“Emakumeen aurkako indarkeriak intentzio politiko argia du”

  • Emakumeak gatazka politiko eta armatuetan duen egitekoaz jardun du hainbat ikerketatan, erbesteetan batez ere, genero perspektiba erabiliz beti. Ikertua du emakumeak, gatazkan ez ezik, gatazka ondoko baketze prozesuan ere jokatzen duen rola. Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko lanean beti Irantzu Mendia Azkue.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Irantzu Mendia Azkue (Gasteiz, 1976)

EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle da, eta Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuko-Hegoako kide. Hainbat ditu intereseko ikergaiak: gatazka armatuen azterketa feminista, bakea eraikitzea, justizia trantsizionala eta memoria historikoa, besteak beste. Ikuspegi konparatua baliatzen du bere lanean eta El Salvador, Guatemala, Kolonbia eta Mendebaldeko Saharan feminismoak giza eskubideen defentsan eta inpunitatearen kontra gauzatu duen borroka ikertu du. Euskal Herriko Foro Sozial Iraunkorreko Genero Taldeko kide ere bada, eta, bertatik, gure herriko baketze prozesuan emakumeen esku hartzeari ekarpen egiten ari da.

Zein ekarpen egin dezakete kanpoan aztertu dituzun gatazkek gure egoeran? Dela emakumearen egoeraren ikuspegitik, dela politikotik oro har.

Gatazka bakoitza bere testuinguruan aztertu behar da. Zeinek bere berezko historia, subjektu eta dinamikak ditu. Testuinguruak beti mugatuko ditu gatazka bakoitzaren zenbait partikularitate. Hala ere, niri azterketak begirada konparatibo batetik abiatzea interesatzen zait. Horren bidez bakarrik ohartu ahal gara ager daitezkeen antzekotasun eta diferentziez, eta esperientzia ezberdinetatik ikasi. Ez dut uste, beraz, gatazka bakoitza “bakarra eta aldera ezina” denik. Emakumeen bizi-esperientziei dagokienez, ohikoa izaten da ikustea indarkeriak espezifikotasun batzuk hartzen dituela, edonon, generoak zeharkatuta. Sexu indarkeriari dagokionez, batik bat. Gatazka bortitz guztietan ditugu armak hartzearen aldeko hautua egiten duten emakumeak, eta baita hasieratik bertatik bakegintzaren alde kokatzen direnak ere. Nik ekarpen garrantzitsu gisa azpimarratuko nuke herrialde askotan mugimendu feministak egin duen borroka iraunkorra. Gatazken konponketarako espazioetan egoteko aldarri egin du, eta indarkeriak eragindako inpaktuen aurrean lan egin du; egia, justizia eta erreparazioaren agendan, esate baterako.

Hori horrela izan al da Euskal Herriaren kasuan?

Euskal Herriaren kasuan, ez dut ikusi mugimendu feministak hainbeste protagonismo hartu duenik, subjektu gisa, gatazka politiko eta armatuari loturiko gaietan. Ez modu autonomoan, ez bestelako gizarte mugimenduekin aliantzak eraikiz ere. Gurean, historikoki, gatazkaren kudeaketari dagokionez, pisu edo zer esan gehiena alderdi politikoek eta instituzioek izan dute, eta ez hainbeste eragile sozialek.

Emakumezkoen aldarriak aberriaren kontrakoak balira bezala hartzen direla esan zenuen behin Argia honetan bertan (2004ko urriaren 24a, 1.963 zbkia.) Horretan al zaude oraindik?

Baietz esango nuke. Gatazka eta gatazka osteko testuinguruetan oraindik badago joera hori. Emakumezkoen borroka autonomoa –posizionamendu alderdikoi jakin batzuetatik harago kokatzen dena, alegia–, banaketa edo haustura iturri balitz bezala ulertzeko joera. Muturreko kasuetan, aberriaren kontrako “traiziotzat” ere hartu izan da. Batez ere, emakumezkoen aldarrikapenek “norberaren bandoan” kokatu daitezkeen subjektuen indarkeria salatzen dutenean; eta, bereziki, emakumeen kontrako indarkeria salatzean. Muturreko kasuak ez direnetan aldiz, mesfidantzaz edo ulertezintasunez hartzen dira, maiz, emakumeen aldarriak.

Esate baterako?

Niri aztergai interesgarria iruditzen zait Kurdistango kasua. Izan ere, han, azken urte hauetan gero eta gehiago ari da hedatzen herri kurduaren askatasunaren aldeko borroka, eta aldarri feministen aldekoa, borroka bat bakarra direla. Kolonbian, aldiz, 2016ko Bake Akordioetan genero ikuspegia txertatzea, eta emakumeen eta LGTBI mugimenduko kideen eskubideen aldeko neurriak hartzea, mehatxutzat hartu zituzten eskuineko sektore kontserbadoreek. Horiek, esate baterako, generoaren auzia astindu zuten, Bake Akordioari buruzko erreferenduma ezetzak irabaz zezan.

Gatazkak, oro har, modu berdinean kolpatzen al ditu gizon eta emakumeak?

Ikerketa feministek agerian utzi dutenez, gatazkek eta, bereziki, indarkeriak, inon ez dituzte berdin kolpatzen gizonak eta emakumeak. Dakigunez, jendartearen antolakuntza patriarkalean, gizonei eta emakumeei dagozkien rolak, identitateak, sinesmenak eta baloreak oso zehaztuta daude. Hain zuen, horrexek eramaten gaitu bizi-baldintza eta gizarte posizio desigualak izatera. Gatazka –gerra, barne–, gizarte fenomenoa den heinean, antolakuntza patriarkal horrek berak zeharkatuta dago. Gerrak, gainera, muturreraino eraman behar izaten ditu genero rol tradizionalenak, gerra bera posible egiteko!

"Gerrak muturreraino eraman behar izaten ditu genero rol tradizionalenak, gerra bera posible egiteko”

“Gerra bera posible egiteko”. Zer esan nahi duzu?

Adibidez, jendartean hedatu behar du indarkeria gauzatzeko oso prest dagoen maskulinitatea. Gainera, emakumeak defendatu beharreko propietatea diren irudi zaharra ere berreskuratu egin behar du. Harreman hierarkizatuak eta autoritarioak ere legitimatu behar ditu, lidergo militarrek euren boterea tinkotu dezaten. Eta abar... Testuinguru horretan, emakumeen eskubideek atzera egiten dute –etengabe, gainera–, eta emakumeen kontrako indarkeria intentsifikatzeko prozesua gertatzen da. Bestalde, jakina da gatazka politiko eta armatuetan, generoaren araberako indarkeria dela-eta, giza eskubide batzuen urraketek neurrigabe inpaktatzen dutela emakumeengan. Adibidez, sexu indarkeria, behartutako migrazioak, eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen galera.

Uda atariko, ekainaren lehenengoan, justizia feministari buruzko mintegia egin zen Bilbon. Zer esan nahi du “justizia feminista”-k?

Feminismoak ezinegon handiz bizi du indarrean dagoen justizia eredua. Mendebaldeko herrialdeetan estatu modernoaren sorrerak errotu eta sendotu zuen justizia sistemaren ardatza ez da inoiz izan emakumeen eskubideak bermatzea. Dakigunez, herritartasun eskubideen eraketa historikoan emakumeak alboratuak izan ziren, eta esklusio horren oinordekoa da ezagutzen dugun justizia sistema. Mentalitate eta jarrera patriarkalek guztiz mugatzen duten sistema horretan aldaketak eragiten saiatu dira emakumeak historian zehar, eta, zehazki borroka feministatik borrokatu da emakumea, legegintzan eta justiziaren gauzatzean eraldaketak lortzeko. Aurrerapenak lortu badira ere, gauzak gehienbat bere horretan dira. Emakumearen testigantzari ez zaio sinesgarritasunik ematen, emakumearen kontrako krimenak ez dira behar bezala hartzen eta ikertzen, biktimak indarkeria instituzionala ere jasan behar izaten du…

Argazkia: Dani Blanco.

Hortik Bilboko mintegia, feminismoak justizia ereduari buruzko gogoeta…

Feminismoak nazioartean eztabaida serio bat abiatu du, eta horrekin batera oraindik definitze prozesuan dagoen “justizia feminista” eredu bat eraiki daitekeen auzia mahai gainean jarri da. Pentsamendu ildo ezberdinak daude horri buruz, eta, ondorioz, justizia gauzatzeko estrategia eta modu ezberdinak. Adibidez, justizia-sistemak dituen joera patriarkalen azterketa aski partekatua bada ere, batzuen ustez sistema barrutik apurtzea, edota eraldatzea, da garrantzizkoena, emakumeen kontrako krimenek duten larritasuna diskurtso eta praktika juridikoan izan beharko luketen lekuan kokatzea –sexu-indarkerien kasua, adibidez–, litigio estrategikoen bidez aurrerapausoak ematen jarraitzea... Beste batzuen ustez, berriz, justiziaren bestelako nozio eta praktikak sortu beharko genituzke, non instituzioak ez bailuke hainbesteko protagonismoa izango, eta bai, aldiz, komunitateak berak. Horrela, indarkeriaren biktimari arreta egokiagoa emango litzaioke –arreta hurbila, zaintzan oinarritutakoa…–, eta justizia eta erreparazioa oinarri lituzkeen erantzukizun kolektiboaren kultura hedatuko litzateke. Ildo honen barruan, badira zigorra, kartzela eta sistema penala bera kolokan jartzen dituzten posizio abolizionistak ere.

Emakumeak torturatzen dituzte, gerretan bortxatzen, abusuak jasanarazten… Ikusgarritasunik batere ba al du emakume horrek?

Giza eskubideen urraketa larri horiek azken hamarkadatan ikusgarritasuna irabaziz joan dira, eta hori mugimendu feministari esker izan da, bai azterketa teorikoen ikuspuntutik eta bai praktika politikoaren ikuspuntutik ere, esfortzu handiak egin direlako. Horretarako, historian zehar eta edonon normaltasunez hartu izan den emakumeen kontrako indarkeria borroka feministaren ardatz bihurtu izana estrategikoa izan da. Indarkeria hori salatzeak eta patriarkatuaren tresna nagusi gisa kokatzeak asko lagundu du horren “desnaturalizatze” prozesuan: indarkeria ez da normala, ez da naturala eta intentzio politiko argia du.

Emakumeak gatazketan jokatu duen rola aztertu duzu han eta hemen. Zer diozu Irun eta Hondarribiko alardeez?

Aztertu ditudan kasu guztietan armak hartzea erabaki duten emakume borrokalariak egon dira, nahiz eta kopuru aldakorretan. Litekeena da Euskal Herrian izan diren gatazka bortitz orotan ere armak hartu dituzten emakumeak egotea. Alardeen esanahia gerrari loturiko gertaera historiko bati buruz oroimena egitea bada, bertan emakumeak borrokalari gisa agertzea oroitu nahi den errealitatearekin guztiz bat etor daiteke. Baina horrek oraindik gure jendartean emakumeen eta gizonen portaera idealizatu eta estereotipo errotuenak apurtzen ditu, eta, ondorioz, erreakzio matxistak eta kontserbadoreak sorrarazten ditu.

Eta, orduan, horrelaxe segituko dugu beti eta betiko?

Gasteiztarra naiz, eta han, batzuek, gogo handiz hartu dute urtean behin 1813. urteko Gasteizko Borroka errekreatzea Armentiako landetan. Irudiek betikoa erakusten dute: gizon asko soldadu jantzita, fusilak eskuan, oinez edo zaldi gainean… Agertzen diren emakume bakanek zer egiten dute? Fikziozko borroka horretan zaurituta dauden gizonak sendatu. Askoren begietan horixe da gerrari buruzko iruditeria bakarra!

Kapitalismoaren eta patriarkatuaren arteko loturak identifikatzen ere egiten duzu lan. Nola egiten da hori?

Kapitalismoa eta patriarkatua elkar elikatzen duten bi esplotazio sistema dira. Biek ere gauza bera inposatzen dute: gizarte antolaketa eredu jakin bat, non pertsonak eta herriak gutxiengo baten kapitalaren akumulaziorako beharrezkoak diren posizioetan kokatzen baitituzte. Kapitalismoak, bere fase historiko guztietan, indarkeria erabili behar izan du bizirauteko, esplotazio sistema guztien aurrean erresistentziak garatzen direlako, logikoa denez. Bere aldetik, patriarkatuak lan itzela egin du indarkeriaren erabileraren legitimazioari dagokionean. Lehiakortasuna goraipatuz, adibidez: “Indartsuenaren legea”-ren ideia finkatu du, norbanakoen eta kolektiboen arteko harreman hierarkizatu eta injustuak normalizatu ditu, helburu ekonomikoak eta militarrak bateratu ditu.

Harreman injustuak gizon-emakumeen artean, esan nahi duzu?

Bai, nahiz eta ez bakarrik. Hala kapitalismoak nola patriarkatuak, biek ere inpaktu oso negatiboak dituzte gizonezko zein emakumezkoengan, baina inpaktu horiek desigualak dira, gizartean gizonaren bizitzari, eta maskulinitate jakin bati, balio handiagoa ematen zaiolako. Horregatik, pobreen eta prekarizatuen artean emakumeak dira pobreenak eta prekarizatuenak, eta, era berean, horregatik, emakumeen aurkako indarkeriak, gizarte estratu edo klase guztietan ere, konstante bat izaten jarraitzen du. Horri, gainera, historikoa den beste esplotazio sistema bat gehitu behar diogu, hau da, kolonialismoa. Izan ere, kolonialismoa, patriarkatua bezala, kapitalaren akumulazioaren mesederako eraikia izan den sistema bortitza da: Mendebaldeko herrialdeen mugetatik harago zapalkuntza besterik ez du eragiten.

Haize freskoa

“Apurka-apurka hurbildu nintzen genero ikuspegira eta horren erabilera politikoaren eragile izan den mugimendu feministara. Neure testuinguruarekin bat eginez eta kontzientzia handiagoa hartuz joan nintzen heinean gertatu zen hurbiltze hori. Leiho bat ireki zitzaidan, feminismoak zabaltzen duen leihoa da. Laster konturatu nintzen hortik datorren haize freskotik arnastu nahi nuela”.
 

Alardeen balioak

“Nik, egia esan, ez diot interes handirik ikusten horrelakoak oroitzeari [alardeak, Gasteizko borroka…]. Horiek militarizazioaren eta militarismoaren balioak normalizatzea besterik ez dute indartzen. Seguru nago bestelako gertaera historiko askori eman ahal diegula garrantzia, borroka feministarako edo herrien askapenerako garrantzitsuak izan diren gertaerak”.
 

Gatazkak

“Gatazken teorian erabiltzen den kontzeptu bat ‘ezin landuzko gatazkak’ da. Batzuetan, gatazkak iraunkor bihurtzen dira, ‘gatazka ahaztuak’ direlako. Agenda politikoan edo komunikabideetan agertzeari uzten diote –hala tokian nola nazioartean–, gatazka horiek konpontzeko pausoak ematen ez direlako. Irun eta Hondarribiko alardeak ez dira ‘gatazka ahaztuak’, baina konpontzeko bitarteko politiko guztiak ez dira jartzen, ‘enkistatzen’ utzi dira eta, horrela, iraunkor bihurtu dituzte”.

Azken hitza: Emakumeen arteko ezberdintasunak

“Indarkeriak ez ditu emakume guztiak era berean jotzen. Gizartearen hierarkizazioak eragiten dituzten faktoreek ere –dela arrazakeria, klasismoa, kolonialismoa eta abar–, ezberdintasunak sortzen dituzte emakumeen artean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Sexu-indarkeria Antartikako ikerketa-base estatubatuarretan

AEBko Zientzia Fundazioaren Antartikako Programak (USAP) jakitera eman duenez, Antartikako ikerketa-baseetan 2022-2024an egin duten galdeketan, parte-hartzaileen % 41k adierazi du sexu-erasoa edo sexu-jazarpena jasan duela.


Zizur Nagusian emaztea hil zuen gizonak behin-behineko espetxealdia etxean beteko du

85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.


Hainbat pertsona atxilotu dituzte eraso sexistak leporatuta Bilboko Aste Nagusiko lehenengo bi egunetan

Bilboko Aste Nagusian hainbat pertsona atxilotu ditu Poliziak eraso sexistak leporatuta. Egoera horren aurrean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du Polizia "eraginkorra" dela eta Bilbon "inoiz baino polizia gehiago dagoela".


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Bakioko jaietako gau bateko egitaraua bertan behera utzi dute, sexu erasoen eta borroken gorakadagatik

Abuztuaren 29ko gaueko egitaraua bertan behera utzi dute, iazko jaietan gau horretan izan baitziren indarkeria kasuak: sumisio kimiko bidezko sexu erasoak eta borrokak "nabarmen" areagotu zirela azaldu du Amets Jauregizar herriko alkateak. Abuztuaren 28tik 31ra bitarte... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita

2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]


Algortan izandako taldeko sexu-eraso baten ustezko egileetako bat atxilotzeko agindua eman dute

Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak atxilotze-agindua eman du 2023ko urrian Algortan jazotako talde sexu-eraso batean ustez parte hartu zuen egileetako baten aurka. Kasua sexu-eraso larri gisa sailkatu du magistratuak eta poliziari eskatu dio, gaztea aurkitzen dutenean, epaitegira... [+]


Nagusikeria

Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


“Intentsitate handiko” bi sexu eraso erregistratu dituzte Iruñeko sanferminetan

Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]


2025-07-14 | ARGIA
Sanferminak “nahi bezala gozatzeko eskubidea” aldarrikatu dute Iruñean, ostiraleko sexu erasoa eta gero

Mugimendu Feministak deituta, ehunka herritar, ordezkari politiko eta jaietako talde bildu dira uztailaren 13an Iruñeko Gaztelu Plazan. Intentsitate handiko eraso baten eta intentsitate txikiko beste hainbat erasoren testuinguruan egin dute elkarretaratzea. Eraso sexistarik... [+]


Zartako eta Radiocrimen taldeek baxu jotzailea kanporatu dute indarkeria matxista leporatuta

Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuak publikatu ditu hainbat salatzaileren mezuak. Horietan salatu dute bi talde horien baxu jotzaileak haren bikotekide ohiak fisikoki eta psikologikoki eraso izana


Eguneraketa berriak daude