ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 06a
Julie Wark. Karitatearen iruzurra salatzen

"Jendea bere buruarekin ondo sentitzeko balio du karitateak"

  • Julie Wark (Perth, Australia, 1945) politologoa, antropologoa eta itzultzailea da eta Contra la caridad. En defensa de la renda bàsica [Karitatearen aurka. Oinarrizko errentaren alde] (Icaria, 2019) liburua argitaratu berri du Daniel Raventósekin batera. Berdintasunik eza iraunarazten duen karitatearen ordez oinarrizko errenta unibertsala aldarrikatzen dute.

Maria Colera Intxausti @bizialairaun
2019ko ekainaren 16a
“Oinarrizko errenta ezartzeko trabakez dira ekonomikoak, politikoak baizik” (Argazkia: Oriol Clavera)

Zer da karitatea?

Bi pertsonaren arteko erlazio-modu bat, berdintasun ezean oinarritua: batek zerbait ematen dio besteari, baina bigarrenak ezin dio lehenari ezer eman eta norabide bakarreko erlazio hierarkikoa sortzen da.

Eta zer ezberdintasun ditu elkartasunarekin konparazioan?

Elkartasunaren bereizgarri nagusia bi aldeen arteko parekotasuna da.

Zuen liburuan karitate instituzionalaren atzean dagoen “ontasunaren iruzurra” salatzen duzue. Zer dela eta?

Etimologikoki ingelesez [liburuaren jatorrizko hizkuntza] “ontasuna” (kindness) eta “familia” (kin) erro beretik datoz, eta maila bereko pertsonen arteko gertutasuneko erlazio sozial batzuetan oinarritzen ziren bi terminoak. Baina XVII. mendean Ingalaterran Pobreen Legeak onartzearekin batera karitatea instituzionalizatu zenean, ontasunetik karitaterako jauzia egin zen. Jendeari ikaragarria iruditzen zaio karitatea salatzea, baina fenomeno instituzionalizatua denean, humanitarismoa, filantropia, altruismoa eta celebrity-ak tartean sartzen direnean, harreman guztiz desorekatu bat izaten du oinarrian.

Ontasun pribatua posiblea al da egitura bidegabea duen antolakunde sozial eta ekonomiko batean?

Bai, gu espezie soziala baikara. Adibidez, Colin Kaepernick amerikar futboleko jokalaria oso aberatsa da, baina elkartasun-ekimen ugari egiten ditu. Etikarik gabe ezin dugu gizarterik eduki, etikarik gabe ezinezkoa baita kontratu soziala, baina kontratu hori hautsita dago gaur egun, alderdi kuantitatiboa nagusitu zaiolako alderdi kualitatiboari. Beraz, esango nuke ez dela ezinezkoa, baina bai oso zaila, eta ontasuna beti dagoela etikari estuki lotuta.

Humanitarismoa karitate instituzional gisa definitzen duzue liburuan. Zergatik?

Gobernuek kontrolatzen dutelako, Collin Powelek berak [AEBetako estatu-idazkari ohia] aitortu zuen gobernuen arma bat zela. Aukera ematen dizu herrialdeetan sartzeko, Indonesian tsunamiaren ondoren edo Haitin lurrikararen ondoren; Clintonen humanitarismoaren bidez, adibidez, bost izarreko hotelak eraiki dituzte Haitin, eta arropa merkea fabrikatzeko fabrikak. Eta hori esplotazioa da.

Zer funtzio du karitateak nazioarteko ordena kapitalistan?

Argazkia: Oriol Clavera

Batetik, jendeari bere buruarekin ondo sentitzen laguntzen dio eta ez du askorik pentsatzen daukagun sistema guztiz suntsigarrian. Maila globalean, gauza asko estaltzeko balio du. Gurutze Gorriari dirua ematen diozunean pentsatzen duzu diru horrekin zerbait egingo dutela, baina ez duzu galdetzen diru hori nora doan: beren kontuan sartzen dute, langileak eta haien erretiro-saria ordaintzeko. Karitate-egoera iraunarazi baino ez dute egiten.

Azken boladan asko hitz egin da Amancio Ortegak ekipamendu medikoa erosteko egindako dohaintzei buruz. Zer deritzozu?

Bill Gatesek ere antzera jokatzen du: eltxoen aurkako sareak banatzen ditu Afrikan eta jende guztiak txalotzen du, baina sare horiek intsektizidan busti behar dira, soluzio garestia pobreentzat. Horren ondoan, askoz merkeagoa da osasun publikoan eta edateko ur garbian inbertitzea. Ez ahaztu, gainera, Gatesek malariari buruzko ikerketaren monopolioa daukala, eta ondorioz eragin-ahalmen ikaragarria Osasunaren Mundu Erakundean.

Eta zer iruditzen zaizkizu TV3eko edo ETBko Maratoien tankerako ekimenak?

Ez naiz oso zalea. Celebrity-en karitatearen modura funtzionatzen dute. Asmo onak daude atzean, baina daukagun gizartea bere horretan iraunarazteko tresna bat dira, arazo larri bati tirita bat jartzea bezalakoa. Jendeak zerbait egiten ari delako sentsazio faltsua dauka eta hobeto sentitzen da, baina berez sistema iraunarazten ari dira.

Karitatearen ordez, oinarrizko errenta unibertsala proposatzen duzue berdintasun ezari aurre egiteko errezeta gisa. Nola iruditzen zaizue bideragarria ekoizpen-bitartekoen jabetza ukitu gabe?

Oinarrizko errenta unibertsala zerga bidez finantzatu daiteke. Herritar guztiek kopuru berbera jasoko lukete. Demagun hilean 600 euro, hala pobreek nola aberatsek, baina azken horiek zerga gehiago ordainduko lituzkete. Oinarrizko errenta unibertsalari buruzko ikerketek erakusten dute ez dagoela ongizate-estatua ukitu beharrik, oinarrizko errentak sendotu egiten du.

Kontuan izanik pobrezia eta berdintasunik eza ezinbestekoak direla sistema honi eusteko, nola iruditzen zaizu ezar litekeela oinarrizko errenta unibertsala, sistemaren oinarriak ukitu gabe?

Arrazoi duzu, oinarrizko errenta ezartzeko trabak ez dira ekonomikoak, politikoak baizik. Nola lortu? Gizarte bidezkoagoa lortzeko ekimen guztiei buruz egin daiteke galdera hori, beraz emakumeen, errefuxiatuen, eskolen… egoera hobetzeko borrokatzen den modu berean borrokatu beharra dago oinarrizko errentaren alde ere.

Karitatearen aurka
“Zergatik erabaki genuen Karitatearen aurka liburua idaztea? Ba, karitatea giza eskubideen justu kontrakoa delako. Ideia hori buruan, milioi asko dituztenei eta super-aberatsei buruzko artikulu bat idatzi genuen CounterPunch AEBtako politika eta ikerketa aldizkarian. Hortik abiatuta gaiari buruzko liburu bat idaztera gonbidatu gintuzten”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Oinarrizko errenta unibertsala

Oinarrizko errenta unibertsala kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2019ko ekainaren 16a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude