Metroko obren ondorioz, bi eraikin desalojatu behar izan dituzte Donostian

  • Donostiako erdialdean, Zubieta kalean dago lau izarreko hotela eta honekin batera Hegalak izeneko gimnasioa eta beste eraikin bat ere desalojatu dituzte, Sos Deiak jakinarazi duenez “ur jario baten” ondorioz. Metro polemikoaren obrak egiten ari dira hor azpian. Hasieran Nekane Arzallus zinegotziak ukatu egin du metroaren obrekin zerikusirik zuenik gertatuak.

Langileek errepidea moztu dute Zubieta kalean. (Dani Blanco)

2020ko ekainaren 05an - 16:17

Ur jarioak luizi bat sortu du eraikinaren sotoan eta bizilagunek, entzundako zarataren ondoren, suhiltzaileei deitu diete. Goizeko lehen orduetan atera dituzte bizilagunak euren etxeetatik.

Hotelaren ondoan Donostiako metroaren obrak egiten ari dira eta teknikariak aztertzen ari dira ea luiziak obrekin zerikusirik duen, Satorralaiak metroaren aurkako ekimenak adierazi duen bezala. Arratsaldeko lehen orduetatik aurrera Zubieta kalea itxi dute eta Kontxako Pasealekuaren zati bat ere bai.

ARGIAk jakin du langileen bidez, baietz, metroaren obretan gertatutako istripu bat izan dela. “Ireki den boketearen ondorioz, tunelean ura, hondarra eta eskonbro asko sartu da, egonkortasun falta handia da".

Aste honetan metroko bi langilek borondatezko baja aurkeztu dute. Ez dute bertan lanean jarraitu nahi. "Segurtasunagatik, ni banoa hemendik", esanez ospa egin dute.

Kontxako pasealekua ere moztu dute, azpian metroaren obrak egiten ari diren lekuan. (Dani Blanco)
Eneko Goia (musuko beltzarekin), besteren artean, hurbildu da zer geratzen ari den ikustera. (Dani Blanco)
Langileak lanean. (Dani Blanco)
Asteazkenean ur jauzia obretan

Asteazkenean ur jauzia gertatu zen Donostiako metroaren lanetan, tunelaren zulaketa-lanetan ari zirenean. Obretako langileen arabera, Perla zentroaren inguruan aurreikusi ez zuten akats geologiko batekin egin dute topo eta ura belaunetik gora iritsi zaie. Gertakaria dela eta, baliteke tunelaren norabidea aldatu behar izatea.

Lur-jauziak ere bai

Ez da proiektu honek izan duen lehen arazo larria. Iazko azaroan, adibidez, eraikuntza-lanak egiten ari ziren mendian lur-jauzia gertatu zen Antigua auzoan, eta horrek gas jarioa eragin zuen aldi berean. Auzotarren hitzetan, Donostiako Udalak ez zuen mendi magalaren egoera “ezegonkorra” kontuan hartu metroaren obrei ekiterako orduan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako metroa?
Metroaren lanen ondorioz, atzo Donostiako eraikin batetik erlaitz eta balkoi zatiak erori zirela salatu dute

Satorralaiak mugimenduak azaldu duenez, asteazken eguerdian gertatu da Urbieta eta San Martin kaleetan. Eraikina joan den urtarrilean kalteak jasan zituen beste eraikin baten alboan dago.


Donostiako metroaren lanek eraikin batean eragindako pitzadura salatu du Satorralaiak

Donostiako Zubieta kaleko eragin baten patioan agertutako arrakala "itzel" gisa deskribatu du mugimenduak. Lanak hasi zirenetik bost urte igaro direnean, Donostiako metroaren eraikuntzan egiten ari den "baliabide publikoen xahuketa etengabea" eta obra... [+]


Metroaren lanek beste pitzadura bat eragin dutela salatu du Satorralaiak

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Metroaren eraikuntza lanek Loiola kalearen eta San Martinen arteko izkinan dagoen eraikinean –Erviti musika denda zegoen tokian– eragindako kalteak salatu ditu.


2021-09-15 | ARGIA
Eusko Jaurlaritza Donostiako metroaren pasantearen lanek kaltetutako bizilagunak "isilarazten" ahalegintzen ari dela salatu du EH Bilduk

Donostiako metroaren lanetan kaltetutako Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko eraikinetako hainbat bizilaguni kalte-ordainak eskaini dizkiete gutun bidez. Donostiako EH Bilduk salatu du haiek "isilarazteko" saiakera dela.


2021-09-02 | ARGIA
Xabier Albistur, Donostiako alkate-ohia: “Metroa alferrikako obra da”

Donostiako alkate izandako Xabier Albisturrek metroaren egungo obren kontrako iritzia azaldu du Diario Vasco egunkariak egindako elkarrizketa batean. Bere ustez proiektua ez da nahikoa “anbiziotsua, obrak suposatzen duen inbertsiorako”.


Eguneraketa berriak daude