Kantak herri baten historia josten duten hari balira?

  • Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40 euskaltzaleek eta hainbat galdera geratu ziren airean, gure herriaren historiako gatazka anitzez zein sortzaileen dilemez.


2023ko maiatzaren 04an - 11:29
Azken eguneraketa: 12:52

Ekainaren 3an izango da aurtengo Ziburuko Liburu eta Disko Azoka. Girotzeko, musika eta literatura uztartzen dituen emanaldia antolatu zuen Baltsan elkarteak maiatzaren 3an.

Gotzon Barandiaranek emanaldia kokatzeko kontatu zuen nola beraren eta Rafa Ruedaren arteko lagunarteko elkarrizketak intuizio baten bueltan harilkatu zitzaizkien 2015ean: euskarazko kantagintzaren transmisioan etena sumatzen zutela bai hezkuntza arautuan, bai ez arautuan eta baita etxean ere. Intuizio horri 2018an egitateak ezarri zizkien bi ikerketa aipatu zituen Barandiaranek: Elkarren eskariz Siadecok egindakoa eta Jaurlaritzaren eskariz egin zena. Bietan "ondorio bera" jaso zela nabarmendu zuen idazleak, "euskalduna bere kulturari bizkar emanda bizi da, nahiago du beste hizkuntza batean kontsumitu bai literatura, bai musika, bai antzerkia".

Hutsune horretatik abiatuta sortu zuten emanaldia eta bertan bildu dituzte idazle eta musikarien elkarrekintzatik sortutako kantagintzako piezak. Zortzi urte hauetan zehar kantuak aldatuz joan dira, sortzen doazen kantu berriei leku egiteko. 2018an izen bereko saiakera liburua argitaratu zuen Barandiaranek Susarekin.

Sarrera biribiltzeko, entzuleei bi erreminta eder aurkeztu zizkien, emanaldia egiteko iturri nagusi izan direnak: helduentzako euskarazko literaturaren atari aberatsena den armiarma (Susarena) eta euskarazko musikaren atari nagusia den badok (Berriarena).

Emanaldiarekin ederki gozatu zuten bertaratutakoek. Barandiaranek hainbat galdera eta analisiak pausatu zituen abiapuntu gisa. Rafa Ruedak gitarra akustikoaren laguntzaz kantatu zituen ondoren kantuak, eta txalotzekoa da gitarraren laguntza soilarekin lortu zuela entzuleen burura kantuaren jatorrizko musikaltasuna ekartzea.

Hari nagusia: Euskal Herriaren historia

Gure herriaren historiako gatazkaren bat kontagai duten hainbat kantu entzun ziren Baltsan elkartean: Orreagako gatazka, Oinatz eta Ganboa leinuen artekoa, Karlistadak... pantaila handian irakur zitezkeen hitz haiek denek bazutela ezaugarri bat ohartarazi zuen Barandiaranek: "Gertakari historiko batek sortutako sentipen bat modu estetikoan eman dute idazle hauek, ez dute kazetari baten edo historiagile baten zehaztasun beharrik".

Besteak beste hausnarketarako puntu izan ziren kantu horietan sumatzen den galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa, epika sortzeko intentzioa, bandoen arteko liskarrak elikatzeko kantuek jokatu zezaketen papera, gertaera historikoak eskolan ezkutatzen diren ikuspuntutik ezagutzeko bide ematen duela kantagintzak...

Aberriaren askatasunetik hasitako bidaia norberaren kontzientzia askatasunean barneratu zen, zapalduta dauden kolektibitate anitzen arteko batasun nahian amaitzeko. Borroka kolektibo baten betaurreko moreak jantzita sortutako kantuek jarri zuten ginga.

Sortzaileen dilemak: zer helbururekin idatzi?

"Hiperpolitizatutako garai batean sortzailearen lanak zeri erantzun behar dio? Zer jarrera hartu behar du sortzaileak giro horretan?", galdera horiek jalgi zituen Barandiaranek emanaldiaren hasiera xamarrean, eta bidaia osoan zehar sortzaileek egindako hautuez mintzatu zen, kantuaren intentzionalitateari erreparatuta: entzun zen aldarrirako kanturik, beste bandokoak iraintzeko kanturik, bizia herriaren askatasunaren alde ematera deitzen zuen kanturik, animo kolektiboa altxaz borrokara deitzen zuenik, entzuleei aldarrikatu ordez iradoki egin nahi dien kanturik eta sorkuntzaren autonomia defendatzen duenik.

Kantuaren intentzionalitatearen zerbitzura, idazleek jarritako hitzak esplizituak dira kantu batzuetan, interpretazio irekia dutenak besteetan... eta kantu horietako batzuen mezuak deszifratu nahirik arituko da oraindik entzule batzuen burua.

Autore bakoitzaren ekarpenari aitortza egin zion Barandiaranek emanaldian zehar.

Sortzaileen arteko hariak

Idazleen arteko hariak ezagutu ahal izan zituen entzuleak Barandiaranen azalpenei esker: aurreko zein iturritatik edan zuen batek, zeinekiko harremanetan gauzatu zuen lana besteak, zein joerari jarraitu zioten hurrengoek...

Kantuak hariak direla ere ulertu zuen entzuleak, ehunka urte lehenago gertatutako gaiari idazle batek jarritako hitzak irakurtzen eta interpretatzen jarraitzen baitugu kantu hori plazaratu eta dozenaka urte geroago.

Hitzen Ahairea ikusentzungai

Hemen Hitzen Ahairea emankizuna, 2022an Sarako Idazleen Biltzarrean:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


Eguneraketa berriak daude