Frankismoak hila, herritarrek ahaztua

  • 1952ko irailaren 7an guardia zibilek Eusebio Arizmendi Zumaeta hil zuten tiroz Markina-Xemeinen, zubi baten ondoan. Aurretik, herritarrek abisua jo zieten, oiloak lapurtzen zizkien ezezagun bat zebilelako inguruetan. Baina nor zen morroi hura? Zergatik irten zen arineketan agenteek alto eman ziotenean? Bertsio ofizialak hiltzaileak absolbitu zituen eta frankismoko giro itogarriak egin zuen gainerakoa, injustiziaren zuloan eror zedin. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak bere historia erreskatatu du orain.

Eusebio Arizmendi Zumaetari 1952an hil ondoren egindako argazkiak. Guardia zibilen tiroez gain, aspaldiko zaurien orbanak ikusi zizkion mediku-forentseak: gudari ohiak 1937tik zituen gerrako oroigarriak.

Pago adarretik jauzi txiki bat eginda jaitsi da gizona, kaleko arropa jantzita. Goian utzi ditu abarka urratuak, praka zaharrak eta linterna zilindriko amerikarra. Aterki beltza enborraren kontra jarri duenean Etxebarriko elizako ezkilak entzun dira. Zazpiak. Badoa beherantz, Bilborako autobusa laster igaroko da. Markinako geltokira iritsi baino metro batzuk lehenago, esku banatan daramatzan zakuak ezkutatu ditu bazter batean, ingurura begiratu du, ez dabil inor, zakuak berriz hartu eta zain geratu da zelaian.

Baina, orduan, zuhaitz atzetik txapelokerra agertu zaio ezertarako denborarik gabe, galdezka. Nora zoaz? Zer da hori? Erantzunik ez. “Jarri esku-burdinak!” Agindu dio sarjentuak alboko guardia zibilari. Azkar doa dena: bultzakada bat, korrikaldia, alto oihuren bat... danba-danba! Zerraldo geratu da laguna Xemeingo zubiaren eskaileretan, bala batek lepondoan egindako zulotik odola dariola.

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak Eusebio Arizmendiren hilketaren atzean ezkutaturiko injustizia azaleratu nahi du: kartzelaratze luze baten ostean, “oinarri sozialik gabe” bizirauten saiatu zen gudari ohiarena

Domeka da eta mezetara joandako jende guztiaren ahotan galdera bera dabil: nor da? Ofizioaren ondoren abadeak eliztarrei abisatu die gorputza ikusgai egongo dela publikoarentzako, ea inork ezagutzen ote duen. Baina nor da gizon hori? Ba, berdin du, gizajo bat, lapur bat. Guardia zibilaren informearen arabera hiru oilo, bost oilanda eta oilaskoa zeramatzan bizirik zakuetan. Identifikaziorik ez da ageri ordea. Hutsunea. Eusebio omen, Eskailu esaten zioten… harik eta azkenean lortzen duten arte hildakoari izen-abizenak jartzea: Eusebio Arizmendi Zumeta, 40 urtekoa, Eibarren sortua.

Datu horiek Bizkaiko Gobernu Militarreko diligentzietatik abiatutako sumario batean artxibatuta geratuko dira, eta Markinan, urteen poderioz gero eta urrunago entzungo da Xemeingo zubian hil zuten “oilo lapurraren” historia bitxiaren oihartzuna.

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak Eusebio Arizmendiren hilketaren atzean ezkutaturiko injustizia azaleratu nahi du: kartzelaratze luze baten ostean, “oinarri sozialik gabe” bizirauten saiatu zen gudari ohiarena, Alberto Unamuno elkarte horretako kideak argitu digunez. Duela pare bat urte Markinan emandako hitzaldian xehetasun batzuk azaldu zituzten, eta orain, krimen horri buruzko errelato frankista deseraikitzeko informazioa dakarkigu orriotara.

Amuategi batailoian gudari

Eusebio Arizmendi 1911ko azaroaren 5ean jaio zen Eibarren. Arrateko Partxua baserrian morroi aritua, 1936an faxistek estatu kolpea jo zutenean Amuategi batailoian aurkeztu zen boluntario. Batailoi hori Eibarren sortu zen JSUren ekimenez (Gazteria Sozialista Bateratuak) eta ideia ezkertiarrak zituzten milizianoek osatu zuten batez ere –Aquilino Amuategi lider sozialistaren izena zeraman–. Erreketeak iritsi zirenean, batailoi horretako kideek Arrateko gainak lubakiz eta zuloz josi zituzten, eta horrela eutsi ahal izan zitzaion Gipuzkoa mendebaldeko fronteari 1936ko irailean.

1936ko Gerran Amuategi batailoian hartu zuen parte: Eibar defendatu eta Gipuzkoako frontea egonkortzeko zeregin garrantzitsua izan zuen batailoi horrek, baita Lemoatxako borrokaldian ere. Irudian, batailoiko hainbat kide. (arg: Egoibarra)

Zazpi hilabetez, Akondia eta Kalamua mendi inguruak borrokaldi latzen lekuko izan ziren. Arrateko santutegia kanpandorrerik gabe geratu zen, Karakatetik frankistek jaurtitako opari baten ondorioz. Eibar etengabe erasotzen zuten inguruko gailurretan jarritako bateriek, 1937ko apirilaren 24 eta 25ean abiazio alemaniar eta italiarrak guztiz txikitu zuten arte. Bonbardaketaren hurrengo egunean, Emilio Molaren tropak II. Errepublika aldarrikatu zen hiri sinbolikoan sartu ziren, hegazkinak Gernikarantz zihoazen bitartean.

Eusebio Arizmendik ordurako sarjentu graduaren intsignia zuen soinean, eta bazuen eskarmenturik etsaiari hortzak erakusten. Euzkadiko Gobernuko txosten batek, Arrateko bidegurutzean errepublikarrek egindako operazio garrantzitsu baten berri ematen du: 1937ko martxoaren 14an ustekabean egindako erasoaldian, hainbat lagun hil eta zauritutako errekete bat atzeman zuten. Errekete hori Arizmendik eraman zuen Eibarko ospitaleraino, batailoiko komandantearen arabera. Gerora, ekintza horregatik ere epaituko zuten tribunal frankistek.

Eibar erori ondoren, Amuategi batailoiko kideetako askok Bilbo babesteko azken borrokaldi handian hartu zuten parte, Lemoatxan. 1937ko ekainaren 3an gudariek kontraerasoa jo eta gailur hori epe laburrean berreskuratzea lortu zuten, baina dozenaka burkide bidean utzita. Arizmendi ez zen onik atera handik, bere izena zauritutako ofizialen zerrenda batean ageri da, Ahaztuen Oroimenak eskuratutako dokumentuetan ikus daitekeenez.

1937ko uztailako zauritutako ofizialen nomina honetan Eusebio Arizmendi bigarren konpainiako sargento bezala agertzen da. (Iturria: Ahaztuen Oroimena 1936)

Santanderreko La Magdalena lurmuturreko jauregian jarritako ospitalera ebakuatu zuten lehenik, Avilesera ondoren, eta azkenik Valdecillako osasun zentrora. Kantabriar lurralde haiek ihesbiderik gabeko sator zulo bihurtu ziren eta italiar volontarie faxistek erraz hartu zuten Santander. Beste milaka askorekin batera, hantxe harrapatu zuten Partxuako gudari eibartarra.

Ihesaldia eta kartzela

1941eko abuztuaren 6a, Donostia, Ondarretako kartzela. “Debemos absolver y absolvemos al procesado Eusebio Arizmendi Zumayeta (sic), el cual deberá ser inmediatamente puesto en libertad si no se hallase detenido por otra causa”. Epaile militarrak Arrateko bidegurutzeko erreketeen kontrako ekintza ikertu zuen, baita Partxuakoak zerikusirik izan ote zuen Serafin Anchotegui Soraluzeko enpresario karlistaren heriotzarekin ere –1936an Arraten preso zutela miliziano batek tiroa jota hila–. Ez zuen deliturik ikusi auzipetuaren iraganean.

Baina Arizmendik beste epaiketa bat zuen zain, sumarísimoa, azentu-marka handi batekin: 1938ko otsailean Santanderreko Corbango kontzentrazio-esparrutik bi lagunekin ihes egin nahi izateagatik. Seminario zahar batean eraikia, esparru hartan milaka preso errepublikar pilatu zituzten gerra garaian. Arizmendi ilea mozteko lanetan aritzen zen eta baimena zeukan noizbehinka horma horietatik ateratzeko. Egun batean, “txikito batzuk hartzera goaz” esan zioten kabo zaindariari, eta ez ziren itzuli.

Ezkerrean, Miguel Larrañagaren deklarazioa Eusebio Arizmendiren kontra (iturria: Ahaztuen Oroimena). Eskuineko irudian Soraluzeko alkatea ikus daiteke Francisco Francoren atzean, bi urte geroago agintariek Sapa arma lantegira egindako bisitan (arg: Kutxa Fototeka).

Esles izeneko herritxo batean harrapatu zituzten, mendian, emakume baserritar batek emandako esne basokadak oraindik sabela berotzen ziela. Arizmendik deklarazioan esan zuen “pare bat egunetarako” etxera itzuli nahi zuelako egin zuela hanka. Gogotik ordaindu zuen: aurretik izandako auzia errebisatu eta, besteak beste, Soraluzeko alkate frankista Miguel Larrañagak deklaratu zuen bere kontra. 14 urte, 8 hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zioten.

Partxuan bada inor?

Arrateko portikoaren frontoian neska gazte bat esku-pilotan ari da. Lehen Mundu Gerrako albisteak apenas iristen dira elizaren kontra hala moduz eraikia dagoen baserri kaskarrera, eta hango alaba Eugenia Iriondok pilota baino ez du buruan. Gurasoekin eta anai-arrebekin bizi da, baita Eskailu deitzen dioten morroi batekin. Zaila da aterabidea Partxuan, ron apur batez berotzen dute negua su baxuaren inguruan. Horregatik, abadeak proposatzen dienean Eugenia zerbitzari bidaltzeko, familiak ez du dudarik egiten.

Denborarekin erraketalari ezagun bilakatuko da Madrilen eta Habanan, Eibarresa ezizenez. 1936ko Gerra lehertzean, Eugenia jaioterrira itzuliko da eta Gernikako bonbardaketak Munitibarren errefuxiatuta harrapatuko du, hegazkinek euren deskargak egiteko bira ematen zuten zorigaiztoko toki horretan. Eibarko txikizioaren ondoren, Gernikaren suntsiketa, Munitibarkoa... Kalamuan apenas gelditu da arbola bat zutik, eta Partxuan jada ez da inor bizi.

Irudian Partxua baserria ageri da elizako ezker hormaren kontra; santutegia oso kaltetua geratu zen gerrako erasoen ondorioz. (arg.: Indalecio Ojanguren / Guregipuzkoa)

1962an Elizak baserria erosi eta duela urte batzuk desagertu zen, santutegia eraberritu zutenean; portikoan leiho bat besterik ez da gelditu oroigarri antzeko.

Oilo lapur, halabeharrez

Eusebio Arizmendi Eskailu bakarrik dago 1952an kartzelatik irtetean. Hamalau urteko espetxealdia gogorra izan da, baina irteeran aurkitu duena ez da samurragoa. Preso ohia izaki, legez ez du lanerako eskubiderik, ezta fabrikaren batean karitatez beharra beltzean emango dion nagusiren baten kontakturik ere. Zer egin? Erabakita dauka, gau-lanean ariko da Bilboko jatetxeei oiloak saltzen. Kalamuako bide-bazterrak ederki ezagutzen ditu, eta Etxebarria aldetik igotzen bada ez du inork ezagutuko… Hobe baserrietan eskua sartzea, gosez hiltzea baino.

Ahaztuen Oroimenak detaile batean jarri du indarra, eibartarraren bakardadeaz jabetu gaitezen: berekin batera kondenaturiko beste presoa, Jose Mari Ostolaza donostiarra, indultatu egin zuten urte gutxitara, Arizmendik ordea preso jarraitu zuen: “Indultua ezin zuen berak eskatu, familiak eskatu behar zuen, baina kanpoan ez zuen inor”, dio Unamunok.

Hilketaren sumarioan, puzzlea osatzeko testigantza batekin egin dute topo ikerlariek. Txaketako poltsikoan, paper zati batean, Feliciano Díaz izeneko guardia zibilaren helbidea zuen idatzita Arizmendik, Bilboko La Concordiako geltokiko zaindaria.

Hilketaren sumarioan, puzzlea osatzeko testigantza batekin egin dute topo ikerlariek. Txaketako poltsikoan, paper zati batean, Feliciano Díaz izeneko guardia zibilaren helbidea zuen idatzita Arizmendik, Bilboko La Concordiako geltokiko zaindaria. Hari tiraka jakin zuten ama bizirik zuela, hiri hartako Cortés kalean. Ageda Zumaeta Arrieta. Elgetan jaioa, alargun gelditu zenean 5 urteko Eusebio txikia Eibarko miserikordia etxean utzi behar izan zuen, Bilbora inude joateko: “Ez dut inoiz gehiago berarekin harremanik izan”, esan zuen semearen heriotzaren berri eman ziotenean.

Antonio Iriondok jaso zuen umezurtza, Partxuako Eugenia erraketariaren anaiak; baina ez zuen semetzat hartu, baserrian morroi aritzeko baizik. Halaxe igaro zuen haurtzaroa Eskailu-k, asto lanak eginez, sukaldean izebaren Antillako kartak irakurtzen zituzten bitartean.

Justiziarik ez

Etxebarria eta Barinagako auzotarrek segituan erreparatu diote susmagarriari. “Kapazuak hutsik eraman eta beteta ekartzen ditu”, azalduko dio Domingo Oregik guardia zibilen sarjentuari. Operatiboa martxan dago, denek dakite bere bila doazela, Arizmendik izan ezik. Irailaren 7an, goizeko 7:15etan telefonoaren txirrinak jo du kuartelean: “Oraintxe pasa da presaka”, dio Etxebarriako Catalina Zelaiaren ahotsak beste aldean. Agenteak autobus geltoki ondoko Arkupean geratu dira zain. Hortik aurrerakoa badakigu.

Xemeingo zubia 1946an inauguratu berritan; 1952ko irailaren 7an Eusebio Arizmendi guardia zibilengandik ihesi kale horretatik abiatu zen, eta zubiaren ondoan dauden eskaileretan erori zen tiroa jasota. (arg.: Indalecio Ojanguren / Guregipuzkoa)

Sabino Ormaetxeberriak bertatik bertara ikusiko du gertatutakoa, zazpietako mezetatik ateratzean Zelaiko plazara joan baita, ezagun batek esan diolako “oiloak lapurtzen zituen pertsona atxilotu behar zutela”, epaileari geroago aitortuko dionez. Lekuko zuzena da: korrikaldiak, tiroak… “hortik pixka batera oihuka itzuli da guardia zibila, forentseari deitzeko aginduz”.

Udal deposituan egindako autopsiak baieztatu du tiroek eragin diotela heriotza, baina horrez gain “aspaldiko bi zauriren orbainak” atzeman dizkiote sabelaldean. Gerrako oroigarriak. Argazki batzuk atera eta hurrengo egunean Markinako hilerrian lurperatuko dute, izara zuri batez estalita. Oiloak nekazal sindikatu bertikaleko lehendakariaren kargu utziko dituzte.

Arizmendiren hilketaren ondoren, instrukzio-epaile militarrak auzia abiatu zuen Antonio Martín eta Valeriano Torrecilla guardia zibilen aurka, homizidioagatik. Baina ez zuten euren burua defendatzeko ahalegin askorik egin behar izan: agenteari kolpea eman eta ihes egiten saiatu zela, armak eraman zitzakeen susmoa zutela, Eibarko ezkertiar talde-adar batekoa izan zitekeela, edo auskalo, “bandoleroa” akaso... 1952an gaude, grebalariak gerra kontseiluetan epaitzen dituzte, eta makiak berriz, oraindik animaliak bezala ehizatzen Espainiako mendialdeko bazter askotan. “La conducta de la pareja de la guardia civil se haya plenamente justificada (…) Por ello procede que Vuestra Excelencia decrete el sobreseimiento definitivo de la presente causa”. Artxibatuta, horrela amaitu zuen auziak 1954ko apirilaren 29an.

“Diktadurak baldintzatutako gizarte batez ari gara, dena kontrolatuta zegoen zirkulu itxi batean bizi ziren”, dio Ahaztuen Oroimeneko Alberto Unamunok, eta zirkulu horretan justiziak ez zeukan tokirik

Galdera asko, erantzun gutxi

Galdera asko gelditu dira airean: zergatik egin zioten agenteek tiro Arizmendiri, oilo lapur soila zela jakinda? Zer harreman zeukan amarekin? Eta Bilboko Feliciano Díaz guardia zibilarekin? Zergatik gelditu da hilketa hau markinarren eta eibartarren oroimenean galduta? Frankismoak erreprimitu, sistemak estigmatizatu eta jendarteak bazterturiko biktima batez ari garelarik, galderak soberan daude, baina erantzunak agian ere bai.

Herritarrek hilketa horren aurrean izandako jarreraz, Unamunok garbi du: “Diktadurak baldintzatutako gizarte batez ari gara, are gehiago Markinakoa bezalako nekazal eremu batean; nahitanahiez kontu handiarekin ibili beharra zegoen, dena kontrolatuta zegoen zirkulu itxi batean bizi ziren”. Eta zirkulu horretan justiziak ez zeukan tokirik.

Eusebio Arizmendi Zumaeta gudari ohia ez da ageri frankismoaren krimenen inguruko liburu edo zerrendetan, ez dadila berriz ere Partxuako morroia umezurtz geratu. l


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude