Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira hainbeste emakumeak alardean onartu nahi ez dituztenak, baina boterea dute”.
Alarde Tradizionalaren pareko ordutegi eta espazioak konkistatu zituen iaz Jaizkibel konpainiak, Abotsanitzen udal gobernuak ahalbidetuta. EAJk urtetan konpainia baztertu ostean, “konpainia bat gehiago” gisa aritu ahal izan zuen. Hori bai, gainerako konpainietatik aparte. Berrikuntzarik ba al da aurten? Nolako irailaren 8a espero behar dugu?
Bai, udal gobernu berriaren esku-hartzea ikusi genuen iaz eta ordura arte betatuak genituen espazio batzuk eskuratzeko aukera izan genuen, gainera lehen aldiz konpainia gisa aitortu gintuen udal gobernuak. Aurten ildo berean jokatuko zuela uste genuen, baina ez dugu aurrerapausorik ikusi. Jaiak antolatzen dituen (ordutegia, espazioak, ibilbideak…) alkatetzaren aurtengo ebazpena sorpresa desatsegina izan zen, ez delako iazkotik aurrerapausorik eman. Penaz bizi dugu, aukera galtzea izan delako: herriko panorama bai politikoki bai sozialki jai parekideen orain arteko aldekoena denean, udal gobernuak ez du olatua aprobetxatu.
Eta zergatik uste duzue frenoa jarri duela udal gobernuak?
Izan ditugun bileretan ez zaigu argi azaldu zergatia, egia esan. Ebazpenarekiko harridura eta haserrea adierazi genuenean, planteamendu berrietarako negoziaketetan zailtasunak izan omen dituztela erantzun digute. Badago udal gobernuaren aldetik auto-freno bat, ausardia falta, aurrera jarraitzeko.
"Herriko panorama bai politikoki bai sozialki jai parekideen orain arteko aldekoena denean, udal gobernuak ez du olatua aprobetxatu"
Alarde hasieran (Gernikako Arbolan) Jaizkibel konpainiak eta gainerakoek bat egitea saihesteko, desplantea egin zuten iaz Alarde Tradizionaleko konpainiek (bai iaz, bai aurten, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu du Alarde Tradizionalaren aldeko elkarteak alkatetzaren ebazpenaren aurka, espazioa Jaizkibelekin ez partekatzeko). Zuek esana da: “Ez dute herri elkartu bat ikusi nahi, herri zatikatu bat nahi dute”. Zer gertatuko da aurten?
Desplante horrekin alarde baztertzaileak neurri batean nahi zuen Jaizkibelekiko ezinikusia edo mespretxua adierazi, baina agerian utzi dute aldarrikatzen dituzten tradizioekiko behin-behinekotasuna. Alegia, emakumeak soldadu ateratzea tradizioa apurtzea dela argudiatu digute etengabe, baina desplantearekin tradizioak markatzen dituen urteroko espazio eta ordutegiei muzin egin diete. Behar eta garaien arabera, tradizioak aldatu egin daitezkeela erakutsi dute eurek.
Pentsatzen dut aurten berriz ere Jaizkibelekiko distantzia markatzen jarraitu nahiko dutela, eta Gernikako Arbolan espazioa partekatzea saihestuko dutela. Hala eginez gero, batasun irudi hori saihestuko dute, baina beren teilatuari harrika egingo diote, oso irudi txarra emango dutelako beren baitako jendearen artean ere. Gainera, nahiko alferrikako ekintza da, jaiak ere badirelako txosnak, kaleak, tabernak… eta zaila dute espazio horietan ematen diren konpainien eta lagunen arteko nahasteak saihestea. Zorionez, HAOSEk [Alarde Tradizionalaren aldeko elkarteak] irudikatu nahi duena baino dezente elkartuago dago herria.
Nolakoa izan da ikasturtea? Egon al da elkarrizketarik, mugimendurik?
Elkarrizketarako beti irekita gauden heinean, eragile ugarirekin aritu gara; HAOSE da bakarra gurekin elkartzea lortu ez duguna. Mugimenduei dagokionez, proposamenak izan ditugu irailaren 8ari begira, eta prest ginen hainbat gauzatan amore emateko, gainerako konpainiekiko hurbilago joatearen mesedetan, baina azkenean proposamenek ez dute aurrera egin. Lehen nioen moduan, aldaketarako gogoa ikusten da, baina ausardia falta freno bihurtzen da.
“Elkarrizketa bideratzen bada alarde parekidea lortzera, ez goaz ondo”, esana du EAJk. “Inposaketa ezin dugu onartu”. EAJrentzat inposaketa da emakumeek alardean parte hartzea. Arreta ematen du, hainbeste urteren ondoren zeinen irmo heltzen dien Hondarribiko EAJk halako diskurtsoei.
Beraiek udal gobernuan eman zituzten kasik 30 urte horietako mezu berdinekin jarraitzen dute oraindik; azken finean, estrategia diskurtsibo bat da, hauteskundeetako eszenatokian ondorioak dituela jakitun. Haientzat inposaketa da, gustuko ez duten jai eredu bat delako, baina herritar batzuei ukaturiko eskubideak berreskuratzeko eta denok jaiak askatasunez eta berdintasunez ospatu ahal izateko ari gara lanean.
Dena den, halako diskurtsoak hain onartuak izatera eta hainbeste urte eta gero egoera honetan segitzera iritsi gara, ez soilik herriko udal gobernuak egin duenagatik edo ez duenagatik egin, beste instituzioetan ere jarri behar dugu fokua: Jaurlaritzak eta Aldundiak izan duten isiltasunak ere eraman gaituzte gauden lekura. Duten erantzukizuna garbia da eta busti egin behar dute.
"Badago aldaketarako gogoa, eta ongi dago datuak izatea, bestela sarri herrian sinetsita dugun irudia beste bat delako. Herria batzuek nahiko luketena baino elkartuago dago"
Jaietako kartelean Jaizkibel konpainia agertzen da ordezkatuta, lehen aldiz. Mota honetako keinuei zenbaterainoko garrantzia ematen diezue?
Pozgarria da, herriko jaien paisaian sartzen gaituztelako, orain arteko boikotaren gainetik. Urrats txikiak dira, baina esanahi sinboliko handikoak, Jaizkibel konpainia ikusarazteak badakarrelako neurri batean aitortza soziala eta gu ere normaltasunaren parte izatea. Jende multzo handi baten aukera gara jaietan.
Udal gobernuak esan zuen 2023 “sinboloen urtea” izan zela eta 2024 “administrazioaren urtea”. Aurten zeren urtea da?
Ulertua dut herritarren urtea dela, eta bide horretan udal gobernuak elkarrizketa mahaiak eta foroak antolatu ditu, kontsentsua helburu. Elkarrizketa sustatzea ongi dago, baina udal gobernuaren estrategiak ez du bide luzerik, helburuak ezin du kontsentsua izan, ez baita kontsentsu kontua, eskubide kontua baizik: herritar batzuon eskubideak urratzen dira, diskriminazio eta zapalkuntza sistematiko bat pairatzen dugu. Bilatzen duzuna bada kontsentsua, eta ez eskubideak berdintzea, elkarrizketan parez pare jartzen badituzu bi aldeak, zilegitasun bera ematen diezu zapaltzaileari eta zapalduari, eta horrek ezin du izan. Ezin duzu zama guztia jarri herritarrek adostasuna bilatu dezaten, korapilo hau askatzeko bestelako bitartekoak behar dira.
Udal gobernuak hondarribiarren artean egindako inkestaren arabera, gehiengoak alarde berdinzale bakarraren alde egiten du. Nola ulertu behar dugu datua?
Argazkiak esperantzaz betetzen gaitu. Badago aldaketarako gogoa, alarde parekide bat izateko eta emakumeek alardean parte hartzeko nahia, eta ongi dago datuak izatea, bestela sarri herrian sinetsita dugun irudia beste bat delako. Aldaketarako klima antzematen da eta herria batzuek nahiko luketena baino elkartuago dago. Alardeak parekide izaten amaituko du, kontsentsuz edo kontsentsurik gabe.
"Fitxak aldatzen hasten direnean, bukatu da barealdia, immobilismoa delako HAOSEren indargunea. 1990eko hamarkadako diskurtsoetara bueltatzen ari dira, gatazkaren espiritua berpizten"
Ildo horretan, 2.000 sinadura bildu ditu Guztion Alardea ekimenak, emakumeak edozein konpainiatan soldadu atera ahal izatea babestuz. Jaizkibelek duen helburu bera dute, baina Jaizkibelen ateratzen ez den jendea da; are, horietako asko Alarde Tradizionalean ateratzen dira edota Alarde Tradizionala ikusten dute. Nola baloratzen duzue Guztion Alardea hartzen ari den indarra?
Emakumeak alardean nahi dituzten eragile ezberdinak jaiotzen ikusi ditugu azken urteetan, eta bat gehiago da Guztion Alardea. Guretzat beti da pozgarria halakoak agertzea, Jaizkibelen helburu bera duten heinean. Guztion Alardea gai izan da gu iritsiko ez ginatekeen jende batengana iristeko, eta oso baliagarria da hori. Azken urte honetan bereziki hurbil izan ditugu, elkarlanean aritu gara, eta arrakasta badute, guztion arrakasta da, beraz ondo joatea opa diegu.
Beste aldean, HAOSE aldaketekin haserre ikusi genuen iaz. Jarreran aurrerapausorik antzeman al duzue?
HAOSE ezezagun handi bat da, haren itzala baino ez dugu ikusten, inoiz ez dugulako haiekin hitz egin, inoiz ez dute nahi izan. Alde horretatik, ez daukagu gainerako herritarrek baino informazio gehiago, baina azken urteetan bazirudien Hondarribian gauzak asko lasaitu zirela, eta iazko aldaketek sortutako erreakzioak erakutsi du barealdi hori zela ordura arte zuten erosotasunaren ondorio. Fitxak aldatzen hasten direnean, bukatu da barealdia, immobilismoa delako HAOSEren indargunea. Haserrea erakusten badute, norantza onean goazen seinale, eta nabari da aurten, iazkoaren ildotik, euren oinarriak indartzen ari direla, 1990eko hamarkadako diskurtsoetara bueltatzen, gatazkaren espiritua berpizten… Ikusi beharko da irailaren 8an noraino iristen den haien egonezin eta haserrea.
Hori esanda, aintzat hartuko nuke HAOSE ez dela bloke bakar eta homogeneoa, iritzi aniztasuna ere badagoela eta haien baitan dauden bestelako diskurtsoak isilarazten saiatzen direla. Ez dira hainbeste emakumeak alardean onartu nahi ez dituztenak, baina boterea dute eta gai dira gainerakoak isilarazteko.
Kufiya palestinar zapia eramango du Jaizkibel konpainia berdinzaleko kide ugarik, Hondarribiko jaien egun nagusian, Palestinarekiko elkartasuna ikusarazteko. Jaiak eta politika ez nahasteko diotenen aldean, “jaiak ere badira justizia eta eskubideak adierazteko plaza... [+]
Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.
Alardean desfilatuta ere honek «herriaren benetazko errealitatea irudikatzen ez zuela» ikusita sortu zen 2019an Guztion Alardea, «herria polarizatua dagoelako, baina ikusten ez den masa gris handia dagoela irudikatu beharra zegoelako». Eneko Gonzalez eta... [+]
Hondarribiko Alardearen harira herrian aurten bizi izan den tentsioa garbi islatu du Igor Enparan alkateak, hondarribiar guztiei bidali dien eskutitzean. "Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut. Zurrumurruak eta gezurrak zabaldu dira herritar guztion arteko... [+]
Hondarribiko jai egun handian, Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainia parekideak bat egin behar zuten lehen aldiz abiapuntuan, baina argazki hori saihesteko, tradizionaleko konpainia guztiak berandu joan dira hasiera puntura. Plantoak planto, ordea, lehen aldi ugari bizi... [+]
Hondarribiko Alarde tradizionala eta Jaizkibel konpainia desfilatzen aterako dira, urtero bezala, irailaren 8an. Baina orain arte EAJk gobernaturiko udala Abotsanitzek eskuratu du eta egin dituen aldaketek hautsak harrotu dituzte Alarde tradizionalean. “Konpainia guztiak... [+]
«Gatazkaren konponbidean baliagarria izango delakoan» EH Bilduko Lantalde Feministak egindako hausnarketa plazaratu du Arma Plazan. Igor Enparan alkateari «Jaizkibel konpainiak bakarrik betetzen duen legea betearazten hasteko, eta Alarde bakarra, guztiona eta... [+]
Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea... [+]
Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.
Hondarribiko alardearen bezperetan, alarde tradizionalaren baitatik sortutako proposamenez, udal aldaketak zabaldu ditzakeen ateez eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarritakoaz (alarde tradizionalari eta Jaizkibel konpainia parekideari egingo diela harrera) hitz egin dugu... [+]
Hauteskundeen ondoren zabalduko den aro berri honetako alkatea "konponbidearen alkate bilakatzea" espero du Guztion Alardeak.
Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.
Hondarribiko alardean konpainia parekide bakarrak egindako desfilea oso jendetsua izan da eta txalo artean hartu dute ibilbidean zehar.
Alarde fundazioari eta Hondarribiko Udalari bideratu diete alardean parte hartzeko eskakizuna, kantinera bezala ez ezik, soldadu gisa ere bai. Guztion Alardea elkarteak eman du urratsaren berri. Alarde baztertzailearen bueltako gazteek sortu zuten elkartea, defendatzen baitute... [+]