Zaintzatik, komunitatera bidean

  • Araban koronabirusaren krisiaren testuinguruan sortu diren hainbat zaintza sare herritarrekin jarri gara harremanetan. Nola sortu ziren eta zertan ari diren ezagutu nahi izan dugu. Jakinda, horiez gain zaintza praktikatzen duten sare informal ugari dagoela gure herri eta auzoetan, krisiaren aurrean aktibatu direnak zein aurretik ehundutakoak. Bide hasi berrian metatzen doazen jakintzak, lorpenak zein gabeziak konpartitu dizkigute, etorkizunari begira ezinbesteko iritzi dioten lan komunitarioan sakontzea helburu.

Ilustrazioa: Maitane Gartziandia.
Ilustrazioa: Maitane Gartziandia.

Aiaraldea Zainduz sareko Ainhoa Lezamarekin, Aguraingo sareko Jon Ruiz de Pinedorekin, Gasteizko Batera sareko Aitziber Romerorekin eta Gasteizko Alde Zaharreko sareko hainbat kiderekin hitz egin dugu. Sare bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, baina gauza askotan datoz bat. Batzuek eta besteek aletu dituzten bertute, ahulgune eta kezkak Euskal Herriko beste sare batzuei ere irakurri ahal izan dizkiegu (erreportaje hau jatorrizkoaren laburpena da, osorik irakurtzeko, jo argia.eus-era).

Agurainen, ekimena Gaztetxeko Gazte Asanbladatik sortu zen. Gasteizko Alde Zaharrean, eskolak itxi zituztenean hasi ziren auzoko hainbat sareen artean ideiak partekatzen. Jarraian egin zen publiko Batera Zaindu Gasteiz mailako sarea. Elkarrekin hitz egin, eta bat egitea erabaki zuten: Bateraren parte da Alde Zaharreko sarea. Aiaraldean, eskualdeko bost herrietan sortu dituzte sareak: Laudion, Okondon, Orozkon, Aiaran eta Amurrion.

Ekimen horiek guztiak sare sozialen bidez hasi ziren haien burua aurkezten. Laster egin zuten jauzi eremu digitaletik atari fisikoetara. Feminismoaren eragina nabarmena eta egiturazkoa da sareen mezuetan, egiteko moduetan, aldarrikatzen diren baloreetan edo lantzen diren ildoak aukeratzean.

Ekimen jendetsuak eta askotarikoak

Alde Zaharrean aniztasuna handiagoa izan da, baina oro har gazteak izan dira ekimenen sustatzaileak. Baina sareek arrakasta izan dute, jende asko batu zaie oro har: Agurainen 40 bat lagun dira; Aiaraldean 200; Gasteiz osoan 2.300 eta 300 inguru Alde Zaharrean. Kideen soslaia askotarikoa da, ondorioz.

Aniztasun hori altxor moduan bizi dute, batetik: ohiko esparruetatik harago heltzen ari da herrigintza, eta hori ez galtzeko nahia antzematen da gure solaskideen hitzetan bezala sareen mezuetan zein moduetan. Buruhausteen iturri zaie tarteka batzuei, bestetik: antolatzeko inongo ohiturarik ez duten pertsonekin aritzea zaila egiten zaie batzuetan, kuriositateagatik edo informatuta egoteko soilik kidetzen diren pertsonak daude, eta zenbaitek ez dute ulertzen edo errespetatzen WathsApp taldeen funtzioa eta ezarritako arauak.

Elkar laguntzeko hamaika manera

Zertan ari dira herritarrak elkarri laguntzen zaintza sareen bitartez? Lezamak eta Ruiz de Pinedok erosketak egitea nabarmentzen dute. Hori da errepikatuena. Horrez gain, osasun zentroan errekaduak egitea aipatzen du Barriocanalek. Zaborrak jaistea edo besterik gabe hitz egitea, Romerok.

Herritarrek bestelako laguntza orokorragoak bideratu dituzte ekimen hauen sare sozialen bitartez: itxialdia hobeto pasatzeko kultur emanaldiak, sukaldaritza proposamenak edo ariketa fisiko saioak kasu, edo hitz egiteko beharra dutenentzako telefono zenbakiak. Laudioko merkatuan euren produktuak saltzen zituzten ekoizle txikiekin harremanean jartzen ari da banan-banan Aiaraldea Zainduz, merkatua bertan behera gelditu den honetan nola lagundu dezaketen pentsatzeko. Arrakala digitalaren ondorioak inoizko gordinen azaleratu diren honetan, Gasteizen edo Laudion etxeetako wifiak bizilagunei irekitzea proposatu dute.

Azkenik, zaintza sareek material propioa sortu dute: laguntza eman edo jasotzeko protokolo idatziak, profesionalen bideo laburrak kutsatzeak ekiditeko edo itxialdia psikologikoki ahalik eta hobekien eramateko,  eraso matxisten aurkako protokoloak...

Eskaintzeko erraztasuna; eskatzeko zailtasuna

Solaskide guztiek ahulgune berbera seinalatu digute: asko dira laguntza emateko prest saretu diren herritarrak, gutxi dira heldu diren laguntza eskaerak.

Arrazoietako batzuk negatiboak dira. Horien artean errepikatuena zaurgarritasuna agertzeko ditugun zailtasunak dira. Neoliberalismoak gutako bakoitzean egin duelako abia, eta behin ardurak indibidualizatuta, laguntza behar izateak porrot pertsonalaren kutsua du. Horrez gain, lotsatiak gara laguntza eskatzeko orduan, are gehiago pertsonalki ezagutzen ez dugun norbaiti eskatu behar badiogu.

Arantza Basagoiti Gasteizko Alde Zaharreko sareko kidea da. Talde bat osatu du bakardadea dela eta hitz egiteko beharra duten auzokideei telefonoz deitzeko. “Oso zaila da behar hori duen pertsona batengana heltzea, bakardade handian badago”, hausnartu du Basagoitik. Helduta ere, aipatutako arazoa dago: “Zaurgarri agertzea oso zaila zaigu”. Ondo daki Basagoiti zertaz ari den. Gurpildun aulkian bizi da eta gatazka hori bere azalean bizi izan du: “Transmititzen dudan estereotipoa da laguntza behar duen pertsonarena. Nik laguntza eskaintza piloa jasotzen dut. Asko eskertzen dut, baina ikasketa gogorra izan da. Gure jendartean autonomismoa erlijioa da”

Zailtasun horiek guztiek ez dituzte ezustean harrapatu sareetako kideak, oro har. Joera eta ahulgune horiek urratsez urrats eraldatzen joatea sare hauen borroketako bat dela ulertzen dute, hain zuzen ere. Asteek aurrera egin ahala, laguntza eskaerek gora egin dute pixkana.

Gasteizko Batera Zaindu sarera ia 3.000 pertsona batu dira. Laguntza deszentralizatu dute 50 eremutan.

Arrazoi positiboek ere azaltzen dute laguntza eskaeren urritasuna. Batetik, sareek atariz atariko antolaketa eta dimentsioa lehenetsi dute, lehenago aipatu bezala. Hortaz, behin atariko bizilagunen artean komunikazioa sortu eta elkar laguntzarik praktikatu bada, sarearen kudeaketatik zein ezagutzatik kanpo geratzen da errealitate hori. Zentzu horretan, ez dago jakiterik sareen bitartez asetzen edo bideratzen ari diren beharren tamaina. Bestetik, oraindik ere mantentzen dira gutxieneko zentzu komunitarioa duten eguneroko erlazio sareak. Ikusezinagoak diren sare informal horietatik naturaltasunez praktikatzen da elkar laguntza, berariazko egitura bat sortzeko beharrik gabe, eragile batek propio sustatu gabe. Zentzu berean, Aguraingo komertzioak euren kabuz antolatu dira behar duten herrikideei erosketak etxera eramateko, edo Gasteizko Alde Zaharreko supermerkatu txikiak berdina egiten du auzokideekin.

Balore handia du horrek, eta errealitatea aztertzean kontuan hartu behar da. Pentsa genezake, bestela, hainbat herri txikitan zaintzarako sare formalik sortu ez bada herritarren zentzu komunitario ezagatik dela. Aldiz, kontrakoagatik izan daiteke kasu askotan. Murgian edo Kuartangon, esaterako, ez da sarerik sortu, eta horren azalpen berdina eman digute bertako herritar banak: bizilagunek ezagutzen dituzte aurretik ere dauden beharrak edo pertsona jakin batzuen egoerak, eta propio egiturarik sortu gabe erantzuten diete haien beharrei.

Baztertuenak sareetatik kanpo?

Behar larrienak dituzten pertsona eta sektoreengana heltzeko elkartasun sareek mugak ote dituzten galdetuta, solaskideek baietz diote. Iñaki Luzuriaga Gasteizko Alde Zaharreko kale hezitzailea da, baina auzokide eta militante bezala ari da auzoko zaintza sarean parte hartzen. “Estatus legala, baliabide laboralak eta errekurtsoak ditugunoi irizpide batzuk ematen dizkigute, babesten gaituztenak, baina baztertuta dagoena konexiorik gabe geratzen da erabat, beti du galtzekoa”, dio.

Alde Zaharrean pobrezia eta bazterkeria egoerak Gasteizko gainontzeko auzoetan baino handiagoak dira, baina deskribatzen dituen egoerak toki askotan ari dira gertatzen: “Pobrezian dagoen jende askok ez du etxea alokatuta, gelak baizik. Askok mugikorrak badituzte, baina daturik ez. Isolatuta egotea dakar horrek egun, informaziotik, lagunartetik, eskolatik. Leihoetan daude, ia taberna edo elkarte batetik wifia harrapatzen duten”. Etxe horietako askotan haurrek jolasik ere ez dute eta kalean ordu asko ematera daude ohituta, eskolako lanak egiteko beharrezko materialik ere ez. “Zaintza saretik jolasak edo barruko aldetik pintatzeko kartelak eta margoak banatu ditugu. A ze harrera! Baina benetako beharra harremana zen. Sentitzea badagoela norbait, auzoa, nolabaiteko komunitate bat, eta ni haien buruan nagoela”.
Etxeko lanak, aukeran, aurretik

Gasteizko Alde Zaharreko sarean egoera eta pertsona zaurgarrienen ezagutza hurbilagoa dagoela ematen du, eta horien presentzia zaintza sarean handiagoa dela. “Gure elkar zaintza sarea egunerokotasunean sortuta dugunaren inguruan sortu dugu”, dio Barriocanalek, ezinbesteko gakoa emanez. Egunerokotasun hori sare ugariz osatuta dago, horietariko batzuetan egoera sozioekonomiko ezberdinetako jendea nahasten da eta urteetako lana dago atzean: eskolako gurasoak, Goian elkartea, Sareak Josten, Auzoan Bizi.... Elkarren artean saretuta daude aldi berean, haien artean eta beste hainbat mugimendurekin ere: Gasteiz Txiki Auzo Elkartea, Gasteizko Gaztetxea, Talka gune okupatu feminista...
Antzera interpretatu dezakegu Lezamak kontatu diguna. “Laudion eta Amurrion greba mugagabean egon ziren supermerkatu batzuk, eta greba orokorraren testuinguruan harreman estua sortu zen greba komiteetan”. Prekarizatutako eta feminizatutako lan esparrua da, migratzaile kopuru handikoa ere. “Orain, haiek jarri dira harremanetan sarearekin, kutsadura arriskua gutxitzeko erosketekin laguntzeko haien burua eskainiz”.

Sektore baztertuenetara heltzea ez da egun batetik bestera lortzen den gauza. Osaerak asko baldintzatzen eta mugatzen ditu mugimendu bakoitzaren agendak, lehentasunak, ardurak edo sentsibilitateak. Baina egia da azken urteetan ugaritu egin direla gabezi hauen inguruko hausnarketak eta borroka herritar zehatzak. Bizitzen ari garen garaiak –eta etorriko direnak– aliantza eta nahasketa hauetarako beharra zein aukerak areagotu dituzte.

Barriocanalek uste du modu dikotomikoegian planteatzen ari direla laguntza: eman ala jaso. Batetik, errealitatea desitxuratzea dela deritzo. Romerok dioen bezala, “guztiok dugu zainduak izateko beharra, eta baita zaintzeko ardura ere”. Bestetik, nahi gabe ere logika paternalista edo asistentzialak elikatu ditzakeela uste du: “Laguntza emateko gai” diren sareko kideak dira “laguntza behar duten pertsona zaurgarriak” babesten dituztenak, nolabait.

Garaiei komunitarismotik heltzeko erremintak

Konfinamenduak eta larrialdi egoerak sortu edo areagotu dituzten zaintza beharrei erantzuteko sortu dira zaintza sare herritarrak Araban –eta Euskal Herri osoan–. Behar horiek areagotu egingo dira konfinamendu egoera luzatu ahala, gure solaskideen ustez.

Konfinamendua amaituko da noizbait, baina beharrak ez. Krisiaren ondorioak berriz ere herritarren bizkarrean zamatzen ahaleginduko dira agintariak, injustiziak eta sufrimenduak areagotuz. Zaintza sareen esperientzia agertoki horri erantzuteko baliagarri ikusten dute gure solaskideek, sare bezala izan zein beste moduren batean. Erronka handia izango dute orduan sareek. Konfinamendua komunitatearen beharra ikustarazteko eta sentsibilitatea garatzeko testuinguru oso aproposa da. Baina komunitatea egituratzeko eta sendotasuna emateko muga gaindiezinak ezartzen ditu –horizontalki, elkar ukituz eta parte-hartzea oinarri eraikitzeko–.

Luzuriaga ez da optimista, sistemak koronabirusaren krisia bere burua orekatzeko erabiliko duela dio, 2008an egin zuen bezala. Baina hala ere zaintza sareek edo ekonomia sozial eraldatzaileak aukera bat dutela uste du. “Auzokideen artean inoiz baino gehiago ari gara hitz egiten, ikusten duzu zuri laguntzeko prest dagoena ez dagoela ez dakit zein bulegotan, baizik eta zure atarian. Nik uste horrek oinarri polita utziko duela”, dio Barriocanalek Gasteizko Alde Zaharretik; “nik uste dut honetatik ikasiko dugula. Gazte Asanbladatik abiatu zen ekimena baina beste jende bat batu da. Covid-19aren krisia pasatuta sarea beste modu batean mantendu daitekeela uste dut”, Ruiz de Pinedok Agurainetik; “horretaz ez dugu hitz egin eta nik neuk sarea bere horretan ez dut uste mantenduko denik, baina sortzen ari diren lotura eta zubi berriak balioko digute aurrera begira”, Lezamak Aiaraldeatik; “etorkizunean forma desberdina hartuko dugu agian, baina ziur nago egun hauetan egindako lanak arrastoa utziko duela. Baterak asko izango du esateko eta egiteko”, Gasteizko sareaz Romerok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude