Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

  • Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka jende geratu da beharrezko terapiak eskuratu ezinik. Herritarrak elkarri lagunduz saiatzen dira moldatzen, baina asko geratzen dira batere irtenbide barik.

Minbizia daukaten gaixoak gobernuaren murrizketen kontrako protestan 2021eko abuztuan Beiruten, Nazio Batuen Erakundeak han duen egoitzaren atarian. Argazkia: Anwar Amro.
Minbizia daukaten gaixoak gobernuaren murrizketen kontrako protestan 2021eko abuztuan Beiruten, Nazio Batuen Erakundeak han duen egoitzaren atarian. Argazkia: Anwar Amro.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Fawzia Fayad deitzen zen. Libanoko albistegietako protagonista bihurtu zen 2021eko urrian telebista batean azaldu zenean, burua soilduta, agintariei erregutuz arren zerbait egin zezatela laguntzeko bera bezala minbizia edukita tratamendurik eskuratu ezin dutenak, ez daukatelako aski diru botikak eta kliniketako egonaldiak pagatzeko. Libanoren porrot ekonomiko eta finantzarioak berekin hondoratu du osasungintza ere. Bertako diruak baliogabetzearekin dolarrarekiko balioaren %90 galdu du, atzerritik inportatutako farmaziako produktu eta materialak %80 garestitu dira, eta horien ostean gastu mediku guztiak. Elkarte batzuk ari dira gaixoei lagundu nahian, baina krisia okerragotu ahala horien ezintasuna ere handitu da. Fawzia Fayad 2022ko martxoan hil da kantzerraren kontrako azken borroka galduta, libanoar askorentzako osasun-drama honen ikur bilakatuz.

Gisa horretan hasi du Au Liban, les malades du cancer abandonnés à eux-mêmes ("Libanon, kantzerra daukaten gaixoak erabat abandonatuta") kronika Muriel Rozelier kazetariak Middle East Eye aldizkari elektronikoan. Artikuluaren buruan Anwar Amrok sinatutako argazkian ageri dira lau emakume –izan zitezkeenak Bilbo edo Baionako klase ertainekoak– salatuz direla kantzerraren superbibienteak eta kantzerra duten gaixoek ezin dutela gehiago itxaron. Mendebaldean bezala bizi izan diren pertsonak, gaixotutakoan herrialde txiro edo gerrak harrapatutako batean bezala estatuak osasun zerbitzurik gabe lagatakoak.
Urtean 12.000 kantzer berri detektatzen omen dituzte Libanon, Osasun ministerioaren arabera. Horietatik asko krisia arte tratamendu egokiz salbatu edo gutxienez bizia luzatzea lortu zezaketenak orain heriotzara kondenatuta daude. Hasteko, beranduegi diagnostikatzen dira horietako ugari, diru faltan medikuarenganako bisita atzeratuta.

Estatuaren porrot
ekonomikoak hondoratu
egin du osasungintza
ere, herritarrei
tratamenduak
pagatzeko diruak arras
gutxituz

Libanon estatuak 2019an krak egin zuen, aurreko hamarkadetan pilatutako zorpetzeari aurre egin ezinda. Zanbuluka ari zen egiturari azken errematea eman zioten 2020ko abuztuan Beiruteko portuan gertatutako leherketa handiak eta COVID-19 pandemiak. Libanoko Banku Zentralak guraize handia aterata zerbitzu publiko guztiak kimatzeari ekin zion. Osasungintzari dagokionez, ez bakarrik moztu zituen herritarrei botikak eta tratamenduak pagatzeko funtsak: atzerritik botikak inportatzeko baimenak ere arras gutxitu zituen.

Datu inportantea: herrialde honetan ospitale sarearen %85 esku pribatuetan dago, eta publiko dagoen %15 zaharkitua eta ustelkeriak jotako fama dauka. Beraz, Libanon gaixo baten sendatzeko itxaropena bankuan daukan diruaren araberakoa zen azken krisiaren aurretik ere. Oraingo "berrikuntza" da lehen jende pobreak isilean zeramatzan trajedia klase ertainean ohiko bihurtu dela.

Botikak eskuratu eta saldu ezinean, Libanoko farmazialariek greba egin zuten 2021ko ekainean. Argazkia: Bilal Hussein.

Ospitale pribatuek tarifak garestitu dituzte, estatuak txikiagotu egin du –besterik gabe ezerezean utzi ez duenean– tratamendu bakoitzeko gaixoari ordaintzen zion zatia. Ari gara, esaterako, 1.000 dolarretatik hasi eta 3.000 dolarretara iritsi daitezkeen kimioterapia saioez. Nola egin aurre batez besteko hilabeteko soldata libera libanoarraren debaluazioaren ondorioz 100 dolarren azpitik –eta gutxieneko soldata 20 dolarretan– dauzkan herrialde batean? Kimioterapiaz ari gara, ez aipatu orain Libanon minbiziarentzako puntako tratamenduak, immunoterapia eta bestelako entsegu esperimentalak.

Libanoar denak
dabiltza erromes
gasolindegiz
gasolindegi, erregai
tanta baten bila;
gaixoak eta haien
senideak, farmaziaz
farmazia

Horrelako egoeretan espekulazioa nagusitzen da, gaixotasun larrien babesean zabaltzen diren infekzio oportunisten gisan. Estatuak diru faltaz murrizten baditu atzerritik inportatutako tratamenduak, berehala ugaritzen dira botiken trafikoak eta merkatu beltza, osasungintzako hainbat profesional ustel ere bazkide dauzkana, botikak pilatuz, ezkutatuz, garestituz, legez kontra salduz...

Minbizia daukatenen itolarria bizi dute beste gaixotasun larri edo kronikoak bizi dituzten askok, buruko gaixotasunak dauzkatenek esaterako, Kareem Chehayeb kazetariak Les pénuries de médicaments, une nouvelle source de détresse pour les Libanais ("Botiken urritasuna, egonezin iturri berri bat libanoarrentzako") kronikan. Osasun produktuen banatzaileek erremedioak metatu dituztenez –inportatzeko dauzkaten zailtasunak argudiatuz– hiri eta auzoetan farmaziak behartuta daude botikak tantaka saltzera.

Fawzia Fayad, Instagramen berak ipinitako irudietan. Minbizia zeukala jakin zuenetik hil arte borrokatu zen tratamendu eta botika egokiak eskuratu ezinik sufritzen duten milaka gaixo libanoarren alde.

Gaixoak eta beren senideak kondenatuta daude gero eta urrunagoko farmazietara joatera tanta edo pilula bila. Azkenean, sarritan, botikarik egokienaren ordez hain aproposa ez izan eta gainera alboko kalte handiagoak dituen batekin konformatu behar izateko edota egunero hartu beharreko dosia gabe geratzeko beldurrez. Beste gaixotasun larri batzuek baino zarata gutxiago egiten duten arren, ez da bromakoa gaixo mentalen arazoa krisi egoera batean… zeinak eragiten dituen are eta eritasun mental gehiago.

Krisietan gizakiak bere alde zitalena bezala azaleratu baitezake eskuzabalena ere, sarritan Libanoko gaixo larri eta kroniko askok elkartasun sareetan aurkitu dituzte aringarriak. MeDonations da lehenbizikoetakoa: Beiruteko leherketa ondotik hasi ziren boluntarioak botikak bildu eta banatzen, gaixoen eta lagundu nahi zutenen arteko zubi lanean. Erregaien garestitzearekin Internetera mugatu dira. Geroztik ezagunak dira @medsforlebanon, @medsforleb eta gehiago.

Diaspora libanoarrak
laguntza handia ematen
omen dio sorterriko
jendeari, botikak
Libanora doazen
bidaiariekin bidaliz

Mundu osoan zabalduta dagoen diaspora libanoarrak laguntza handia ematen omen dio sorterriko jendeari. Batzuetan Libanotik Internetez bidalitako errezeta darabilte, sorterrian ez dagoen botika bidaltzeko. Beste zenbaitetan errezeta barik egitea lortzen dute. Elkarteek gehienetan solik bitartekari lana egiten dute, beharrean dena eta eskaintzen duena lotzeko. Eskuratutako botikak Libanora doazen bidaiariek eramaten dituzte. Farmazietan eskuratu daitezkeen botikez ari gara, noski: ospitaleetako botikak eskuratzea ezinezkoa da.

Adibidetzat, Thurayya Zreik da egunerokoan burua orekatu samar edukitzeko kimika dosia behar duten askoetako bat. Bera bezala den beste norbaiti lagundu nahian, bere Facebookean ipini du "Seroquel" dosi batzuk emateko moduan dagoela –eskizofreniarako erabiltzen da–. Laster erantzun dio batek, bere amarentzako eskaka. Antzera ari dira Istagram eta beste sareetan. “Elkarri laguntzea da geratzen zaigun bide bakarra”, diotso Zreikek kazetariari.

Eskeko eta erromes ibiltzea da gaixo larri eta kronikoen eguneroko errutina Libanon. Libanoar denak dabiltza erromes gasolindegiz gasolindegi, erregai urri tanta baten bila. Are larriago gaixoak eta haien senideak farmaziaz farmazia.

@medsforleb elkartearen kanpaina, harremanetan jartzeko Mendebaldean botikak eros ditzaketenen herritarrak, Libanora doazen bidaiariak eta hemen botika horien behar gorrien diren gaixoak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


2025-08-05 | El Salto-Hordago
Plastikoak eragindako kutsadurak 1,3 bilioi euroko osasun gastuak eragiten ditu

The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Prep botika farmazietan eskuragarri jartzeko asmoa iragarri du Espainiako Osasun Ministerioak

GIBarekiko esposizio aurreko profilaxia da Prep botika. Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariaren arabera, farmazietan eskuratzeak itxaron-zerrendak gutxitu ditzake. Alabaina, arriskuez ere ohartarazi du.


2025-07-23 | Onintza Enbeita
Aloña Erauskin. Biziraulea
“Sortzetiko gaixotasunak ditugunok ez daukagu erabakitzeko aukerarik gauza askotan”

Bihotzak eztanda egin arte biziko da Aloña Erauskin (Berrobi, 1999), beste guztiok bezala. Besteon aldean, ordea, presente dauka aukera hori.


Jaurlaritzako Osasun Sailak lantaldea berregituratu du, “arreta modernizatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoa ziurtatzeko”

Kargua hartu eta urtebetera, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lantaldean aldaketa batzuk egin dituela iragarri du, "etorkizuneko osasun sistema publikoaren eraldaketari" ekiteko: besteak beste, Gontzal Tamayo Medel sailburuorde berria... [+]


Mutualitateen itzalean: langileen osasuna mehatxupean

Demagun zure laneko giroa kaxkarra dela. Lan gehiegi dago, baina ez da kontratazio berririk egiten edo, egiten bada, eskasa. Lankideen arteko harremanak ez dira batere osasuntsuak, eta mobbing horizontala eta bertikala edozein momentuan hedatu daiteke. Oso estres maila handia... [+]


2025-07-23 | Civio
Hiru melanomatik batean erratu eta azal iluneko pazienteak alboratzen dituen algoritmoa

Osakidetza lanean ari da Asisa aseguru-etxe pribatuaren filial baten Quantus Skin sistema osasun-zentroetan ezartzeko, 1,6 milioi euroko inbertsioa eginda. Adituek kritikatu egin dute adimen artifizialeko sistema hori, emaitza "eskasak" eta "arriskutsuak"... [+]


Gorputz hotsak
“Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iritsi ahal izateak”

Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]


Legazpiko Udala eta Sidenor kalte ordainak ordaintzera zigortu dituzte langile bat amiantoaren eraginpean jartzeagatik

Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu. 


Nerabeak

Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


2025-07-16 | Jone Gartzia
Osasun-langileak falta dira, ala borondate politikoa?

Azkenaldian osasun publikoaren egoera kaxkarra justifikatzeko erakunde publikoek gero eta sarriago aipatzen dute mediku eta espezialisten premia dagoela. Ez omen dago eskaria asetzeko nahikoa langilerik. Eusko Jaurlaritzak ardura osoa Espainiako Osasun Ministerioari egozten dio,... [+]


Suizidioa, errespetutik eta epaitu gabe

Suizidioagatiko dolua humanizatzen lagun dezaketen elementuak aztertu eta prebentziorako neurriak azaldu dituzte Suizidioaren humanizazioa ikastaroan, Biziraun elkarteak antolatuta. Osasun arloko profesionalek, suizidioak eragindako heriotza baten bizirauleek eta suizidio... [+]


Eguneraketa berriak daude