorrean hartuta, txertoak izaki farmazeutiko benetan politikoak dira, “zientifikoki ezarri zaizkion helburuetatik askoz harago eragiten dute. Izenetik hasita, babesa iradokitzen dute. Adierazten dute ezagutza tekno-zientifikoa, higienea, aginte medikua. Tresna bat dira kudeatzeko populazioak, politika, pribilegioak eta baita bortxa ere. Balizko arriskuen kontrako aseguru gisako bat dira. (…) Txertoak aldaketa handiak eragiten ditu populazioetan, ekonomian, politikan, gizartean, eta baita immunitatean ere”.

Txertoen politikotasun horrek berekin daramatza kontraesan handiak. Zeren eta aurrerago aipatu abantaila eta promesen ifrentzu gisa, txertoaren kontrako jarrerak ere piztu ditzake hainbat jenderengan, botika horiek lan egiten dutelako gu baitan baino gehiago gure bitartez, geure immunitate sistema zirikatu eta lanean jarriz. Txertoen kontra osasun, etika, ekologia edo politika argudioetan oinarrituta dauden pertsonez gan gain, antropologoak nabarmentzen ditu –ondo ezagutzen duen AEBetako kasutik abiatuta– minoria arrazializatuetakoak: “Jende beltzak mesfidatzen dira txertoez, historian zehar etikarik gabeko esperimentu medikuetarako erabili dituztelako; haientzako estatuaren bortizkeria irudikatzen dute”.

Txertoekiko oso bestelako esperientzia omen daukate Kubako jendeek. “Hemen txertoak sortu dira herrialdeak daukan bio-farmazia estatalen ‘ekosistema itxian’, hots, hasi ikerketatik eta osasun sistema nazional unibertsaleraino hartzen duen ekosisteman. Honetan funtsezkoa da politika eta zientzia integraturik edukitzea, argi egon dadin herritarren interesak direla nagusi eta ez enpresen interesak. Zientzia eta politikaren integrazio honek Kuban lortu du birusari aurre egin eta bi txerto abiatzea. Uharteko ekonomia lur jota dagoenean, estatu sozialistak jarraitzen du bere zaintzaile lana egiten eta horregatik da hain garrantzizkoa txerto subirano horiek ere garatzea garai zail hauetan. Alde horretatik esan dezakegu Soberana horiek direla COVID-19aren aurkako txerto sozialistak”.

Bere aberastasunari begiratuta gezurra dirudien arren, justu kontrako egoeran ikusten du antropologoak –Kalifornian bizi denak--- AEBetan. Hemen txerto kanpainaren arrakasta lotuta egongo da dosiak erosteko ahalmenarekin. Zientzia eta politikaren arteko harremanak Kubakoen erabat alderantziz daude eraikita, ororen gainetik interesek eta etekinek garrantzia handiagoa dute jendeen osasunak baino. Multinazional iparramerikarrek lortu duten arren beren txerto txapeldunekin munduaren horniduraren zati nagusiaren jabe egitea, AEBek ez daukate ez osasun sistema unibertsalik eta ezta eskualdeka antolatutako koordinaziorik, milioika jende bizi da asegururik eta zaintza arautu barik; horrek guztiak esan nahi du masako txertaketa sekulako buruhaustea bihurtuko dela hemen.

“Kubak -- dio Schoenfeldek-- txertaketan daukan historia ezagututa, Soberana txertoak prest daudenean denek dakite txertatuko dituztela eta hori egiteko lana erraza izango da: business as usual [betiko moduan]. Aldiz, AEBetan business as usual-ek esan nahi du ‘zientzian sinesten duten jendeek’ izango dutela moduren bat txertoa eskuratzeko eta askok lortu beharko dutela osasun programa nazionalik ezean eskueran daukaten ordezkorik onenaren bidez: gure Walgreen eta  Walmart hipermerkatuetan lortu beharko dute (‘txertoak agortu bitartean’, ‘eskaintza ez baliagarria 50 estatuetan’, ‘ikusi baldintzak’, ‘baliteke beste eskaintzekin bateragarriak ez izatea’…)”.

Sonia Perez rodriguez doktorea txerto berrien proba klinikoan parte hartzen duen boluntario batekin hizketan . (Argazkia: ACN)

TXIROEN OSASUNAZ NOR OROITZEN DA

COVID-19ak munduko gainerako ikerlariak bezala Kubakoak ere ezustean harrapatu zituen, Finlay institutuko zuzendari Vicente Vérez Bencomok Telesur kateari kontatu dionez. Osasun agintariek neurri zorrotzekin uhartean birusaren lehen agerraldia maiatzerako kontrolatu zuten arren, jabetu ziren hurrengo olatua zetorrenerako prestatu beharra zeukatela. Bioteknologian ari diren profesionalen zorionerako, mundu osoan milaka zientzialari COVID-19aren ikerketan murgilduak ziren eta pandemiaren osagai eta ezaugarriez lortutako jakintza hein handi batean publiko egiten zuten.

Maiatzean Díaz-Canel lehendakariak deitu eta ikerlariei eskatu zien beren bilaketa lanen abiadura azkartzeko, Kubak bere txertoa behar zuelako. Lortu zuten ohiko epeak murriztea, hein handi batean mundu osoko zientzialariek libre zabaldutako informazioei esker, eta abuzturako prest zeuzkaten hautatutako formulazioaren bi dosi. Lehen dosiok ikerketaren bi arduradun nagusiek hartu zituzten beren soinetan. “Horrekin bi helburu lortu nahi genituen –dio Verez Bencomok– batetik erakutsi arduradunok konfiantza geneukala lortutako emaitza horretan, eta bestetik gure buruak bihurtuz txertoa probatzen bi lehenak lortzen genuen baldintza zientifiko eta etiko zorrotzak eskatzen dituen prozesuan jauzi bat egitea, proba klinikoetan are azkarrago sartzeko”.

Abuzturako bazekiten kubatarrena ez zela izango munduan erregistratuko zen lehen txertoa –multinazional handiak iragarri zuten lehen txertaketak urte amaieran hasi ahalko zirela…– baina Verez Bencomok helburutzat aipatzen zuen herrialde hau izatea bere herritar guztiak txertatzen lehena, guztiak eta doan.  Munduko beste jende asko ere bazeuzkaten buruan: “Txertoak azalduko direnean, populazioak immunizatzen lehenak munduko herrialde aberatsak izanen dira. Bai txerto horien prezioengatik eta bai munduan 8.000 milioi herritar garelako, ezin da pentsatu denak txertatuta egongo direnik 2021an. Kubatarrontzako solidaritatea ez da soberan daukazuna eskaintzea, daukazuna ondokoarekin partitzea baizik eta gure ametsa litzateke urte bukaerako gurekin batera munduko, eta bereziki Latinoamerikako beste herritar asko ere txertaturik egotea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude