AEBetako presidenteen efektuetako bat

  • New Haven (Connecticut, AEB), 1955. Yale unibertsiteko Frank A. Beach etologoa (1911-1988) animalien –eta, beraz, gizakien– jarrera sexual jakin bat aztertzen ari zen; zenbait kasutan, arren nahiz emeen libidoak gora egiten zuen, bikotekidea aldatuz gero. Fenomeno horri Coolidge efektua esan zion, Calvin Coolidge (1872-1933) AEBetako presidente ohia gogoan.

     

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Coolidge 1923 eta 1929 urteen artean izan zen presidente eta, bere karrera politiko osoan hauteskunde bat bera ere galdu ez zuen arren, ez zen bereziki nabarmentzen; zuhurra, apala eta neurritsua zen, ez zen hiztun aparta eta karisma berezirik ere ez zuen. Bitxikeria bakarra  Etxe Zurira eraman zituen bi maskotak izan ziren: Rebecca mapatxea eta Billy hipopotamo. Baina sekula ez zen sexu eskandalurik azaleratu haren inguruan.

Kontua da behin Calvin eta Grace Coolidge senar-emazteak hegazti haztegi bati bisita egin ziotela eta, halako batean, oilarra egunean oiloak 30 aldiz estaltzeko gai zela azaldu zienean, brometan, zera bota zuen lehen damak: “Mesedez, esaiozu hori presidenteari”. Senarrak, orduan, hauxe galdetu zion abeltzainari: “Beti oilo berdina estaltzen al dute?”. Eta abeltzainak ezetz erantzun zionean, errematea eman zion: “Bada, mesedez, esaiozu hori emazteari”. Hala, txiste txar desegoki horrengatik Coolidgen izena promiskuitateari lotuta geratu zen, AEBetako presidenteen zerrendan “ohore” hori merezitzeko oinarri askoz sendoagoa duten izenak egon arren.

Thomas Jefferson (1743-1826) hirugarren presidenteak gutxienez haur bat izan zuen Sally Hemings esklaboarekin –DNAk gerora frogatu duenez–, baina, itxuraz, guztira sei seme-alaba izan zituzten –eta Hemingsek ez zuen askatasuna lortuko presidentea hil arte–. Coolidgen aurretik presidente izandako Warren Hardingek (1865-1923) maitale bat izan zuen 15 urtez, beste batekin alaba bat izan zuen… eta zurrumurruen arabera emazteak pozoituta hil zen. Franklin D. Roosevelten (1882-1945) maitaleen zerrendan bere emaztearen idazkaria eta Norvegiako Marta erregina zeuden. John F. Kennedyren (1917-1963) zerrenda luzean, aldiz, Marilyn Monroe da izenik ezagunena. Haren ondorengo Lyndon B. Johnsonek (1908-1976) horrela alderatu zuen bere burua JFKrekin: “Emakume gehiagorekin egon naiz nahi gabe, bera borondatez baino”.  Bill Clinton eta Monica Lewinskyren arteko aferaren xehetasunik txikienak ere komunikabideetan zabaldu ziren. Eta Donald Trumpi dagokionez, nondik hasi?


Eguneraketa berriak daude