“Derrigortze” eta “integritate moralaren aurkako” delituak leporatuta epaituko dituzte abenduaren 16an Zestoako sei herritar. Salatzaileak eta fiskalak lau eta bost urteko kartzela zigorra eskatuko dute. Zestoako Mugimendu Feministak “larritzat eta bidegabetzat” jo du epaiketa, eta protestak antolatuko ditu hurrengo egunetarako.
2018an Zestoako (Gipuzkoa) gizon batek sei herrikideren arkako prozesu “latz eta bidegabea” hasi zuela salatu du Zestoako Mugimendu Feministak. Zazpi urteren ostean, abenduaren 16an, Donostiako Auzitegian akusatuen aulkian eseriko dira. Epaiketaren helburua “elkartasun feminista” epaitzea dela azpimarratu dute feministek.
Epaituen artean dago salatzailearen bikotekide ohia, gainontzekoak “denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan“ emakume hori publikoki babestu duten pertsonak dira, besteak beste Zestoako alkate Mikel Arregi. Akusatuei “derrigortzea” eta “integritate moralaren” aurkako delituak leporatu dizkiete. Urola Kostako hedabide Gukak jaso duenez, akusazioak eta fiskaltzak bost urte arteko espetxe zigorra eskatu dituzte bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkatearentzat eta lau urte artekoa gainerakoentzat. Horrez gain, 30.000 euroko kalte-ordaina eta urruntzeko agindua eskatu ditu gizonak.
Zestoako mugimendu feministak salatu du “elkartasuna” adierazteagatik sei herritarrek egoera “jasanezina” bizi izan dutela eta bitartean erasotzailea urte hauetan “normaltasun” eta “inpunitatea” osoz bizi izan dela. Era berean, feministek adierazi dute "elkartasunaren kontrako makroepaiketa honek ezin argiago” erakusten duela sistema judizialaren "oinarri heteropatriarkala”, eta horregatik “ezinbestekoa” dela indarkeria matxista sostengatzen duen egitura eta mekanismoen aurka egitea.
Epaituko dituzten sei herritarrei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea antolatu dute Zestoako plazan abenduaren14an 13:00etan. “Elkartasuna ez da delitua eta ez dugu pauso bat bera ere atzera egingo, eta horrelako erasoei elkartasun handiagorekin erantzungo diegu”. Zestoako talde feministari babesa adierazi diote Azpeitiko Feministen Sareak, Zarauzko Morroxkak-ek, Zumaiako Mugimendu Feministak eta Aizarnazabalgoak. Donostiako epaitegiaren aurrean ere elkartzeko deia egin dute abenduaren 16, 17, eta 18an 09:00etatik aurrera.
Herriko 29 eragileren babesa
Zestoako ia 30 eragilek mugimendu feministaren adierazpena babestu dute eta abenduaren 14an egingo den elkarretaratzeari atxikimendua eman diote:
3Z
Abantzu pilota kluba
AEKko langileak
Agiro mendi kluba
Arroabeko Ezkaizto auzo elkarteko talde motorra
Danbolineko erredakzioa
EAJ (elkarretaratzea babestu du, adierazpena ez)
EH Bildu (Urola Kosta eta Urola Erdia)
ELA
Ernai
Ekain guraso elkartea
Fundizio
GKS
Gurutzeaga txirrindulari elkartea
Iraeta Denon Artean
Itaia
LAB
Pentsionistak martxan
Portale kulturgunea
Sakulupe guraso elkartea
Sortu Urola Kosta
Txara kooperatiba
Zestoako dantzariak
Zestoako Futbol Taldea
Zestoako Gazte Asanblada
Zestoako Merkatari Elkartea
Zestoako Musika Banda
Zestoako Sare
Zestoako Tabernarien Elkartea