Klima larrialdia areagotzera datoz “inoiz baino altuagoak” diren metano isurketak

  • Metano isurketak murriztearen beharra berresten du klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik plazaraturiko txostenak. Horrez gain, biharamunean atera du bere txostena Lurraren Aldeko Batzarrak, eta argiki dio: aldaketa sistemikoak bideratzeko nahikaria izanez gero, saihestu dezakegu klima larrialdia.


2024ko irailaren 12an - 10:49
Azken eguneraketa: 12:05
Eryn.rickard, Wikimedia (CC BY 2.0)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Berez klima larrialdiari buelta emateko bide emankorra litzateke metano (CH4) isurketen beherakada. Karbono dioxidoaren ondotik, berotegi efektua eragiten duen bigarren gas nagusia izanik ere, metano isurketak mugatzeko neurri eta helburu sendorik ez dute hartzen estatuek. Hori horrela, "inoiz baino altuagoak" izan dira azken bost urteetako metano isurketak. Hori dio Environmental Research Letters aldizkarian plazaraturiko irailaren 10eko ikerketa berriak. Klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik eramandako azterketa du oinarri txostenak.

CH4ak atmosferan denbora gutxiago irauten duen arren –bederatzi urte inguru, karbono dioxidoak haatik mende batzuk–, bere berotze ahalmena CO2arena baino anitzez handiagoa da: 80 aldiz handiagoa lehen hogei urteetan eta 30 aldiz handiagoa ehun urteko epeari begiratuz gero.

1980. urteaz geroztik dabiltza metano isurketak neurtzen eta azken bost urteetan izan da emendio esanguratsuena. Klimaren aldeko Parisko Hitzarmenak muga bezala jartzen zuen 1,5 graduko tenperaturen igoera gainditurik dugun honetan, igoera horren herena eragiten du metanoak, txostenaren arabera. Sektore guztietan igo da isurketa: laborantzaren sektorean –eredu agroindustriala da ekoizle nagusia–, zaborren alorrean, erregai fosilen ustiaketan...

Hor ere klima justiziaren nozioak badu bere garrantzia, hain zuzen, estatu aberats bakar batzuk direlako isurketa horren oinarrian: metano isurketaren bi herenak hamar bat herrialderen ardura dira –nagusiak izanik, Txina, AEB eta Errusia–. Azpiegitura txarrengatik istripuz gertaturiko isurketek ere pisu handia dute –%50az emendatu dira iaz–.

Aldaketa sistemikoaren beharra

Biharamunean atera du, bere aldetik, ikerketa itxaropentsuago bat Lancet Planetary Health aldizkariak: Lurraren Aldeko Batzarra deitu nazioarteko ikertzaile taldearen ikerketak dio "aldaketa erradikalak" bideratuz gero buelta eman diezaiokegula klima larrialdiari. Politikan, ekonomian eta oro har jendarte mailan bideratu beharreko aldaketak zerrendatzen ditu ikerketa berri horrek. Zehazkiago, baliabideen banaketa justuagoa, erregai fosilen bukaera, baita karbono isurketa ahula eragiten duten bizi eredu iraunkorren eta teknologien orokortzea ere dira hartu beharreko aldaketen artean. Zentzu horretara joanez, kontsumoari mugak jartzeko eta zergak justizia sozialaren eta ekologikoaren alde banatzeko gomendioa garatzen dute ikerketan.

Galdatzen dituzten aldaketa drastikoek erabakidunen mesfidantzak eta oztopoak eraginen dituztela badakite: "Beharrezkoa den aldaketaren tamainak gobernu anitz asaldatuko ditu. (…) Aldaketa hori ez da berehalakoan onartuko. Neurri batean beldurgarria da, baina erakusten digu oraindik badela lekua gizakientzat eta beste espezie batzuentzat".

Mundu mailako 65 adituk landutako 62 orriko txosten mamitsuak helburu du zehaztea planetako 7.900 milioi biztanleak nola egon daitezkeen mundu bizigarri batean, beti ere elikagaiak, ura, energia, etxebizitza eta garraioa modu justu eta iraunkor batean eskura izanez. 2050 urteari begira ere jartzen dira, ordurako 9.700 milioi biztanle aurreikusten direlako. Argiki diote: gaur egungo baldintza sozial, ekonomiko eta politikoek ez dute gero bizigarririk bermatzen, eta aipaturiko aldaketak ezinbestekoak dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


2025-07-09 | Itxaro Borda
“Azpian lur hotza”

Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]


2025-07-03 | Nicolas Goñi
Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte

Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]


Erregistratutako ekainik beroena izan da aurtengoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Iluntasunean argi, argi etorkizunean

Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]


2025-05-23 | Elhuyar
Ipar globaleko konpainia gutxi batzuk dira baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazken arduradun nagusiak

Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]


2025-05-21 | Nicolas Goñi
Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko

Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri  honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta... [+]


2025-05-16 | Elhuyar
Europako hiriak huts egiten ari dira klima-aldaketarako egokitzapenetan

Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]


2025-05-14 | Jesús Rodríguez
Kolapsoaren entsegu bat

Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


2025-04-30 | Nicolas Goñi
India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana

Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]


Eguneraketa berriak daude