Pandemien aurka, ekologia

  • Zientzialariek saguzarrak eta pangolinak seinalatu dituzte birusaren iturburu potentzial gisa, baina benetako arazoa beste nonbait dago: ingurumenari gizakiok egindako kaltean. Ez ote da ordua galdetzeko zergatik ari diren pandemiak geroz eta azkarrago sortzen?

Saguzarrak izan daitezke koronabirus honen jatorria, baina azken kausa gizakiek habitatetan egindako kaltea da.
Saguzarrak izan daitezke koronabirus honen jatorria, baina azken kausa gizakiek habitatetan egindako kaltea da.

Pangolin bat izan ote da? Saguzar bat? Are, suge bat, zurrumurrua gezurtatu aurretik entzun genuen bezala? Ikusteko dago nor izango den lehenbizikoa animalia basati bati leporatzen koronabirus honen jatorria izatea. COVID-19 deitu diote eta ehunka milioi pertsona berrogeialdian edo segurtasun hesien atzean gordeta utzi ditu, bai Txinan, baita beste herrialdeetan ere. Jatorriaren misterio hori argitzea funtsezkoa bada ere, mota horretako espekulazioek ez digute uzten ikusten pandemien aurrean geroz eta zaurgarriagoak bagara, horrek baduela kausa sakonagorik: habitaten suntsipen azkartua.

1940tik hona, ehunka mikrobio patogeno agertu edo berragertu dira aurretik inoiz atzeman ez ziren eskualdeetan. VIHa, adibidez; edo ebola, Afrika mendebaldean; edo zika, kontinente amerikarrean. Horietatik gehienek (%60) animalietan dute jatorria, baina nagusiki (bi heren baino gehiago), animalia basatietatik datoz.

Baina azkeneko hauek ez dute errurik. Fauna basatia epidemia hilgarrien abiapuntutzat jotzen dute artikulu batzuek argazkiak baliatuz, baina faltsua da animaliak gainezka daudenik gu kutsatzeko prest dauden agente patogeno hilgarriz. Egiazki, animalia horien mikrobioen parterik handiena beraiekin batera bizi da eta ez die batere kalterik egiten. Problema beste nonbait dago: basoen suntsiketan, urbanizazioan eta etenik gabeko industrializazioan, horiei esker mikrobio horiek giza gorputzetara iritsi eta egokitu ahal izan baitira.

Habitatak suntsitzeak espezie asko desagertzeko mehatxupean jartzen du, horien artean hainbat sendabelar eta animalia, zeinak tradizionalki gure farmakopearen oinarria izan diren. Bizirauten dutenek berriz, ez daukate aukerarik, ez bada gizakiak ezarri ondoren geratzen zaizkien habitat zokoetara joatea. Emaitza: gizakiekin hurbileko eta etengabeko kontaktua izateko probabilitateak handitzen dira, eta horrela aukera sortzen da haien mikrobioak gure gorputzetara pasatzeko, non onberak izatetik agente patogeno hilgarri izatera pasatzen diren.

Habitatak suntsitzeak era askotan laguntzen du birus berriak mundu osoan hedatzen eta beraz, ez du zentzurik koronabirusaren errua pangolin bati edo saguzar bati egozteak”

Ebola da horren adibide on bat. 2017an egindako ikerketa batek erakutsi zuen ohikoagoa zela birus hau, zeinaren jatorria hainbat saguzar espezietan lokalizatu den, Afrika erdialdeko edo mendebaldeko guneetan agertzea. Duela gutxi basoen suntsiketa jasan duten lurraldeetan, alegia. Basoak mozten ditugunean, saguzarrak derrigortzen ditugu gure lorategietako eta etxaldeetako zuhaitzetan pausatzera. Erraza da imajinatzea zer gertatzen den gero: gizaki batek saguzarraren listua ahoratzen du mikrobioz beteriko fruitu bati kosk egitean; edo, bestela, bisitari desegoki hori ehizatzen eta hiltzen saiatzen denean, haren ehunduretan babeslekua aurkitu duten mikrobioekin kontaktua edukitzeko arriskua hartzen du. Horrela lortzen dute saguzarrentzat kaltegabeak diren birus askok giza-populazioetan sartzea –ebola aipa dezakegu adibide gisa, baina nipah birusaren kasua ere hori da (Malaysian eta Bangladeshen agertzen da nagusiki) edo marbugbirusarena (batez ere ekialdeko Afrikan)–. Fenomeno horri “espezieen arteko jauzia” esaten zaio. Ohikoa ez izan arren, eragin dezake animalietatik datozen birusak gure organismoetara egokitzea eta patogenoak izan arte eboluzionatzea.

Gauza bera gertatzen da eltxoek transmititzen dituzten gaixotasunekin, izan ere, badakigu harremana dagoela epidemien etorrera eta basoen suntsiketaren artean –nahiz eta kasu honetan ez den hainbeste habitat galeragatik, haren transformazioagatik baizik–. Zuhaitzekin batera, hosto hilen geruza eta sustraiak desagertzen dira. Ura eta sedimentuak errazago igarotzen dira biluzik geratu diren lur horren gainetik, gainera orain eguzkipean, eta horrela putzuak sortzen dira, paludismoa garraiatzen duten eltxoen ugalketa erraztuz. Hamabi herrialdetan egindako ikerketa baten arabera, gizakientzat patogenoak diren agenteen bektore diren eltxo espezieak bi aldiz gehiago dira basoak suntsitu dituzten guneetan, ukitu gabe utzi dituzten basoetan baino.

Era berean, habitatak suntsitzeak laguntzen du hainbat espezieren ale kopurua eraldatzen eta horrek agente patogeno baten hedapena areagotu dezake. Adibidez: mendebaldeko Niloko birusa, hegazti migrariek garraiatua. Ipar Amerikan, txorien populazioak %25 baino gehiago gutxitu dira azken 50 urteetan habitaten galerak eta beste suntsipen batzuek eraginda. Baina espezie guztiek ez dituzte horren eraginak berdin sumatzen. Habitat baten espezialista gisa definitzen diren hegaztiek, okilek edo rallidae familiakoek, askoz kalte handiagoak jasan dituzte jeneralista gisa definituek baino, adibidez txantxangorriak edo beleak. Lehenbiziko taldekoak mendebaldeko Niloko birusaren bektore oso txarrak dira, bigarrenak berriz, apartekoak. Hortik dator birusaren presentzia handia inguru horretako etxeko txorien artean, eta geroz eta probabilitate handiagoa egotea ikusteko nola eltxo batek ziztatzen duen gizaki bat, kutsatutako txori bat ziztatu ondoren.

Akainek transmititzen dituzten gaixotasunen kasuan, fenomeno bera da. Garapen urbanistikoa pixkanaka Amerikako ipar-ekialdeko basoak murtxikatzen doanez, kanporatu egiten ditu zarigueiak bezalako animaliak, zeinak lagungarriak diren akainen populazioa kontrolpean edukitzeko, eta ugaltzen uzten die hanka zuriko saguei edo oreinei, zeinak ez diren hain eraginkorrak lan horretan. Emaitza: akainek transmititutako gaixotasunak errazago zabaltzen dira. Horien artean, Lymeren gaixotasuna, AEBetan lehenbiziko aldiz 1975ean agertu zena. Azken 20 urteetan, akainek zeramatzaten zazpi agente patogeno berri identifikatu dituzte.

Gaixotasunak agertzeko arriskua ez da areagotzen bakarrik habitatak galtzen direlako, horiek ordezkatzeko aukeratzen dugunak ere badu eragina. Gizakiak, bere haragi-gosea asetzeko, Afrikako kontinentearen azalera suntsitu du, ganadua elikatzeko eta hazteko. Ganadu horren parte bat legez kanpoko salerosketara bideratzen da, animalia bizien merkatuetan saltzen da. Horietan, inguru naturalean sekula gurutzatuko ez ziren animaliak agertzen dira batzuk besteen ondoan kaiolatuta eta mikrobioak zoriontsu ibil daitezke batzuetatik besteetara saltoka. Garapen mota horrek 2002-2003an arnas sindrome akutu larria ekarri zuen (SARS, ingelesezko sigletan) eta orain eraso egin digun koronabirus ezezagunaren jatorria izan daiteke.

Pangolin bat Myanmarreko animalia basatien legez kanpoko merkatu batean. Mota horretako lekuak oso aproposak dira naturan sekula elkartuko ez ziren animaliak gurutzatzeko eta agente patogenoak zabaltzeko (argazkia: Dan Bennett).

Baina badira beste animalia asko gure abeltzaintza industrialeko sisteman hazten direnak ere. Ehunka milaka animalia, batzuk besteen gainean pilatuta, hiltegira noiz eramango zain: mikrobioak agente patogeno hilgarri bihurtzeko baldintza egokienak horiek dira. Adibidez, hegazti gripearen birusek, uretako hegaztiek garraiatu zituztenak, gatibatutako oiloz beteriko etxaldeei eraso egiten diete, han mutatzen dira eta erasokorrago bihurtzen –prozesua hain da aurreikusten erraza, laborategi batean errepikatu daitekeela–. Horren anduietako bat, H5N1a, gizakietara transmititu daiteke eta kutsatutako pertsonen erdia baino gehiago hiltzen du. 2014. urtean, Ipar Amerikan, hamarnaka milioi hegazti sakrifikatu behar izan zituzten andui bat beste batera ez zabaltzeko.

Abeltzaintzak produzitzen dituen gorozki mendiek animalietan jatorria duten mikrobioei beste aukera batzuk ematen dizkiete populazioa kutsatzeko. Landa-lurrek ongarri gisa har dezaketena baino askoz ere hondakin gehiago dagoenez, sarritan gorozki horiek hermetikoak ez diren putzuetan pilatzen dituzte –ametsetako urmaelak Escherichia coli bakterioarentzat–. Nahiz eta AEBetan gizentzeko ukuiluetan giltzapetutako animalien erdia baino gehiago gaixotasunaren eramaile izan, han oraindik kaltegabea da. Aldiz, gizakiengan, E. Coli-a iritsi daiteke eragitera kolitis hemorragikoa, sukarra eta giltzurrunetako gutxiegitasun akutua. Eta nahiko ohikoa denez animalietan jatorria duten gorozkiak gure ur edangarrira eta elikagaietara isurtzea, urtero 90.000 estatubatuar kutsatzen dira.

Animalietan jatorria duten mikrobioen mutazioaren fenomenoa bizkortu den arren, ez da deus berria. Iraultza neolitikotik gertatzen da, alegia, gizakia habitat naturalak suntsitzen hasi zenetik landa-lur gehiago edukitzeko; eta animaliak etxekotzen, zama-lanetan erabiltzeko. Trukean, animaliek pozoindutako opari batzuk egin dizkigute: behiei zor diegu elgorria eta tuberkulosia, zerriei kukutxeztula eta ahateei gripea.

Prozesu horrek aurrera jarraitu zuen Europaren zabalkunde kolonialean. Kongon, kolono belgikarrek eraiki zituzten hiri eta trenbideek aukera eman zuten inguruko makakoek zeramaten lentibirus bat giza gorputzera egokitzeko. Bengalan, britainiarrek Sundarbanseko hezegune erraldoia berenganatu zuten arroz-soro gisa erabiltzeko, bertako biztanleak jarriz ur gazietan agertzen diren bakterioen mende. Intrusio kolonial horiek eragindako pandemiek ez dute gaurkotasunik galdu. Makakoen lentibirusa VIH bihurtu zen. Sundarbanseko uretako bakterioak, gaur egun kolera izenez ezaguna, zazpi pandemia eragin ditu jada, berriena Haitin.

Zorionez, ez garenez izan prozesu honen biktima pasiboak bakarrik, asko egin dezakegu mikrobio horien agerpenaren arriskua gutxitzeko. Habitat naturalak babes ditzakegu animaliek euren mikrobioak gorde ditzaten guri transmititu ordez, hori da One Health mugimenduaren helburua.

Jar dezakegu martxan zaintza zorrotz bat animalien mikrobioak gizakien agente patogeno bihurtzea errazten duten bitartekoen gainean; eta saia gaitezke suntsitzen gure organismora egokitzeko joera dutenak, epidemiak lehertu baino lehen. Hain zuzen horretan ari dira ahalegintzen, duela hamar urtetik, Predict programako ikertzaileak, Nazioarteko Garapenerako Estatu Batuetako Agentziak (USAID) finantzatuta. Dagoeneko identifikatu dituzte 900 birus berri baino gehiago, giza garapenak planetan utzitako arrastoarekin lotuta; eta horien artean badira orain arte ezagunak ez ziren koronabirusaren anduiak, SARSaren antzekoak.

Gaur egun, pandemia berri batek egiten du mehatxu, eta ez da bakarrik Covid-19a. AEBetan, Trumpen administrazioak ahalegin handiak egin ditu industria estraktiboei erregulazioak kentzeko, baita jarduera industrialei ere, orokorrean; eta horri esker, animalien mikrobioek gizakietara errazago egin dezakete jauzi. Era berean, AEBetako Gobernuak arriskuan jarri du hurrengo mikrobioa hedatu baino lehen lokalizatzeko aukera: 2019ko urrian, Predict programa bukatzea erabaki zuen. Gainera, 2020ko otsailaren hasieran, iragarri zuen %53 gutxituko zuela bere ekarpena Munduko Osasun Erakundean [itzultzailearen oharra: martxoaren amaieran %75etik gora gutxitu du laguntza hori Trumpen administrazioak].

Larry Brilliant epidemiologoak adierazi zuen bezala, “birusaren agerpena saihestezina da, baina epidemiena ez”. Edonola ere, ez dugu lortuko pandemiak geldiaraztea ez badugu natura eta animalien bizitza aldatzeko jarri genuen kemen berdina jartzen politikak aldatzeko.

Artikulu hau The Nation aldizkarian argitaratutako jatorrizko testuaren euskarazko itzulpena da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude