Pandemiak, superkapitalismoa eta biharko gatazkak

  • Koronabirus pandemia gaitz da ulertzen. Ehunka mila kasu baieztatuta, milaka hilda, nazioak blokeatuta… planeta krisian dago. Nola gertatu da hau? Zein dira izurri globalari bidea erraztu dioten oinarrizko egitura politiko, ekonomiko eta ingurumenekoak? Nondik sortzen dira pandemiak? Biologiaren aldetik jasangarria da gure bizimodu kapitalista? Galdera horietako batzuk argitzeko, Mike Davis idazle, historialari eta ekintzaile politiko estatubatuarrarengana jo dugu.

Mike Davis (Arg.: Wikipedia)
Mike Davis (Arg.: Wikipedia)

Mike Davisek 20 liburu baino gehiago idatzi ditu: City of Quartz (Kuartzozko hiria), Planet of Slums (Mundua Txabolategi), “Ecology of Fear” (Izuaren Ekologia), The Monster at Our Door: The Global Threat of Avian fllu (Munstroa gure atarian: Hegazti gripearen mehatxua). Kaliforniako Unibertsitateko irakasle emeritu ospetsua da Davis, Riverside, eta McArthurren beka bat eta Lannanen literatur saria jaso zituen ez-fikziorako.

Sharif Abdel Kouddous, Mada Masr hedabide egiptoarreko kazetariaren galderei erantzun die idatziz Mike Davisek, eta ondoren Democracy Now hedabide iparramerikar aurrerazaleak zabaldu.Pello Zubiriak itzulitako elkarrizketa da.

Nekazaritza kapitalistaren eta urbanizazioaren konbinazioak nola eraman du pandemiak sortzera? Eta zergatik sortzen dira eragin andui horietako gehienak Asiako hego-ekialdean?

Birus batzuek mintegi naturalak dituzte. Kolera-agerraldi ia guztiak, esaterako, Bengalako Golkoko ur bero eta gai fekalez aberatsetan sortzen dira. Beste birus batzuek ostalari iraunkorrak dituzte zenbait animalia-familiatan: izurri bubonikoak karraskarietan, gripeak hegazti basatietan, sukar horiak tximinoetan eta koronabirusak saguzarretan. Gripeak, oro har, Txina hegoaldean sortzen dira, zibilizazioak arrakastarik handiena eduki duen guneetako batean alegia.

Milaka urtez Txina hegoaldeko laborantza sistema, gerora Asiako hego-ekialdean hedatuko zena, izan da planetako emankorrena, urtean bi uzta ekoizten dituzte bertan arroz soroetan aldi berean haziz ahate, oilo eta txerriak: proteina mordoa eta karbohidrato kopuru bikoitza. Baina urez estalita egoten diren arroz soroek hegazti migratzaileak ere erakartzen dituzte eta sarritan ahate eta oilaskoei gripe-andui berriak transmititzen dizkiete, eta hauek txerriak kutsatzen, alegia, gizakion antzeko immunitate sistema daukaten animaliak. Txerrietatik gizakira jauzia erraza da, eta batzuetan katastrofikoa. Txerriek hegaztien zein gizakien gripea har dezaketenez, infekzio bikoitz batek haien segmentu genetikoak "berrantolatzea" eragin ditzake eta baita birus hibrido bat sortzea ere; batetik, hegaztien birusaren hilgarritasuna eta, bestetik, gizakiaren arnas aparatura sartzeko gaitasuna dituena. Horren emaitza pandemia bat da, 1918-19koa bezalakoa.

Azalduko diguzu zergatik RNA birusek, koronabirusak esaterako, eragiten dituzten agerraldi hilgarriak?

Birusak, jakina denez, funtsean gene parasitoak dira, ugaltzeko inbaditu dituzten zelulen makineria genetikoa bahitzen dutenak. DNAn oinarritutako birusek froga-irakurketa mekanismo bat daukate zehatz erreplikatzen direla bermatzeko, baina RNA birusek ez dute halakorik eta mutante sortak sortzen dituzte, aminoazido apur bat ezberdineko arkitekturak dituztenak. (Imajina ezazu fotokopia ia guztietan akats bana egiten duen Xerox makina bat). Horregatik, A gripea, lau gene baino ez dituena (koronabirusak zortzi dauzka), ugalketa akatsetarako hain joera handia eduki duenez, ziurrenik desagertzeko bidean dago. Beste era batera esanda, mutazio tasa muturreraino ugaltzen du, DNAn oinarritutako birus edo zelulak baino milioi bat aldiz azkarrago.

Bere genomaren hainbeste bertsio desberdin eta zehaztugabe ugaltzen ari den birusak abantaila handia dauka giza sistema immuneari aurre egiteko, zeren eta derrigor sortuko baititu birus batzuk txertaketaren eraginari edo iraganeko infekzioetan sortutako antigorputzei neurri batean bederen erresistenteak direnak. Horregatik jarraitzen du A gripeak urtero aldatzen eta gizakiak gaixotzen. Horri ‘deriba antigenikoa’ (antigenic drift) deitzen zaio. Aldiz, “aldaketa antigenikoa” (antigenic shift) gertatzen dabi gripe ezberdin zelula berean nahastu eta birus berri bat sorrarazten dutenean. Dena dela, prozesua zertxobait ezberdina da koronabirusetan, aparteko gaitasuna baitaukate bai birkonbinatzeko eta bai aldatzeko.

Txinako arroz soro txit emankor batean. (Arg.: Wikipedia)

Zergatik ez dugu ezagutzen gripentzako txerto unibertsal bat? Posible al da?

Baliteke gripearen aurkako txerto unibertsala lortzea, ziur dakigun bakarra da hori ez duela Big Pharmak egingo

Mutazioak birusaren gainazalean dauden bi edo hiru proteinen "buruetan" gertatzen dira, horrek ematen die giza zelula batean sartu eta bertan ostatu hartzeko gaitasuna. Leku horietara bideratzen dira urteko txertoak. Baina proteina horien "zurtoinak" egonkorrak dira, eta ez dira mutatzen. Ia ikertzaile guztiak ados daude, badaudela tresnak eragin zabaleko txerto bat sortzeko, zurtoin aldagaitz horiek ezgaitu eta gizakiari horrek urtetarako immunitate orokorra emango liokeena gripe andui guztiekiko. Ikerketa eskuragarri dago, baina Big Pharmak ez du txertoa garatuko edo ekoiztuko, ez delako errentagarria. (Norbaitek diseinatuko balu bizi osorako iraungo lukeen auto berri bat, General Motors hasiko ote litzateke hori ekoizten?)

2005ean H5N1 hegazti gripearen erasoaren ondoren, Bushen administrazioak urrats txiki batzuk egin zituen bide horretan, baina interesa galdu zuen gripearen beroaldia baretutakoan. Geroztik, behin eta berriro zientzialari ugarik eskatu du zerbait egitea, baina Obamaren agintaldian entzungor egin zitzaien. Orain, ordea, txertoen diseinuak abiada hartu du eta, COVID-19a menderatzeko ikerketa lanak bero-bero direla, baliteke gripearen aurkako txerto unibertsala lortzea. Ziur dakigun bakarra da hori ez duela Big Pharmak egingo.

Badirudi koronabirusa ez dela hain arriskutsua adin-talde gazteagoentzat. Planetako hegoaldeko herrialdeek, oro har, populazio gazteak dauzkate eta, beraz, horiek ote dute gaurko pandemiaren eraginik txikiena?

Ez, ez derrigor. Gogoan izan orain arte birusa ibili dela 50 urtetik beherako jendeak ondo elikatuta dauden eta mediku eta ospitaleen zerbitzu onak dauzkaten herrialdeetan. Horrek esan nahi du gazteenen arteko kasu larriak eta kritikoak gertatu direla –ez beti– aurretik osasun arazoak zeuzkatenen artean. Zer gertatuko da, ordea, COVID-19a zabaltzen denean sendagaiak eskuratzeko oso aukera gutxi dauzkaten eta elikatze maila oso txar, artatu gabeko osasun arazoak eta hondatutako immunitate sistema nozitzen dituzten populazioen artean? Adinaren abantailak askoz gutxiago balioko die Afrikako eta Asia hegoaldeko txabolategietako gazte txiroei.

Aldi berean, arriskua badago txabolategietan eta auzo txiroetan infekzio masibo batek koronabirusaren kutsatzeko moduan eragin eta gaixotasunaren izaera eraldatzeko. 2003an SARS sortu aurretik, koronabirus oso patogenoen izurriak mugatzen ziren etxeko animalietara, batez ere txerrietara. Ikertzaileak laster jabetu ziren infekziorako bi bide zeuzkatela: batetik ur fekaletatik ahorakoa, urdaila eta hestea erasotzen dituena, eta bestetik arnas bidezkoa, birikak erasotzen dituena. Lehenengoak hilkortasun handia eragiten zuen, bigarrenak gaixotasun arinagoak. Gaur egungo COVID-19ra etorrita, positibo eman dutenen ehuneko txiki batek nozitu ditu beherako eta goragaleak, eta ikerlan batek dioenez "ez da gutxietsi behar SARS-CoV-2 [COVID-19 izurria eragiten duen birusaren izen zientifikoa] komuneko uren, zaborren, ur kutsatuen, aire girotuko sistemen eta aerosolen bidez kutsatzeko aukera".

Pandemia orain Afrikako eta Asiako hegoaldeko auzo marjinaletara iritsi da eta horietan kutsadura fekala nonahi dago: uretan, nork bere etxean ekoiztutako barazkietan eta haizeak eramandako hautsetan. (Bai, kaka-ekaitzak benetan badira.) Horrek bidea irekiko ote dio koronabirusaren bide enterikoari? Animalietan gertatzen den bezala, infekzio hilgarriagoak sorraraziko ote ditu, behar bada adin talde guztientzako?

Koronabirus pandemia ezustean iritsi al da? Aurreikusita zegoen? Eta hala balitz, zergatik dirudi munduak hain gutxi prestatua?

Ez da batere ezustekoa izan. Pandemia bat gainean zela epidemiologoen buruetan zegoen 2003an SARSen erasoa gertatu zenetik. 2005ean hegazti gripea iritsi eta gero, AEBetako Gobernuak plazaratu zuen Gripe pandemia baterako estrategia nazionala plan anbiziotsua, hasieratik aitortzen zuena AEBetako osasun publiko sistema ez zegoela prestatua eskala handiko izurri baterako. Txerri-gripearen sustoaren ondoren, 2009an, estrategia eguneratu egin zuten, eta 2017an, Trump karguaz jabetu baino astebete lehenago, Obamaren funtzionarioek eta Trumpen administratzaile berriek simulazio bat egin zuten elkarrekin, eskala handian probatzeko agentzia federalen eta ospitaleen erantzuna, pandemiaren hiru agertoki ezberdin testeatuz: txerri gripea, Ebola edo Zika birusa. Sistemak, noski, ez zuen lortu ez izurriak saihestea ezta izurriteak eragindako kalteen kurbak garaiz menderatzea ere. Arazoaren parte bat detekzioan eta koordinazioan egon zen. Beste partea ziren botika eta materialen biltegi eta hornitze kateak, ‘botila-lepoak’ nozitzen zituzten, esaterako, babes ekipamenduak ekoiztea atzerriko fabrika gutxi batzuen esku zegoelako. Eta, hori guztiaz gain, porrot egin da azken hamarkadan diseinu biologikoan lortutako aurrerapen iraultzaileak aprobetxatu eta sortu diren antibiral eta txerto berrien biltegiak txukun antolatzerakoan.

Globalizazio kapitalista biologia aldetik iraunkorra al da?

Soilik gizateriaren galbaheketa iraunkor bat onartuz [jatorrizkoan “triage”, euskaldun espainolok esango genuke "etengabe gizakien artean entresaka egitea onartuz", alegia, jende ahulenak etengabe ezabatuz] eta giza arrazaren zati bat desagertzera kondenatuz.

Gauza bat da globalizazio ekonomikoa –hau da, finantzen eta inbertsioen zirkulazio librea munduko merkatu bakar baten barruan, non langileak nahiko mugiezinak diren eta negoziazio-botere tradizionalez gabetuak– eta oso gauza desberdina interdependentzia ekonomikoa langileen eskubideen eta ekoizle txikien babes unibertsalak arautua.

Harresiak indartuko dituzte eta bi humanitateren arteko zatiketa sakonduko dute: bata, klima aldaketa eta pandemia berriak arintzeko baliabideekin; eta bestea, horiek gabe

Ikusten ari gara mundu mailako metaketa-sistema bat animalien eta gizakien gaixotasunen arteko muga tradizionalak nonahi apurtzen ari dena, botiken monopolioen boterea handitzen duena, hondakin kantzerigenoak ugaldu, oligarkia lagundu eta osasun publikoarekin konprometitutako gobernu aurrerakoiak eraso, komunitate tradizionalak suntsitu (bai industrialak eta industria-aurrekoak) eta ozeanoak estolda bihurtu dituena. Merkatuek ezarritako soluzioek sortzen dituzte [XIX. mendean] Dickensek azaldu zituenak bezalako baldintza sozialak, betikotuz mundu osoan zehar edateko ura eta saneamendurako eskubidea irabazitako diruaren arabera mugatze lotsagarria.

Egungo krisiak behartuta, kapitalak –handia bezala txikia–, aurre egin behar dio bai munduko bere ekoizpen kateen kolapso arriskuari, baita atzerriko eskulan merkeagoak etengabe lortzeko gaitasunari ere. Aldi berean, erakusten dizkio merkatu berriak txertoetan, esterilizazio-sistemetan, zelatatze-teknologietan, elikagaiak etxeetaraino eramate eta abarretan. Uztartuz arrisku eta aukera, adabaki partzial bat asmatuko dute: eten gabeko gaixotasun erasoen arriskuak murrizteko produktu eta prozedura berriak eta, aldi berean, kapitalismo zelatari [surveillance capitalism, jatorrizkoan] baten garapena bultzatuz. Baina babes horiek –baldin eta merkatu eta erregimen nazionalista autoritarioen esku uzten badira– dudarik gabe mugatuko dira herrialde aberats eta klase aberatsetara. Harresiak indartuko dituzte, ez dituzte eraitsiko, eta bi humanitateren arteko zatiketa sakonduko dute: bata, klima aldaketa eta pandemia berriak arintzeko baliabideekin; eta bestea, horiek gabe.

1919 siderurgia greban AEBetan.  (Arg.: Bettmann Archive)

Pandemia honek zenbateraino irekitzen du aukera bat sistema ekonomikoak eta neoliberalismoaren politikak berrikusteko? Alegia, gerta ote daiteke shock doktrina moduko bat baina alderantziz?

Gerretan gertatzen den moduan, gobernuek eta agintean dauden eliteek neurri kolektibistetara jo dute eta orain arte erradikaltzat edo ‘antisistematzat’ jotzen zituzten politikak ezarri. Joan den mendeko bi sarraski handiei [gerra mundialez ari da] herritarren babesa edukitzeko, kontzesio handiak egin zitzaizkion herrialde aliatuetako langile klasearen gehiengoari, sindikatuen aitortza, negoziazio kolektiboa eta boto eskubidearen hedatzea barne. Gerra garaian estatu-kapitalismoak eragin zuen trenbideen eta zerbitzu publikoen administrazioa estatuek edo militarrek zuzenean kontrolatzea. Gerraren aurkako oposizioa zanpatua izan baldin bazen, aldi berean langileek botere berri bat aurkitu zuten gerra produkzioaren antolakuntzan parte hartzearen truke. Gerrak amaitu zirenean, jakina, korporazioak eta trust handiak saiatu ziren kontzesio horiek desegin eta gerra industriak berriz pribatizatzen; sindikatuek eta ezkerrak, berriz, borroka egin zuten eusteko aldi baterako irabazitakoari. Horregatik izan zen 1919.a historiako greba olderik handieneko urtea.

Izurritearen ondorioz erradikalizatzen ari osasun arloko langileen koalizio zabala eta berekin kontatu dezakegu biharko borroketan are rol garrantzitsuagoa bere gain hartzeko

Oso antzeko egoera baten aurrean gaude gaur, klase guztien osasuna mehatxatzen duten pandemien aurrean. Soberan dauden politika errepresiboekin batera, gobernuak beren izuan ari dira baimentzen neurri progresiboak ere, hala nola, Irlandan ospitaleak nazionalizatzea eta AEBetan diru sarrerak mantentzeko aldi baterako neurriak hartzea, eta horiek borrokarako plataforma berriak eskaintzen dituzte. Horregatik ari gara ikusten halako norgehiagoka bat kapitalaren eta eskuineko alderdi handien artean krisiaren barruan agenda kapitalista bat definitzeko elkarren artean; ezkerrak, berriz, [AEBetan] “Medicare denontzat” bezalako erreforma iraunkorrak irabazteko aukerak esploratzen ditu.

Dena dela, fenomenorik garrantzitsuena izan da "protagonismo historikoa" [historical agency, jatorrizkoan] talismana daukan langile klasearen bloke berri baten agertzea. Ari naiz osasun arloko langileen koalizio zabal antolatuaz (AEBetan, adibidez, erizainen sindikatua dute aitzindari): izurritearen ondorioz erradikalizatzen ari da eta berekin kontatu dezakegu oinarrizko eskubide sozioekonomikoen aldeko biharko borroketan are rol garrantzitsuagoa bere gain hartzeko. Une honetan, krisiaren kontzientzia soziala nabari den gune orotan daude. Beraz, herrialde guztietan, indar aurrerazaleak behartuta daude berehalako lehentasuna ematera lehen lerroan ari diren zaintzaileekiko elkartasunari.

Erizainak Donostian. (Arg.: Dani Blanco)

Zure ustez, zein da agertzen ari diren gaixotasun berrien eta munduko ekonomia kapitalistaren arteko harremana, Ebola bezalako kasuetatik hasi eta eragin handiko andui hilgarrietara arte?

Hemen zenbait osagai zerrendatuko ditut:

Arrantza eta Nekazaritza. Arrantza eta nekazaritza industrialak ari dira lehian tokiko arrantzaleekin eta nekazari txikiekin. Izan Mexikoko Chihuahuan edo Filipinetako Luzonen, zientoka milioi lagunek utzi behar izan dute beren lurra (edo itsasoa) azken hogei urteotan. Urbanizazioa, Txina da horren adibide aparta, laborantza lurrak ere ari dira kontsumitzen beharrik gabe. Baina funtsezko gakoa honako hau da: eskala txikiko nekazaritza, tokiko elikagaien segurtasunaren oinarria dena, bere azpian hartu edo ordezkatu egin du esportaziorako laborantza kapitalistak, eta hau dago lehengaien merkatu espekulatzaileen mende eta ongarri eta pestiziden inportazioei lotuta. Azken horiek, jakina denez, petroliotik eratorriak dira eta, gehiegizko erabileraren ondorioz, minbizia eragiten duten hondakin arriskutsuak are gehiago ugaritzera doaz (pestizidak) eta arrantza guneak hiltzen dituzte (eutrofizazioz ibai, laku eta itsaso zabaleko urak hiltzen ditu).

FAOren arabera, munduko elikagaien ekoizpena (labore edo zerealena batez ere) gutxienez ehuneko 50 handitu beharko da hurrengo belaunaldian, populazioaren hazkundea elikatzekotan. Nekazaritza kapitalistak, nik uste, ezingo du helburu hori bete, ezta bioingeniaritzako laborantzan eta tantakako ureztaketan egindako aurrerapen iraultzaileekin ere, zeren eta mundu mailako merkatuak gaizki antolatzen baititu nekazaritzako ekoizpenak (lehentasuna behi okelari eta ez zerealei) eta ez dielako oinarrizko diru-sarrerarik bermatzen nekazaritzako ekoizle txikiei eta langileei. Aldi berean, 1960ko hamarkadan abiatu zen Iraultza Berdearen oinarria (soroak ureztatzeko milioika putzu zulatzea) gainbehera dator, edonon akuiferoak agortzen edo pozoitzen dira eta. Begiratu Punjab edo Indo haranei, edo, kasurako, uraren krisi larria nozitzen duten munduko hiriei, Mexiko Hiria edo, berriki, Lurmutur Hiria…

Auzo marjinalak. Hondoa jota, ekoizle txikiak hirietara doaz bizimodu bila eta hauetako askok oraindik kolonialismo garaian bezala jarraitzen dute antolatuta, saneamendua, edateko ura eta mediku zerbitzuak europarren auzoetan bakarrik zeuzkatenean bezala. Nasser, Nehru eta Sukarnoren aroan [1950-1960 hamarkadetan] gobernu nazionalista aurrerakoiek osasun publikoan hobekuntza ikusgarriak lortu zituzten arren, geroztik auzo marjinaletako osasun baldintzak, bereziki hiri periferietakoak, arras hondatu dira eta aldi berean populazio kopurua ikaragarri hazi.

Enplegurik eza. Auzo marjinaletako biztanle gehienak ekonomia informalean lan egitetik bizi dira. Neurri handi batean, orain jendeok alferrikakoak dira mundu mailako erreprodukzio kapitalistarentzako. "Soberazko jende" horiek ezin dira iritsi gehienbat enplegu formalari lotuta doazen zerbitzu medikuetara, eta ez daukate aski diru-sarrera merkatu pribatuan arreta medikua erosteko. Kapitalismo korporatiboak, planeta mailan, jada ez du enplegurik sortzen, hori da dena.

Murrizketak osasunean. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, herrialde aberatsek eta haietako bankuek, berregituratze eta doikuntza-programak inposatuz, nazio pobreak behartu zituzten nork bere autonomia ekonomikoari uko egitera, horrekin batera ezarriz zerbitzu publikoen murrizketa eta, sarritan, pribatizazioa. Geroztik, osasun publikoko aurrekontuak ez dira inoiz berreskuratu, eta ez daukate dirurik osasuneko langileei ordaintzeko. Horren ondorioz, Mendebaldeak erauzi eta ostu ditu Kariben, Afrikan eta Asiako hego-ekialdean ikasitako mediku eta erizainak.

Hur eta komun falta. G20-koak ez diren herrialde gehienetan udal eta eskualdeetako aurrekontuekin finantzatzen dira osasun zerbitzuak. Zerga-sistema oso erregresiboei esker konpainia handiek eta tokiko klase ertainek aukera eduki dute ihes egiteko beren betebehar fiskalei, ondoriotzat ekarriz murrizketa oso handiak osasun mailako hornikuntzan eta are handiagoa saneamendu azpiegituretan. Jakina denez, munduan osasun publiko mailako arazoetan larriena da ur garbi eta komun falta, hilkortasunik handiena eragiten duena, bereziki haurren artean.

Adibide lotsagarriena Indian daukagu, non Chennai eta Bangalore bezalako hiri teknologiko ospetsuetan ere, auzo txiroetan emakumeak kaka eta pixa jendaurrean egitera behartuta dauden. Edo AEBetan bertan Flint edo Herdoilaren Eskualdeko [Rust Belt] beste hiri batzuetan: jendeak berunez pozoitu dira iturriko ur zerbitzuaren hodiak zaharkituta daudelako. Edo Nestle eta beste multinaziolak egin duten kanpainan, gobernu neoliberalak bultzatuz beren ur sistemak pribatizatzera. (Txabolategietan pagatuzko komun publikoak ezartzea da asko hazten ari den beste negozio etekintsu bat).

Haurrak Nairobiko Kibera txabolategian 'estolda' ondoan.

Big Pharma eta txertoak. Monopolioen monopolio den Big Pharmak pertsonifikatzen du kapitalismoaren eta munduko osasunaren artean dagoen gatazka. Egia da arazoak dakartzatela botiken gehiegizko prezioak eta patenteez –sarritan unibertsitate eta ikertzaile publikoek hasieran garatu dituzten arren– Big Pharmak daukan jabegoak. Baina, gainera, Big Pharmak alde batera utzi du premiaz behar ditugun antibiotiko eta antibiral hil ala bizikoen garapena. Errentagarriagoa zaie inpotentzia maskulinoarentzako aringarriak sortzea antibiotikoen belaunaldi berri bat garatzea baino mundu osoko ospitaleetan zientoka milaka gaixo hiltzen dituen bakterio-andui erresistente berriei aurre egiteko. Big Pharmak babesa eskatzen du monopolioaren aurkako legeen aurrean, argudiatuz bera dela botiken ikerketaren eragile nagusia; baina egia oso bestelakoa da, I+G-n baino diru gehiago gastatzen du publizitatean. Big Pharmak merkaturatzen dituen farmazia-produktuak eta abangoardiako txertoak gehienetan lehenbizi bioteknologia konpainia txiki eta dinamikoek garatu dituzte eta hauek, beren aldetik, unibertsitate publikoetako ikerketa kapitalizatzen dute. Big Pharma, funtsean, kapitalismo errentazalea da [rentier capitalism], giltzarrapo bat itotzen duena diseinu biologikoan eta txertoen ekoizpenean azaleratzen ari den iraultza.

Superkapitalismoa erabateko traba bihurtu da gure espezieak bizirauteko behar dituen indar produktiboen garapenerako

Kutsadura. Azkenik, bistan denez, kapitalismoak zuzenean hiltzen gaitu, fabriketan ekoitzitako kartzinogeno eta pozoiak giza bizitegi-inguruneetara eta espazio publikoetara esportatuz.

Kontuan hartzeko gauza asko esan dituzu. Laburbildu dezakezu zure argudioa?

Bizi dugun zibilizazio krisia, nire ustez, honetan mamitzen da: kapitalismoa ez da gai gizateriaren gehiengoarentzat diru sarrerak sortu, enplegu eta rol sozial esanguratsuak eman, erregai fosilen isurketak amaitu eta osasun publikoan aplikatzeko biologia egiten ari den aurrerapen iraultzaileak. Krisi konbergenteak dira, batzuek besteetatik bereizi ezinak, eta multzoaren konplexutasunean ikusi behar dira, ez banakako arazo gisa. Baina hizkera klasikoago batean esateko, gaurko superkapitalismoa erabateko traba bihurtu da gure espezieak bizirauteko behar dituen indar produktiboen garapenerako.

Rebecca Dubois ikerlaria. (Arg.: Santa Cruz unibertsitatea)

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude