Txiki eta Otaegiren kontrako gerra kontseiluak baliorik gabe utzi ditu Espainiako Gobernuak

  • Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi frankismoak 1975ean fusilatutako ETAko bide kideak "arrazoi politikoengatik" jazarri zituztela dio Espainiako Gobernuaren ebazpen batek eta "giza eskubideen urraketen biktima" izan zirela. 


2025eko abenduaren 11n - 11:48
Azken eguneraketa: 14:47
Txiki eta Otaegiren senideak, fusilatzeen urteurrenaren harira egindako aurkezpen batean, Zarautzen. Aritz Loiola / Foku
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Frankismoaren azkenetan fusilatu zituzten Txiki eta Otaegiri biktima izaera aitortu die Espainiako gobernuak, 50 urteren ondoren. Hala jakinarazi du Juanjo Alvarez abokatuak, hildako bi kideen familien ordezkariak, EiTBk zabaldu duenez. 

Espainiako Gobernuaren Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak sinaturiko ebazpenak "ilegitimotzat eta baliogabetzat" jo ditu 1975eko gerra kontseiluak eta zigor heriotzak, eta dio "bermerik gabeko" epaiketetan zigortu zituztela "arrazoi politikoengatik". Ondorioz, "giza easkubideen urraketen biktima" gisa aitortu ditu bi militanteak.

2025eko urtarrilean familiek erreparazio eskaera egin zuten, Alvarezen bidez, eta aurkezturiko agirian zioten euren senideen kontrako sententzia diktadura baten testuinguruan eman zela, arrazoi ideologiko eta politikoengatik. 

GEBehatokiak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak pauso garrantzitsutzat jo du Espainiako Gobernuak eman duena eta nabarmendu du obligazio "etiko, moral eta politikoa" dela Estatuak eragindako kaltea onartzea. Nolanahi ere, bere ustez oraindik muga asko daude, aitortza "sinboliko" bat besterik ez delako, erreparaziorako eta erantzukizunak hartzeko "mekanismorik" ez duela ezartzen.

Txiki eta Otaegi 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten, FRAPeko beste hiru militanterekin batera. Aurten bete dira 50 urte eta omenaldi eta aitortza ugari egin zaizkie Euskal Herrian, Katalunian zein Galizian.

Nolanahi ere, ika-mika ere sortu dute zenbait alderdi eta instituzioek Txiki eta Otaegiren irudiaren inguruan zabaldutako jarrerek. Gogorako zuzendari Alberto Alonsok esan zuen ez direla "erreferente", eta EAJren esku dagoen Zarauzko Udalak, berriz, haien irudiekin zabaldutako pankarta erraldoia kentzea agindu zuen. Sortuk, bere aldetik, jarrera horrekin faxismoari "alfonbra gorria" jartzen ari zirela esan zuen.

Urteurren egunean Espainiako Kongresuan mahai inguru bat egin zuten bost fusilatuen inguruan. Familiek salatu zuten ekitaldia "motz" geratzen zela eta ez zituela inork gonbidatu. Horren ondotik etorri da Espainiako Gobernuaren aitortza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1975eko fusilatzeak
2021eko uztailaren 20
FRANCOREN AZKENA

2019ko irailaren 25
Mikel Paredes. Beste zer esanik ez da, 'Txikiren anaia' esanik
"Hain dira burumotzak, ez dakite zer den idealismoa, ez askatasun egarria"

2015eko urtarrilaren 21
1975. urtea
Hiltamuaren kronika

Eguneraketa berriak daude