ARGIA.eus

2020ko ekainaren 04a

Notre-Dame-Des-Landesko ZADean jendarmeek ekin diote bigarren erasoari

  • Atzo Matti Txintxurretak aurreratu bezala, ostegun goizean ekin diote jendarmeek Naoned-Nantes inguruko ZADa hustutzeko bigarren erasoari, agintariek iragarri dutenez bihar amaitu nahi duten operazioari.

ARGIA @argia
2018ko maiatzaren 17a

Emmanuel Macronen gobernuak Naoned-Nantes inguruetan urtez luzez saiatutako aireportu berri handiari uko egitea izan da denbora luze honetan Defenditu Beharreko Gune hau (Zone A Defendre, ZAD) sortu, landu eta babestu dutenen garaipena. Ordaina izan da bertan eraikitako etxalde guztiak hustu eta desegiteko eman zuela gobernuak. Apirilean egin zuten 2.500 jendarmek lehenbiziko saioa, aurrean aurkituz erresistentzia tematia.

Aste labur batzuetako hala moduzko su-eten baten ostean dator oraingo bigarrena. Egun horietan gobernuak ZADeko okupatzaileei eskaini die irtenbide malkartsu bat: alde batetik, aireportua egiteko desjabetzea onartu ez zuten baserritar historikoei onartuko zien bertan segitzeko eskubidea eta geroztik etorritako beste guztiek nork bere proiektua aurkeztu beharko zuen egun oso gutxiko tartean. Hauetako gehienak saiatu dira proiektuak aurkezten baina badira irtenbide hori tranpatzat jo eta bertan segitzea deliberatu dutenak. Horien etxaldeak hustu eta suntsitzera sartu da ostegun goizean berriro ere 1.700 jendarmez osatutako oldea.

Lehen erasoaldian baino erresistentzia ahulagoa aurkitu dute militarrek beren aurrean. Aldiz, aurrekoan erabilitako munizio oso bortitza ari dira orduotan ere usatzen: ke negar-eraileez gain leherkaria daramaten granada durduzagarriak eta beste. Gizarte mugimendu asko ari dira agintariei eskatzen erasoa geldi dezaten eta hustu nahi dituzten hamar etxaldeetako biztanleei beren proiektuekin aurrera jarraitzen utz diezaieten.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: ZAD  |  Bretainia

ZAD kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude