Birusak ipurdi bistan jarri du zaintza sistema

  • Bizkaian 378 eguneko greba. Gipuzkoan 243. greba egunean lanera itzuli ziren, COVID-19ak dena hankaz gora jarri zuelako. Egoitzetako langileek urteak daramatzate lan baldintza kaskarrak salatzen eta egoiliarrak ondo zaintzeko baliabideak behar dituztela esaten. Konbentzituta zeuden ez zebilen zaintza sistema argitara aterako zuela birusak. Aurreikusi zitekeena gertatu omen da: baliabide nahikorik ezean egoiliarrak eta langileak kutsatuta, 600dik gora egoiliar hil dira Hego Euskal Herrian eta Gasteizko Caser egoitzan lehen langilea zendu da.

Argazkia: Dani Blanco / Argia.
Argazkia: Dani Blanco / Argia.

Aspertu arte entzun dugu osasun krisi honetan ahulenak eta gehien babestu beharrekoak adinekoak direla. Beste kontu bat da esanek eta ekintzek bat egiten duten. ELA sindikatuak azken urteotako bi greba luzeenetarikoak lideratu ditu Bizkaian eta Gipuzkoan. Yolanda Rovira eta Txomin Lasa egoitzako langile eta sindikatuko arduradun dira, hurrenez hurren, eta ondoko orrialdeetan kontatu digutenaren arabera, ez datoz bat zaharrenganako babes hitzak eta egoitzetako kudeaketa. Egoiliarren senideak berriz, bakarrik sentitu dira, triste eta kezkatuta ezin dituztelako bisitatu, eta haserre, egoitzen kudeatzaile zuzen diren enpresak eta arduradun nagusi diren foru aldundiak eraginkortasunez eta gardentasunez aritu ez direlako.

Neurriak hartzen gaizki eta berandu ibili direla diote langileek eta senideek. Ondorio batzuk neurgarriak dira. Zifrak beti dira hotzak, baina laguntzen dute panoramari tamaina hartzen. Ondoren azalduko ditugun datuak apirilaren 23 bueltakoak dira. Kopuruak gora egingo zuen ordutik, zoritxarrez. Hego Euskal Herrian 1.525 pertsona hil dira eta horietatik 627 zahar etxeetako egoiliarrak dira (guztiaren %41,1). Herrialdeka alderaketa eginez gero, Araban 325 herritar hil dira eta 142 (%43,69) dira egoiliarrak. Bizkaian 579 dira hildakoak eta 157 (%27,1) egoitzetako erabiltzaileak. Gipuzkoan 220 hil dira eta 146 (%66,36) dira horien artean egoiliarrak. Nafarroan berriz, 401 hildakoetatik 182 (%45,38) bizi ziren egoitzetan. Birusari aurre egiteko lanik handiena adin talde honek izango zuela bagenekien, eta agian, bateren batek pentsa dezake datuok ez direla hain aztoragarriak. Beste datu bat: positibo guztien %15 baino gutxiago dago egoitzetan. Deigarria da heriotzak egoitza batzuetan pilatu direla eta beste batzuetan koronabirusa ia agertu ere ez dela egin. Zirrikitua aurkitu duen tokietan sarraskia eragin du; senideen eta langileen iritziz, gelditu ez, baina geldotu zitekeen egoera baretzeko neurriak ez direlako hartu. Beste egoitza batzuetan gauza bera gertatzeko arriskua dagoela uste dute.

ELA sindikatuak zortzi demanda jarri ditu langileen osasuna eta segurtasuna babesteko neurriak hartu ez direlako. Gipuzkoan Ordiziako San Jose, Tolosako Iurreamendi eta Zumarragako Argixao egoitzak kudeatzen dituzten enpresei eta Foru Aldundiari jarri zizkieten demandak eta Bizkaian Barakaldoko Miranda Fundazioari eta Sanitasi, Bilboko Gurena Txurdinagari, Arrigorriagako Arandiari eta Ermuko Abeletxeri. Epaitegiek arrazoia eman die zortzitik zazpi egoitzetan. LAB sindikatuak EAEko Osasun Sailari hainbat egoitzatan zuzenean esku hartzeko eskaria egin dio egoera larriaz jabetuta.

 

Yolanda Rovira

“Ez ditugu esker gutunak nahi, baliabideak behar ditugu”

 

Barakaldon dagoen Miranda Fundazioa egoitzako langilea da, baita ELA sindikatuko ordezkaria ere. 200 egoiliar inguruko egoitzan 30etik gora adineko hil dira martxoaren 1etik, batzuk COVID-19ak kutsatuta. Elkarrizketa egin genuenean 40 erabiltzaile zeuden positibo emanda. 25 langile zeuden bajan birusa tarteko. Rovirak ez du Unai Rementeria diputatuaren esker gutunik nahi, baliabideak nahi ditu koronabirusari aurre egiteko.

Lanaldia bukatu berri atera zion bere buruari argazkia Rovirak, babes trajea kendu eta segituan.

Handia da Miranda Fundazioa egoitza. 230 egoiliarrentzako tokia dauka eta 200 inguru langile ari dira beharrean. ELA sindikatuak Bizkaiko beste lau egoitzatan bezala, hemen ere demanda jarri zuen osasuna eta segurtasuna babesteko neurriak ez zirelako hartzen. Baldintza kaskarretan lan egiten duten emakumeak (gehienak hala baitira) direla dio Rovirak, eta COVID-19ak dena azalera atera duela: “COVIDak gauza asko kendu dizkigu, baina bat eman digu; inork ezin du esan zaintza sistema honek funtzionatzen duenik”.

Zuzendariaren kalkulu krudela

Lan handia dute egoitzan, egoera arruntean baino handiagoa. Hala ere, langileen bajak ez dira ari ordezkatzen. Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioak (hainbeste langile hainbeste egoiliarreko) betetzen dituzte, eta beraz, hainbat langile kontratatu badute ere, bajak betetzeko adina ez. Osasun krisiaren hasieran hala esan omen zien zuzendariak langileei: “Ez zaitezte kezkatu, orain hainbat hildako izango dira eta berririk ezin dugu onartu egoera berezi honetan”. Martxoaren 1etik 30 bat hil dira eta Rovirak onartzen du egoiliar dezente gutxiago dutela zaintzeko. Baina haserre dio: “Hildakoak aurreikusi eta lasaiago ibiliko garela esatea gogorra da gero!”.

Bajak, uste baino gutxiago

Rovirak baja gehiago espero zituen, nonbait. 200 langileko taldetik 50 bat bajan daude eta horietatik erdiek dute zerikusia osasun krisiarekin, alegia, 25 horien artean daude positibo eman dutenak, kutsatzeko arriskuan egon direlako bakartuta daudenak eta arrisku taldeetakoak direlako sendagileek baja eman dietenak. Elkarrizketa egin dugunean (apirilak 23) langile guztiei egitekoak ziren testak egin gabe zeuden. Testak egindakoan baja gehiago egoteko arriskua zegoela zioen. Zuzendariak ere horixe zuen kezka: “Testen kontuarekin kezkatuta dago, zeren dio langileen ehuneko handi batek baja hartzen badu positibo eman duelako, ea nola moldatu behar duen. Aurpegian egoera lehertu baino askoz lehenago neurriak hartzeko aukera izan zuen, iragarria zegoen hau, ez genuen gelditzea lortuko, baina bai geldotzea”.

Bost minutu behintzat hil-hurren direnekin

Gaixoak zaindu behar dira, batzuk hil-hurren daudelako eta beste batzuk hain larri egon gabe ere koronabirusak jota daudelako. Senideek ez dute baimenik barrura sartzeko eta langileak dira egoiliarrekin dauden bakarrak. Ardura sentitzen dute: “Bost minutuz bada ere hil-hurren direnei eskutik heldu behar diegu, norbaitek egon behar du haien ondoan. Beste batzuk ez daude hain larri, baina gaixo daude eta haiek ere arreta handiagoa behar dute”.

Zenbat hil ote dira koronabirusak kutsatuta?

Buruz ari da Rovira: 35 bat hildako eta 40 positibo egoiliarren artean. 35ak ez dira hil birusak jota, baina Rovirak uste du esaten duten kopurua baino handiagoa dela egoitzetan COVID-19ak jota hildakoena. Orain testak egiten ari direla dio, baina lehenago halakorik ez dutela egin eta haien aurrean ikusi dituzte hiltzen sintoma nabarmenak zituzten adinekoak, positiboen artean agertuko ez direnak, testik egin ez zietelako: “Gu ez gara medikuak, baina sendagileak ia 200 egoiliar artatu behar ditu eta gutako bakoitzak 20-30. Oso ondo ezagutzen ditugu gure erabiltzaileak eta antzeman diegu sintomak izan dituztenei. Horregatik diogu birusak jotako hildakoen kopurua esaten dutena baino handiagoa dela”.

Txalorik ez, esker gutunik ere ez

Ez du uste irtenbide egokia denik langileak egoiliarrekin batera itxialdian egotea. Bere ustez horrek erakusten du zaintza zerbitzuetan gabeziak daudela, kudeaketa kaskarra azaleratzen da. Sarri esaten omen diete aparteko langileak direla eta Rovirak dio ez dutela apartekoak izan nahi, lana duin egiten duten beharginak izan nahi dute. Ez du haien aldeko pegatinarik edo paparrekorik nahi, ezta txalorik ere. Bizkarreko zapladatxo goxoak ere soberan omen daude. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak esker gutuna idatzi die: “Ez ditugu esker gutunak behar, orain gure eskura ez dauden baliabideak behar ditugu gure egoitzetan”.

 

Txomin Lasa

“Instituzioek eta enpresek onartzen dute hildakoak egon daitezkeela egoitzetan”

 

Gipuzkoako egoitzetako ELAko arduraduna da. Elkarrizketa apirilaren 15ean egindakoa da. Litekeena da esandakoren bat zahartua geratu izana, osasun krisiari kolpeka erantzuten ari baitira gizartea, erakunde publikoak eta enpresak.

Gipuzkoako hiru egoitzatan demanda jarri duzue beharrezko neurriak ez hartzeagatik. Ondorio gogorrenak horietan izan direlako ala bereziki toki horietan ez direlako bete protokoloak eta neurriak?

Gipuzkoako egoitzetako langileak greba garaiko protesta batean. Txomin Lasa ELAko sektoreko arduraduna eskuinean ageri da. Argazkia: Andoni Canellada / Foku.

Batez ere ondorioengatik. Hasieratik tranpa egin dute, batik bat protokoloei dagokienez. Protokoloak egin ziren kontuan hartuta, batez ere, materiala falta zela. Protokoloak ez ziren prestatu pentsatuta langileen eta erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzea zela helburua. Hiru egoitzetan ikusi da egindako guztia ez dela nahikoa izan. Neurriek ez dute ezertarako balio izan, eta ondorioak oso larriak dira, dramatikoak, hildakoak daude. Zori kontua izan da. Birusa sartu den egoitzetan sarraskia gertatu da eta beste batzuetan ez da agertu birusa. Neurriak antzekoak dira batean eta bestean, ez dute balio izan.

Osakidetzak zuzenean egoitzetan esku hartzea eskatu duzue. Ez da logikoagoa gaixoak ospitalera eramatea? Adinekoak ospitalera eramatea saihestu da oheak ez betetzearren?

Irakurketa sakonagoa izan daiteke. Birusa etorri baino lehen ere esaten genuen: tamalez zahar egoitzetan dauden pertsonen bizitzek, bizimoduak, eta etorkizunak ez dute gainerako jendartearenak bezainbesteko balioa. Tamalez, instituzioek eta enpresek onartzen dute horrelako egoera batean hainbat hildako egon daitezkeela egoitza batean eta hori onartzea oso larria da. Bat dator greban eta urte hauetan guztietan salatu dugunarekin: zergatik egoitzetan daudenen bizitzak ez du berdin balio? Zure hipotesia ildo beretik doa. Instituzioek eta enpresek, behintzat, normaltzat hartzen dute horrelako egoera batean egoitzetan batzuk hiltzea. Egoiliarrak azkenak dira eta nabaritzen da orain esaten ari garen gauza hauetan.

Gipuzkoan hildakoen %70 egoiliarrak izan dira tarte batzuetan. Zifra deigarria.

Eta gainera seguru nago datu horiek ez daudela osatuta, ziurrenik hildakoak gehiago izango ziren. Horrek adierazten digu zein gaizki egin diren gauzak egoitzetan Gipuzkoan. Etengabe elkar ukitzen dute lan honetan eta badakigu egoiliarrak zein egoera ahulean egoten diren. Neurri guzti-guztiak ez hartuz gero, bagenekien horrela egongo ginela. Gainera, abantaila genuen, Gasteizko eta Madrilgo gertaerak ezagutu genituelako. Orduan Gipuzkoan ez zegoen positiborik egoitzetan. Hasieratik beharrezko neurriak hartu izan balira, ez ginateke egoera honetan egongo, hildakoak izango ziren, baina birusaren eragina txikiagoa izango zen.

Langile batzuk egoiliarrekin batera itxi dira egoitzan. Borondatez hartutako neurri horiek dira irtenbidea?

Ez. Erabat errespetatzen dugu langileek hartutako erabakia, baina sindikatu garen neurrian uste dugu hori ez dela irtenbidea. Txalogarria izan daiteke, baina arriskutsua da bide hori hartzea batez ere sektore soziosanitarioan edo sanitarioan. Jendartearekin zuzenean lana egiten duten sektoreetan sistemak beti baliatu izan du langile horiek duten borondatezko lanaren kutsua, zaintzen dituzten pertsonekiko duten betebeharra. Ezaugarri horrek, beste arrazoi batzuekin batera, eragin du lan baldintza hain kaskarrak izatea sektore honetan. Sektore honetako langileek asko maite dute beren lana, baina profesionalak dira.

Osasun krisia lehertu zenean 243 greba egun zeramatzaten langileek. Orduan aldarrikatu eta salatutako guztia gainazalera atera al da orain?

Sektorea antolatzen duen sistema muga-mugan zegoen eta koronabirusa muga hausteko azken ukitua izan da. Hainbeste urtean salatzen aritu garena agerian gelditu da. Esaten ari ginen nahikoa langile ez zegoela egoitzetan, lan kargak handiegiak zirela; esaten ari ginen bitartekoak ez zirela egokiak; horrelako egoera baterako ez geundela prestatuta, zeren ez da lehenengo aldia halako egoera batean gaudela, jendartean ez dute halako eraginik izan, baina egoitzetan birusak lehen ere izan ditugu.
Espero dugu jendarteari, elite politikoari eta enpresei txipa aldatzea.

 

Urtetan salatu dutena azalera atera dela diote sindikalistek, langileek, eta baita egoiliarren senideek ere. Sektore feminizatua eta prekarizatua. Oinarri-oinarrizkoa, zaintza, esku pribatuetan utzia, negozio iturri bihurtua. Langileek eta senide askok salatzen duten egoera ulertzeko erreminta oso egokia da erreportaje honen egileak 2019an ateratako liburua: Berdea de more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak. Liburuak ez du birusaz hitz egiten, baina egoitzetan osasun krisiaren ondorioz begi bistan geratu dena ulertzen laguntzen du. Liburuko protagonistak 2016-2017an Bizkaiko egoitzetan greba luzea egin zuten grebalarietako zortzi langile dira. Kazetariak jakin duenez, zortzi horietatik bi behintzat bajan daude osasun arazoak izan dituztelako larrialdi egoera honetan.


ASTEKARIA
2020ko maiatzaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude