“Familiak antolakuntza sexista edukitzea ezinbestekoa da kapitalismoa bideragarria izateko”

  • Tithi Bhattacharya Hego Asiako Historia irakaslea da, luze-zabal idatzi du marxismoari, generoari eta erreprodukzio sozialaren teoriari buruz eta 2017ko AEBetako greba feministaren antolatzaileetako bat izan zen. Feminismoa % 99ren alde (Txalaparta, 2019; itzultz.: Danele Sarriugarte) liburua argitaratu berri du, Nancy Fraserekin eta Cinzia Arruzzarekin batera.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zer da erreprodukzio sozialaren teoria (EST) eta zer ekarpen egiten dio feminismoari?
Galdera potoloa da hori. Marxismoak dioskunez, kapitalismoan langileek salgaiak ekoizten dituzte eta ekoizpen horren bidez kapitalistek etekin batzuk eskuratzen dituzte. Kapitalismoaren osotasunaren ikuspegi osagabea eskaintzen digu horrek, ordea, eta, horren aurrean, erreprodukzio sozialaren teorialariek zera galdetzen dute: salgaiak langileek ekoizten badituzte, nork ekoizten ditu langileak? Hortxe sartzen da gure teoria, bizitza bera sortzeko prozesuak, langile-klasea ekoizteko eta erreproduzitzeko prozesuak, nola gertatzen diren argitzeko.

Eta zer lotura dago bizitza sortzearen eta etekinak sortzearen artean?
Argi dago bizitza sortzea ez dela langile-belaunaldi berriak sortzera mugatzen, zerikusia dauka langileak langile-klaseko kide gisa eskuragarri egotearekin. Kapitalismoak bere beharrei erantzungo dion klasea sortzeko premia dauka. Eta prozesu horretan parte hartzen duten instituzio guztiak hartzen ditu aztergai ESTak, langilea sortzen deneko familia izeneko unitate sozialak, adibidez, mota jakin batekoa izan behar baitu klasea birsortu ahal izateko. Ez da kasualitatea, beraz, familiak antolakuntza sexista edukitzea, hori ezinbestekoa baita kapitalismoa bideragarria izan dadin. Gauza bera gertatzen da eskolarekin, gizartean dagokion lekua betetzen irakasten baitio langile-klaseko jendeari, langile-jendeak ez baitu kapitalarentzako langileak izateko berezko senik.

Bilakaera horretan parte hartzen duten prozesuak dira ESTak aztertzen dituenak.

Zer ondorio praktiko dauzka horrek borroka feministarako?
Bi ondorio praktiko nagusi daude. Batetik, familiari buruzko ikuspegi politizatuagoa eta ñabardura gehiago dituena eskaintzen digu, genero-fabrika nagusia izaten jarraitzen baitu familiak eta, horrenbestez, oso garrantzitsua da familia harreman sozial kapitalisten erdigunean kokatzea. ESTak horixe egiten du, hain zuzen ere: esaten digu familia ez dagoela kapitalismotik bereizita, harreman sozial kapitalisten erdi-erdian baizik, ospitaleek, eskolek, espetxeek eta abarrek osatzen duten harreman sozial kapitalisten sare zabalagoaren barruan. Osotasun kapitalista horren parte da familia.

Feminista ez marxistek patriarkatua eta kapitalismoa zapalkuntza-sistema bereizi gisa aztertu izan dituzte, baina ESTak erakusten du genero-erlazioak sistema kapitalistaren parte direla berez. Gurea sexismoaren teoria unitarioa da. Guztiz baldintzatzen du kapitalismoa ulertzeko modua eta agerian uzten ditu beste alderdi asko.

Argazkia: Wikipedia

Adibidez?
Zapalkuntzek kapitalismoaren ahalmena nola sendotzen duten erakusten du. Kapitala-lana erlazioa ez baita lantokira mugatzen. Arrazak eta generoak ere berebiziko eragina dute erlazio horretan, langile mota batzuek lan-merkatuan duten zapalgarritasuna areagotzen laguntzen baitute. ESTak erakusten digu langileak desberdin erreproduzitzen direla sozialki, desberdinak baitira langile beltz baten erreprodukzio soziala eta langile zuri batena eta, horren ondorioz, langile beltzek soldata apalagoa jasotzen dute lan-merkatuan. Baina, era berean, ume beltzak eskola kaskarragoetara joaten direnez, haien gaitasunak ere apalagoak dira gizartearentzat, poliziaren indarkeriaren ondorioz haien bizitza motzagoa izaten da… ESTak agerian uzten du, bada, langile-klasea modu desberdinera erreproduzitzen dela klase beraren barruan.

Horren bidez ez dugu desberdintasuna nabarmendu nahi, langile-klasearen funtsa baita desberdintasunak gainditu eta denok elkartzea. Baina gainditze hori ezin da ustezko batasun baten inguruan egin. Desberdintasunak izan badirela onartu beharra daukagu, kapitalismoak sortzen dituela, eta hortik abiatuta eta horiek aintzat hartuta borrokan bat egin dezakegu.

Marxez ari zela, Silvia Federicik zera dio Soldataren patriarkatua liburuan (Katakrak, 2017): “Gai honi buruz esan gabe utzi zituenak ez dira distrakzioaren ondorioa, haren lan teoriko eta politikoak gainditzerik izango ez duten muga baten froga baizik. Zer diozu hortaz?
Marxek ez zuen askorik idatzi familiari eta sexualitateari buruz, baina bai berak bai Engelsek behin eta berriz salatu zuten moral viktoriarra eta Marxen testuetan moral burgesaren kritika zorrotzak aurkitzen ditugu eta emakumeen askapenaren babes garbia.

Bestalde, Kapitalaren I. liburukiak erreprodukzio sozialari buruzko ikuspegia eskaintzen digu. Osagabea da eta sakondu beharrekoa, baina ederki azaltzen digu iraun ahal izateko eskulanaren erreprodukzioa ezinbestekoa zaiola kapitalismoari. Alegia, egunero lanera joateko gai izan behar dute langileek eta, horretarako, jana behar dute, atsedena, etxebizitza…, lanean egunero agortzen duten lanerako ahalmena berriztatu behar dute. Berriztatze hori da erreprodukzio soziala. Modu askotara gertatzen da: ugalpen biologikoaren bidez, immigrazioaren bidez, esklabotzaren bidez…

Arazoa da, ordea, Marxek langileen autopreserbazio- eta ugalpen-nahiaren esku uzten duela erreprodukzio soziala, kapitaletik bereizitako prozesu bat balitz bezala, eta oker dabil horretan, kapitalak guztiz arautzen baitu langileen erreprodukzioa.

Zer deritzozu intersekzionalitatearen teoriari eta zertan bereizten da ESTtik?
Lehenik eta behin esan beharra daukat ez dakidala intersekzionalitate kontzeptua Espainian zein testuingurutan erabiltzen den, baina AEBetan, aktibismoaren esparruan (ez naiz akademiaz edo esparru teorikoez ari) «arrazismoaren aurkako»-ren sinonimo gisa erabiltzen da askotan. Eta, beraz, kanpus batean norbaitek «ni feminista intersekzionala naiz» esaten badu, arrazismoaren aurka dagoen feminista dela esan nahi du. Intersekzionalitatearen teoriari dagokionez, ez dut esango harekin ados ez nagoenik, baizik eta, ESTak ez bezala, ez digula kapitalismotik ateratzeko pistarik eskaintzen.

Teoria horrek funtsean esaten digu era desberdinetako zapalkuntzak daudela (generoa, klasea, arraza, gaitasuna…) eta elkar gurutzatzen direla, baina arazoa da ez digula azaltzen zergatik gurutzatzen diren. Ematen baitu ez dagoela inolako arrazoirik gurutzaketa horren azpian, guztiz arbitrarioa dela.

Baina arrazismoak zergatik dauka izugarrizko pisua gizarte batzuetan eta beste batzuetan ez? Ni Indiatik nator, eta azalaren kolorean oinarritutako arrazismoa ez da zapalkuntza modu nagusietako bat (nahiz eta egia den azal argiaren fetitxismoa izan badela). Erlijioa eta kasta-banaketa askoz zapalkuntza modu biolentoagoak dira gurean. Intersekzionalitatearen teoriak, baina, ez digu azaltzen zapalkuntza moduak desberdinak izan arren zergatik jokatzen duten funtzio berbera formazio sozial desberdinetan. Zapalkuntza desberdinak daudela esaten digu, baina ez zergatik. Eta zergatia azaltzeko gai ez bazara, ezin duzu zapalkuntzok gainditzeko teoriarik eskaini.

Hori nola zehazten da generoaren eta arrazaren kasuan?
Intersekzionalitateak esaten du generoa eta arraza zapalkuntza bereiziak direla, baina hori hala da? Badira zapalkuntza-kategoria bereizi batzuk soilik arrazari dagozkionak, eta ez generoari? Zapalkuntza arrazoi bakar bategatik sortzen edo existitzen delako ikuspegi hori azaltzeko tresnarik ez digu eskaintzen teoria horrek, eta iruditzen zait ESTak hobeto laguntzen digula ulertzen kapitalismoak nola erabiltzen duen zapalkuntza eta zergatik behar duen zapalkuntzak egotea.

Edonola ere, esan beharra dago intersekzionalitatearen teorialariek zapalkuntzaren deskribapen guztiz aberatsak eskaini dizkigutela, oso baliagarriak zaizkigunak ulertzeko arrazismoak zer-nolako ondorio kaltegarriak dituen gizartean.

Zein da “haurdunaldi subrogatuaren” funtzioa erreprodukzio sozial kapitalistaren baitan?
Hego globalaren eta Ipar globalaren arteko botere-erlazio inperialistaren adibide bat da: Iparreko bikoteek aukera hori daukate beren zoriontasun pertsonala lortzeko Iparraren eta Hegoaren artean dagoen banaketa kolonialari esker. Hori esanda, beste dinamika izugarri bat sartzen da jokoan hemen. Bikote guztiek eduki beharko lukete ume osasuntsu eta zoriontsu bat izateko eskubidea, haien klase-posizioa edozein dela ere. Kapitalismoaren azpian, ordea, gizakion nahi garrantzitsu hori klaseari eta kolonialismoari lotutako berdintasun-ezaren iragazkitik igarotzen da, eta hori guztiz biolentoa da. Ondorioz, pertsona mota jakin batzuek baino ezin dute umetoki bat alokatu ume bat izateko, sekula ez alderantziz: Bangladeshko emakume antzu pobre batek ezin du Meghan Markle-ren umetokia alokatu. Baina Bangladeshko amak Ipar globaleko emakume aberats batek bezainbesteko eskubidea dauka ume zoriontsu eta osasuntsu bat nahi izateko. Giza desira bat da hori, baina kapitalismoaren azpian ezin da erlazio sozialetatik bereizitako nahi biologiko soiltzat hartu, erlazio horiek guztiz baldintzatzen baitute.

“Haurdunaldi subrogatuaren” aurkako mugimenduak nahiak eskubidetzat hartzea salatzen du, baina umea izateko nahia eskubidetzat jotzen duzu zuk. Zer dela eta?
Umea izateko eskubidea eta umea ez izatekoa parekoak dira niretzat, gogoan hartu behar baitugu, pobreek ume pobreak dituztelako idea malthusiarrei jarraiki, koloreko emakumeak antzutzeko politika ankerrak aplikatu direla historian zehar. Eta emakume beltzak eta azal ilunekoak ama izateko eskubidearen alde borrokatu dira, eskubide hori ukatzen zien estatu kapitalistaren indarkeriari aurre eginez. Historia hori aintzakotzat hartuz, feministek argi ulertu beharko lukete eskubideak testuinguru sozialaren araberakoak direla. Ahaztu gabe, noski, emakumeek umeak izateko eskubidea aldarrikatzearekin batera berek nahi dutenean izatekoa eta ez izatekoa ere aldarrikatu beharra dagoela, eta hori ez duela legeak edo estatuak erabaki behar. Hortxe kokatzen dut, beraz, umeak izateko eskubidea umerik ez izatekoa bezain garrantzitsua delako argudioa.

“Amatasuna bultzatzeko” neurri gisa, dokumentaziorik gabeko emakumeen kanporaketa bertan behera uztea proposatu zuen PPk duela hilabete batzuk, umeak adopziorako ematen bazituzten. Zer deritzozu horri?
Neurri hori guztiz arrazista da, maila asko eta askotan. Batetik, bizimodua ateratzeko eskubidea edukitzeko pobreok geure seme-alabak saldu behar izateko xantaia baitago horren azpian. Bigarrenik, Ipar globaleko herrialde gehienak emakume etorkinen eskulanaz baliatzen direlako erreprodukzio sozialaz arduratzeko: ospitaleetan, garbiketa-lanetan, etxeko garbitzaile eta zaintzaile… Haien erreprodukzio sozialeko lana erabiltzen da gizartea osatzeko, baina gero haien umeak lapurtu nahi zaizkie, gizartea eskulan horretaz baliatu ahal izan dadin. Hirugarrenik, ikaragarria da ikustea etorkinen bizitzak nola ikusten diren bitarteko komertzial gisa, gizarteak eskubidea daukalarik haien umeak berenganatzeko, kapitalistek mahaitik papur batzuk botatzen dizkieten bitartean soldata gisa. Proposamen hori guztiz beldurgarria eta biolentoa da, eta aurre egin behar zaio, indar guztiarekin.

Emakumeen ugalketa-eskubideen aurkako oldarraldi baten erdian gaude, abortu-eskubidearen aurkakoa bereziki. Nola zaio funtzionala kapitalismoari?
Galdera hau oso oso garrantzitsua da, krisi kapitalistaren une honetan klase kapitalistako bi fakzioek alternatiba bana eskaintzen baitigute. Hillary Clintonen ildoko feminismo neoliberala daukagu, batetik. Halakoak emakumeen boteretzeaz mintzo dira, baina boterea agintean dagoen klaseko emakumeentzat nahi dute soilik, ez gehiengoarentzat. Hauek abortu-eskubidearen alde daudela diote, baina ez dira konturatzen umeak izateko eskubidea daukazun lan motarekin daukala zerikusia, eta abortua legeztatzeko borrokatzen badira ere, ez dira soldata hobeen edo bizi-baldintza hobeen alde borrokatzen.

Klase agintariaren beste erantzun bat nabarmenki misoginoa eta arrazista da, eta Trumpek, Indiako Narendra Modik eta halakoek gorpuzten dute. Esaten dizute familia tradizionala babestu behar dugula eta emakumeek balore tradizionalak edukitzea bultzatu behar dugula. Horrekin batera, supremazista zuriak kezkatuta daude zurien kopurua murrizten ari delako Ipar globalean, eta emakume zuriek ume gehiago izatea nahi dute. Beraz, kapitalismoak bi aukera horiek eskaintzen dizkigu nagusiki eta, horren aurrean, belaunaldi berriko feminista marxistok biei bizkarra eman eta klase-borrokan oinarritzen den % 99arentzako feminismoa bultzatu behar dugu, emakume langileen eta munduko herri zapalduen eguneroko borrokekin bat egingo duen motako feminismoa, ulertzen duena abortuaren aldeko borroka ezin dela osasunaren aldeko edo denontzako soldata hobearen aldeko borrokatik bereizi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
2025-10-03 | ARGIA
Euskal udalekuen aurka eskuinak abiatutako lintxamendua salatu du mugimendu transfeministak

Mugimendu transfeministaren ustez, Bernedoko udalekuen inguruko gezurrak hedatu dituzte eskuin muturrak eta sektore erreakzionarioek. “Lintxamendu kanpaina” eta “eraso antolatua” olatu erreakzionario orokorrago baten markoan kokatu dituzte. Sexu-genero... [+]


Rakel Mateo
"Ez dut saiatu ez izanaz damutu nahi"

Ideia bat argi duenean, oztopoak oztopo aurrera doa Rakel Mateo triatleta (Mungia, Bizkaia, 1975). 2001ean lan istripu bat izan ostean, ezkerreko hanka txikituta geratu zitzaion. Horren ondorioz, kirol egokitua deskubritu zuen eta hiru Paralinpiar Jokotan parte hartu du. 


2025-09-26 | Leire Artola Arin
Bernedoko udalekuetako hezitzaileen aurkako difamazioa eta mezu transfoboak gaitzetsi dituzte

Bernedoko hezitzaileen aurkako salaketa publikoak zabaldu dira azken asteetan, besteak beste, nerabeak dutxa mistoak izatera "behartzeagatik". Hezitzaileek gezurtatu egin dute halakorik zein gazteekiko tratu okerrik, eta gaitzetsi dute "mezu transfoboak zabaltzeko... [+]


Esterilizazioa atzo, gurasotasun azterketa gaur: arrazismo instituzionala danimarkan

Danimarkaren menpe segitzen duen Groenlandiako biztanleriaren %88 da inuita, eta beraien hizkuntzan eta kulturan aitzina egite hutsa dute eguneroko desafio. Zuriek kolonizatu zituzten eta gaur egun egoerak bere horretan segitzen du: zurien begietatik bideratuta dagoen... [+]


2025-09-17 | ARGIA
Egitarau oparoarekin dator aurtengo Baterajotzea

Urriaren 31tik azaroaren 2ra Baterajotzea izango da Zaldibarren, Euskal Herriko Gazte Feministek antolatuta. Egitaraua aurkeztu dute, eta izen ematea ireki.


Gorputz hotsak
"Pertsona asko, diagnostikorik gabe daudenez, bizitza kalitatea galtzen ari dira"

Jatorra, alaia eta positiboa da Sara Mirones (Bilbo, 1997). Pandemian mastozitosia izeneko gaixotasun arraro bat diagnostikatu zioten. Ordutik, Maratón de Lunares kanpaina abiatu du gaixotasuna ikusarazteko, gizartea kontzientziatzeko eta ikerketarako dirua biltzeko... [+]


Onintza Enbeita eta Feli Madariaga, lurrari lotutako bi emakume
MULTIMEDIA - elkarrizketa

Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori,... [+]


2025-09-10 | Estitxu Eizagirre
Onintza Enbeita eta Feli Madariaga
"Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko"

Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]


2025-09-10 | Nekane Txapartegi
Zenbat arantza Arantzak

Arantzaren buruko loreek ez zuten arantzarik, Arantzaren bizitzak, ordea, asko. Emakume izatearekin batera, jaiotzetik batzuk. Besteak gaztetatik eransten joan zitzaizkion, komisarian torturak ezarriak, Burgosko prozesuan eta kartzelan, arantza horiek denak patriarkatuak... [+]


Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga
"Film sexualki esplizitua izatea loturik dago errealitate bati, Maspalomasi"

Vicentek 76 urte ditu eta azken mende laurdena Kanaria uharteetan darama, Maspalomas herrian, 50 urteko bizialdian ezkutatu duen izatea haizatzen: homosexuala da. Ezbehar baten eraginez, Donostiara itzularaziko dute, eta zahar etxe batean sartuko. Atzera ere, armairuko ateak... [+]


2025-09-08 | Aimar Lopez
Istilurik gabe baina normaltasunik gabe ospatu dute bertze behin Alarde eguna Hondarribian

Jaizkibel konpainia berdinzaleak Herriko Etxearen eta epaileen deliberoak bete ditu, ez haatik HAOSEk, alarde baztertzailearen antolatzaileek. «Estrategia aldaketa bat» eskatu dio Jaizkibelek auzapezari; ezkerreko ordezkariek «Alardea antolatzeko».


Jaizkibel konpainiak gutuna eman dio alkateari, desfilean: "Estrategia aldatzeko garaia dela adierazi diogu"

Jaizkibel konpainia berdinzaleak ekintza berezia egin du Hondarribiko alardearen egun honetan. Gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako planteamendu batzuk jar ditzala eskatuz.


Armairutik plazara
MULTIMEDIA - dokumentala

Euskal Herriko LGTBI komunitateko hamar pertsonak armairutik nola atera ziren kontatzen dute, baita euren orientazio sexualak eta genero identitateak euren bizitzan zer-nolako eragina izan zuten ere.

Ondokoak dira protagonistak: Beñat Olea komikigilea, Aitzole Araneta... [+]


"Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari"

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude