Plaza bete jende bildu da Zestoan “elkartasun feministagatik” auzipetutako sei herritarrak babesteko

  • 2018an herriko gizon batek bikotekide ohiaren eta hura babestu zuten bost bizilagunen aurkako salaketa jarri zuen integritate moralaren aurkako nahiz derrigortze delituengatik. Sei akusatuek epaiketa izango dute abenduaren 16, 17 eta 18an. Zestoan (Gipuzkoa), aspaldiko jendetzarik handiena bildu da abenduaren 14an egindako elkarretaratzean. Zestoako Mugimendu Feministak egindako deialdira ehunka lagun elkartu dira eta herriko ia 30 eragilek babesa eman diete akusatuei.


2025eko abenduaren 15ean - 10:21
Azken eguneraketa: 12:00
Elkarretaratze jendetsua egin dute Zestoan "elkartasun feminista" emateagatik akusatutako sei auzipetuen alde. Jon Urbe /Foku
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zestoako Mugimendu Feministak abenduaren 14an gertatutakoa “erraldoia” izan dela adierazi du: “Herriari eraso egin diote, eta herriak erantzun du”. Zestoarrak bezala, ondoko herrietako bizilagunak ere gerturatu dira akusatuei elkartasuna adieraztera. Herriko ia 30 eragileez gain, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Zumaiako eta Zarauzko talde feministek ere bat egin dute mobilizazioarekin. "Elkartasuna ez da delitua" leloak hartu du plaza.

Herriko Mugimendu Feministak eskerrak eman dizkie elkarretaratzera gerturatutako guztiei. Gizonen arteko konplizitate sareak seinalatu dituzte eta “anaidia horien funtzionamendua” kasu honetan ezin argiago ikusi dela salatu dute.

Erasotzailea “inpunitate osoz”

Adierazi dute beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoirengatik emakume askok erasotzaileari salaketarik ez diotela jartzen, eta gogorarazi dute kasu honetan ere hala gertatu dela. Sistema judizialean konfiantzarik ez izatea ez dela harritzekoa salatu dute, “akusatuen aulkian erasotzailea egon beharrean indarkeria matxistaren biktima egongo da”. Erasotzailea, 2018tik, “herrian normaltasunez eta inpunitate osoz” ibili dela kritikatu dute, sei akusatuek “egoera jasanezina bizi behar izan duten bitartean”.  

Azpimarratu dute elkartasuna adieraztea ez dela delitua: “Ez dugu pauso bat atzera egingo, horrelako erasoei elkartasun gehiagorekin erantzungo diegu”.

EAJk ez du babestu elkarretaratzea

Zestoako EAJk ez dio atxikimendua eman elkarretaratzeari eta irakurritako adierazpenari. Argitaratu duen oharrean dio uste dutela “ez dela komenigarria halako kasuetan ekintza paraleloak egitea; borondate onetik sortutakoak izan arren, biktimarentzat kaltegarriak ere izan daitezkeelako”. Sei auziperatuei elkartasuna adierazi diete eta biktimari aholkatu diote salaketa formala jartzea. Edozein erasoren aurrean, haien lehentasuna biktima babestea dela adierazi du alderdi politikoak, “eta horretarako behar diren bermeak eskaintzen dituzten bide judizial eta polizial ofizialak lehenesten ditugu. Horiek dira biktimaren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko modurik egokienak”.

Urola Erdiko eta Urola Kostako EH Bilduk atxikimendua adierazi dio Zestoako Mugimendu Feministak argitaratutako adierazpenari, eta “babes osoa” eman die mugimendu feministari eta sei epaituei. Urola bailarako herritarrei dei egin die epaiketak iraun bitartean Donostiako epaitegiaren aurrean akusatuei babesa emateko.

2018an sei herrikideri jarritako salaketa

2018an gizon batek sei herrikideren aurkako prozesu “latz eta bidegabea” hasi zuela salatu du Zestoako Mugimendu Feministak. Zazpi urteren ostean, abenduaren 16an, Donostiako Auzitegian akusatuen aulkian eseriko dira. Epaituen artean dago salatzailearen bikotekide ohia, gainontzekoak “denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan” emakume hori publikoki babestu duten pertsonak dira, besteak beste Zestoako alkate Mikel Arregi. Akusatuei “derrigortzea” eta “integritate moralaren” aurkako delituak leporatu dizkiete. Akusazioak eta fiskaltzak bost urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkatearentzat, eta lau urte artekoa gainerakoentzat. Horrez gain, 30.000 euroko kalte-ordaina eta urruntzeko agindua eskatu ditu gizonak.


Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin