ARGIA.eus

2021eko abenduaren 07a
Martín Villa

Frankismoaren krimenengatik erantzuteko ordua

  • Rodolfo Martín Villa (Santa María del Páramo, León, 1934), poliziak Euskal Herriko historia hurbilean egindako sarraski odoltsuenen arduradun politikoa da, 70eko hamarkadan ministro izan zen garaian. Frankismoaren Krimenen Aurkako Argentinako Kereilan inputatua, biktimen elkarteek auzipetua izatea eskatzen dute. Bere itzalak eta eragin politikoak baina, gaur arte iraun du, eta horri esker bizi da inpunitate osoz, enpresa handietako administrazio kontseiluen abaroan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2020ko abenduaren 20a

Azaroaren 20an Gasteizko Udalak mozioa onartu zuen, Frankismoaren Krimenen Kontrako Euskal Plataformak aurkezturik, eta EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin. Espainiako Estatuari eskatzen zitzaion beharrezko neurriak har ditzala, auzitegiek ikertu eta epaitu ditzaten Francoren diktaduran eta Trantsizioa deituriko garaian izandako gizateriaren kontrako krimenak, “bereziki Rodolfo Martín Villaren erantzukizunpean egon daitezkeenak”.

Ministro ohi frankistaren izena hedabideetan sarritan ikusi dugu, María Servini de Cubría epaile argentinarrak 2014an atxilotzeko agindua eman eta Interpolek gaizkile bilatuen zerrendan sartu zuenetik. Beste hainbat goi kargu eta polizia ohirekin batera, Francisco Francoren erregimenak egindako giza eskubideen urraketak ikertzen dituen kereilaren barruan galdekatu nahi zuen Servinik. Bere ardurapean poliziak hamabi lagun hiltzea leporatzen dio, ia denak Euskal Herrian: 1976ko martxoaren 3an Gasteizen sarraskituriko bost langileak, 1977ko maiatzeko Amnistiaren Aldeko Astean hildako bost manifestari, urte horretan talde parapolizialek Madrilen hildako ikaslea, eta Germán Rodríguezen heriotza 1978ko Sanfermin odoltsuetan.

Eusko Legebiltzarrak 2008an onartu zuen memorandumak garbi dio Gasteizen 1976an poliziei armak modu “arduragabe eta erailean” erabiltzeko emandako ordena aginte-lerroko instantzia batetik zetorrela. Servini epaileak Martín Villa jo du “errepresioaren arduradun”

Baina 2015eko martxoaren 13an Espainiako Ministroen Kontseiluak ezezkoa eman zion Martín Villa Argentinara estraditatzeari, delituak preskribituta zeudelakoan. Eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ere erabaki bera hartu zuen, 1977ko Amnistiaren Legeak babestuta zegoela argudiatuz.

Gorabehera eta urte askoren ostean (ikusi kereilaren kronologia), azkenean Martín Villak irailaren 3an deklaratu zuen Serviniren aurrean, bideokonferentzia bidez eta zalaparta mediatiko handi batez inguratuta. Iruñean kontzentrazio jendetsua egin zen Justizia Jauregiaren aurrean, elkarte memorialistek ez ezik udal ugarik ere deituta –gero eta luzeagoa da Martín Villa non grata pertsona izendatu duten tokien zerrenda–, “egia eta justizia, hemen eta orain” eskatzeko.  

Francoren garaiko eta osteko ministroa giltzarria izan zen urte haietan, errepresioan oinarrituriko estatu politika aurrera eramateko. Baina denek ez bide dute horrela pentsatzen: Espainiako lau presidente ohik gutuna bidali zioten epaileari, agintari frankistak “demokraziaren sorreran” egindako lana defendatuz. Nondik dator baldintzarik gabeko babes itsu hori? Galderari erantzuteko, hitz egin genezake “Trantsizioa” deiturikoaz egin den kontakizun interesatuaz, baina baita Martín Villak azken lau hamarkadetan izan duen eragin politikoaz ere. Azken hori gabe ezin uler liteke estatuko aparatuek gaur arte eman dioten inpunitatea. Baina ez gaitezen aurreratu, goazen apur bat atzera.

Erregimenaren irekiera antzezten

Frankismoaren amaieran, agintean zeuden familia ezberdinen arteko tentsioa areagotu egin zen, batez ere gobernuko Opus Deiko “teknokraten” eta alderdi bakarra kontrolatzen zuten falangista edo “urdinen” artean. Denak zeuden beti batean erregimenarekin, baina bigarrenek sistema ideologizatu eta politizatuagoa nahi zuten. Azken horietakoa zen gure gizona.

1934an Leongo Santa María del Páramo herrian jaioa, aita trenbideko langilea zuen, CNTkoa; baina Rodolfok azkar ahaztu zituen erroak eta sindikatu bertikalean eman zuen izena. 1962an Unibertsitate Sindikatu Espainiarraren (SEU) buru jarri zen eta hurrengo urteetan boterea pilatzeko anbizioa erakutsi zuen: Industria Ministerioko zuzendari nagusi, gorte frankistetako prokuradore, Erreinuko Kontseiluko kide… Lehen kargu inportantea, ordea, 1974ko ekainean bereganatu zuen: Bartzelonako gobernadore zibil izendatu zuten.

Sàpiens aldizkariak azaldu dizkigu Martín Villaren ibilerak konderri hartan. Salvador Puig Antich anarkista garrotetik pasa zutela ez zen denbora asko eta, Bartzelonan, polizia oso gogor ari zen ikasle grebak eta langile manifestazioak jazartzen. Carlos Arias Navarroren gobernu berriak –ETAk Carrero Blanco airetik bidali ondoren presidente izendatua– erreforma antzeko zerbait bultzatzeko imintzioa egin zuen eta Martín Villa zen erregimenaren “irekitze” horren aurpegia. “Bazekien alkandora momentu egokian aldatzen, ez baita ahaztu behar, askok saihestu egiten zuten arren, bera oraindik agurtzeko besoa altxatzen zuen horietakoa zela”, esan dio aldizkariari Josep M. Solé i Sabaté historialariak.

Frankismoan azkar bereganatu zituen karguak Martín Villak, eta gero, indarkeriaren bidez inposatu zuen ordena. Ezkerrean, Francoren aurrean erreinuko kontseiluko kide bezala zin egiten 1971n.

“Ez naiz gobernadore autoritarioa izango, baina bai autoritatea duena” hitzeman zuen karguari zin egitean. Azenarioa eta makilakada. Anbibalentzia horrekin egin zien aurre bogan zeuden katalanismoari, langile mugimenduari eta bizilagunen asanbladei, disidentzia antifrankista txikiena pertsegituz. Esaterako, Bartzelonako bizilagun elkarteen federazioan ezkerreko jendea sartu zenean, ez zuen zalantzarik izan poliziak infiltratu edo batzarrak asaltatzeko.

Eskuak langileen odolaz zikinduta

1975ean Franco hil eta hogei egunetara –jadanik Juan Carlos Borboi estatuburu zela–, Martín Villak jauzi mortala egin zuen karrera politikoan: hankak airean zabaldu eta Harreman Sindikalen ministro izendatu zuten akrobata. Hurrengo hilabete eta urteak oso nahasiak izan ziren, frankismoaren jarraipena edo haustura baitzegoen jokoan, eta jendartea kalera atera zen demokrazia eskatuz. Gainera, 1976an langileen greba ziklo ikaragarria ere hasi zen, aldarrikapen anitzekin. Espainiako Estatuan urte hartan 3,5 milioi beharginek gelditu zituzten makinak eta Euskal Herria izan zen gune beroetako bat: Bizkaian soilik 361 greba eta gatazka zenbatu ziren.

Araban antolaketa berezia izan zen, asanbladetan biltzen hasi ziren langileak, sindikatuen kontrolpetik at, eta horrek erabat jokoz kanpo harrapatu zituen agintariak, baita Harreman Sindikalen Ministerioa ere. Gasteizen, martxoaren 3an, Zaramagako San Frantzisko elizan babestuta zeuden zientoka lagunen kontra poliziak egindako eraso basatia ez zen kasualitatea izan. Geroztik, bost langileren zerraldoak hiriaren oroimenean geratu dira betirako.

Gertaera horiei buruz Eusko Legebiltzarrak 2008an onartu zuen memorandumak garbi dio armak modu “arduragabe eta erailean” erabiltzeko ordena aginte-lerroko instantzia batetik zetorrela, eta Espainiako Gobernua zela horren “gailurra”. Servini epaileak Martín Villa jo du “errepresioaren arduradun” eta gizateriaren kontrako krimenak egitea egozten dio.

Polizia Errenteria asaltatzen 1978ko uztailean (arg.: 'Punto y Hora')

Profesionalak eta kondekoratuak

Urte haietako indarkeria polizialari buruz, “agian kasu isolaturen bat” egon zela dio José Luís Rodríguez Zapatero Espainiako presidente ohiak, ministro ohi frankistari babesa emateko  bere idatzian. Baina ikusiko dugunez, hurrengo urteetan poliziak izan zuen berregituraketak –Polizia Armatuak eta Brigada Politiko-sozialak izenez aldatu zuten– giza eskubideen urraketak eta tortura sistematikoak “profesionalizatzeko” baino ez zuten balio izan. Martín Villa, izan zen estrategia horren diseinatzaile eta bultzatzaile nagusia, Gobernazio ministro izendatu ostean –1977tik aurrera izena aldatu zioten ministerioari eta Barne ministro izatera igaro zen–, ez alferrik deitu zioten Trantsizioko borra.

Garai haietan, haur txikienek ere bazekiten grisez, berdez edo marroiz, poliziak lepo beretik zuela burua: 1976ko martxoan Gasteizko eliza gaseatu zutenak, 1977ko maiatzean Errenteria eta beste herri asko tiroz josi zutenak, edo 1978ko uztailean Iruñeko zezen-plazara arrapaladan sartutakoak, berdinak ziren herritarren begietara. 1978ko Poliziaren Legeak, “posizio partidista orotik aldentzen” zituen indar armatuak, Martín Villak segurtatu zuenez, baina agenteak borrero frankista berak izaten segitzen zuten, irratitik no os importe matar (Ez izan axolarik hiltzeko) esaten zuten horietakoak.

Trantsizioaren inguruko kontakizun konstituzionalistak maiz nabarmentzen du epe horretan militarren sektore zabal batek –bunkerra ere deitua– egindako presioa sistema demokratiko batera ez igarotzeko, eta frankismoko kume ziren hainbat politikarik izandako “ausardia” mehatxu horiei aurre egiteko –1981eko estatu kolpe saiakera jarri ohi da adibidetzat–. Baliteke, diskurtso horren barruan, iraganeko egiturak desegin eta torturatzaile edo hiltzaileak purgatzea erraza ez izatea, baina hortik haiek kondekoratzera alde handia dago: 1977ko ekainaren 13an Martín Villak 35 agente saritu zituen, tartean Antonio González Pacheco Billy el Niño torturatzaile ezaguna.

Urte haietan poliziak izan zuen berregituraketak giza eskubideen urraketak eta tortura sistematikoak “profesionalizatzeko” baino ez zuen balio izan. Martín Villa, izan zen estrategia horren diseinatzaile eta bultzatzaile nagusia

Curriculum ezkutu bat

Barne ministro izandakoaren curriculum ezkutua egingo bagenu, bertan jarri beharko genuke, baita ere, bera izan zela 1977ko hauteskundeetan D’Hondt legea ezartzeko indar gehien egin zuena, boterea baliatuz, bere alderdiari (UCD) bozetan mesede egiteko; edo berak agindu zuela Falangeren artxiboak deuseztatzea iragan kriminalaren frogarik ez uzteko; bera zela polizien arduradun Batallón Vasco Español bezalako talde para-polizialak nahieran aritzen zirenean kaleetan terrorea zabaltzen. Barne ministro izan zen garaian 44 lagun hil zituzten estatu indarkeriaren ondorioz –Mariano Sánchez Soler kazetariak La Transición sangrienta (Trantsizio odoltsua) liburuan dioenez–; tartean da, adibidez, Gladys Del Estal militante ekologista, guardia zibilek Tuteran tiroz hila.

Baina curriculum ofizialean ez da horrelakorik ageri, bai, aldiz, Felipe VI.a erregeak 2017an –jadanik bere kontrako kereila martxan zenean– emandako domina 1978ko Konstituzioa onartu zen gorteetan parte hartzeagatik. Hemen ikusten dugu berriz Espainiako Estatuko goi mailako pertsonek babesturik, berriz zigorgabetasunaren altzoan, eta berriz galdera bera egin behar: zergatik?

Frankismo ostean

Ez da sekretua Martín Villa oso abila izan zela Francoren heriotzaren osteko lehen gobernuetan pino puentea egin eta boterea kudeatzeko; horren erakusgarri dira CIAk edo AEBetako Estatu Departamentuak nolako arreta jartzen zien bere ibilerei, orain desklasifikaturiko kableetan ikus daitekeenez. Barne ministro kargua hartu eta gutxira, 1976ko irailean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara egindako bidaia baten berri eman zuten Madrilgo enbaxadatik: “Euskaldunen kezkei entzun bai, baina ordena publikoa bermatuko duela esan du”.

Martín Villa epaitzeko kanpaina eta mobilizazio ugari egin dira azkenaldian. Goiko irudian, Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean. Beheko irudi txikian, Felipe González PSOE-ko buruak Gasteizen hildako langile baten senideei 1976an bidalitako babes gutuna, egun hauetan Martxoak 3 elkarteak zabaldua. (Arg.: Foku / Idoia zabaleta)

Ministro izateari utzi eta diputatu gisa bigarren lerrora igaro zenean ere, itzalpeko politikagintzatik eragiten jarraitu zuen. Manuel Fragak Alianza Popular alderdia oraingo Partido Popular bihurtu zuenean, adibidez, batzorde exekutiboan zegoen gure falangista, alkandoraz aldatuta, eta gero José María Aznarren aholkulari bihurtu zen. Hain zuzen, askoren ustez, honek 1996an izandako garaipenaren zati bat Martín Villari zor dio. Urte horretatik aurrera, enpresa publikoetako kargu ugaritan ikusiko dugu (ikusi koadroa), baita bere “aholku” baliotsuengatik kobratzen ere, Prestige petrolio-ontziaren hondoratzearen kasuan bezala: 76.998 euro jaso zituen 2003an, Sàpiens-ek Gardentasunaren Atarian kontsulta eginez baieztatu duenez.

Martín Villari zor diogu, ez bakarrik frankismoko polizia eredu autoritario eta erreakzionarioak iraun izana –2017ko urriaren 1eko  Kataluniako erreferendumean mundu osoko pantailetan ikusi zena–, baita 80ko hamarkadatik aurrera GALek segida eman zion gerra zikinari atea zabaltzea ere, sigla askotako talde para-polizialekin Barne ministerioak izandako konplizitatearen ondorioz.
“Egia da huts egite larriak egon zirela –azaldu dio ministro ohiak Servini epaileari irailaren 3ko deklarazioan, 1976ko Gasteizko gertaerez–, baina gauza bat da biktimen mina ulertzea eta bestea Espainiako Trantsizioan gizadiaren aurkako krimenak egin zirela onartzea”. Ezin gehiago espero argazkietan eskuin besoa jasota ateratzeko lotsarik izan ez zuenarengandik.

Justiziaren aurrean

2010eko apirilak 14: Frankismoaren biktimen bi senidek salaketa aurkeztu zuten Buenos Airesko epaitegi batean, gizateriaren aurkako krimenengatik. Argentinako kereilaren hasiera izan zen.

2014ko urriak 31: María Servini de Cubría epaileak Rodolfo Martín Villa ministro-ohi frankista inputatu eta atxilotzeko agindua ematen du. Egun batzuk geroago Interpolen Argentinako atalak gauza bera egiten du, baina Espainiako Interpolek agindua blokeatuko du argudiatuz ezin duela bete.

2015eko martxoak 13: Espainiako Ministroen Kontseiluak justizia argentinarraren estradizio eskaria atzera botako du, ustezko delituak “preskribituta” daudelako bere esanetan.

2016ko martxoak 22: Servini epaileak lehen erregu diplomatikoa tramitatuko du, inputatuak Espainian galdekatu ahal izateko. Martín Villak hedabideetan dio deklaratzeko prest dagoela, baina bere abokatuek trikimailu juridikoak erabiliko dituzte atxilotua izan ez dadin.

2018ko urriak 25: Espainiako Auzitegi Nazionalak agintari frankista ohiaren deklarazioa eragotziko du, 1977ko Amnistiaren Legea urratzen duela esanez.

2020ko irailak 1: Espainiako lau presidente ohik gutuna bidaliko diote Serviniri, babesa adieraziz Martín Villari.

2020ko irailak 3:  Aurreko hilabetetan hainbat aldiz saiatu ostean, Martín Villak bideokonferentziaz deklaratuko du Argentinak Madrilen duen enbaxadan.

Orduko orbainak, egungo ordainak
Rodolfo Martin Villa Juan Sánchez Calero endesako presidentearen ondoan.

Rodolfo Martín Villak bere karrera politikoarekin izan duen inpunitatea eta eragiteko gaitasuna hobekiago ikus liteke, alderdi eta instituzioetan ez ezik, Espainiako Estatuko enpresa handietan azken hamarkadotan izan duen pisua eta presentzia aztertuz gero.
Kataluniako El Crític hedabideak erregistro merkantilean arakatu du eta 1990eko hamarkadatik agintari frankista ohiak 45 enpresetan karguak izan dituela baieztatu ahal izan du, horietako batzuk oso ezagunak. Denera, 93 kargu korporatibo bete ditu Martín Villak 30 urteotan, azkena 2019ko ekainean Técnicas Reunidas eraikuntza eta industria enpresako kanpo kontseilari izendatu zutenean; lan horrengatik urtean 115.000 euro gordin irabazten ditu oraindik.

Enpresa munduarekin lehen harremanak Francoren erregimeneko goi karguak hartzearekin batera hasi zituen, falangista deklaratua zenean. Hala, 1973an Banco de Crédito Industrialeko (BCI) presidente izendatu zuten. 1979an Barne ministro izateari utzi eta 1980an Lurralde Administrazioko ministro egin zuten arte Ibercobreko zuzendaritzan egon zen, Espainiako Estatuan kobrea erauzteko monopolioa zuen konpainian –“paroan dauden ministroentzako erresidentzia” ere deitua–.

Ondoren, PSOEren agintaldiak iraun zuen bitartean hainbat mutua eta aseguru konpainietako goi karguak eskuratu zituen –eskandaluren bat edo besterekin– eta Burgosko La Cellophane Españolako presidente ere izan zen, Banco de Bilbaoren jabetzakoa. 1993tik 1997ra Caja Madrid-en Kontrolerako Kontseiluaren buru izango da Martín Villa. Hain justu, urte haietan hasi ziren black txartel ezagunak erabiltzen, eta auzi horrengatik 2018an egin epaiketan ministro ohi frankistaren testigantza eskatu zuten askok.

Baina negozio handienak 90eko hamarkadan egin zituen, bere lagun Jose María Aznar boterera iritsi zenean. 1997an Endesako presidente jarri zen, oraindik publiko, baina pribatizatzeko prozesu betean. Bera buru zela, espainiar konpainia elektriko handiak Txilen jarri zituen hatzaparrak Enersis filialarekin, eta maputxeen Biobío bailaran presa erraldoia eraiki zuen, genozidio natural ikaragarria eraginez; horretarako pinochetista ezagunen “laguntza” izan zuen gainera. Garai horretan Augusto Pinochet diktadorea Londresen zegoen, nazioarteko atxilotze agindu baten ondorioz atxikia, bada, Endesako presidenteak hainbat gestio egin zituen aske utz zezaten.

Sogecable (2004-2010), Sareb (2013-2018) edo MGO Taldea (2013-2019) izan dira gure falangistaren hurrengo lurreratze pistak. Baina bere enpresa familiarrak, Polinmarpe SL-k irudikatzen du ondoen influentzia politikoekin lortu litekeena. Kapital gutxikoa den arren, horren bidez Cliner SA garbiketa enpresarekin lotura estuan dago Martín Villaren sendia, akzioen %21 baitauka. Cliner 1985ean sortu zuten Alianza Popular alderdi inguruko hainbat kidek –Martín Villa barne– eta banku eta erakunde publiko ugarirekin ditu zerbitzuak kontratatuta: BBVA, Santander, Valentziako garraioak, Kantabriako Gobernua...
Asko izan dira ministro ohi frankistari jaten eman dioten gobernu eta enpresak. Zeren truke? Noraino iristen dira Trantsizioko borra kolpeen orbainak eta ordainak?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Justizia kanaletik interesatuko zaizu...
Indarkeria matxista bizi duen emakumea kaleratu dute etxetik

Azaroaren 25eko data zeraman Arrigorriagako emakume baten, haren alabaren eta biloben etxe kaleratze aginduak. Batu Elkarlaguntza Sareko kide da emakumea, eta sareak etxe kaleratzea gelditzeko deia egina zuen. Goizean goizetik herritar ugari elkartu da etxe-kaleratzea eragozteko... [+]


2021-11-11 | ARGIA
Ehun legelariren manifestua: "13/13 iraganeko garaietako sumarioa da"

13/13 auzian izandako irregulartasunak salatzeko manifestua argitaratu dute ehun legelarik. Bost puntutan laburbildu dituzte irregulartasun horiek eta gogorarazi dute auzipetuetako batzuek torturak salatu zituztela.


2021-10-28 | ARGIA
'Bateragune' auziko epaiketa atzera bota du Konstituzionalak, defentsaren helegiteaz erabaki bitartean

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aho batez onartu du behin behineko neurri bezala Bateragune auziko epaiketa berriz ez egitea. Hala eskatu zuen Iñigo Iruin auzipetuen defentsako abokatuak helegite batean.


Martín Villa auzipetua, eta espainiar trantsizioa auzitan

Espainiako gobernazio ministro izandakoa gizateriaren aurkako krimenengatik epaitu nahi du Argentinako justiziak. 1976ko martxoaren 3ko eta 1978ko Sanferminetako sarraskiengatik auzipetu du María Servini de Cubría epaileak, kereila argentinarraren barruan.


2021-10-17 | Unai Brea
Iñigo Urrutia. Pandemiaren kudeaketa legediaren ispiluan
“Gizarteak egiteke du eskubideen mugaketari buruzko eztabaida”

EAEko LABI ospetsuaren azken saioaren bezperan hartu gaitu, EHUn dituen bulegoetako batean. Legelaria eta Administrazio Zuzenbideko irakaslea da Iñigo Urrutia Libarona (Jatabe, Bizkaia, 1966). Gaur egun unibertsitateko Aldezlea ere bada, hots, bertako kideen babeslea... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2020ko abenduaren 20a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude