“Luta ca caba inda”: borroka ez da oraindik amaitu

  • Filipa César artista eta zinemagile portugaldarra da. Egun baina, Berlin eta Ginea Bissau artean bizi da, azken herrialde honetako historian ari baita lanean 2011 urtea geroztik, Ginea Bissauko zinema artxibo militantea bere ikerketaren zutabe bilakatu zuenetik. Donostiako Tabakaleran erakusketa inauguratu berri du, Algodoizko algoritmoak izenekoa. Bertan hiru ikus-entzunezko pieza daude ikusgai, Filipa Césarrek hainbat urtez egin duen bilaketaren emaitza direnak. Pelikula horietan, Ginea Bissauko askapen gerraren irudi, ahots eta honek utzitako testigantzen eta hausnarketen ehuntze prozesu kolektibo baten ondorioak ikus daitezke.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nolatan piztu zitzaizun Ginea Bissaugatiko interesa?

Nire etxean txikitatik entzun ditut Ginea Bissauko historiak eta kontakizunak, izan ere, gerra kolonialaren garaian, nire aita bertara joatera behartu zuten soldadu bezala. Portugaldarrentzat gerra koloniala zena, askapen-gerra izan zen ginearrentzat eta ia bi hamarkadaz aritu ziren borrokan. Urteak pasa ahala, ulertu nuen nire aita eta gure familiako gertuko beste hainbat lagun aktibista politiko konprometituak izan zirela eta frontetik ihes egiten saiatu zirela; baita ginearrei ere eskapu egiten lagundu zietela. Beraz, gerra hura gure familiaren historiaren parte izan da; eta Guinea Bissau berriz, nire aitak hiru urte luze pasa zituen lurraldea. Aitak gainera liburutegi eder bat zuen etxean gerra antikolonialaren gaineko liburu eta materialekin, eta esan daiteke herrialde honekiko interesa etxean bertan piztu zitzaidala.

Urte batzuk geroago irudietan ikusiko zenuen lehenengoz Ginea Bissau…

Uste dut ez zela 2003. urtera arte izan: lehenengoz Chris Marker-en Sans Soleil filma ikusi nuen eta nire bizitzako film garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, bai eduki aldetik baita forma aldetik ere. Muntaiaren aldetik elementu magiko mordoa dago, gustatzen zait nola uztartzen dituen poetika eta politika ere; eta guztiaren gainetik dagoen bizitzaren gaineko galdera hori. Gainera, pelikula hura Japonia eta Ginea Bissaun gertatzen zen eta zientzia fikzioa eta politika oso era berezian konbinatzen zituen. Guztiz harrapatu ninduen eta argi ikusi nuen Chris Marker ezagutu behar nuela.

Ezagutu al zenuen?

Bai, lagun batzuen bitartez berarengana hurbiltzeko aukera izan nuen eta pare bat alditan egon ginen. Ginea Bissauren gaineko galderak egin nizkion eta berak argi esan zidan benetako interesa banuen, bertara joan behar nuela eta Sana Na N’Hada zinemagilea ezagutu. Eta joan baino lehen, Adolfo Bioy Casaresen La invención de Morel liburua irakurri behar nuela ere esan zidan. 2011. urtean lortu nuen Ginea Bissaura joatea eta bertan Sana Na N’Hada eta bertako beste zinemagile batzuekin jarri nintzen kontaktuan.

Argazkia: Dani Blanco.

Orduan izan zenuen lehenengoz Ginea Bissauko zine artxiboaren berri.

Hala da, 2011ko urtarrilean Ginea Bissauko zinemagileak ezagutu eta hauek elkarrizketatzen hasi nintzen gerora publikatuko nuen argitalpen txiki baterako. Orduantxe, Bissauko Film Institutura eraman ninduten eta bertako gela batean zeuden, pilatuta, dozenaka eta dozenaka 16 milimetrotako pelikula lata. Pelikulak oso egoera txarrean zeuden, material asko galtzen ari zen kontserbazio egoera kaxkarragatik. Beraientzat oso garrantzitsua zen artxibo hori berreskuratzea, bertan baitzeuden askapeneko gerran zehar grabatutako hainbat eta hainbat pelikula. Pena zen ikustea nola galtzen ari ziren herri baten historiaren testigu ziren irudi eta ahotsak; eta galdetu nien ea nire laguntza nahi zuten artxibo horrekin zerbait egiten saiatzeko. 

"2011. urtean Ginea Bissauko Film Institutuan dozenaka pelikula-lata aurkitu nituen pilatuta, oso kontserbazio egoera txarrean. Lata horietan zeuden askapen-gerran grabatutako hainbat pelikula, herri baten historiaren testigu"

Zein izan zen beraien erantzuna?

Baietz. Beraien herrialdeko zinemaren historia bertan zegoen, hondatzen ari ziren pelikula lata horien artean. Sana Na N’Hada eta Flora Gomez zinemagileak saiatu ziren lehenago erakunde ugarirekin kontaktuan jartzen artxiboa salbatzeko, Portugalgo Filmotekarekin adibidez,  baina tamalez ez zuten arrakastarik izan. Badirudi artxibo hau, garai hartan, ez zela garrantzitsua munduarentzat; beraz, ez zegoen inolako baliabiderik hau martxan jartzeko. Artearen sistema zen gelditzen zitzaigun bide bakarra. Beraz, nolabait esatearren, sistema artistikoaz baliatu nintzen, hau da, guztiz estrukturatuta dagoen sistema honek eskaintzen dituen aukerez eta pribilegioez, proiektua martxan jartzeko Ginea Bissauko zinemagileekin batera.

Konta iezaguzu, zer nolako materiala zegoen zine artxibo horretan?

Inoiz editatu gabeko material ugari zegoen, irudi gordinak, askapen-gerraren garaikoak batez ere, baina baita bukatutako hiru pelikula ere: Fanado, The days of Anconor eta O regresso de Amílcar Cabral. Garaiko zenbait herrialde komunistetako –Txina, Errusia edo Kuba– pelikulen kopiak ere bazeuden. Garrantzitsua da ikustea zer zegoen artxibo horretan, artxiboak herri horren ilusio eta proiekzioen ispilu bezala funtzionatzen baitzuen. Zentzu horretan, zine geografiaren kontzeptua erabiltzea gustatzen zait, artxiboa eraikitze prozesuan zegoen herrialde baten ametsen lekuko zelako.

Nola hasi zineten material horrekin lanean?

Argazkia: Dani Blanco.

Ikusi genuen oso zaila izango zela Portugalgo laguntza lortzea, garai horretan ez baitzegoen ez dirurik, ezta interes berezirik ere. Orduan Berlinera bueltatu nintzen eta bertako zinemagile lagunekin jarri nintzen kontaktuan, tartean Harun Farocki eta Avi Mograbi, eta artxiboaren berri eman nien. Esan zidaten Arsenal Institutuarekin jarri behar nuela kontaktuan, hauek baitziren artxiboa berreskuratzen lagun ziezaguketenak. Garai horretan, gainera, Farocki ingeniari batekin ari zen lanean 16 milimetrotako pelikulak eskaneatzeko gailu bat garatzen. Hortaz, Berlinen taldetxo bat sortu genuen artxibo hau berreskuratzeko helburuarekin; eta Arsenal Institutuaren laguntzarekin, proiektua martxan jarri genuen. Oso interesgarria izan zen lan prozesua: Ginea Bissauko zinemagileak ere talde honetan zeuden eta era kolektiboan martxan jarri genuen proiektuaren hastapenak izan ziren. Urte bat geroago diru laguntza bat jaso genuen eta artxiboaren digitalizazio prozesuarekin hasi ginen.

Testuinguru honetan sortzen da Luta ca caba inda proiekua. Zertan datza?

Luta ca caba inda-k kreoleraz “borroka ez da oraindik amaitu” esan nahi du. Izenburu hori artxiboan gordeta zegoen lata batean zegoen idatzita, eskuz; edizio prozesuan zegoen pelikula baten izenburua zen. Bertan askapen-gerraren garaiko irudiak zeuden, moztuta eta herrialdearen eraikitze irudiekin zegoen muntatuta gero. Gustatu zitzaigun proposamena, iragana eta etorkizunaren promesa uztartzen zituen amaitu gabeko proiektua baitzen; eta gure proiektuaren lematzat hartu genuen. Borroka ez dela inoiz bukatutzat ematen, ideia hori ere erakargarria zen, izan ere, nahiz eta gerra bukatuta egon, herrialde independentearen eraikitze fase berrian ere borrokan jarraitu behar zuten, oraingoan armarik gabe. Beraz, gure proiektuari dagokionez, hasiera eta amaiera gabeko epe luzeko proiektua da. Lan ildo bat, non zineak mugituta, kolektiboki lan egiten dugun artxibo hau argitara ateratzeko.  Proiektu honen barruan ekoitzi genuen Spell Reel pelikula, besteak beste, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zena.

Hain zuzen Spell Reel pelikula nola egin zenuten galdetu nahi genizun…

Guretzako garrantzitsua zen artxiboa irekitzea, publiko egitea, ideia ez zen kontserbatu eta gordetzea baizik eta argitara eramatea, ginearrei beraien herrialdeko historiaren zati ziren irudi eta ahotsak bere horretan bueltatzea. Hilabetez Ginea Bissaun egon ginen zine mugikor batekin, bertako jendeari artxiboko irudiak erakutsiz eta beraien testigantzak jasoz. Irudiak ikusi ondoren mikroa zabaltzen zen eta ginearrek beraien oroitzapen eta kontuak kontatzen zituzten ikusitako irudien gainean. Mota askotako erreakzioak jaso genituen, gerrillan parte hartu zuten soldaduenak edo Portugalen alde borrokatu zutenenak, adibidez. Emanaldi hauek Sana Na N’Hadak  gidatzen zituen, bera ibili baitzen gerrillan kamerarekin askapen gerra filmatzen. Materiala editatua ez zegoenez, irudiak gordinak ziren, ez zegoen muntaiarekin egiten den kontakizun edo manipulaziorik. Irudiek bere kabuz hitz egiten zuten. Esperientzia hori jasotzen du pelikulak.  

Kontatzen diguzun historia honetan Amílcar Cabral oso figura garrantzitsua da.

"Ginearrek, kolonia garaian, ehuntzen zituzten oihalen atzealdean mezu kodifikatuak sartzen zituzten portugaldarren aurkako matxinadetarako: kreoleraz idatzita zeuden, portugaldarrek ez ulertzeko"

Bai, noski. Cabral Ginea Bissauko askapen mugimenduaren burua izan zen eta nire ustez, oso estrategia inteligentea erabili zuen gerra aurrera eramateko. Cabral lider politikoa zen eta agronomoa ere bazen; eta kulturaren alderdira estrapolatu zituen agronomia alorrean funtsezkoak zitzaizkion ikerketa, esperimentazioa eta hierarkia gabeko ezagutza. 1966an Fidel Castrok laguntza eskaini zion, soldaduak eta armak portugaldarren aurka aritzeko, baina Cabralek ezetz esan zion, ez zuen inolako nazioarteko interbentziorik nahi Ginea Bissauko gerran. Aldiz, honakoa eskatu zion: bere herrialdeko gazteak hezteko laguntza. Horrela, gazte talde bat eraman zuen Kubara medikuntza, farmazia, laborategia eta zinema ikas zitzaten. Zinema ikastera joan zirenen artean lehen aipatu dugun Sana Na N’Hada joan zen, hara joan aurretik pelikula bakar bat bera ere ikusi ez zuen gaztea.  Cabralek jakin bazekien nazioarteko laguntzarik gabe gerra motelagoa izango zela, baina prozesu horretan gazte jendea ideia sozialisten inguruan hezteko eta garatzeko aukeraren alde egin zuen apustu.

Bukatzeko, Tabakaleran Looming Creole proiektua aurkeztu duzu, ehuntze teknikak eta kreole hizkuntzaren arteko harremana ardatz duen proiektua.

Odete Samedo antropologo ginearrak komentatu zidan nola ginearrek, kolonia garaian, ehuntzen zituzten oihalen atzealdean mezu kodifikatuak sartzen zituzten portugaldarren aurkako matxinadetarako. Ideia horrek bultzatuta garatu dut azken proiektu hau, eta hortik ere izenburua, izan ere, mezu horiek kreoleraz idazten zituzten portugaldarrek deszifratu ez zitzaten. Kreolera askapen gerrako hizkuntza izan zen, Ginea Bissauko 32 etniak baino gehiagok hitz egiten zutena. Gainera, badago erlazio interesgarri bat, izan ere, Ginea Bissauko ehuntze sistema zulatutako txartelekin hasi zen egiten, lehendabiziko ordenagailuek erabili zituzten txartel berdinak. Beraz, esan daiteke, ehuntzea gertuago dagoela ordenagailutik idaztetik baino. Tesi honen inguruko hausnarketa ere ageri da filmean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2025-08-29 | Eider Iturriaga
Musika zuzenean Eider Iturriagaren begietan

Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Claire Atherton. Zine-muntatzailea
"Misterioak sortzen du mugimendua, gabeziak"

Chantal Akerman zinegile eta lankidea hil eta hamar urtera, haren ondarea zabaltzen buru-belarri jarraitzen du Claire Atherton muntatzaileak. Gaurkoan, ordea, Athertoni bere ibilbideaz galdetu nahi izan diot bereziki. Gasteizen, Artium museoko areto batean hartu gaitu,... [+]


Juan Carlos Eguillorren lana, Bilbon
'Gora Bilbao askatu!'

Bere sorkuntza grafikoa izugarria izan arren joan den mendeko azken hamarkadetan, baita bere eragina ere inguruko artista eta sortzaileengan, badirudi oraindik ere Juan Carlos Eguillor (Donostia, 1947- Madril, 2011) artistaren izena ezezaguna egiten zaigula. Horregatik, Bilboko... [+]


Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-11 | Jean Larregaray
Amirala
MULTIMEDIA - dokumentala

Buztinlari talde bat biltzen da bere urteko piezen erretzearen kari. Hervék harrera egiten die bere etxean. Erretze hau Anagama deitutako labean egiten da eta 1.280 gradutara iristea da helburua. Urtean bakarrik bizi da etxe honetan. Berentzat, sugarrezko pasabide gisa... [+]


Tarsila do Amaral
Tupi or not tupi, that’s the question

1920ko hamarkadan, Brasilgo hainbat artista, idazle eta pentsalarik bere herriarentzako nortasun propioa eta modernoa sortzeko proiektu kultural berritzaileari ekin zioten. Horrela, Oswald de Andrade poetak Brasilgo modernitate kulturala izango zenaren gidaliburu gisa Manifestu... [+]


Teknologia
Ilusioan bizi

Pasa den astean, itzalaldian, gure burua zaurgarri ikusita, pertsona asko hasi ginen ikertzen, gertatutakoa ulertzeko asmoz: zelan funtzionatzen du elektrizitatea garraiatzen duen azpiegiturak? Zergatik geratu da zaharkitua? Elektrizitatearen fenomeno fisikoak liluratzen nau,... [+]


Emakumeek lan munduan izandako garrantzia islatu dute Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]


Estatua perfumatuak

Eskultura grekoerromatarrek bere garaian zuten itxurak ez du zerikusirik gaurkoarekin. Erabilitako materiala ez zuten bistan uzten. Orain badakigu kolore biziz margotzen zituztela eta jantziak eta apaingarriak ere eransten zizkietela. Bada, Cecilie Brøns Harvard... [+]


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


"Noizbait ere gauzak bukatu egin behar dira, konplitu dugu Argia Sariekin"

Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


2024-11-24 | Basilika
Koro #10: Fakultateko taldeak: 90ko hamarkada
MULTIMEDIA - Basilika

Saio honetan Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretan 90ko hamarkadan egon ziren talde batzuk entzungo ditugu eta garai hartako giroa aztertuko dugu. Horretarako Oier Etxeberria izango dugu gurekin. Oier Akauzazte taldeko kidea izan zen garai hartan eta berarekin hitz... [+]


Eguneraketa berriak daude