ARGIA.eus

2020ko azaroaren 25a

Europar Batasunaren ekonomia erabat baldintzatu dezakeen epaia eman du Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak

  • Alemaniako Auzitegi Konstituzionalaren epai batek hankaz gora jar dezake Europar Batasunaren politika ekonomikoaren zutabeetako bat: Europako Banku Zentralak zor subiranoa erosteko 2015ean abian jarritako programa ez dator herrialdeko legearekin bat, epaileen arabera.

ARGIA @argia
2020ko maiatzaren 06a
Alemaniako Auzitegi Konstituzionalaren epaiak Europar Batasuneko politika ekonomikoa astinduko du (argazkia: Al Fed / CC-nc-nd).

Mario Draghi EBZko presidente izan zen garaitik dago indarrean Batasuneko herrialdeen bonuak erosteko politika eta Europar Batasunaren errekuperazio ekonomikoaren gakoetako bat izan zen 2007-2008 urteetan lehertu zen krisi ekonomikoaren ondoren, mekanismo horri esker milaka milioi euro sartu zirelako zorren merkatuan, estatuei eta enpresei berriz ere likidezia emanez.

Baina epaitegi Konstituzional alemaniarrak dio Bundesbankek utzi egin behar diola beste herrialdeen zor subiranoa erosteari, EBZk ez baldin badu erakusten erosketa horiek ezinbestekoak direla. Epaiaren arabera, EBZk bere konpetentziak gainditu ditu programa horrekin.

Alemaniak ez du ordaindu nahi

AEBetan antzeko zerbait egin ondoren, zazpi urteko atzerapenarekin iritsi zen zorraren merkatuan diru injekzio handiak sartzeko apustua EBra. Eta ez zen eztabaidarik gabe iritsi, bereziki Alemaniaren aurkako jarreragatik.

Bi argudiorekin egin zioten horrelako ekimen bati aurre: batetik, elite alemaniarren ustez, ez zen bidezkoa Europa hegoaldeko herrialde “arduragabeak” EBZren eskuzabaltasunaren kontura bizitzea; bestetik, Alemaniako agintari guztiek erreakzionatzen dute modu oso ezkorrean inflazioa handitzeko edozein aukeraren aurrean –herrialdeak XX. mendean bizi izandakoek beldur handiak eragiten ditu oraindik ere; doktrina ekonomiko ordoliberalak Alemanian duen arrakasta da horren lekuko–.

COVID-19aren laguntzei ez die eragingo

2018an amaitu zen, berez, Draghik bultzatutako EBZren programa, baina italiarrak bulegoa hustu baino lehen jarri zen berriz martxan hilero 20.000 milioi euro jarriz, Christine Lagardek kargua hartzearekin batera. Egia da kopuru hori txiki geratu dela COVID-19ari aurre egiteko Europar Batasunak martxan jarri dituen mekanismoen aurrean –750.000 milioi euro–. Baina hori bezain egia da, Alemaniak abisu oso serioa egin diola Europar Batasunari bere epaileen erabaki honekin.

Izan ere, Europako Banku Zentralari erreminta bat kentzen dio hurrengo krisiei aurre egiteko: euroaren balioa aldatzea izan liteke hemendik aurrera erakundeak atzeraldiei aurre egiteko daukan tresna nagusia. Gainera, COVID-19aren krisiaren eraginez esku artean izan den aukeretako bat, Eurobonoak erabiltzeko aukera, lehendik aurreikusten zena baino are konplikatuagoa izango da orain. Europako estatuen zorra mankomunatzeko bideak hesi handi batekin egin du topo.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Covid-19 shockean adi  |  Alemania  |  Europar Batasuna  |  Zorra

Covid-19 shockean adi kanaletik interesatuko zaizu...





Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude