ETA

1969: Frankismoaren amaieraren hasiera

  • Francoren diktadurarekin amaitzea posible zela erakutsi zuen lehen mugarria izan zen Burgoseko Prozesua. 1970eko gerra kontseilu hartan, epaile izatetik epaitua izatera igaro zen erregimena. Baina hor gertatutakoa ulertzeko, gutxienez urtebete atzera egin beharra dago: 1969ko polizia-sarekada, tortura eta erbesteratze masiboetan baitauka jatorria. Urte beroa bizitu zuten orain 50 urte Euskal Herrian.

ETAko buruzagi eta kideen kontrako 1970eko gerra kontseiluaren oihartzuna giltzarri izan zen borroka antifrankista indartzeko. 
Irudian, epaituen senide eta lagunak Burgoseko Gobernu Militarrera sartu nahian.

Burgoseko Prozesua urtebete lehenago hasi zen, 1969ko apiril eta maiatzean, duela berrogeita hamar urte hain justu; eta orduan gertatutakoaren lekuko zuzen izan nintzen. ARGIA irakurtzen duten belaunaldi gazteek seguruenik ez dute jakingo ordukoaren berri, erreferentzia sotil batzuk kenduta.

Gerra kontseilu hark kinka larrian izan zituen, ez soilik euskal gizartea, baita Espainiako Estatukoa eta mundukoa ere. Erregimen frankistaren barruan, agintari militarrek bederatzi heriotza zigor eskatu zituzten ETAko sei militante eta zuzendariren kontra: Mario Onaindia, Unai Dorronsoro eta Xabier Larenak heriotza zigor bana jaso zuten; Eduardo Uriarte, Jokin Gorostidi eta Xabier Izko de la Iglesiak aldiz zigor bikoitza. Auzipetutako hamasei lagunei, bestalde, dozenaka urtetarako kartzela ezarri zieten, erakunde armatukoa izan edo kolaboratzea egotzita.

Epaiketak sorrarazitako nazioarteko presioaren ondorioz heriotza zigorrak 30 urteko kartzela zigorragatik ordezkatu zituzten. Burgoseko sumario hartan geunden beste batzuk, ETAko militante Mikel Etxeberria edo ni neroni kasu, ezin izan gintuzten epaitu “leku ezezagunen batean” edo “matxinatuta” egoteagatik.

Ortzi-muga hilgarria

ETA 1958an jaio zen. EAJren ordura arteko jarduteko moduarekin konforme ez eta euskal erakunde armatuak bokazio independentista eta sozialista erakutsi zuen segituan. Nolanahi ere, haren arduradunek ETAren sorrera 1959ko uztailaren 1ean kokatzen dute, Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis buruzagiari Bidarteko sarekadan harrapatutako paperetan azaltzen omen denez.

1969ko maiatza eta ekaineko ‘ehizaldiaren’ ondorioz batzuk polizia-etxetik igaro ziren eta beste batzuek muga gurutzatu behar izan genuen: Hirurehun lagun inguruko jende-oldea

60ko hamarkadan Euskal Herria borborka zegoen, lehen langile greba gogorrek (Laminaciones de Bandas, Labe Garaiak, Bacbock Wilcox…), eta Maiatzaren Leheneko nahiz Aberri Eguneko legez kanpoko ospakizunek markatuta. Gainera, ETAk langile frontea osatu zuen eta indar armatu gero eta garrantzitsuagoa bihurtu zen. Horren aurrean, errepresio laboral, sozial eta sindikal itzela zabaldu zuen frankismoak, eta milaka lagun torturatu, kartzelaratu edo erbestera bidali zituen.

Zalantzarik gabe, 1968 urteak ortzi-muga hilgarria erakutsi zuen euskal herritarren eta Espainiako Estatuaren arteko erlazioan. Urte hartako ekainean ETAren eta guardia zibilen arteko lehen konfrontazio armatua izan zen. Txabi Etxebarrieta (1944-1969) ETAko kideak eta José Pardines guardia zibilak bizia galdu zuten Adunan eta Tolosako Benta-Haundin. Erregimenak debekatu egin zituen Etxebarrietaren aldeko hiletak, eta horrek mobilizazio handiak sorrarazi zituen –batez ere Bizkaian–, tortura eta atxiloketa ugarirekin.  

Egoera hain zen muturrekoa, Bizkaiko abade batzuok Bilboko Gotzaindegia okupatu baikenuen birritan, ekainean eta uztailean, Elizak frankismoarekin zuen konplizitatea salatzeko. Bi hilabete geroago, errepresio egoerak bere horretan jarraitzen zuela ikusita, Derioko Seminarioan itxi ginen 20 egunez eta gure salaketa Pablo VI.a aita santuari helarazi genion.

Ondoren, ETAk Melitón Manzanas polizia eta torturatzaile ezaguna hil zuen; haren eskuetatik igaro ziren atxilotuetako asko. Francoren gobernuak amorratuta erantzun zuen eta 1969ko urtarrila eta martxoa artean salbuespen egoera ezarri zuen, lehenik Gipuzkoan eta gero estatu osoan. Errepresioa izugarria izan zen: ehunka lagun atxilotu eta torturatu zituzten.  Hala, klandestinitatean zeuden ETAko kideak berrantolatu egin behar izan ziren –poliziaren lehen helburua haiek kosta ahala kosta eliminatzea baitzen–. Horretarako, erakundearen zuzendaritzaren bilera bat antolatu zuten 1969ko apirilean Mogrovejo herrian, Kantabrian.

Mogrovejo herrian, mende erdi geroago ez da geratzen sarekadaren arrastorik (arg: Urko Apaolaza)

Bilera ezin izan zen egin ordea. Apirilaren 9an Bilboko Artekalen izandako sarekada baten ondorioz harrapatu zituzten denak 24 orduren buruan [ikusi gertaera horren inguruan Urko Apaolazak blogean idatzitakoa]. ETAren buruzagitzaren kontrako lehen kolpe gogorra izan zen hura; 1969ko abenduko epaiketa militarraren ondoren, ETA V. eta ETA VI.aren arteko banaketa gertatu zen.

Artekalen poliziak Mikel Etxeberria Makaguen larri zauritu zuen. Egun berean ETAko militantea harrapatzeko polizia operazioa jarri zuten martxan, Fermin Monasterio taxi-gidaria hiltzea egotzita. Herioan zela, laguntza eskatu eta eztabaidan hasi zirenean, gainera zetorkiola uste zuelako hil zuen  halabeharrez taxista, berriki jakin den testigantza baten arabera. Baina Etxeberriak elkartasun sare harrigarri bati esker egin ahal izan zuen ihes Orozkotik Kataluniako Pirinioetan barrena, ia bi hilabete ezkutatuta egon ostean. Ehunka kolaboratzaile eta erizainek lagundu zioten eta ihesaldian euskal apaiz talde bat ere inplikatu ginen. Operazio horrek, ordea, errepresio basati eta handienetako bat ekarri zuen, atxilotu, torturatu eta erbesteratutako pertsona ugarirekin.

12 urteko kartzela, gose greba batengatik

Elizaren isiltasuna zela-eta, Bizkaiko abadeen Gogor taldeko bost kidek gose greba bati ekin zioten Bilboko Gotzaindegian, 1969ko maiatzaren 30ean. Greba horrek hamar eta hamabi urte arteko espetxe zigorrak ekarri zizkien eta bere osotasunean bete behar izan zituzten Zamorako apaiz-kartzelan, bereziki euskal abadeak zigortzeko sortua, nahiz eta galiziarrak, katalanak eta madrildarrak ere giltzapetu zituzten bertan. Josu Naberanek eta Alberto Gabikagogeaskoak 12 urteko zigorra jaso zuten; Julen Kaltzadak , Xabier Amurizak eta Nikola Telleriak 10 urtekoa. Horretarako, berehalakoan epaitu zituzten Burgoseko tribunal militar baten aurrean, greba igaro eta hamaika egunera.

Duela mende erdi publiko egin zuten agirian azaldu zutenez, Bilboko Gotzaindegian itxialdia hasi zuten “gure Herrian zapaldutakoen alde protesta eta deiadar egiteko”. Hitz horiek oso ondo erakusten dute zer giro sozio-politiko zegoen. “Jarraitzen dute ukatzen giza eskubide oinarrizkoenak –diote dokumentu berean–, herritarrak pertsegitzen dituzte, atxilotu, torturatu, eta zenbaitetan ihes egin behar izaten dute espetxeratuak ez izateko indarrean dagoen erregimenaren menpeko tribunal batek kondenatu ostean”.

Abadeek gogorarazi zutenez, “ehun langile inguru komisariatik igaro eta kaleratuak” izan ziren lantegietako greben ondorioz. Giza-ehiza antzeko bat ere salatu zuten, tiroketa eta torturekin: “Aukera politiko legitimo baten alde borrokatzen dutenak kriminal gisa hartzen dituzte”. Grebalarientzat, ordea, krimena erregimenak egiten zuen: Terrorismo eta Bandidajearen Legea erabiliz, militarrez osaturiko epaimahaiak heriotza zigorrak ezartzen zituen. Gainera, poliziak “salatariak ordaintzen” zituen eta komunikabideek informazio faltsua ematen zuten.

 Langileek greba gogorrak egin zituzten 60ko hamarkadaren amaieran eta erregimenak errepresioz erantzun zuen.
Argazkian, Ezkerraldeko lantegietako beharginak 1969an. ('Euskadi eta Askatasuna' liburutik hartua)

Gauzak horrela, Bilboko administratzaile apostoliko Jose María Cirarda gotzainari eskatu zioten “biolentzia hori guztia amaiarazi eta poliziaren torturak salatu” zitzala.

Jende-oldea Iparraldera

1969ko maiatza eta ekaineko “ehizaldiaren” ondorioz batzuk polizia-etxetik igaro ziren eta beste batzuek muga gurutzatu behar izan genuen. Hirurehun lagun inguruko jende-oldea. Erbestera jo genuen gehienok Donibane Lohizunen, Miarritzen edo Baionan amaitu genuen. Aurrez bazegoen jenderik herri horietan, ETAren jarduna hasi zenez geroztik ihes egindakoa. Aitzitik, ez zegoen babes sare finkorik, norberak bere kabuz antolatu eta bere arazoak ahal bezala konpontzen zituen.

Testuinguru horretan sortu zen euskal errefuxiatuen aldeko lehen egitura: Anai Artea. Ezker abertzalearen historia ikertu dutenek Telesforo Monzon eta Piarres Larzabal dituzte sortzailetzat, eta egia da erakunde hura presiditu zutela, baina martxan jarri genuenok haien izenak behar genituelako, ipar zein hego Euskal Herrian aitortza ofiziala zuten pertsonak zirelako.

Honela sortu zen Anai artea

Anai Artearen sorrera bertatik bertara bizi izan nuen. 1969ko maiatza zen ediktu militar batek ni harrapatzeko agindu zuenean. Artekalen eta Mogrovejon ETAren buruzagitza desegin zutenean, Makaguen-en ihesaldiaren ondorioz nik ere alde egin behar izan nuen eta Donibane Lohizunen lekutu nintzen.

Lehen momentutik konturatu ginen egunetik egunera gero eta errefuxiatu gehiago ari zela iristen eta ez zegoela haiek artatzeko ezer. Egun batzuez Piarres Lartzabal Sokoako apezaren etxean egoteko aukera izan nuen, Amadeo Rementeria erbesteratu eta burkidearekin batera. Egoera hura ikusita, bion artean etxe bat bilatzen hasi ginen mugaz bestaldetik iristen zen jendea bertan hartzeko asmoz. Donibane Lohizune erdiguneko etxebizitza handi bat alokatu genuen azkenean, altzariz bete eta frankismoaren errepresiotik ihesi zetozenak babestu genituen denbora batez toki horretan, beste inolako antolaketarik gabe.

Peoi lanak eginez irabazten nuen diruarekin ordaindu genuen hasierako alokairua: goizean portuan aritzen nintzen, arratsaldean hotel batean eta gauez fruitu biltegian. Horrez gain, Hegoaldeko abadeek ere laguntzen ziguten diruz eta jakiz; haien ordezkari Iñaki Aurtetxe eta Felix Iraurgi aldizka etortzen zitzaizkigun bisitan.

Telesforo Monzon eta Piarres Lartzabal jo ohi dira errefuxiatu politikoak laguntzeko Anai Artea elkartearen sortzailetzat,  baina beste batzuek jarri genuen martxan 1969an. Egunetik egunera gero eta errefuxiatu gehiago ari zen iristen Donibane Lohizunera, eta egoera ikusita, etxe bat alokatu genuen –peoi lanak eginez irabazitako dirua erabiliz–, altzariz bete eta ihesean zetozenak babesteko. Hura izan zen erakundearen ernamuina. Irudian, errefuxiatuen aldeko mobilizazioa Uztaritzen, 1979an. (arg: ARGIA artxiboa)

Bitartean, Piarres Lartzabalekin harremana mantendu nuen, eta Sokoako bere etxera ia arratsaldero joaten zen Telesforo Monzonekin ere bai. Bergarako politikari abertzalea Angel Arregi lagun zuela etortzen zen sarritan; azken honek ederki ezagutzen zuen tokiko administrazioa, urte asko baitzeraman Donibane Lohizunen bizitzen. Harrituta zeuden Amadeok eta biok egindako lanarekin, ordura arte beraiek ez baitzuten ezer egin errefuxiatuen aldeko inongo azpiegiturarik sortzeko.

Baina Amadeok Parisera alde egin zuen. Orduan, errefuxiatuen aldeko erakundea ofizializatzeko unea iritsi zela adierazi nien hiru pertsona horiei –Lartzabal, Monzon eta Arregiri–. Errefuxiatuentzat lana eta etxebizitza bilatzeko edo Paris, Bretainia nahiz Bruselara joateko zubia izango litzateke; azpiegitura unibertsal bat jende ororentzat, alderdi edo kolorerik gabekoa –iheslari gehienak, logikaz, egun ezker abertzale bezala ezagutzen dugun eremukoak ziren arren–.

Egitura horren ernamuina bagenuen, nire izenean alokatutako etxebizitza hain zuen ere. Baina erakunde gisa ezagutarazi eta aitortza lortzeko, beharrezkoa zen beraiek bezalako jende esanguratsuak presiditzea. Nire proposamena interesgarria iruditu zitzaien eta izena adostu genuen, Anai Artea. Antolakuntzarako, errefuxiatuen kolektibo guztiak (ETA, Cabrak, Euzko Abertzale Laguntza, abadeak...) ordezkaturik egongo liratekeen batzordea sortu zen –EAJ ere gonbidatu zen batzorde horretara, baina ezetz esan zuen, bere antolakuntza bazuela argudiatuz–. 1969 eta 1986 urteen artean, 2.000 euskal errefuxiatu baina gehiago lagundu zituen Anai Arteak.

 

Artikulu hau egileak berak idatzi eta argitaratzeke dagoen liburu bateko bi pasartetan oinarriturik dago

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETA
Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Eguneraketa berriak daude