Ibon RG, musikaria

"Zer hoberik herriminaren kontra, kanta berriak egitea baino?"

  • Herri kantaren erroetara jo du; esperimentazioaren esperientzia makulu, piezak entzulearen memorian irauteko nahia akuilu. Norabide, kolore, ertz eta instrumentu askotako musikaria da, baina ahotsean oinarrituriko disko gordin eta biluzia kaleratu berri du: Hil zara (Repetidor).

Gorka Erostarbe Leunda @gerostarbe1
2019ko otsailaren 17a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Bilboko Errekalde auzoan entseatzeko lokala partekatzen du, egun, beste dozena erdi lagun eta musikarirekin Ibon Rodriguezek (Sestao, Bizkaia, 1978). Hiru piano / organo dituzte bertan. Ez litzateke leku txarra kantaren batzuk grabatzeko ere. Bere habitata du lokala; eroso sentitzen da instrumentu artean.

Noranahiko belarria dauka musikari poliedrikoak; herri musikarantz bezala esperimentalerantz zuzendua modu nabarmenean, eta hortik aurrera, zein atzera, edonorantz. Txistulari eta dantza taldeetan aritua gaztetxotan, Eten rock esperimentaleko taldeko kide eta gidari gisa lau disko plazaratuak ditu; Xabier Montoia eta Mursegoren diskoetako ekoizle lanak egin izan ditu, eta Montoiaren beraren disko nahiz zuzenekoetako parte izan da, baita Borbor, Manett, Le Noise eta beste hainbat proiektutakoa ere. Gargaran bikote modura aritu izan da, ahots inprobisazioa eta esperimentazioa ardatz izanik. Egun Txaranga Urretabizkaian ere jarduten du, metal haize instrumentuekin esperimentazioa lantzen duen talde zabalarekin.

Bakarka aritu izan denean Ibon RG izenarekin aritu izan da; egin ditu emanaldiak eta grabatu ditu kantak; baina hau du bakarkako lehen diskoa. Disko bikoitza da Hil zara, hamasei kantaz osaturikoa eta hamar hatzbeteko biniloan jasoa. Lehen aldean a capella abestutako zortzi kanta bildu ditu (estudioz kanpoko lekuetan grabaturik: Bi bunker, eremitorio bat eta leize bat). Bigarrenean, piano hutsaren laguntzaz kantaturiko beste zortzi (Eibarko musika eskolan grabatuak). Repetidor Kataluniako zigiluarekin plazaratu du lana, eta lehen kontzertuetako asko Katalunia aldean emango ditu. “Onena litzateke mikrofonorik gabe eta leku natural horietan jotzea, baina, horrek zailtasunak ditu”.

Hil zara II kantan, bi diskoei amaiera ematen dien horretan, “kantu hau besterik ez zara” diozu errenkada batean. Une honetan zu ere hauxe zara, kanta hau, disko hau?

Ez, ez nuke hori esango, saltsa gehiagotan ere banabilenez. Uste dut hau baino gehiago ere banaizela. Hitzak ez azaltzea nahiago dut, baina justu zerrendatze hori, eta “kantu hau besterik ez zara” bertsolerroa, letrek iradoki dezaketen irmotasunari aurre egiteko kantatzen dut, pisua kentzeko: “Kantu hau baino ez zara”, deus ez zara, alegia. Hil zara-ren ideia ere irekia da; esan diezaiokezu asko maite duzun bati edo asko gorroto duzun bati. Interpretazio asko izan ditzake: faltan botatzen duzulako edo nahiago duzulako berriro ez ikusi. Agian gehiegi azaltzen ari naiz, eta ez nuke hori nahi…

Musika ulertzeko modu baten oso oinarrira joan zarela esan liteke; oso muinera joan zarela, kanta huts eta biluts horretara?

Bai, oinarrian kanta dago. Nire oinarria beti izan dira herri kanten moldeak. Baina nik herri kanta berriak sortu nahi izan ditut. Ematen du herri kantak ez dituela inork sortu, baina sortzaileak izan dituzte. Beti izan dut gustukoa herri kantak abestea, besteen kantak abestea; lagunekin geratu eta kantatzea. Aspaldian hiru lagun geratzen ginen hiru ahotsetara kantatzeko, tabernetan eta, beste inolako pretentsiorik gabe. Ez genuen asmoa talde bat sortzeko. Zuberoako kantak hartzen genituen eta kantatu; baina horri buelta bat eman nahi nion, nire perspektibatik melodia berriak sortu eta a capella egin.

Errora jo?

Bai, errora jotzea da. Herri kantek duten gauzarik inportanteena da oso kanta biziak eta askeak direla, ez daudelako oso lotuak erritmo bati, harmonikoki ere oso biziak dira, etengabe aldatzen dira. Ez du inporta desafinatzeak, eta erritmo oso itxi batean ere ez doaz; askatasun horren bila ere nahi nuen jo kanta hauek egiterakoan. Azkenean atera da disko bat a capella eta beste bat pianoan. Baina nire hasierako asmoa a capella hutsez egitea zen, eta esango nuke kanten %90 a capella emateko sortuta daudela, baita pianokoak ere.

Eta nola sartu zen pianoa?

"Ez dut nire burua kantari ontzat hartzen, ezta birtuosotzat ere. Gehien gustatzen zaizkidan kantariak oso punk dira"

Askotan bezala, kasualitateak eragin zuen. Kanta bat Koldo Izagirreren letrekin osatua nuen. Kanta hori grabatzera joan nintzen, tonua egokitzeko nire ezaugarrietara-edo. Pianoan eseri nintzen, pare bat akorde jo eta gero ezin nituen kendu kantatik. Horregatik hasten dut kanta hori ere a capella, eta gero sartzen dut pianoa. Horrek eman zidan bidea beste zenbait kantatan ere pianoa erabiltzeko. Kanta guztiak izan zitezkeen pianoarekin jotzeko prestatuak. Batzuei ez nien aukera hori eman nahi izan. A capella gera zitezela nahi nuen.

Zure ibilbidearen une honetan sentitu duzu beharra biluztasun eta oinarri horretara joateko?

Aspaldi nuen behar hori, kontua da orain gauzatu dudala. Ekainean izango dira bi urte grabatzen hasi ginenetik, baina zenbait melodiak izango dituzte pare bat urte gehiago ere. Hor egon dira gordeak, sakeleko telefonoan grabatuarik eta abar. Batzuk izan dira bi kanta desberdin eta gero bakarra bihurtu dira; dutxara sartu aurretik grabatu dut igual puska bat, eta metroan sartzean beste bat, eta gero gauean dena josi… Melodiek denboran zehar beren bidea egin dute. Nire bakarkako ibilbidean ahotsaren inprobisazioa landua nuen, biluztasun hutsean… beraz disko hau kaleratu aurretik eszenatokira igoa nintzen ahots hutsarekin, mikrofonorik gabe inkluso. Hori beraz ez zen arazoa, beti maite izan dudalako herri musika.

Herri musika esatean zer ulertzen duzu?

Beno, herri musika esatean, ez da soilik popularra izatea, hori ere bai akaso… baina nire helburuetako bat zen gogoangarria izatea, melodia memorian geratzea. Kanta asko buruan ditudala esnatzen naiz askotan, eta hori gogoangarri izatearen seinale da. Herri musikara jo nahi nuen daukan askatasunaregatik, baina ez soilik askatasun idealizatu horrengatik, askatasun teknikoarengatik baizik, ez duelako eskatzen ez berebiziko teknikarik ez halakorik. Nik ez dut neure burua kantari ontzat hartzen, eta are gutxiago birtuosotzat. Gehien gustatzen zazikidan kantariak oso punk dira zentzu horretan.

Adibidez?

Paul Dutton eta bere Four Horsemen, Henry Chopin, Meredith Monk. Bereziki Duttonen esperimentuak entzutean konturatu nintzen neuk ere halako zerbait egin behar nuela. Hori esperimentatzaileenak aipatuta, baina herri kantetarako Ocora edo Alan Lomaxen edozein grabaketa iruditzen zait inspiragarria.

Herri kanta bera nahiko punka ez al da berez?

Bai, baina nire belaunaldiak (edo nik neuk) kontrako norabidean jaso duela iruditzen zait: punk izeneko hori zen gauzak egitera bultzatzen zintuena, ez herri musika, konturatu gabe hori jada asmatua zuela folklore izeneko horrek. Dantza taldeetan izan dudan ibilbidean, eskola oso ontzat izan ditudan arren –errepertorio ikaragarri zabala ikasi dut bertan–, eszenatokiekiko mendekotasun handia bizi izan dut, zentzu popularretik aldendu samarra, trebeenen luzimendurako prestatutako koreografiak, partitura itxiak eta metronomoa. Eszenatokitik jaistean gozatzen nuen gehiago folklore hori, eta hala ikasi dut maitatzen, konturatu arte hasierako ideia harekin ez duela zerikusirik, zerbait librea eta bizia behar duela izan.

Zure baitan nola ezkontzen dira punk kultura eta herri musika?

Nire ustez biek ematen dituzte gakoak ahalduntzerako, eta minimalismotik abiatuta gainera. Ezer gutxirekin potentzia handiko kontuak egiteko ahalmena, eta edonoren esku jarriz baliabideak.

Ahotsaren bilaketaren emaitza al da lana? Ahotsa bi zentzutan ulerturik: ahotsa soinu den heinean, eta baita zure ahots propioaren emaitza ote den…

Bai, ahotsarekin esperimentazio asko egin dut. Nire ustez esperimentazio horiek gabe, kantak ez ziratekeen horrela aterako. Hori ere interesatzen zitzaidan: nola heldu horrelako herri kanten moldera esperimentaziotik. Hor nire ahotsa aurkitu behar izan dut baita teknikoki ere. Ez dut asko landu teknikoki, baina aurkitu dut nire ahotsa non dagoen eroso. Orain halako kontuak zuzenean eman ditzaket, berrogei ere bai; Etenekin, adibidez, askoz gehiago urratzen dut ahotsa. Nire ahotsaren kokapen eroso horrek, ordea, arazoak ekartzen dizkio diskoari, denak antzerako tonalitatean kokatuta daudelako. Hor ere aske jokatu nahi izan dut, ez diodalako mugarik ipini neure buruari errepikapen tonalak egiteko. Hau da, melodia bat gustatu bazait, edo nire ustez funtzionatzen badu melodia batek nire buruan, eta beste baten ahairea baldin badauka, bada, eduki dezala. Etenen lana justu alderantzizkoa da.

Zein alde dago bada Etenen eta oraingo honen aldean?

Bi proiektuen artean alderik handiena ez dago estetikan, zaratan, bolumenean edo abiaduran, baizik eta hemen gozoago jokatu dudala nire buruarekin Etenen baino. Etenen geure burua izorratzera joaten gara, ezeroso sentitzera. Etenen ariketa formula hori da: kantak zerbait eskatzen digunean, kontrakoa egitea. Alde horretatik, Eten zerebralagoa da hau baino, nahiz eta kontrakoa eman dezakeen. Hemen gehiago utzi diot senari lan egiten, eta erraz gogoratzeko melodia horiekin geratzen, horren bila joan naiz.

"Ezagutzen diren herri kanta apurrak gainbaloratuta daude, eta herriminak jota. Denarekin bezala gertatzen da: ehuneko bost inguru ezagutarazi, eskuztatu eta matxakatzen da"

Herri kanta berrien beharra nabaritu duzu?

Nik ez dut ezer asmatu; Zuberoako herri kantak dira erreferentzia nagusi, baina pixka bat nekatua nengoen herri kanta zaharrak behin eta berriz kantatzeko joerarekin, herri kantak salbatu behar horrekin… Artxiboak daude eta salbatuta egongo dira, ez dira behin eta berriz berritu behar. Herrimin handia dago horrekiko. Hala ere, ez dut ezerren kontra egin nahi izan. Asmoa izan da errepertorio horri nire aleak gehitzea. Hemendik 200 urtetara ez dakit inor gogoratuko den kanta horiekin, baina hor egongo dira kantok… Eta 200 urte barru aurkitzen dituenak, ba goza ditzala, nik duela 200 urtekoak gozatzen ditudan bezala.

Herri kanta gutxietsia dago?

Ezagutzen den apurra gainbaloratuta dago, eta herriminak jota. Denarekin bezala gertatzen da: ehuneko bost inguru ezagutarazi, eskuztatu eta matxakatzen da. Ezinezkoa da denera heltzea, ados, baina zenbat energia joaten zaigu ehuneko bost horren inguruan bueltaka?

Ahots teknikoaz harago, zure ahots propioa bilatzen lagundu dizu disko honen prozesuak?

Ez nire propioa, baizik eta nire beste ahots bat bilatzen lagundu didala esango nuke. Ni naiz baina jantzi desberdin batekin. Egia esan, puntu batera iritsi naiz oso gustura nagoena, zuzenekoetan lortu dut inoiz baino gehiago abstraitzea, adibidez. Oso desberdina da bakarka jotzea, edo bikote, hirukote, edo dena delako taldearekin aritzea. Benetan desberdina dena bakarka aritzea da. Nik hor daukat guztiaren kontrola, eta erantzunkizuna ere bai. Hori ez dut jakin berandutxora arte, duela hamar bat urte irtengo bainintzen aurreneko aldiz bakarrik agertoki batera.

Zergatik orain zure izenez, Ibon RG bezala?

Kanta hauek bideratu naute horretara; ez da bakarka egindako lehen lana, Interneten pieza asko baititut jarriak. Izango dira berrogei bat edo. Lirismo horretara oraintsu heldu naiz, baina ez dakit zein jarraipen izango duen. Agian ez dut horrelako beste diskorik egingo. Jarraitzen dut kantak sortzen… Bestalde, diskoan egon dira alboan lagun oso inportante batzuk, bai grabatzen, arte lanak egiten, margolanak… bakarkako diskoa da, baina agian da lagunduen sentitu izan naizen diskoa, ze beste proiektuetan, uste dut nik hartu izan dudala zama, ez konposizio lanean bakarrik, baizik eta diskoa fabrikara bidaltzeko eta gainerako lanetarako. Eta, kurioski, bakarkakoa izanagatik, inoiz baino babes handiagoa jaso dut oraingoan; eta hori izan da Tzesnegatik, grabatzeko lekuak proposatu dizkidalako, Ane Arana eta Ima Paraluxegatik, bideoa egin dutelako, eta baita margolana… grabaketara guztietara etorri dira denak, aholkua eta babesa eman didate. Emaitza haiei eskerrak da.

A capella egiteko sortu zenituen. Ahotsarekin mira duzu?

Bai, hala da. Eta asko gustatzen zaizkit a capella grabaturiko diskoak, eta esperimentalak dira horietako asko. Nire backgroundean joan da fermentatzen halako kanta moldea. Eta orain atera da horrela, indar askorik egin gabe.

Zein dira disko esperimental horiek?

Esaterako, Paul Dutton –Oralizations–, Joan La Barbara, Alan Watts, Magdalith, Bartolomé Ferrando, Futura Poesia Sonora (7 diskoko bilduma!)...

Argazkia: Dani Blanco.

Zuberoako herri kantek noiz harrapatu zintuzten?

Beti egon dira hor, eta lagun artean beti gustatu izan zaigu parrandan abestea. Edozer gauza kantatzea, ez Zuberoakoa; nahiko jarduera zoldatsua zen gure inguruan, hala ere. Serioago, edo finago etxartarren eta Robert Larrandabururen Eperra diskoarekin hasi ginen geratzen, 2004 aldera.

Hala ere, idealizazio moduko bat ez al dugu “iparraldeko kantaeraren” inguruan?

Bertako kantaerak baditu ezaugarri berezituak, melodia batzuk tonu laurdenetatik igarotzen dira eta ez da oso ohikoa gure inguruan. Baina horretaz gain, kanta sorta zabal eta ederra dute, eta gainera urtero egiten diren pastoraletarako idazten diren kantetako askok maila ematen dute, eta urtez urte gehituz doaz errepertorio horretara, herri kantak dirudite sorreratik. Iazko Jean Bordaxarren Belako Zaldüna-n badira bospasei kanta gogoangarri. Eta zer hoberik herriminaren kontra, kanta berriak egitea baino?

Iruditzen zait jende askorentzat zure musika jarduera guztia heterodoxia muturreko baten antzeko zerbait dela, ertzak harrapazten dituena. Ordea, susmoa dut zuretzat ez heterodoxia eta ez ertz, dena dela continuum bat, bide baten prozesu modura ulertzen duzula musika…

Ditudan musikaren gaineko ideiak betetzen saiatzen naiz proiektu guztietan. Ni naiz hori guztia, banaezina da. Garai bakoitzean gehiago ematen diot gauza bakoitzari, baina denborarik ez daukadalako.

Baina musika kategorizazioei izkin eginez beti ere…

"Esperimentazioa hitz handiegi modura planteatzen da eta askotan etiketa bezala geratu da"

Bai, esaterako orain oso ederra da Bilbo aldean dagoen esperimentazioaren inguruko eszena. Oso ohikoa da proiektu deberdinetako jendea nahastea, eta gero egunerokoak ere markatzen du. Eten orain impasse batean dago, Txaranga Urretabizkaian ari gara gauzak egiten, Killerkumeko Mikelekin (gitarra) kontzertu bat emateko asmoa dut… Joxean Artzeren inguruko kontzertuetan parte hartu dut… Irekita nago. Gertaera horiek guztiek aldatuko naute, ikasiko dut horietatik guztietatik… eta ezberdina izango naiz hortik aurrera, halabeharrez, eta elkarrizketa honen ondorioz ere bai, jakina.

Esperimentazioa batetik, herrikoitasuna bestetik. Izan liteke jende gehienarentzat ulertzen zail den bikote bat, eta zuretzat uste baino gertuago daudenak?

Bai, nik ulertzen dut esperimentaziotik datorrela dena, edozein konposaketa, akatsak egin eta akats horiek zuzentzetik… Egia da zuzeneko inprobisazio kontzertuetan ez dagoela borragomarik. Hor egin behar dut aurrera, eta akats batek zabaltzen dizu beste bide bat. Askotan nahi ez duzun nota bat bihurtzen da ezinbesteko edo bai ala bai jarri beharrekoa. Igual txarto zapaldu duzu tekla bat, eta hortik etorri da beste melodia bat. Gero kontua da esperimentala zeri esaten zaion…

Zeri esaten zaio?

Esperimentazioa hitz handiegi modura planteatzen da askotan. Askotan etiketa bezala geratu da. Nire ustez musika esperimentala da emaitza jakinik izango ez duen prozesu bat. Askotan pentsatzen dut ez daukala zentzurik disko esperimental bat grabatzeak, zeren berez esperimentuak berak du garrantzia, prozesu horrek, eta ez emaitzak. Esperimentazioaren terminoarekin fartsa handia dago, agian aldatu egin behar da eta kito. Askotan esperimentaltzat jotzen dira gure musika kultura gabeziarekin edo bakoitzaren background musikalarekin lotura duten gauzak. Norberarentzat lehen deskubrimendua izateak ez du esan nahi esperimentala denik. Askotan 1960etan egiten ziren gauzei esaten zaie esperimentala. Nik, esaterako, Txaranga Urretabizkaiarekin ikusten dut esperimentazioa egiten ari naizela; Gargararekin, aldiz, inprobisazioa da.

Azaldu, adibidez Txaranga Urretabizkaian egiten duzuen esperimentazio moldea.

"Ez litzaidake gustatuko jende askorengana iristea edozein preziotan"

Hamar lagun gaude txaranga horretan, eta ariketa jartzen diogu geure buruari: bakoitzak arnas hartu eta putz egin dezala nota bat, eta hurrengo arnasaldian, aurreko nota ez den beste bat. Guztiok batera egingo dugu hori bost minuruz. Bakoitzak bere arnasketa erritmoari jarraituz, ez taldeari. Orduan, berdin da emaitza zein den. Gure artean askotan hitz egin dugu horretaz: ez dauka zentzu askorik guretzat Txarangaren disko bat grabatzeak. Beti izango delako ezberdina emaitza. Aldiz, esprimentaltzat jotzen diren gauza asko ez dira esperimentalak, lortu nahi dena bai baitakite aldez aurretik. Akaso musika hori izendatzeko beste modu bat asmatu beharko genuke. John Cagek horregatik erabiltzen zituen kartak bere konposizioetan, bere gustu musikalak emaitzatik kendu nahi zituelako, zoriari bide eginez.

Ariketa esperimental horiek jendearengana iristeko oztopo batzuk badituzte. Edo ez?

Bai musika esperimentalak herrikoitzat hartzeko arazo kontzeptual batzuk planteatzen ditu. Praktikan ere bai. Baina ez zait asko inporta hori, egia esan. Nik esaten dudadean kanta hauek popularrak edo herrikoiak direla, esan nahi dut nire perspektibatik herri kantak zer diren. Niri herri kanta asko ez zaizkit gustatzen. Herri kanta ez dut esaten zentzu sozialean hainbeste, baizik eta memoria kontu bat bezala, eta ulertuta niretzat publikoa ni naizela, nik entzun nahiko nukeen gauza bat.

Publiko batengana iristeko kantak dira, hala ere?

Bai, ilusioa egiten dit ez dakit nork esateak gustatu zaiola. Eta min handiagoa egiten dit segun eta nork esaten badit ez zaiola gustatu. Baina plazara ateratzen garenean, jada ez dago nire esku. Niretzat lan hau ia egina dago, eta orain disfrutatu nahi nuke kantatzen. Ez litzaidake gustatuko jende askorengana iristea edozein preziotan.

"Jendearengana iristeko bokaziorik gabe sortu behar dira kantak, jendearengana iristeko biderik eraginkorrenak beti baitaude musikatik at"

Sortu liteke herri kanta bat jendearengana iristeko bokazio sendorik gabe?

Horrelaxe sortu behar dira kantak, horrelako bokaziorik gabe. Jendearengana iristeko biderik eraginkorrenak beti egoten dira musikatik at, beste parametro batzuetan lortzen da hori. Inoiz salbuespen bat egon liteke, baina merkatuak markatzen du hori.

“Indar amiñi bat bilduko bagenu… ez ginateke salduko hain errez”, diozu Indar amiñi bat kantan. Hor esaten duzun hori musikaren munduari ere aplika dakioke?

Ez, ez bereziki, gehiago da norberaren ahalduntze kontu bat, norberarengan gehiago sinistea. Letra guztiak daude sortuta errepikapenetik… Letra beti da egiten dudan azken gauza, eta bigarren plano batean dago nire sorkuntza lanean, argi eta garbi. Niretzat zatirik zailena da…

Zergatik?

Oso ondo pasatu dut oraingo honetan, eta gustura samar geratu naiz, baina niretzat lan nekeza izaten da. Balio izan dit konturatzeko zer nolako pisua daukan hitz bakoitzak. Eta hitz bakoitza nola kantatzen duzun, edo hobe esanda, silaba bakoitza. Fonetikatik abiatu naiz beti, bai kanta hauek egiteko, eta baita Etenekin ere. Kanta borobilduta dagoenean hasten naiz letra idazten gehienetan. Hil zara II izan daiteke salbuespen bakarra, banuelako diskoa gutxi gorabehera irudikatua. Eta hori idatzi nuen jakinda diskoa amaitzeko izango zela. Fonetikak berak ekar dezake hitz bat eta ideia bat. Kanta tarareatzen hasten naiz eta agertzen joaten dira. Fonemak hitz batera eramaten zaitu eta hitz horren esanahiak alda dezake dena, kanta osoa alda dezake, ez mezua bakarrik, baita forma hori ere. Baina letrak baino ez dira…

Zer esan nahi du “letrak baino ez dira” horrek?

Ni saiatzen naiz letra oztopoa handia izan ez dadin kantarentzat. Nire lana horrantz doa. Hitz baten esanahiak ez kentzea kantarekin aurretik eginda neukan lan hori, baina langintza zaila da letra oharkabean pasatzea, oso biluzik baitago dena. Eta polita da hori ere…

Letrek pisua eta solemnitatea dute, baina mezu jakin bat baino gehiago oihartzunez josita dago.

Nik hori arazo bat bezala ulertzen dut. Esan nahi dut, diskoan kanta bakarra da letrarik gabekoa, baina hasieran horrantz zihoan lan guztia. Gero pentstazen duzu letrarekin borbilduko duzula, azalarekin borobilduko duzun bezala, baina nik, hasieran ez diot inoiz erreparatzen letrari, ezta entzule bezala ere. Esaterako, Albaniako folklorea maite dut pila bat eta ez dakit zer arraio ari diren esaten; iguan nahi dute albokoa hil.

Zure hitzek badute, ordea, sonoritate bat.

Bai, baina ironia batetik idatzita daude, nahi baitut hitzen pisu horretaz trufatu ere. Musika Etenen da oso zerebrala eta hemen oso askea, alderantzizkoa eman dezakeen arren; letretan ez, pentsatzeko denbroa gehiago hartu behar izan dut, oso inportantea baitzen asmatzea hitz bakoitzarekin, hitz bakoitzaren fonetikarekin, errepikapenekin, jakinda horrek oihartzunak ekarriko zituela. Gozatu dut letrekin ere, eta kantatzen gozatzen dut, baina nire buruari galdetzen diot, kantak bukatuta zeudela eta zergatik hasi behar oten nuen letrak idazten. Nik nahi dut hau izatea euskaldunentzat Albaniako musika. Gero esaten badidate ondo daudela letrak bada plus bat.

Zeure buruari, beraz, traizio egin diozu letra jartzean?

Baina bere zentzua ere izan du, eta praktikoki lagungarria izan da. Letrek ere balio baitute buruan irudiak egiteko… eta “murtxikatu aditzak” kantatzen badut, irudi bat sortzen du entzulearengan, oso termino urrunekoak modu surrealistan elkartzean… Horregatik dago ironia eta surrealismo handia letretan, pisu handia dutelako, hain zuzen ere. Etenen letrak hemen kantatu nitzakeen eta hemengoak Etenen.

Argazkia: Dani Blanco.

Azkenean, ez nahi izanda ere, eta Koldo Izagirreren letra daraman Baldintza subjektiboak kantan diozun bezala, “… halere bihotz duenak badua barkua non bete berba...”.

Bai, hala da, baina kanta hori kasualitatez atera zen. Banuen buruan melodia hori, askotan esnatzen nintzen melodia horrekin. Eta, betiko arazoa nuen: letra bat. Ez nenbilen haren bila prezeski, baina Koldoren letretara askotan jotzen dut, eta olerki horretara itzulita ikusi nuen kasualitatez ondo sartzen zela. Ez nuen ezer ere egokitu behar izan, eta horrek eman zien abiada gainontzekoei.

Letrekiko duzun ikuspegiak adierazten du soinuaren aktibista zarela, eta beste ezeren gainetik musika gailen dadin nahi duzula?

Bai, argi eta garbi. Nire lehengaia soinua da, ez da hitza. Zuzenekoetan ere saiatzen naiz musika gailen dadin, argi gutxi erabiltzen, ilunpetan ere egin izan dut… proiektu honekin ez dut hala egingo pianoa dagoelako tartean, baina nire ametsa litzateke ilunpean egitea. Eta ez da kontu estetiko soil bat; ezerk ez diezaiola kendu arreta musikari. Gainera, fisikoarekin, gorputzarekin asko jolastu behar dut askotan sabelarekin kantatu behar dudalako, eta akaso harrigarriegia izan liteke entzulearentzat. Nahiko nuke muturrerago iritsi zentzu horretan, baina beti ez da posible.

Muturrekoetan muturrekoena litzateke erabateko iluntasunean eta erabateko isiltasuna?

Bai, sarrerak ere merkeagoak izango lirateke! Baina, tira, soinua sortzen dugunontzat isiltasuna garrantzitsua da oso. Ahal dela mikrofono gabe kantatu nahi nuke, mikrofonoak berak, edo anplifikazioak kanta aldatzen baitute. Eta herri kanta, kalean edo mendian kantatzetik dator, inolako trasterik gabe.

Azken urteetan agertu da musikari sorta bat herri kanta, esperiementazioa, pop izaera uztartu dituena, dela Mursego, dela Amorante, Joseba Irazoki… Hor kokatzen duzu zure burua?

Lagunak gara, belaunaldi berekoak eta, oso mundu ezberdinetatik etorri arren, garai batean Arto Artianek, Artelekuk eta abarrek elkartu gintuzten, praktika esperimentalen inguruan ezagutu genuen elkar. Ulergarria izan daiteke aurrekari horiekin halako talde bat dagoela esatea, baina nire ustez, eta zorionez, oso proposamen ezberdinak dira elkarren artean. Funtsean, uste dut “eszena” dei litekeen zerbait elkarlan eta sinergia faktoreak gidatuta sortuko litzatekeela, eta ez egon daitezkeen zenbait ezaugarri estetiko edo zirkunstantzialek.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kantagintza  |  Sestao

Kantagintza kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude