ZAD

"Lanaren balioaren ideia oso presente daukate ZAD-en, egiten dutena zentzuz beteta dago"

  • Donazaharre, 1977. Berria-ko kazetaria da. ZAD bizi dutenen ahotik (Gatuzain / Txalaparta) liburuaren egilea:  “ZAD ezagutu nuen EHZ-k antolatutako brigada batekin joan nintzelako. Garatzen ari ziren proiektuen baliabideek jakinmina sortu zidaten”.

DANI BLANCO

Liburuan diozunez, ZADen bizitakoak (Zone d’Aménagement Différé / Gerora Antolatzeko Eremua) bultzatu zintuen berau idaztera.

Bai. Hasieran ez nuen batere asmorik liburu hau idazteko. Gatuzain argitaletxeko Hartzea Lopez Aranak animatu ninduen. Ez nuen ere [Frantziako Gobernuak] bertan eraiki nahi izan zuten aireportuaren kontrako borrokari buruzko enegarren liburua egin, asko idatzi baita horretaz. Zortzi urtez eraiki den autonomia proiektuari buruz idatzi nahi nuen, bestelako jendarte baten bilaketan sortu diren baliabideei buruz: bizitza antolatzeko moldeez, zer lortu duten edo zer ez kontatu.  

Liburua elkarrizketen bidez egin duzu.

Argi neukan ez nuela lehen pertsonan idatziko, ez bainuen aski menperatzen gaia, ezta ZADeko egoera ere. Ez nuen kanpoko begiradaz egindako liburu bat nahi. ZADen aritutakoen hitzetan oinarrituta behar zen. Lehen fasean, gunea ongi ezagutu ondoren, elkarrizketatu nahi nuen jendea arretaz xerkatu nuen. Iazko martxoa eta apirilean egon nintzen elkarrizketa luzeak egiteko, eta ekainean itzuli nintzen bukatzeko. Hain juxtu ere, poliziak ZADeko eremuak deuseztatzeko operazio militar bortitzak egin zituen unean.

Tentsio eta arrisku une horietan zadistek nola hartzen dute kazetari bat?

Kazetariekin mesfidantza dago ZADen, normala da. Foku anitz ezarri baitituzte zadisten gainean [ZADeko bizilagunak dira zadistak], askotariko kazetariak izan dira eta hedabideek denetarik esan dute ZADri buruz. Batzuek, hippy eta bilo-harro buru-bero batzuk bezala aurkeztu zituzten. Edonola ere, ni ez naute kazetari bezala hartu, auzolanetan parte hartzera joan den norbait bezala baizik. Haien ezagutza egin ondoren pasa nintzen kazetari lanetara.

Zer da ZAD gaur egun, zenbakietan?

300 jende inguru dira, alta, bertan bizi direnak ez dira kopuru zehatzik emateko gai. 1.650 hektareako eremua da, oso zabala, bizigune arrunt ezberdinak daude, baserriak eta harrizko etxeak, txokoz txoko eraikitako txabolak, zuhaitzetan edo lurrean. Bisitak antolatzen dituzte, baina jendea ez da txoko guztietara iristen. ZADen badago ere, bizpahiru hilabetez bizitzen egon eta lekua uzten duena.

“ZADeko autonomia proiektua eredu gisa hartu dute mugimendu alternatiboetako kideek”

Zer da ZAD hemengo mugimendu alternatiboentzat? Aman Komunak ekimenarentzat, adibidez.

ZADeko autonomia proiektua eredu gisa hartu dute mugimendu alternatiboetako kideek. Euskaldunak EHZren bidez hasi ziren harremanetan, lehenbiziko brigada Euskal Herri osotik joan zen hara, ez soilik Iparraldetik. Areago, gehiago ziren Hegoaldekoak. Esperientzia bizi dutenek haren berri eman eta sareak ehundu eta hedatu dituzte munduan barrena. Uda berezia izaten da han, guk 200 euskal herritarretik goiti kontatu dugu ZADen. Aman Komunak proiektuarentzat ZADek garrantzia handia ukan du: ZAD erdigunean jarri dute, nazioarteko borroken topaleku fisikoa izatea nahi dute. Ambazadaren proiektuaren bidez harremanak bizirik daude ZADeko eta hainbat euskal herritarren artean. Errekaleorretik joan den jendeak interesa sorrarazi du, senidetza bezalako zerbait sortu da. Ezkerreko mugimendu alternatibo autonomoak Euskal Herriaren errealitatea eraman du hara, orain arte ezagutzen ez zena. Hau da, herri bat, gure lurraldea, kultura, hizkuntza eta borroka historia bat; eta interesatu dira. Harremanak sendoak dira. Euskal eremua 120 metro koadrokoa da, ZADeko egur, lastoz eta buztinaz egina, udan joan direnek auzolanean egina.

ZADeko autonomiaz, egiturez edota askiespenaz idatzi duzu. Nolakoa da bertakoen autosufizientzia?

ZADen badago denetarik. Batzuek gogo handiz lantzen dute elikadura, autonomia batera heltzeko. Eta ongi lan eginez gero lortzen dute. Bizigunetan antolatu daude, bakoitzean badago kolektibo edo talde bat. Baratza eta hazkuntza eremuak oso ongi landuta daude. Aldiz, beste batzuek ez dute horiek lehentasunezko eremutzat hartzen, beste proiektutan ari dira. Hala ere, lur kolektibo horiei denek garrantzia handia ematen diete autokontsumoa garatzeko. Kolektiboen arteko proiektuak partekatzen dituzte, ZAD autonomia eta gaitasun eremua izan daitekeela erakusteko. Ekimen mota anitzak daude, baina ideia zehatz bati lotua. Halaber, kanpoko jendearekiko harrera ongi antolatuta daukate. Ez da ahantzi behar, urte luzez, kanpoko laguntza ukan zutela proiektua aitzinatzeko. Janariak eta botikak eraman dizkiete kanpotik, adibidez.


Marcel, Genevieve, Marsios, Benoit, O eta Sarah izan dituzu solaskide.  

Seietatik bi ezagutzen nituen, besteak ez. Argi nuen orotariko ikuspegiak behar nituela bildu. ZAD etengabeko eztabaida lekua da eta ikuspegi anitz daude. Eramaten dituzten borroka moldeen inguruan estrategia ezberdinak daude. Garbi neukan: jendea engaiatua izan behar zen mugimendu orokorrean. Izan ere, badaude beren txokoetan ari direnak, mugimendu orokorraren borrokan parte hartzen ez dutenak.

Solaskideak garden mintzo dira.

Egiari zor, ez nuen inoiz ikusia ezkerreko jendearen artean han ikusi dudan umiltasuna. Ez dira ezeren irakaspen emaile. Lortzen eta lortzen ez dutenari buruz mintzo dira argi, beren kontraerranak ere aipatuz. Jendarteko errealitatea segitzen dute, dirua erabiltzearen beharra. Batzuek ere aitortzen dute ZADetik kanpo aritu behar dutela aitzina egiteko. Kontraerranak daude, haatik bertako proiektuetan parte hartu dezakete, bertako eskolan edota okindegian. Adibidez, ogia egiten ikasten dute, elikatze kolektiboa sustatzeko. Ongi ikasten dutenek besteei irakasten diete. Ikastaroak dohainik dira. Lanaren balioaren ideia oso presente daukate, egiten dutena zentzuz beteta dago haientzat.

Elikaduraren beregaintasuna kezka dute.

Alabaina, Marcelek dioenez, “beregaintasuna ez da erlijio bihurtu behar”. Alegia, badira beregaintasuna duda-mudan jartzen dutenak. Laborantzan usatuak ez direnak. Zenbat elikagai egin? Bertakoentzat soilik? Merkatura eramateko? Denetariko iritziak daude. Egia esan, okupazio mugimendura hiritik joan direnek –kalekumeek– laborantzan ikasi dute bertako laborariekin. Behien hazkuntzan hasi eta gasnategi bat muntatzeraino. Alegia, batzuk maitemindu dira laborantzarekin, lurra landu eta bertan bizi nahi dute. Beste batzuek aldiz, esnea kooperatiba bati saltzen diote, bizimodua eta lan ereduak denetarikoak dira.

“Ez dut, ez sekula ez inon ikusi halako intentsitaterik bizi kolektibo mailan”, dio Marcelek.

Aldi oro gogoetatzen dute, hau da, talde batek nahi badu eraikuntza altxatu kontserbategi bat muntatzeko, bada lan hori kolektiboki pentsatua da. Galdera hauxe egiten dute: “Nola egin eta zertarako erabiliko dugu?”. Ideologiaz eztabaidatzen dute, baina bereziki eguneroko bizimodu praktikoari buruz.

Nork bere burua deseraikitzeaz mintzo dira solaskideak: sexismoa, homofobia, transfobia, nazionalismoa, espezismoa edo arrazakeriaz, besteak beste.

ZADen urte luzetan bizi izandako jendeak dioenez, han errotu den jendeak kontzientzia maila handia lortu du, lan bati atxiki zaio. Bertara joaten denarekiko ez dago epaitze gisako bat. Ezezagunarekiko “neutraltasuna” izaten da hasieran. Edonola ere, elkarrizketetan diotenez, sexismoa edo arrazakeria gaien inguruan jarrera guztiak ez dira baikorrak.
Eremua zabala da, zaila da neurtzen. Haatik, gai horiek lantzen ari dira.

Frantsesa ez den beste kultura eta hizkuntzekiko jarrera berriz, nolakoa da?

Uste nuen jarrera ezkor gehiago agertuko zirela haien solasean. Euskal Herriko jende multzo handia izan da zenbait unetan, euskaraz funtzionatzen genuen arazorik gabe. Lehen aldikoz, gutxiengoekiko irekidura sentitu dut Frantziako ezkerreko espresio ezberdinen aldetik, lasaitasun osoz hartu dute bestelako jendeen identitatea, hizkuntzak. Mundu osoko bestelako mugimendu batzuekin lanean aritzeak jendearen aurreiritziak uxatzen lagundu ditu.

ZADen kontrako Cesar operazioa izan zen lehenik eta iragan udaberrian eremuaren herena suntsitu zuten  poliziek.

Alabaina, indar harremanen estrategia areago landu dute ondoren, auzia eta bataila planteatu dute administrazioarekin. Estatuak aireportu proiektua utzi zuen, eta ZADek zutik segitzea ezin du jasan. ZAD autonomia eredua da, Estatuaren antolakuntzatik kanpo, saretze handia, bere baitatik antolatua, bere buruaren jabe. Balore horiek garatu izana ez zaio gustatu estatuari. Horren lekuko Cesar operazioa izan zen, baina huts egin zuen. Are molde bortitzagoa erabili zuen 2018ko udaberrian, sekulako operazio militarra: 2.500 polizia, droneak, tankeak. Ikaragarria izan zen. Azken horretan ere ez zuten lortu desegitea eta Estatuak negoziaketa bilatu du irtenbide bat aurkitzeko. ZAD osoa administrazioaren lege eta arauen barruan sartu nahi ditu, dena ofizializatu. Eta noski, joko horrek zadisten artean “tirabirak” sorrarazi ditu.

Estatuak ez du etsiko.

Bistan da. Baina kontziente dira horretaz. ZADen parte hartzen duten kolektibo ezberdinak jakitun dira bateratasuna bilatu behar dutela Estatuarekin harremanetan. Hein batean aireportuaren kontrako borrokan hori egin zuten. Estatuaren azpiegitura proiektu bat geraraztea bakan izaten da. Sekulako garaipena izan zen, aztertzeko modukoa.

Zadisten arteko komunikazioa landu dute. Hamabien zikloa ekimena inportantea izan da.

Marsiosek erraten duenez “badira populu batzuek denbora luze eskaintzen diotela solasari bizitzan, funtsezkoa da”. ZADen eztabaida oso landua da, batzarra oso tresna inportantea da, badira batzar orokorrak. Hamabien zikloa bitartekari talde bat da, gatazka sortzen den momentuan, bi edo hiru aldeen arteko solasaren medio, konponketa bilatzen dute. ZADeko eremu eta ekimen ezberdinetatik badago ordezkari bat, hilabetero aldatzen dena. Haien artean txandakatzen dira horrelako auziak trenkatzeko. Aitortzen dute askotan lortu dutela eraginkorrak izatea. Baina onartzen dute ere Hamabien zikloa bitartekari taldeak ez dituela “krisi une” guztiak bideratzea lortu. Une honetan, talde hori ez da ari, egoera lasaiagoa behar da horrelako taldeak lanean jartzeko. ZADetik tokiko jende batzuk kanporatuak izan baitira, poliziaren azken erasoen ondoren.

Berriki, ZADeko ordezkaritza bat tokiko suprefetarengana joan da.

Bai. Mugimenduak erabaki zuen negoziatzea edo hitz egitea bederen, eta horrek mugimenduan eztabaidak eragin ditu. Tentsio une handiak izan dira: negoziaketak nola egin, zein estrategia erabili. Hala ere, gehiengoak pentsatu du negoziazioetan sartu behar dutela, erabiltzen dituzten lur horiek guztiak, proiektu guztiak, lotuta daude. Orduan, zer eta nola egin inor kanporatu gabe, bertan irauteko?

“Ez nuen inoiz ikusia ezkerreko
jendearen artean ZADen ikusi dudan umiltasuna”

Denek ez dute poliziaren aurrean berdin jokatzen, alegia.  

Saiatu dira poliziari aurre egiteko bitartekoak erabiltzen eta justizia eredu bat sortzen. Ez da erraza. Justizia organorik ez den eremu batean nola egin gatazkak  kudeatzeko? Liburuan porrotak aitortzen dituzte, baina lorpen handiak ere bai: ZADen leku orotatik etorritako jendea dago. Jende mota orok badu aukera proiektu horretan parte hartzeko, berari egokia zaion eremu edota kolektibo bat atzemateko, hori oso garrantzitsua da, baina kudeatzen zaila. Pentsa, badago “gizarte klasikoan” bizimolde dorpea eraman eta errotzerik izan ez duena, aldiz, ZADen lortu du. Bere nortasuna han eraiki duena. Badira ere, arrazoiak arrazoi, gunea utzi eta gizartean segitzeko indartuta atera den jendea.

“ZADek komunaren ideia jarri du irudimen politikoan”, idatzi duzu.

Horrela bukatzen da liburua. Baserri gune eremu horretara etorri dira hirian militatzen usatuak ziren jendeak, esperientzia asko bizi izandakoak politikan, ezker-eskuin borroketan zailduak eta proiektu iraunkorra eraiki dute ZADen. Jende komunitate bat sortu eta harekiko atxikimendua lortu. Autonomiaren ildoan ari den kide batek horrela dio. “Euskal Herritik joan garenok ‘zalantzan’ jarri gaituzte zenbaitek, lurralde bati atxikiak garelako. Baina, hara, badago anarkismotik autonomiara bide egin duten lagunak, eta ZADeko ‘lurraldeari’ atxikiak bukatu dutenak”.

Ez da aise konfluentzia hori lortzea.

Noski, komunitate bat sortzea biziki zaila da. Hain epe motzean ondorioak ateratzea ez da erraza ez egokia ere, baina historia komuna duen komunitatea eraikitzen ari dira. Bizipenek, eztabaidek eta auzolanek lagundu dute elkarren arteko borrokak gainditzen, komunitateari atxikitzen eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko nahi handia dago.

JAKA HORIAK ETA ZADISTAK

Jaka Horien ekimenak abiatu zirenean, Frantziako ezkerreko mugimenduetan mesfidantza zegoen: “Zer dira hauek? Erabiltzen duten diskurtso orotarikoa ez dugu gustuko”, zioten zadistek. Alta, emeki-emeki ezkerreko jendea haiengana hurbildu da, duda-muda zenbait tarteko, noski. Eta zadistek ikusi dute jaka horien artean badagoela aukera bat. Zadistek ZADeko eremuetako mozkinak –barazkiak edo ogia– eraman izan ohi dituzte beste borroka guneetara, adibidez, etorkin eta errefuxiatuei. 400 pertsonari eguneko elikagaiak emateko unitate ibiltari bat antolatua dute. Orduan, gisa berean, biribilgune edo errotondetara joan dira elikagaiak partekatzera eta haiekin hitz egitera. Zadistek autonomiaren kultura haien artean zabaltzeko modua ikusi dute. ZADek lan kolektiboa elkartasunean bizi nahi du. Jaka Horien fenomenoa ez da hein berekoa, baina biribilgunetan jendea hasia da berriz ere solasean, elkar ezagutzen, mintzatzen. Jaka Horien ideiak hurbiletik ezagutu dituzte. Hori egungo gizartean urrats handia da.


ASTEKARIA
2019ko martxoaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ZAD
Etxebizitza Ipar Euskal Herrian: egitateak eta aukerak

Angeluko amodioaren ganbaratik hurbil, Robert Alday etxegileak eraiki luxuzko erresidentzien aitzinean zazpi egunez eta sei gauez antolatu dugun okupazioak egoera bitxi zein adierazleak ekarri ditu. Baita perspektibak ere.


2020-03-31 | ARGIA
Zad-eko ebakuazioa zuzendu zuen militarra, Frantziako Estatuko koronabirusaren krisia zuzentzen

Richard Lizurey, 2018an Notre-dame-des-Landeseko Zad-aren ebakuazioko buru izan zen militarra izendatu du Edouard Philippe lehen ministroak koronabirusaren kudeaketaren ikuskatzaile Frantziako Estatuan. “Oso ona da krisien kudeaketan”, dio lehen ministrotik hurbil... [+]


2019-08-06 | ARGIA
Topaketa Intergalaktikoa egingo da Hendaian, G7aren aurka

Aurreko bi edizioetan nazioarteko topaketak Notre-Dame-des-Landeseko ZADen egin dira. Hendaian antolatu dira aurten, abuztuaren 21etik 23ra, G7aren aurkako ekimenekin bat eginez.


2019-04-04 | Camille Laforet
G7 gailurra: borroken eta alternatiben bateratzearen alde

2018ko urtarrilaren 17an, frantses gobernuak Notre-Dame-des-Landesko aireportu proiektuaren bertan behera uztea iragarri zuen. Hamarkadetan burutu erresistentziari esker lortu garaipena izan zen hura.


2019-03-22 | ARGIA
Euskal brigada antolatu dute ZADera espazio berriak auzolanean eraikitzeko

Ambazadak nazioarteko etxola berriak eraikitzeko asmoa aditzera eman du eta horretarako brigada bat antolatu du. Auzolan ekimena Notre-Dame-des-Landes herriko ZAD gune autogestionatuan gauzatuko da apirilaren 15tik 21era bitartean.


Eguneraketa berriak daude