G7 gailurra: borroken eta alternatiben bateratzearen alde

  • 2018ko urtarrilaren 17an, frantses gobernuak Notre-Dame-des-Landesko aireportu proiektuaren bertan behera uztea iragarri zuen. Hamarkadetan burutu erresistentziari esker lortu garaipena izan zen hura.


2019ko apirilaren 04an - 09:20

Bertan behera geratze hau lortzeko antolatu ehunka bilkuretan eta hitzorduetan, denek gauza asko ikasi ditugu. Agertu estrategia, ideologia baita ezadostasun ugariek afera konplexua eta aberatsa bilakatu dute. Garaipena tendentzia edo korronte zehatz bateko inork ezin du bere egin, kolektiboa izan delako. Nekazari historikoek, naturalistek, zadistek, bertako eta urruneko militanteek, sindikalistek, juristek... Elkarrekin geldiarazi genuen proiektu kapitalista eta klimatizida hau. Gaur, denak ados gara errateko indarren batuketak eta taktiken aniztasunak dituela aireportuaren aldeko erabakitzaileak galgatu.

Urte bereko azaroaren 17an, sare sozialetan, erregaien zergen igotzearen kontra protestatzeko hedatu mezu batek bazterrak harrotu zituen. Jaka horien mugimenduak, ohituraz kanpokoak eta gurpil askean ibilki, botere politikoa krisian jarri du eta epe luzera egituratzen saiatzen dabil. Borroken eta alternatiben bateratzea, azken urte hauetan hainbat kolektibok eta erakundek plazaratu gogoa, leku askotan ageriko beharra bilakatu da eta baseek horretara tiratzen dute.

Aurten, abuztuaren 24tik 26ra, Biarritz ikusgarri ilun baten lekukoa izango da. Macronen gobernantza ekonomiko liberala eta autoritarioa gero eta gutxiago onartua bada ere, azken honek beste sei estatuburu gomitatuko ditu Trump AEBetako liderraren inguruan, liberalismo ekonomikoaren munduko gailurrera. Denek ikusten ditugu hautu politiko horren efektu hazkundeak dakartzan ondorio suntsigarriak, biztanleen %99entzat baita planeta osoarentzat. Macronek, bere konplizeekin, klimari, jendeen eta herrien eskubideei, kapitalismoaren alternatibei, Euskal Herriko borroka independentistari kolpe berria eman nahi die. 15.000 poliziaz inguraturik, berriz ere aurpegira txistu egin nahi digute, errepresio indar basatien gibelean babesturik, guztien ongizatearen alde ari direla sinestaraziz.

Duela bi urte, Notre-Dame-des-Landes-ko ZADen eta Euskal Herriko kolektibo batzuen arteko loturak sakondu egin dira. Ambazada munduko herri eta borroken lotzeko etxola eraikitzeko burutu bi urteko auzolan, topaketa eta festek elkar ezagutza eta laguntzak bideratu dituzte. Auzolan berria iraganen da laster han, apirilaren 15etik 21era,  lauzak eta baldosak jartzeko.

Datorren udan, hirugarren ediziorako, aste intergalaktikoa Euskal Herrira lekutuko da. ZADen iragan aurreko bi edizioetan, lurralde urrunduetako ehunka lagunek hartu zuten parte, euren dinamika eta proiektuez trukatzeko. Beste hurbilketa batzuk sortu dira geroztik eta etorkizunean, Ambazada helburu komunak dituzten kolektibo militante eta kulturalei ireki lekua izanen da, ZADeko gune berezian : nahiz iaz kanporatze operazio bortitza jasan eta lurren atxikitzeko traba administratiboak ugaritu, elkarrekin bizi eta topaleku izaten segitu nahi duen gunean.

ZAD beti hor egonen da eta ez dugu abandonatuko ; ez ditugu ere gure adiskidantzak ahaztuko. Bertako oihanetik atera armazoi berria prestatzen ari gara Euskal Herrira ekartzeko, eta beste askok bezala, Euskal Herrian G7aren kontra prestatzen ari diren mobilizazioetan parte hartuko dugu. Nahiz eta ETAk armak utzi, errepresioak dirauen herrian, taberna batean gertatu liskarra urteetako kartzelatzea bilakatzen delarik, etxetik urrun dauden ehunka preso politikok kondena luzeak pairatzen dituztelarik.

Beraz, aurten, euskal hondartzen hegietara. Datorren urtean itzuliko gara gure ZADera. G7aren kontra, borroken bateratze eta aste intergalaktikoaren alde, zatozte Euskal Herriko indar biziak sostengatzera, abuztuaren 19tik 26ra.

Camille Laforet, Ambazadako kidea


Kanal honetatik interesatuko zaizu: G7ren aurkako mugimendua
2020-06-09 | ARGIA
G7aren kontrako manifestari bat kolpatu zuen polizia epaituko dute Baionako auzitegian

Ekainaren 26an epaituko dute polizia Baionako auzitegian. Poliziak jaurtiriko flashballa aurpegian jasorik, manifestariak zauri larriak ukan zituen aurpegian.


G7koen bileraren garaian atxilotutako gehienak errugabetzat jo dituzte

Defentsako abokatuek azpimarratu dutenez, prozedura akatsak egon dira haien aferetan. Azken auzia atzo iragan zen Baionako auzitegian.


G7koen bileraren garaian atxilotutako gehienak errugabetzat jo dituzte

Defentsako abokatuek azpimarratu dutenez, prozedura akatsak egon dira haien aferetan. Azken auzia atzo iragan zen Baionako auzitegian


Eguneraketa berriak daude