Gurasoen etxea saldu behar: petrolio merkeak oparitua, haren agortzeak eraman

  • Batetik klimaren aldaketa –kutsadura industrialaren ondorioz–, bestetik natur baliabideen eta erregai fosilen agortzearen hasiera, zibilizazio industriala krisi sistemikoan sartuta hondoratzen hasia dela? Hori argudiatzeko makro mailako datuetara jotzen dute aditu batzuek. Aldiz, Ugo Bardi irakasleak familiako aitorpen batekin azaldu du. Italian bezala Euskal Herrian erregai fosilen zikloak ekarri zuen aberastasuna, zikloaren amaierak sartu gaitu estutasunetan.

Klase ertaineko etxebizitza atsegina Florentzia inguruan, ongizatearen hainbat osagai berekin dauzkana: zabala, inguru ederrean, lorategi eta guzti.
Klase ertaineko etxebizitza atsegina Florentzia inguruan, ongizatearen hainbat osagai berekin dauzkana: zabala, inguru ederrean, lorategi eta guzti.

Ugo Bardi ezaguna du Argiaren irakurleak, 2015ean Larrun batek bildu zuen haren “Zerk hondoratu gaitzake Erromatar inperioa bezala?”. Bardi italiarra da, kimikako irakaslea Florentziako unibertsitatean, aditua da sistemen dinamikan, petrolioaren gailurraz eta lehengaien ustiaketaz zenbait liburu idatzia. Guk euskaratutako ‘Peak Civilisation: The Fall of the Roman Empire’ hartan kontatzen zuen nola V. mendean jo zuen hondoa Grezian eta Erromako Inperioan mamitutako zibilizazioak, XXI.ean zibilizazio industriala jasaten ari den krisiarekin erkatuz.

Analisi hartan zioen Bardik: “Erromatarrek berek ulertu ote zuten zer ari zitzaien gertatzen? (…) Historialari erromatarren testu ugari dauzkagu, baina inork ez zuen, antza, ulertu zer zihoan gertatzera”. Alegia, ipuin zaharreko igelaren antzera goazela gu ere pertzako ur gero eta beroagora ohituz ohartu gabe handik ez irtetekotan egosita hil behar dugula. Aldiz, sistemaren kolapsoaren sintomak egunero soma ditzakegu inguruan.

Ugo Bardiri sintoma horietako batek familian egin dio eztanda eta bere The Cassandra’s legacy blogean aitortu du: “Italia pobretuz – Italian pobretuz. Petrolioaren aroaren ilunabarraren eraginak”. Gurasoek eraiki zuten eta Ugorentzako 50 urte baino gehiagoz bizilekua izan den etxea saldu behar izan du, haren gastuak pagatu ezin dituelako.

Ez gaizki pentsatu: Bardi doktorea ez da miserian amildu, unibertsitate publiko bateko irakaslea da, emazteak ere lan egiten du, hitzaldiak ematera gonbidatzen dute mundu osotik, krisiari aurre ondo egin dion klase ertaineko kidetzat dauka bere burua eta hala ere “aberastasuna eta pobrezia pertzepzio erlatiboak dira eta nire irudipena da urtetik urtera pobreagoa naizela, italiar gehienak bezala”. Barne Produktu Gordina eta beste indizeek esango dute nahi dutena aberastasunaz, baina irakaslea behartuta aurkitu da saltzera gurasoek 60ko hamarkadan Florentzia inguruko muino batean eraikitako etxea. Italiarraren kontakizunaren antzekoak hasiak gara entzuten Euskal Herrian ere.

Ugo Bardi irakaslea 'Extracted' liburua aurkezten.

50eko eta 60ko hamarkadetan Italiak mirari ekonomikoa bizi izan zuen, mundu osoan petrolio merkeak eragindako beroaldiaren barruan. Gerra pasatu berritan hasi ziren zabaltzen auto pribatuak, osasun zerbitzuak denentzako, oporraldiak itsas bazterrean, nork bere etxebizitza erosi ahal izatea, eta abar.

Ugoren aita eta ama biak ziren arkitektoak eta unibertsitateko irakasleak eta 60ko hamarkadan eraiki ahal izan zuten beren ametsetako etxea, denetara 300 metro karratu, material onez egina, lorategi eder batekin, AEBek zabaldutako modari jarraiki hiriburuko klase ertaina kokatuz zihoan herritxo polit batean, Florentzia ederra leiho parean.

Gurasoak han zahartu eta hil ziren. Ugok 2012an heredatu zuen eta barruan zenbait konponketa egin beharraz jabetu ziren, ez ziren alferrik pasatu 50 urte. Emaztea eta biek ekin zioten: teilatu konpondu, negutegia zaharberritu, egon-gela egokitu… “baina bi urteren buruan elkarri begira jarri eta esan genuen: ‘Alferrik ari gara’”.

Atontze lanetan diru puska bat sartuta gero ohartu ziren etxe eder hura handiegia zitzaiela. Hasteko, beroketa eta aire egokitu garestiak behar zituen, Florentzian ere klimaren berotzeak aire egokitu beharra derrigorrezkoa egiten du gaur, 1960an ez bezala.  “Gero dago garraioaren kostea, eta hilgarria da. Amerikar estiloko aldirietan kotxe pribatuak behar dituzu; 1960an normala zirudien, baina gaur inola ere ez, autoak izugarri garestiak dira, trafiko pilaketak edonon, desastre. Eta ez ahaztu zergak: hauek ere zama jasan ezina bilakatu dira ziztu bizian”.

Erregai fosilen zikloa eta nire familia

Etxea salgai jarritakoan, beste ezustekoa: hiritik aparte dauden txaleten prezioek ere behera egin dute nabarmen. Saltzea lortu dute, hala ere, eta Barditarrak etxeko puskak oro bildu eta eramaten ari dira, mende erdiko bizitzan pilatutako oroigarrien artean zeini heldu eta zein bota erabakitzeko lan mingarrian. Ez errukitu, ordea, Barditarrez, aski diru baitute Florentziako auzo batean etxetxo polit bat erosteko, lorategi eta guzti. Orain autoari uko egiten ere saiatuko dira. Ziurrenik, aitortu du petrolioaren gailurrean adituak, beren larruan ari dira bizitzen hein batean zer den deshazkundea.

Florentzia  hiria, klase ertaineko eta jende aberatsen etxez betetako muinoen artean.

“Harrigarria da nola aldatu diren gauzak 50 urteotan. Teorian, unibertsitateko irakasle izanik gehiago irabazten dut irakasle ziren nire gurasoek baino. Emazteak ere soldata on bat dauka. Baina inolaz ere ezingo genuke amestu gurasoengandik heredatutakoa bezalako etxe bat eraiki edo erosterik. Aldaketa sakona gertatu da Italiako gizartearen muinean eta aldaketak izena dauka: petrolioaren aroaren ilunabarra. Aberastasuna eta energia txanpon beraren bi aurpegiak dira: energia eskuragarri gutxiagorekin, italiarrek gaur ezin dute pagatu duela 50 urte paga zezaketena”.

Baina energiaren murriztea egon arren gaurko gatazken sustraian, badirudi ezin dela horretaz hitz egin eztabaida publikoetan. Ondorioz, herritar gehienek ez dute ulertzen gertatzen ari zaiena, baina ohartzen dira bizimodua zailtzen ari zaiela etengabe, telebistetatik bestelakoak kontatzen dizkieten arren. Ondorioz, beste edozerri egozten diote errua, Europari, Angela Merkeli, politikariei, etorkinei, ijitoei, kanpotarrei oro har.  Horrela doaz puztuz arrazismoa, gorrotoa, faxismoa, txirotasuna, aberatsen aberastasuna… “Normala da, lehen ere gertatu izan da, egun batean gauzak hobetuko dira, pasako dira, baina beldur naiz ez dela laster izango”.

Duela bi urte blogean Ugo Bardik kontatu zituen bere familiaren azken bi mendeak: “Erregai fosilen zikloa eta nire familiaren historia”. Hori irrakurtzen duen euskaldunak bere sendia eta herria aurkituko ditu islatuak: Toskanan ere gure arbasoak bezain xume bizi ziren, asko emigraziora kondenatuta, harik eta Europatik iritsi zitzaien arte industria, Britainia Handian abiatutako ikatzaren eta baporearen iraultzaren uberan, duela mende bateko deslokalizazio haietan. Hala hasi zitzaien eta zitzaigun oparotasun garai hau, nekazari maizterrak estraina bihurtuta industriako obrero, berrikitan zerbitzuen ekonomia deitzen duten hau bilakatu arte. Eta antzera harrapatu gaitu batzuk eta besteak azken krisitzarrak.

“Gure aurreko barditarrak ez ziren aberatsak, gehienak obrero xumeak ziren, batzuk benetan pobreak. Petrolioaren urrezko aroak eta ez beste ezerk  baimendu zien batzuei etxe eder bat eraikitzea muino batean. Nahiko nuke nire ondorengoek hemen jarraitzea”. Ahal izango duten ez da gauza segurua, ez Toskanan, ez Goierrin.


ASTEKARIA
2019ko maiatzaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-08-28 | Nicolas Goñi
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio

Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko modukoak. Hala eta guztiz ere, bertan laborantza badago,... [+]


Itsasoaren igoerari aurre egiteko urgentziazko deia estatu aberatsenei, Pazifikotik

Itsasoaren heina 9,4 zentimetroz igo da azken 30 urteetan, baina guneka anitzez handiagoa da igoera –besteak beste, Pazifikoko eremu batzuetan 15 eta 30 zentimetro artekoa da–. Beroketa efektuko gasen isurketak ttipitzeko eta klima larrialdiari aurre egiten... [+]


Beroak adinekoen heriotza hirukoiztuko du Europan 2100. urterako

Hori da ikerketa berri batek ondorioztatu duena, baldin eta betetzen badira gaur egun berotzearen handitzeari buruz dauden aurreikuspenak. Eta NBEren arabera, mende amaierarako tenperaturak 3 graduko igoera izango du XX. mende hasierarekin konparatuta.


Beroaren ondorioz 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren iaz Europan

Mundu mailan erregistratutako urterik beroena izan zen, eta Europako bigarren beroena, ISGlobalek egindako azterlanaren arabera. Europa hegoaldeko estatuak dira heriotza-tasa handienak dituztenak. Parisko Akordioan zehaztutako helburuak ez dira betetzen ari.


NATOk armak oparituko dizkio bere buruari, eta klima kutsadura denori

Munduko erakunde militar suntsitzaileenak 75 urte bete ditu, eta eztei horiek behar bezala ospatzeko, esan du bere kideek gehiago gastatu beharko dutela armetan. Gainera, urtemugaren goi bileran beste potentzien kontrako gerra hauspotu du NATOk, Txinaren eta Errusiaren kontrako... [+]


Aitor Cevidanes
“Akainak gaitza kutsatzeko denbora behar du, egunean bertan kenduta ez dago arriskurik”

Akainak edo kaparrak batetik, eltxo tigreak bestetik, Euskal Herrian duten presentziaz eta gurean dauden espezieez mintzatu zaigu Aitor Cevidanes ikertzailea. Osasuna eta ingurumena hizpide, dituzten arriskuez, herritarron uste faltsuez eta klima aldaketaren nahiz gizakion... [+]


Ekainik beroena izan da aurtengoa mundu mailan, erregistroak daudenetik

Klimari buruzko datuak jasotzen dituen Copernicusen arabera, hamahirugarren hilabetez jarraian errekorra hautsi da aurtengo ekainean. Parisko Akordioan hitzartutako 1,5ºC-en helburua ez da bete eta egoera aldatzen ez bada, errekor negatibo berriak izango direla aurreikus... [+]


Jolastoki berdeagoak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, klima aldaketari aurre egiteko

Ingurumena, bioaniztasuna, uraren gestioa eta haurren beharrak oinarri hartuta, ikastetxeetako patioak aldatzeko proiektu kolektiboa jarri dute martxan Pirinio Atlantikoetan; Euskal Herriko lau herrik hartuko dute parte. Iruñean ere, itzal eta landare gehiago izango... [+]


2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?

Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio krisiaren garaiotan.


2024-06-24 | Nicolas Goñi
Nola saihestu dezakegu aire kutsatuaren murrizteak dakarren berotze efektua?

Azken urteotan nabaritu den beroketa globalaren emendatzea neurri batean kutsadura murriztearen ondorioa da, hain zuzen, murriztuz doazen aerosol sufredunen isurketek, berez, berotegi efektuaren zati bat konpentsatzen dutelako. Paradoxa horrek egoera berri batean sartzen gaitu,... [+]


Paloma Castro (AEMET Nafarroa)
“Udaberria arrunta izan da eta uda ohi baino beroago izango da”

Ostegunean hasi da uda. Hartara, udaberriko eguraldiaren balorazioa eta udakoaren iragarpena egin du gaur AEMETek. Apirila 1961az geroztik hilabeterik lehorrena izan den arren, udaberri “arrunta” izan da eta uda ohi baino beroagoa izatea aurreikusi dute.


2030erako lur eta itsas eremuak %20 lehengoratzeko araudia onartu du Europar Kontseiluak

Astelehenean onetsi du Europar Kontseiluak Natura Lehengoratzeko Legea, hiru hilabeteko blokeoaren ondoren. "Mugarri gako bat da kontinenteko ekosistemen babeserako eta berreskurapenerako", esan dute hainbat elkarte ekologistek, besteak beste, BirdLife Europe,... [+]


Ikusten banauzu, egin negar

Elba ibaiaren arroa, 1417. Lehorteak eraginda ibaiaren mailak nabarmen egin zuen behera, eta norbaitek ur maila markatu zuen harri batean, idazkun bat zizelkatuta: “Harri hau berriro ikusten baduzu, negar egingo duzu. Ura maila honetan zegoen 1417... [+]


Eguneraketa berriak daude