Mugimendu Feministak indarkeria matxistaren “konplizitate sare eta anaidiak” salatuko ditu A25ean

  • Zuen hipokrisia indarkeria da! lelopean mobilizatuko dira Euskal Herriko hiriburuetan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Aurtengo aldarriak indarkeria matxista ahalbidetzen duen konplizitate sareak salatuko ditu. Mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko hiriburuetan.

Gasteizko agerraldia @M8EuskalHerria

2025eko azaroaren 18an - 13:01
Azken eguneraketa: 14:46
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Astelehen honetan Gasteizen eskaini du prentsaurrekoa Euskal Herriko Mugimendu Feministak, azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela-eta, aurtengo aldarriak aurkeztu eta mobilizazioetara deitzeko. Hala, indarkeriaren aurrean erasotzailearekin konplizitatea salatuko du, Zuen hipokrisia indarkeria da! lelopean. 

Indarkeria matxista sostengatzen duten egiturak, eta konplizitate sare eta anaidiak salatuko dituzte. Adierazi dute “Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean, boikotatuak eta gutxietsiak” izan direla, eta feminismoaren aurkako diskurtsoak “inpunitate osoz” zabaltzen direla.

Azaldu dutenez, matxismoa hainbat zapalkuntzekin gurutzatuta aurkezten da askotan. “Emakume*, trans eta bollerok jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa; sistema kapitalista, zisheteropatriarkal eta arrazistak” hori betikotzeko dituen egitura eta mekanismoen ondorioa dela nabarmendu dute. Zentzu horretan, ohartarazi dute feministen aurkako mezuak, mezu arrazistak eta mezu transfoboak ari direla zabaltzen hedabideetan, sareetan eta kaleetan. 

Hori guztia salatzeko, hiriburuetako manifestazio deialdiak aurkeztu dituzte. 19:00etan izango dira, Baionan izan 18:30ean abiatuko da geltokitik, eta gainerakoetan 19:00an da hitzordua: Bilbon Jesusen Bihotzetik abiatuko da, Donostian Bulebarretik, Gasteizen San Anton Plazatik eta Iruñean Gaztelu Plazatik. 

Itaiak ere mobilizatzera deitu du

Bestalde, Itaiak ere mobilizatzera deitu du indarkeria matxistaren aurkako egunean. “Matxismoaren normalizazioari eta faxismoaren gorakadari” erantzuteko kaleak hartuko dituzte. Euskal Herriko 22 txoko ezberdinetan egingo dituzte mobilizazioak.

Salatu dute indarkeria matxista kasuak etengabe azaleratzen direla, baina azaleratzen ez diren erasoak askoz gehiago direla. Izan ere, beren esanetan “inpunitate osoz” egiten dira asko, eta "erasoak egunerokotasun bihurtu diren testuinguru honetan, ez dago gaitzespen sozialik".

Hori hauspotzen duen "gorakada faxista" ere irmoki salatu dute: "Ideologia faxistak eta ultraeskuindarrak matxismoa normalizatzen ari dira, instituzioetan emakumeen eskubideetan atzera egitea planteatzen dute, sare sozialetan emakumeen irudi azpiratua zabaltzen dute, eta indarkeria matxista ukatzen ez dutenean, diskurtso arrazistak zabaltzeko erabiltzen dute".


Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
BERRIKUNTZA | Hezkuntza kanala
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalaren eskutik. Bi sail berri estreinatu ditu kanalak: ikastetxeetako esperientzia onen bideo-erreportajeak eta eztabaida sustatzea helburu duen podcasta.