Euskal kantagintzan barnako bidaia maiatzaren 3an Ziburuko Baltsan elkartean

  • Gotzon Barandiaran Arteaga idazleak eta Rafa Rueda musikariak Hitzen Ahairea hitzaldi musikatua eskainiko dute. 15 kanta aztertu eta zuzenean joko dituzte, bidean galdera honekiko hausnarketak josiz: euskaldunok zeri kantatu diogu?


2023ko maiatzaren 3an - 07:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Badator Ziburuko Liburu eta Diskoen IV. Azoka, ohiko moduan, ekaineko lehen larunbatean, aurten 3an. Euskarak hartzen du egun batez Ziburuko plaza, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako kulturzaleek ederki gozatzen dute euskara hutsezko nobedadeak arakatuz. Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten ekimen honetarako giroa berotzeko, Hitzen Ahairera hitzaldi musikatua antolatu dute: maiatzaren 3an izango da, asteazkenarekin, 18:30ean Ziburuko Baltsan elkartean.

Bidaia bat euskal kantagintzan barna

Euskaldunok zeri kantatu diogun aztertuko dute Gotzon Barandiaran Arteaga idazleak eta Rafa Rueda musikariak: Nola kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin (izan) dute kantek euskaldunon iruditerian? Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean? Zein zen kantaren funtzio soziala XX. mendean? Eta gaur egun?

Galdera horiei guztiei erantzuteko, zenbait kantari eta musika taldek erabili dituzten testuak eta kantari eta poeten arteko harremanak jorratuko dituzte. Guztira 15 bat kanta, Barandiaranek azaldu eta Ruedak gitarra akustikoa lagun zuzenean joko dituenak.

Sarrera 5 euroan, eta emanaldi ostean zizka-mizkak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kantagintza
2024ko urtarrilaren 31
Kaseteak

2022ko martxoaren 24
Gexan Alfaro. Olerkari militante euskaltzale
"Kantuak egin du hemen politika-militantziak bezainbat lan"

Eguneraketa berriak daude