"Helduen kulturarekiko haustura bera da hizkuntzaren jarraikortasuna bermatzen duena"

  • Koronabirusaz baino hitz egiten ez den garai hauetan, arnasa pixka bat eskaini digu Miren Artetxek (Hendaia, 1985). Euskaraz, gazte identitateaz, bertso eskolez eta abarrez izan dugu solasaldia, duela gutxi aurkeztu duen tesiaz, alegia.

Argazkia: Dani Blanco /Argia.
Argazkia: Dani Blanco /Argia.

Konfinamendua tarteko, pantailatik pantailara egin da elkarrizketa hau, salatik salara. Bere bizipenetatik abiatuta eta Mintzola fundazioak eta Mikel Laboa katedrak diruz lagunduta osatu du Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak tesia Miren Artetxe irakasle eta bertsolariak.

Ohituta gaude gazteek euskaraz zergatik ez duten hitz egiten galdetzera, zuk galdera aldatzea erabaki duzu. Zergatik egiten dute euskaraz?

Bidegabea iruditzen zait euskaraz zergatik ez duten egiten galdetzea, badirudi kargu-hartzea dagoela horren atzean. Esaten ariko bagina bezala guk lan handia egin genuela beraiek D ereduan ikas zezaten, dena eskura eman diegula, eta hala ere, ez dutela euskaraz egiten. Baina kontuan izan behar dugu, aldi berean, gizartea den bezalakoa dela, eta normala da, batez ere erdal guneetan, gazteek euskaraz ez egitea. Gazteei oso gutxi entzuten zaiela uste dut, eta ikerketaren helburua hori ere bazen.

Ipar Euskal Herriko bertso eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak aztertu dituzu. Zertaz ari zara hizkuntza ibilbideez ari zarenean?

Beraien bizitza ibilbidean hizkuntzekin izan duten harremanaz galdetu diet, eta ea aldaketarik egon den edo ez. Baina ez bakarrik zein harreman izan duten hizkuntzarekin, baizik eta eduki dituzten harremanak nola aldatu diren eta horietan zein hizkuntza erabili izan duten. Adibidez, imajinatu Lehen Hezkuntzan lagunekin euskaraz hitz egiten duzula eta anai-arrebekin ere bai; gero beste eskola batera joaten zara eta beste harreman batzuk sortzen dituzu, frantsesez. Garrantzitsua da hizkuntza ibilbideak ulertzea ibilbide bezala, bidegurutzeak eta aldaketa momentuak daudelako, eta horiek denek zentzu bat hartzen dutelako norbere bizitza ibilbidean. Ez da hainbeste zein hiztun mota zaren, une horretan zein hizkuntza erabiltzen duzun baizik. Jendeak euskaraz hitz egitea nahi badugu ikusi behar dugu nola sortu horretarako guneak eta uneak, eta ulertu beharko dugu zein aldaketa modu dauden. Oso konplexua da.

"Bidegabea iruditzen zait gazteek euskaraz zergatik ez duten egiten galdetzea, badirudi kargu-hartzea dagoela horren atzean"

Gazte identitateari garrantzia eman diozu.

Gazte identitatea gazte kulturarekin lotuta dago. Garai batean oso argi zegoen noiz pasatzen zinen ume izatetik gazte izatera, esaterako, mutilen kasuan galtza motzetatik luzera igarotzean. Gaur egun trantsizio hori ez da horrela gertatzen. Epe luze bat dago ume izatetik heldu izaterako tartean. Etapa hori garrantzitsua da bere horretan, zure hurrengo faseetan edukiko dituzun hizkuntza harremanak ere baldintzatzen dituelako. Iruditzen zait gutxiegi begiratzen diogula gazte etapari, baina aldi berean paradoxikoa da, izan ere, ikerketa pilo bat daude gazteen inguruan. Hau bereziki bi arrazoirengatik gertatzen da: alde batetik, ikusi nahi dugulako gizartea nolakoa izango den etorkizunean; eta bestetik, oso harrapakin errazak direlako ikerketetarako, izan ere, denak daude ikastetxeetan sartuta.

Tesian zu ere bazaude, eta honela dio zure etnografiaren pasarte batek: “Nota onak ateratzen nituen, ez nuen erretzen eta sozialki ez nintzen bizkorrenetakoa. Frantsesez hitz egiteko beharrik ez izateko adina pribilegio ez nuen nik”.

Institutura pasatzen zarenean beste inguru sozial bat sortzen da eta gazte moduan aurkeztu behar zara bertan. Aurkezpen hori zure praktiken bidez egin behar duzu: izan daiteke musikaren, janzkeraren edo hizkuntzaren bitartez. Hizkuntzarena praktika bat gehiago da, baina kasu batzuetan oso indartsua izan daiteke. Iparraldean, nik bizi izan nuen kontestuan oso inportantea zen. Azken finean, gazte batek nahi duena da bere harremanak modu egokian eta ahalik eta modu horizontalenean garatu, jakinda hierarkiak daudela. Egoera horretan kokatzeko tresna urriak dituzu, eta horiekin jolastu behar duzu, hizkuntza horietako bat da. Oso normala iruditzen zait beharra sentitzen duen horrek erabiltzea.

Bertso eskolak aztertu dituzu praktika-komunitate gisa. Zer esan nahi du horrek?

Oso sinplea da: modu nahiko erregularrean praktika bat egiteko elkartzen den talde bat da, zeinaren inguruan talde izaera bat sortzen den. Kasu honetan bertso eskolaz ari gara, baina izan daiteke antzerki taldea, eskubaloi taldea, gazte asanblada edo beste edozein praktika. Jarduera-komunitatetan identitate pertsonala sortzen joaten da. Komunitate asko ditugu eta horietan denetan gure identitatea garatzen goaz. Interesgarria da ikustea talde bat dagoen momentuan eta jarduera-komunitate bat dagoen unean taldean ere eratzen direla balio eta sinesmen batzuk, egiteko modu batzuk eta zu modu paraleloan zoazela zure praktikak taldeko praktikekin garatzen eta identitate bat sortzen. Hor gune interesgarri bat dago ikusteko hizkuntza identitatea eta gazte identitatea ez direla banatuta garatzen.

Argazkia: Dani Blanco / Argia.

Zein garrantzi du gazte identitatea eta euskara batera joateak?

Ikuspuntu feministatik praktika eta identitatea ez doaz bereizita. Gazte bezala egiten dituzun praktikak euskaraz egin ahal izateak, zure euskarazko identitatea garatzeko balio dizu. Bestela, eduki dezakezu atxikimendu emozionala edo ideologikoa, baina egunerokoan ez duzu erabiliko. Arlo horretan, bertso eskolak euskara blindatzeko aukera ematen du. Izan ere, ez da gazte hauek ez dutela euskal identitaterik: nazio identitatea daukate, ideologikoki oso kokatuta daude Euskal Herriko egoera soziolinguistikoan, Euskara Eguna ospatzen dute urtero eta 3 urte dituztenetik ari dira lauburuak margotzen. Kontua da gazte bezala mundura azaldu nahi dutenean, beste gazteen egiteko moduekin eta balioekin identifikatzeko beharra dutela, eta inguru batekin zeinak utziko dien modu interesgarrian beraien gazte identitatea garatzen, euskaraz. Bertso eskolak horretarako aitzakia ematen du.

Genero ikuspegitik ezberdintasunik atzeman duzu?

Kolegiora joaten direnean sentitzen dute presioa frantsesera pasatzeko. Batzuek eusten diote euskarari, baina beste batzuek ez. Garai horren inguruan hitz egiteko modua adibidez, emakumeen kasuan askoz autozigortzaileagoa da, esaten dute bazekitela gaizki ari zirela eta gaizki sentitzen zirela. Ezin dut irakurketa kuantitatiboa egin, ikerketa kualitatiboa egin dudalako. Dena den, ikusten da mutilek gehiago eusten diotela, hainbat arrazoi tarteko, baina aldi berean beraien buruei zilegitasun nahikoa aitortzen dietela frantsesera pasatzeko, arazo gehiegirik gabe, ez da hainbeste kulpa ikusten.

Ipar Euskal Herriko bertso eskolak indartsu daudela azaldu duzu tesian, baina aldi berean, ardurak hartzeko zailtasun gehiago dituztela diozu.

Paradoxikoa da, eta oso interesgarria iruditzen zait. Kuriositate handia daukat nola garatuko den ikusteko. Kontua da bertso eskolak ondo funtzionatzen duela hizkuntzaren transmisioaren kateak jarrai dezan, hain zuzen ere, ez delako kate bat. Bertso eskolak gazteei ematen die eskolak eta gurasoek esan dietenetik kanpo euskaraz aritzeko modu bat. Hau da, helduen kulturarekiko haustura bera da hizkuntzaren jarraikortasuna bermatzen duena. Baina, aldi berean, belaunaldiz belaunaldi ari da transmititzen bertsolaritza, eta iparraldean ez galtzeko ahalegin handia egin da. Belaunaldi bakoitzak dagokion ardurak hartu ditu, eta bertso eskolako gazteak irakasle eta iparraldeko bertso munduko kide bihurtu dira. Gaur egungo gazteek eten egiten dute diskurtso horrekin, izan ere, bertso eskola transmisio kate horren parte bihurtuko balitz ez luke funtzionatuko, haustura izateari utziko liokeelako. Gazteek ez badute jarraitzen eten egingo denaren ustea badago, baina agian ez. Agian zahartzean hartuko dituzte ardurak edo moduak aldatuko dira; plaza alternatiboak sortuko dira edo beste zirkulu batzuetan funtzionatuko dute, auskalo.

"Bertso eskolak euskara
blindatzeko aukera
ematen du"

Tesian zu ere bazaude.

Horrek gauza batzuk zaildu dizkit eta beste batzuk erraztu. Hori dela eta, nire adinkide diren beste bi lagun elkarrizketatu nituen nirekin garai haietan bertso eskolan ibili zirenak, horrela kontrastatu ahal izan nuen zein diferentzia estruktural dauden gure belaunaldiaren eta oraingoen artean.

Zein ezberdintasun ikusi dituzu?

Guk ez genuen erreferenterik bertso eskolan hasi ginenean. Iparraldean bertso munduak ez zuen gazte identitatearekin loturarik. Ni hasi nintzenean 10 urte nituen, 1995. urtea zen eta orduantxe hasita zegoen rock belaunaldia. Nerabezarora iritsi nintzenerako hegoaldean bazeuden erreferenteak, baina iparraldean gure erreferenteak Xanpun, Ezponda, Laka, Miura eta Alkat izan ziren. Guri lotsa ematen zigun bertso eskolara joaten ginela esateak. Gure artean ez zegoen talde sentsaziorik, ez zen urteroko gauza bat, ez ginen beti berdinak elkartzen. Gu bertso frikiak ginelako joaten ginen bertso eskolara, gaur egun, zorionez, ez duzu bertso frikia izan behar bertso eskoletan egoteko, eta hori ona da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


Eguneraketa berriak daude