Save the Children erakundeak egindako ikerketaren arabera, sexu esplotazioa "birdefinitzen" ari da ingurune digitalean. Normalizatu egin da adin txikikoek eduki sexuala partekatzea ordainsarien truke; gazteen gehiengoak zilegi dela uste du. OnlyFans plataformako profilen %97 emakume gazteenak dira, 18 eta 24 urte artekoenak.
Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak Autoesposizioaren tranpa: sexu-esplotaziorako dinamika berriak ingurune digitalean txostena aurkeztu du, azaroaren 25 Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bezperan. "Kezkagarria eta ez oso ezaguna" den errealitatea azaleratu du ikerketak: adin txikikoen sexu-esplotazio digitala hazi egin da, % 71k baino gehiagok ez du identifikatzen interneteko eduki sexualaren salmenta esplotazio-modu gisa, eta gazteen % 32,3k uste du diru-sarrerak sortzeko modu legitimoa dela.
Espainiako Estatuan egin dute ikerketa, 18 eta 21 urte bitarteko 1.008 gazteri inkesta eginda. Aztertu dute haurrek eta nerabeek sexu auto-esposizio digitaleko jokabideekin eta hori errazten duten plataformekin duten lotura. Sexu esposizio digitala esaten zaio haurrek edo nerabeek ustez euren iniziatibaz espazio digitaletan sexu jarduerak egiten dituzten egoerari, sari baten truke (ekonomikoa, materiala, emozionala edo sinbolikoa). "Ekimen propioaren" pertzepzio horrek, baina, ikusezin bihurtzen ditu jokabide horiek benetan baldintzatzen dituzten presioak, desberdintasunak eta botere harremanak. Ikerketak azaleratzen du adin txikikoen partaidetza horrelako jokabideetan ez dela borondatezkoa, hala hauteman badaiteke ere.
Zentzu horretan, OnlyFans edo sugar dating webak bezalako plataformak seinalatzen dira ikerketan, ingurune digitaleko sexu-esplotazioa birdefinitzen, eta nerabeen sexu-esplotazioa nola hautematen duten baldintzatzen dutelako. Galdetutako gazteen % 71k baino gehiagok ez du identifikatzen interneteko eduki sexualaren salmenta esplotazio modu gisa. Are, mutilen kasuan, zifra hori %75etik gorakoa da. Horrek ikerketak azaleratu duen datu kezkagarrienera garamatza: gazteen %32,3k uste du sexu esposizio digitala diru-sarrerak sortzeko modu legitimoa dela.
Emakume gazteak, biktima
Ikerketaren arabera, plataforma horiek, autonomiarako edo ekintzailetzarako gune gisa aurkeztu arren, “pornografiaren eta prostituzioaren logikak errepikatzen dituzte”, eta, beraz, sexu-esplotazioari lotutakoak. 18 urte bete aurretik sexu-esplotazioaren biktima izan ziren gazteen artean, % 24k adierazi zuen esplotatzailearekiko harremana OnlyFans bidez gertatu zela, eta % 36k sugar dating webguneen bidez.
Fenomeno hori genero arrakala sakon batek markatzen du: 18 eta 24 urte bitarteko emakume gazteak dira OnlyFansen eduki sortzaile gehienak (profilen % 97), eta kontsumitzaileak batez ere gizonezkoak dira, 25 eta 44 urte bitartekoak. Catalina Perazzo, Save the Children-eko Lurralde Garapeneko zuzendariak ohartarazi du dinamika hauek neskei erakusten diela haien balioa “sexualizazioaren araberakoa” dela, eta mutilei, berriz, “kontrolean eta gorputzen kontsumoan oinarritutako maskulinotasuna sendotzen die”.
Horrez gain, txostenean aipatzen da Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak plataforma horiek identifikatu dituztela prostituziorako eta sexu-esplotaziorako beste modu batzuetarako sarrera ate gisa.