COVID-19: Iparreko aberatsek Hegoko herriei bideratu laguntzek ez diete zorra arintzen

  • Koronabirusaren lehen olatuaren erdian ginela, hitz ederrak entzun ziren G20-ko Finantza ministroen zein Nazioarteko Diru Funtsaren partetik: Hegoaldeko herri pobreak laguntzea ezinbestekoa omen zitzaien eta horretarako zorraren ordainketa une batez gelditzea onarturik zuten. Baina horrek ez du ezeztatzea erran nahi eta azken lau hamarkadetan handituz doan zorrak emendatzen segitzea da arriskua. Zorraren zurrunbiloari, baita hau kontrolatzen dabiltzan eragile boteretsuei ere so jarri gara, egoera ulertu nahian. Ondorioa argia da: benetan pobreziatik atera nahi badituzte, zorrak ezeztatzea onartu beharko dute.   

Zor kolonialaren zama eta nazioarteko finantza instituzioek inposaturiko austeritate dieta hamarkada luzez jasan behar dituzten Hegoko herriek, berriz ere parean dute NDF Nazioarteko Diru Funtsa izeneko su-hiltzaile piromanoa”, esaldia irakur dezakegu Dette, coronavirus et alternatives (Zorra, koronabirusa eta alternatibak) gai nagusitzat daukan Les autres voix de la planète aldizkarian. CADTM Zor Bidegabeen Kontrako Komitearen komunikabidea da azken hau, eta laguntzen gaitu ulertzen zorren esferaren funtzionamendu konplexua, munduaren Hegoko herriek pairaturikoa eta aberatsenek –estatu zein egitura pribatuek– erabakitakoa. Zergatik zorpeturik diren? Finantza merkatuaren bilakaeragatik ezin ordainduriko maileguak eginez zorpetzen hasi zirelako –mailegatzaileek onarturikoak, hots, kulpa ez da osoki haiena– eta zor hauek ordaintzeko beste mailegu batzuk egiten dabiltzalako; interes tasengatik ordaindu beharrekoa mailegaturikoa baino handiagoa bilakatuz. Hori horrela, 3.000 bilioi dolarrekoa da Hegoko herrien zorra.

The Guardian-ek zehazten duenez, 60 herri pobreenek diru gehiago bideratzen dute zorraren ordainketara, ez eta osasun sistemara. Ghanak adibidez, COVID-19 pandemia erdian hamaika aldiz diru gehiago bideratzen du zorra ordaintzera.
Apirilean, koronabirusaren lehen olatuaren erdi-erdian, zorren ordainketarako luzamendu bat adostu zuten G20-ko Finantza ministroek munduko 73 herri pobreenentzat  (unilateralki finkatu irizpideei segi, garapen bidean diren herrien erdia laguntza horretatik kanpo utziz). 2021ko ekainera arteko geldiunea lortu dezakete beraz –ondotik 2022 eta 2024 urteen artean ordaindu beharko dituztenak, seguruenik interes tasa handiagoekin–. NDFk eta Munduko Bankuak ere dirua banatu die herri txiroenei, zorraren ordainketa aitzina eramaten laguntzeko –hots, bi erakundeek zorren ordainketa jasotzearekin errekuperatuko dutena–. Milan Rivié CADTMko kideak dioen gisara: “Gutxiengo ttipia emaitza bidez eta gehiengoa mailegu bidez banatu da. Errealitatean, krisia hasi denez geroztik, jaso baino diru gehiago itzuli diote Munduko Bankuari herri pobreenek”.

Zorra ezeztatzearen premia

Epe laburreko “laguntza” horiek arazoa ez dutenez konpontzen, zorraren deuseztatzea eskatzen dabiltza geroz eta eragile gehiago –adierazgarriena urrian 550 egiturek izenpetu adierazpen bateratua–. “Krisia hasiz geroztik Europar Batasunak eta AEBek 2.500 bilioi dolar desblokeatu badituzte beren ekonomiak laguntzeko, ez dirudi oztopo gaindiezina denik Hegoko 135 herrien –munduko biztanleriaren %83aren– 3.000 bilioi dolarreko zorra ezabatzea”, ondorioarekin bukatzen du Riviék Six mois après les annonces officielles d´annulation de la dette des pays du Sud: Où en est-on? (Hegoko herrien zorraren deuseztatzearen albiste ofizialaz geroztik sei hilabete pasa direla: Zertan gaude?) artikulua. Dioenez, zorraren analisi teknikotik analisi politikora pasa behar gara: “Zorra oroz gainetik politikoa da”. Azaltzen duenez, nazioarteko zuzenbidean hiru elementuk bidera dezakete zorraren ezeztatzea: “salbuespeneko egoera” (zorpetze hein ikaragarria), “premiazko egoera” (koronabirusak eragindako osasun gastuak, baita sozialak ere estaltzeko beharra) eta “egoeraren funtsezko aldaketa” (koronabirusaren pandemia).

Lau hamarkada zorraren zurrunbilo honetan sarturik direla, atera ezinean. 33 urte iragan dira Thomas Sankarak Afrikako Batasunaren aurrean ondokoa erran zuenetik: “Zorra ezin dugu ordaindu, hasteko, ez pagatuta ere mailegu emaileak ez direlako hilko; eta pagatuz gero, gu garelako hilko”. Manière de voir aldizkariko Métamorphoses de la dette africaine (Afrikar zorraren itxuraldaketak) erreportajean azaltzen da nolatan 1996an Afrikako hainbat herrik jaso zuen zor arintzeen efektua: “Saharaz hegoaldeko Afrikaren zorra 2 bilioi dolarretik 331 bilioira pasa zen 1970tik 2012ra; eta ordainketak 435 bilioi dolarrekoak dira, hots, mailegaturiko kapitala bider lau”.

Lehengaien prezioak gora eginik, 70eko eta 80ko hamarkadetako egoera ekonomikoak onera egin eta maileguak biderkatu zituzten Hegokoek, joera frenetiko batean, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeaz gain munduko bankuetan ere. Baina bestak ez zuen iraun eta 1980ko hamarkadatik goiti maileguak ordaintzeko zailtasunak agertu zitzaizkien. Gogoaren kontra, Munduko Bankuaren zein NDFren laguntza pozoitsua onartzea baino beste biderik ez zuten ukan. “Zorpeturiko herriak bi egitura hauen sarean hartuak ziren; zordun gizajoak bi egitura hauek finkatu performantzia irizpideen eta baldintza ekonomiko zein finantzarioen menpe daude”, Manière de voir-en Nouvel ordre économique mondial (Munduaren ordena ekonomiko berria) artikuluan irakurri daitekeenez. Liberalismora eta austeritatera bideraturiko neurriak gauzatzeko baldintzapean jasotzen dituztelako maileguak: pribatizazioak, soldaten emendioen gelditzea, aurrekontu orekatua lortzeko murrizketak, merkatuaren desarauketa eta abar. Achille Mbembe filosofo kamerundarrak dioen gisara: “Kolonialismotik atera gara, berehala zorpetzearen uztarpean kausitzeko”. Hori horrela, koronabirusaren izurriteari aurre egiteko duten osasun-sistema ahula ere horren emaitza dute.

Austeritatearen baldintza

“NDF eta Mundu Bankuak bideratu ‘Washingtongo kontsentsua’ deitu politika hauek nazio osoak dituzte xehatu 1980ko hamarkadaz geroztik, zorraren zuloa estaltzea lortu gabe”, William Bouchardon ekonomia kazetariaren hitzetan. Ezin aipatu gabe utzi geroz eta pisu gehiago duten funts putreak, krudeletan krudelenak: estatu zorpetuak egoera txarrenean direlarik proposatzen diete zorrak erostea, merke-merke, oinarrizko prezioa baino prezio askoz apalagoan; eta egoera ekonomikoa hobetzeko bidean, onartu beharra daukate. Kontua da, hortik gutxira, auzitan jarriz, hasierako zorra osoki ordaintzea exijitzen dietela –interes tasak barne–. Demagun, 1999an 87 milioi dolar pagatu behar izan zizkion Leucadia funtsari Nicaraguak, epaile batek hala erabakirik, 1,14 milioi dolarretan erositako zorra ordaintzeko.

Mailegatzaile hauek geroz eta pisu gehiago dute eta estatu pobreen zorrak arintzeko neurriekin ez dute bat egiten, ezta ere koronabirusaren garai honetan. Miseriarekin espekulatzen ari direlako: zinezko putreak, ahulenen hezurduran atzaparrak sarturik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zorra
Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


"Otorduak ordaindu behar dira", Europako Banku Zentralaren abisua zor publiko handia duten herrialdeei

Neurri progresibo eta eraginkorrak hartzeko ohartarazi dute EBZren blog batean hainbat ekonomialarik; bestela, murrizketa gogorrak egin beharko dira etorkizunean, edo inflazio altuari apropos eutsi, herrialdeen irabaziak zorraren gainetik mantentzeko.


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


Europar Batasuneko ekonomia Ukrainako gerraren erdian
Tanke bat Keynesen gainetik

COVID-19aren ostean ekonomia suspertzeko iragartzen ari ziren neurri ekonomikoak ezbaian jarri ditu Ukrainako gerrak. Azken asteetan mota askotako erabakiak hartzen ari dira Europar Batasuneko agintariak. Horietako batzuek zuzenean eragingo dute herritar arrunten bizimoduan... [+]


Independentziaren zorra: Haitiren miseriaren jatorria

Haitiren egungo miseria egoerak badu bere azalpena herrialdearen iragan iraultzailean: mendekuaren ondorio da. 1825ean Frantziak Haiti derrigortu zuen kolono-ohiei 150 milioi urrezko frankorekin konpentsatzera, lurretan eta esklabotan izandako galerengatik.


Eguneraketa berriak daude