‘Poltergeist’ eta ‘Rambo’ artean

Argiantza | Pello Lizarralde | Erein, 2020.
Argiantza | Pello Lizarralde | Erein, 2020.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Poltergeist estreinatu ondoren, baina Rambo pantaila handietara iritsi baino lehenago, jubilatzear dagoen zinema-areto batzuen gerenteak road trip-ik mundutarrena abiatu du iraileko bero-sapa jasanezinean. Horratx, Argiantza, Pello Lizarralderen azken eleberria, Ereinek argitaratu duena, idazlearen argitaletxe kutunak. Makro-narraziorik gabeko mundutartasunaren izaera mikroskopiko horretan, hala ere, oso argi izendatu ezin dudan zerbaitek (zerbait deserosoak) lotu nau eleberrira hasi eta bukatu arte.

Gerenteak dio: “Nahita ere ezin izango dut ahaztu egiten ari naizen honen ondotik zerbait galduko dugula, nahiz eta ez dakidan oso garbi zer galduko dudan nik”. Bada, iruditzen zait esaldi horrek laburbiltzen duela, nolabait, eleberrira harrapatu nauen zera hori. Nola esan, iruditu zait, gerentearen adierazpenak kokatu nauela Poltergeist eta Rambo-ren artean.

Poltergeist-en bezala, galduta dagoela ez dakigun zerbaiten ehorzketaren testigu egiten gaitu eleberriak eta, bizkitartean, espektro eta mamuen zain utzi. Rambo-ren gisako soluzio testosteroniko bazookadun muskulatu hipermaskulinoaren iragarpenak, jarraian, gure mamuekin zer egin ez dakigula pentsatzen utzi nau. Eta hori guztia road-trip-ik mundutarrenean.

Egin, egiten dute bere lekua eleberrian zehar gaur egunera iritsi zaizkigun espektroetako batzuek: RRV izendapena baino lehenagoko Zarama; 78ko konstituzioaren ondorengo, baina PSOEk lehenengoz irabazi baino lehenagoko Espainiako Estatua; googlemaps eta tomtom-ak baino lehenagoko kotxe bidaiak; bideoa baino lehenagoko zinema; GAL baino lehenagoko ETA. Alta, zerbait galtzen ari bada, ez dakigu oso ondo zer. Hori bai, badakigu ari garela zerbait galtzen, horren testigu egiten baikaitu eleberriak.

Gure Poltergeist-i Rambo-rik bidali baino lehenagoko tarte horretan, nostalgiarik gabe begiratzen dio iragan hurbilari Lizarraldek. Ezin esan estetika narkotikoa dela Argiantzak ematen diguna. Edozer dela ere galdu genuena, merezi du galdetzeak zer ari garen galtzen orain, edo zer daukagun galtzeko bihar.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2025eko urriaren 29
Heriotza haur literaturan
Bazen behin... izan zen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!