American way of life

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ze txapa Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeekin, bozketa, boto kontaketa, irabazle-galtzaileekin. Ze txapa oro har Ameriketako Estatu Batuekin. Ameriketako Estatu Batuak, izena idaztea bera nekagarria zait, Vanuatu, Seychelle, Madagaskar eder, arin eta jostarien aldean. Ez naute sekula bereziki erakarri. Ea, ez da Emeterio Arresek 1913an idatzi zuen hura –“Euskal Herriko baztar maitetik yankitar hoien aldera / zorigaiztoan etorri nintzan ez dakit zer egitera”–; baina ez dut sekula partekatu nire adinkide askok harako erakutsi duten grina. Alegia, ez nukeela sekula eskatuko New Yorkeko liburutegi publikoan bekarik –eta ondorioz, win-win, ez zenukete jasan beharko handik bidalitako podcastik–. Egia esan, New Yorken baino lehenago pasako nuke astebete Lexantzü-Zunharreko Juguberrian. Eta irrikaz itxaroten dut mundu mailako hegemonia txinoek noiz eskuratutako duten.

Aldiz, oso oroitzapen ona utzi zidan Bernardo Atxagaren Nevadako egunak liburuak, merezi baino apalago hartu zena. Idazleak eta bere familiak Renon 2007ko abuztutik 2008ko uztailera egindako egonaldiaren kronika, egunerokoaren apunte segida soil gisa hasten da –Lehen eguna eskolan, Renoko erdigunera oinez, Joan-etorria desertura–, baina laster barreiatuko da bestelako paisaia batzuetatik, paisaia askoz ere intimoagoetatik. Sekula ez du galtzen, ordea, Ameriketako Estatu Batuetako momentuko egoera soziopolitikoa begien bistatik, dela hilketa baten ondorengo izu-egoera harrapatuz, dela alderdi politiko baten hautagai-kanpaina jarraituz –tartean, Barack Obama: “Txanpon-makinen distiretatik oso urruti zeuden kolore eta tonu haiek, eta estetika japoniar tradizionalaren arabera aukeratuak ziruditen, pop amerikarra ekidinez”–. Baina, ai, lagunok, hau literatura da. Eta nik, hedabideen etengabeko kalakaren aurrean, gero eta fede handiagoa diot literaturari.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude