"Belaunez belaun ahoz ahoz transmititu diren lo-kantak gure zeluletan daude"

  • Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen Batera proiektuen emaitzetarik bat gauzatu du berrikitan Maider Lasak, Malen Iturrirekin elkarlanean. Ekainean aurkeztu zuten Loa, loa, laguna izeneko ikusgarri performatiboa, ahotsez, gorputzez eta irudiz. Tradiziozko lo-kantak oinarri, harrigarrizko interpretazio magiko baten sortze bideak gogoetatu ditu elkarrizketan.


2021eko uztailaren 18an
Argazkia: Zali Ero
Argazkia: Zali Ero
Maider Lasa Santamaria. Gasteiz, 1997

Ahotsa, gorputza, irudia konbinatzen dituen artista gaztea da. Ikusleak harritu ditu oraindik orain Gasteizen. Kantua ikasi zuen Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, baina irakaskuntza arautuaren bideak bazter utzi eta bide libreetan barna dabil, ikertzen, sortzen. Bila ibiltzeak Bartzelonara eraman zuen, eginak ditu diren eta ez diren ikastaro, tailer, eskola eta bestelakoak, biderik ez baita, bere bidea egiten ari baita. Loa, loa, laguna emanaldia, eta izen bereko diskoa, izan ditu lehen emaitza. Etorkizun artistiko oparoaren lehen zimentarria jarri du.

Bartzelonan zinela uste genuen eta, hara non, Loa, loa, laguna ikuskaria aurkeztu diguzu Gasteizen...
Bai, nik ere horixe pentsatzen nuen, Bartzelonan nengoela, kar, kar! Han nengoela, duela hiruzpalau urte, adiskide bati eta bioi kabaret saio txiki bat eskatu ziguten. Nire lagun hura dantzaria da; ni, kantaria. Ez genuen askorik pentsatu. Niri, melodia bat etorri zitzaidan gogora: Lo hadi aingerua. Huraxe kantatzen eta lup-arekin jolasean hasi nintzen, ziklo bat grabatzen eta haren gainean grabazio gehiago egiten, kiribilean. Hiru ahots ere egin nitzakeen! Eta hor da kantaren istorioa, ezta? Aita itsasoan, ekaitza, ama haurrarekin, lokartu dadin ahaleginetan… Nire laguna dantzan, ni kantuan, eta halako mugimendu bat zetorkidan, haurra besoetan bularraren kontra hartu eta kulunkatzen ariko banintz bezala. Eta ohartu nintzen han zerbait gertatzen ari zela, mugimendu hark zerbait gordetzen zuen, eta nork nor lasaitzen zuen ere ez nekien, amak haurra, ala haurrak ama? Itsasoa ere presente zegoen gure emanaldian… Esan nahi dut hor bazela zerbait, ikertu beharrekoa.

Ikerketa izan da abiapuntua, beraz.
Bai, eta haurtzaroko lo-kantak gogora ekartzeko ahaleginak egiten hasi nintzen. Eta aitak kantatzen zidan bat etorri zitzaidan gogora, eta abesbatzan kantatzen genituenak. Ez gehiegi ere. Hortaz, batetik, euskarazko lo-kanta tradizionalak nituen, eta, bestetik, bularraldearekiko, magalarekiko lotura: amaren besoetako espazioa, segurtasunarena, edoskitzearena… Hazten garenean galtzen dugun espazioa, hazten garenean entzuteari uzten diogun kantak. Lan egin behar izan nuen garai bateko lo-kantak gogora ekartzeko eta baita berriak ikasteko ere. Lo-kanta zaharren bila abiatu nintzen, eta ohartu nintzen haietako batzuk ezagunak zitzaizkidala.

Bularraldearekiko edo magalarekiko lotura aipatu duzu...
Espazio goxo hori, haurtzaroan oinarrizkoa, sexu girokoa bihurtzen da gero, eta zentsuratu eta estali egiten da. Horrek ere zer pentsa eman zidan, eta lo-kantak eta sexualitatea lotzea bururatu zitzaidan. Asmo horixe izan nuen. Duela hiruzpalau urteko kontuak dira. Asmoa ez zen gauzatu. Bitartean, hainbat lan, tailer eta kolaboraziotan ari nintzen eta, bestalde, neure egitasmo propioak gauzatzeko amorratzen nengoen, zeren inoren lanetan ez bainuen nire burua guztiz sortzaile eta artistatzat errealizaturik ikusten. Eta, orduan, antzerki eskola itxi ziguten.

Argazkia: Zaldi Ero

Antzerki eskola itxi?
Bai, Covid-19a zela kausa. Eta Gasteiza itzultzea erabaki nuen. Ustez, hamabost eguneko kontua izango zela. Garaian, emanaldi bat prestatzen ari nintzen, soinua, ahotsa, gorputza… konbinatzeko asmotan orduan ere. Eta, Gasteizen, kalean zehar, iragarki bat ikusi nuen, Oihaneder Euskararen Etxearen Batera kultur proiektuena. Betebeharrekoak-eta irakurri, eta zuzenean burura etorri zitzaidan lo-kanten inguruko lana. “Oraintxe garaia!”, esan nion neure buruari. Halaxe sentitu nuen. Eta deialdira aurkeztea erabaki nuenez, barruan neukana idatzi behar izan nuen, eta ideiak birpentsatu, eta egin nahi nuena berrantolatu. Proiektua aukeratu zuten eta lanari lotu nintzaion.

Zein pauso eman zenituen barruan zeneukan ideia gauzatzen hasi aurretik?
Formatua erabaki behar nuen. Banekien lo-kantak izango zirela abiapuntu, maitasunez kantatuak. Alderdi hori berreskuratu nahi nuen, interesgarriak iruditzen zitzaizkidan. Eta ikertzen hasi, eta benetan ziren interesgarriak. Batzuek izuari ere dei egiten zioten: “Haurra putzura erori eta bizkarra eta lepoa hautsi”. Adibidez. Hortaz, formatua erabaki nuen, tradiziozko lo-kantak bertsionatuko nituen, aldian aldiko sortzen ziren betekizunen arabera, eta energia sexuala ere kontuan hartuko nuen, bizitzeko indar sortzailea baita, egunero bizi eta habitatzen duguna.

"Kontserbatorioan ez zuten kontuan hartzen gorputza ere hortxe dagoela, eta emozioak ere hor dabiltzala, horrek guztiak ahotsari eragiten diola”

Sexua aipatzeak nahasmendurik ere eragin du.
Bai. Prentsaurrekoa egin eta, batean, zera irakurri nuen: “Maider Lasak lotara baino lehen aditzeko kantu erotikoak egingo ditu”. Kar, kar, kar… Sexua aipatu eta horixe! Kar, kar, kar… Baina, tira, hori ere interesgarria izan zen, bide berriak urratzera eraman baininduen, bestelako aukerak ikertzera. Alabaina, esan dizut, asmoa lo-kantak berreskuratzea zen, haiei espazio berriak irekitzea, argiz eta airez betetzea… Ikertzea, azken finean. Ideiak hortxe daude beti. Besterik da haiek gauzatzea.

Emanaldia egin zenuten, lo-kantak berrinterpretatu eta bertsionatuz, eta irudiz jantziz ere bai.
Bai, lo-kantak irudiz janztea pentsatu nuen, kantatzen dudan bakoitzean irudiak etortzen zaizkidalako gogora. Horretaraxe narama barruak. Eta, bestalde, ikuskizun eszenikoa egin nahi nuen, ahoz transmititu diren tradiziozko lo-kantak geroan ere transmiti daitezen lagundu nahi nuen. Jakina, denboraren joanean, egokitu egin behar dira, eta horixe egin dugu guk, Malen Iturrik eta biok, lo-kanta horiek gure garaira egokitu, gure izaerarekin eta bizimoduarekin bat datorren moldera ekarri, oraingo garaira eta hemengo toki honetara ekarri. Ekarpen horixe egin nahi nuen: “Gaur, hemen, hauxe dago”, esanez bezala. Eta momentuko gauza izatea nahi nuen. Nahiz eta emanaldia diskoan eta bideoan grabatu, saioak oso momentukoa izan behar zuen, tokiaren eta momentu energetikoaren araberakoa, belaunez belaun ahoz aho transmititu diren lo-kantak gure zeluletan baitaude, dar-dar egiten dute, eta dardarazi ere egiten gaituzte.

Zer esan nahi duzu, dardarazten gaituztela?
Bartzelonan nengoenean, adibidez, euskaratik eta hemengo kontuetatik aparte bizi nintzen. Baina euskaraz zerbait aditu, euskarazko kanturen bat edo zer edo zer, eta dar-dar egiten zuen nire barruak: jatorria da, historia, belauna… Horiek gogoan neuzkala lotu nintzaion bideari, hasi nintzen ikertzen, pausoak ematen… “Ekin!”, esan nion neure buruari eta, orduan, proiektuaren oinarrietan jartzen zuen epea kontuan hartu, sei hilabetean egin behar nuen lana ikusi eta “Arraioa!”, Maleni [Iturri] hots egitea pentsatu nuen.

Laguntzaile?
Ez laguntzaile bakarrik. Duela hiru urte ezagutu genuen batak bestea Bartzelonan. Topatze motza izan genuen, laster berak alde egin baitzuen handik. Hala ere, bagenuen espazio bat, izateko eta sentitzeko gune bat, artistikoki partekatzen genuena. Horrelaxe, hots egin nion: “Aizan, halako zeukanat esku artean. Zer deritzan? Etorriko al haiz?”. Ez genuen askorik hitz egin beharrik izan. “Ados!”, esan, eta etorri zen. Eta amamaren etxera joan ginen, Alzedora (Araba), eta hantxe egin genuen lan, bederatzi egunez.

Zazpi kanta hautatu zenituzten.
Bilatzen hasi eta nebak Azkueren kantutegia zeukan. Handik jo nuen. Eta emanaldiarekin batera osatu dugun diskoko azken lo-kanta ez beste guztiak Azkuerenetik hartu ditugu. Olatz Zugastiren Bulun bulunka ere kontuan hartu genuen. Azkue hartu, zein eta zein kantatu erabaki eta banan-banan aletu genituen, zer adierazten ziguten bilatu: tokiak, melodiak, giroak…

Nola egin zenuten ideia, edo intuizio bat, emanaldi?
Galderak besterik ez genituen buruan, eta, bestalde, galdera haiek gureak ziren, geure buruari egiteko modukoak. Malenek eta biok geure haurtzaroaz hitz egin behar izan genuen, geure bizi-esperientziaz, sexualitatearekiko harremanaz, familiaz… Intimitate handiko markoan mugitzen hasi ginen, baina horixe dute lo-kantek eta haiei buruzko galderek, gauza asko jartzen dituztela ezbaian. Bederatzi egunetan elkartu eta proiektuari forma ematen hasi ginen Malen eta biok. Orain, kantak aditu eta haiekin batera datozen irudiak ikusi, eta garaian zein elkarrizketa izan genuen konturatzen gara, erabakitako irudiak halako elkarrizketari lotuta daudela, alegia. Ikaragarria da!

Bideak erabaki du emanaldia...
Oso intuitiboa izan da dena, bata bestearen ondotik etorri dira bultzadak. Naturaren hotsak grabatu, laku batera joan, harri bat bota, grabatu, eta lo-kantarekin batera proiektatu… Jakin-minak gidatu du gure prozesua. Malenen kasuan, soinuak bizi du, toki guztietara darama grabagailua. Gero, grabatu duena lantzera jotzen du. Soinuaren plastikotasuna lantzen duela esaten du berak. Ni, berriz, kamera hartuta ibili naiz. Eta Alzedo hutsik zegoen, guretzat beste inorentzat ez! Ez genekien zein izango zen emaitza, zer itxura izango zuen ere ez, guk prozesu artistikoa bete genuen, biok batera, elkarrekin biziz, gauza asko nahastuz, Loa, loa, laguna dekantatu den arte.

Ikuslearen barrua hunkitzeko moduko saioa da...
Oso gauza sentsoriala, euskaraz jakin gabe ere, edo lo-kantak direla jakin gabe ere, segitzeko modukoa. Feminismoa, lesbianismoa… gauza asko ageri dira saioan, “normaltasunetik” kanpo edo mugan daudenak. Gure lanak asko du hortik, irekitzetik, asko sentitzen duen gorputz batetik bizitzetik, sentitzera arriskatzen den gorputzetik. Gure buruak itxi beharrean, ireki egiten ditugu, sentipen guztiak azalera daitezen ahalegindu gara. Batzuetan, prozesu gogorrak agertu zaizkigu, intentsitate handikoak. Nik esango nuke zintzo jokatu dugula, arriskatu egin dugula, barruko bultzadak gidatu gaituela. “Eta, hori ikusten duenean, zer pentsatuko du zure amak?”, esan zidan behin Malenek. Hori ere hor dago, baina ezin horri begira gelditu. Guk geurea egin behar dugu, zintzotasunez.

Diote prozesu sortzaile guztietan zehar krisialdia izan ohi dela.
Niri dagokidanez, sortzen ari naizenean ez dut krisirik nabaritzen. Pultsioa hain da handia, sortzeko irrika, ez dago krisirik. Dago intuizioa, dago arrazoia… sortzeko pultsio horren atzetik noa ni. Prozesu sortzaileak duen koska, nire ustez, kidearekiko harremana da, elkartzen gaituena, eta, era berean, banatzen gaituena. Nork bere egoa dauka, nork bere izaera. Gure kasuan, bi ginen lanean, prozesu intentsitate handiko batean. Ez genuen bi orduko saio bat lanean egiten, eta nor bere etxera joaten. Ez. Elkarrekin egin ditugu bederatzi egun, zazpi kanta ontzen, fotomuntatze eta gainerako. Ikaragarrizko prozesu indartsua izan da.

Eta orain, egin eta gero, zer dio zure barruak?
Gazi-gozoa izan da emaitza... Lehen saioa, batik bat. Bi astean burutu genuen, Garaionen, gure barruko tokiak ibiliz, eta gure materialarekin. Gero, Gasteizen egin genuen aurkezpena, Oihanederren. Aretoko teknikariarekin hitz egiteko denbora gutxi izan genuen, aretoa bera estua zen, akatsak izan ziren, eta akats haiei adi egon nintzen. Lagun batek ere galdetu zidan, zer moduz sentitu nintzen emanaldian, nire barrua neure familiaren aurrean erakusten, eta ez nekiela erantzun nion, buru-belarri jardun nuela sortzen, guztiz murgilduta. Orain, berriz, proiektuak bere bizi propioa hartu duela konturatzen naiz, hortxe dabilela. Ni nola sentitzen naizen… bada, oraindik ez dakit!

Nola definituko zenuke zeure burua?
…Ez dakit, bada!… Artista sortzailetzat, beharbada… Libre nabilenean, guztiz aske, ahots eta gorputz pultsioa naiz. Formazioz, denetarik ikasi dut, eta bukatu, berriz, ezer ez, zeren batean halako interesatzen zait eta, bestean, aldiz, beste halako. Handik eta hemendik edan dut, nahiz eta oinarrian kantutik natorren, kantu klasiko ikasketak egin nituen, baita gorputz arteterapia ere, kantuari bestelako bideak ireki nahian. Kontserbatorioan ikasi nuen kantua, baina han ez zuten fonazio-aparatua besterik lantzen; laringea atzera eta aurrera beti. Ez zuten kontuan hartzen gorputza ere hortxe dagoela, guztiz presente, eta emozioak ere hara eta hona dabiltzala, horrek guztiak ahotsari eragiten diola…

Malen Iturri eta Maider Lasa. (Arg.: Zaldi Ero)

Hezkuntza horrek ez zintuen asebete…
Ez. Ariak kantarazten zizkidaten, eta ariak badu testuingururik, historiarik, istoriorik… “Orain irribarre egin behar duzu… Orain, maiteminduta zaude… Orain, besoa horrela jarri...”. Robot bat irribarrez bezala. Era jakin batera erakusten dizute txikitandik, arauaren arabera, baina barruak besterik agintzen dizu, eta jotzen duzu eskuin, jotzen duzu ezker, bila. Nik, bila ibiliz, gorputz arteterapia aurkitu nuen eta, orduan, bestelako bideak ireki zitzaizkidan: neure gorputza ibiltzen hasi nintzen. Horretarako aukerak, berriz, Bartzelonan aurkitu nituen.

Nola aurkitu zenituen zeure gorputza ibiltzeko bide horiek?
Antzerkia aurkitu nuen, arte dramatikoa ikasten hasi nintzen… Baina han ere eskema itxiak ikusi nituen. Nik antzerkia ikasi nahi nuen, baina ez modu hartara. Azkenean, ondoena datorkidana hartu nuen. Munduaren kontra, neure bidearen bila jo nuen. Artista bat aditu nuen, barru-barruraino hunkitu ninduena. “Zer da hau, ordea?!”. New Yorken zegoela jakin nuen, eta haraxe joan nintzen, hura ezagutzera. Ikastaro bat egin nuen berarekin, baina ikastaroan baino gehiago, bidean ikasi nuen. Libre nabilenean sortzen dut ondoena, nire barruko fluxu sortzailearekin konektatzen dudanean. Horrelaxe sortzen dira gauzak, eta hortik ikasten dut. Lagun batekin joan nintzen New Yorkera, hura performance giroan zebilen, eta, azkenean, geure ekitaldi performatiboa egin genuen.

New Yorken, alegia?
Bai, hantxe, laku baten ertzean, “Emakumea, gorputza, natura” izeneko jardunaldietan. Gero, Bartzelonara itzuli eta bila segitu nuen. Argentinatik etorritako dramaturgo bat zetorrela entrenamendu jakin bat egitera eta interesatzen zitzaidala? Bada, harexengana, entrenamendu hura egitera. Gero, beste eskola bat aurkitu nuen, Gorputz-espresio dramatikoaren laborategia: antzerki eskola bat zen, baina ez ofiziala, irakaskuntza irekiagoa, atseginagoa eskaintzen zuten han. Tokia, maitasuna, sostengua eta akonpainamendua eskaintzen zuten, nork bere sortzeko modua aurki dezan, nork bere lekua… Denok gara artista, baina sortzeko garaian nork bere gustua du, nork bere lan egiteko modua... Eta holaxe...

 


ASTEKARIA
2021eko uztailaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kantagintza
2024-02-04 | Castillo Suárez
Kaseteak

Iaz Braham bat ezagutu nuen Delhin. Harritu ninduen garagardoa maite zuela eta gaztelaniaz bazekiela. Nire adintsuko zela esango nuke, baina makil baten laguntzaz ibiltzen zen, poliki. Ea zergatik zekien gaztelaniaz, galdetu nion, eta berak umetan Julio Iglesiasen kaseteak... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da

78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
Kantak herri baten historia josten duten hari balira?

Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40... [+]


Eguneraketa berriak daude