Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

  • Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat baldintzatu dezake Alonsotegiko urteko aurrekontua.

Alonsotegiko udaletxea. Iruzurra 2012an egin zuten orduko udal arduradun eta agintariek, EAJren eskuetan zegoela. Bizkaiko Aldundiak hamahiru urteren ondoren eskatu dio dirua itzultzeko.

2025eko uztailaren 24an - 11:05
Azken eguneraketa: 12:23
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Denera  921.967,49 euro itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak Alonsotegiko Udalari, 2012an uholde batzuen kalteak konpontzeko emandako diru-laguntza bat ez zelako horretarako erabili, baizik eta aurretik zegoen beste zor bat ordaintzeko. Garai hartan EAJ zegoen udalean.

Eskandalua EH Bilduk azaleratu zuen 2018an, eta iruzurrak epaitegietan amaitu zuen, baina orduko udaleko lau arduradun absolbitu egin zituen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, bere esanetan ez zelako "diru-kutxa publikorako kalterik" izan. Bosgarren inputatu bat, Alonsotegiko EAJko alkate ohi Jose Luis Erezuma 2023an hil zen, eta hortaz ez zuten inoiz epaitu. 

Bizkaiko Aldundia akusazio partikular gisa aurkeztu da auzian, baina orain arte ez du prozedurarik abiarazi dirua itzultzea eskatzeko

Nolanahi ere, auzitegi berak –eta ondoren EAEko Justizia auzitegi Nagusiak– frogatutzat eman zuten Bizkaiko Aldundiari gezurra esan zitzaiola, txosten eta obra faltsuak aurkeztuta, diru-laguntza hori jasotzeko. Uholdeen kontrako ustezko obra horiek egiteko 21 egun baino ez zituen behar  izan orduko udalak.

Bizkaiko Aldundia akusazio partikular gisa aurkeztu da auzian, baina orain arte ez du prozedurarik abiarazi dirua itzultzea eskatzeko, nahiz eta akusatuek 2019an onartu zuten –espetxera ez joatearen eta dirua itzultzearen ordainetan– ez zela erabili aipatu obra horiek egiteko.

Orain, hamairu urte geroago eta udala EH Bilduren eskuetan dela, eskaera hori egin dio. Aldundiak azaldu duenez, behin Auzitegi Nagusiak epaia irmo eginda hartu du erabakia.

Alonsotegiko Udalbatza ostegun honetan bildu da eta adierazpen instituzionala onartu du. Diru hori itzuli behar izateak erabat baldintzatuko luke udalaren urteko jarduna, bere aurrekontuaren laurdena suposatzen baitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
2025-07-02
Meloi saltzailea
Senar puteroak

Eguneraketa berriak daude