"Euskaraz kantatze hutsa politikoa da"

  • Ibilbide luzeko musikaria da Antton Valverde donostiarra (Gros, 1943). Frankismo garaian hasi zen oholtzetara igotzen, 1970eko hamarkadan, haren hitzetan, Euskal Herriaren alde zerbait egin nahi zuelako. Artearen munduan oin bat sartuta izan du beti, ez soilik musikan egin duen ibilbidearengatik, baita bere familian beti egon den giro artistikoarengatik. Hain zuzen ere, Rosa Valverde margolaria (Donostia, 1953-Azkaine, Lapurdi, 2015) bere arreba zen, eta haren obraren zati bat dohaintzan eman berri diote San Telmo museoari.


2022ko apirilaren 21an - 11:09
Argazkia: Joseba Parron San Sebastian | Irutxuloko Hitza

Nola sortu zen zure arrebaren obraren zati bat San Telmo museoari dohaintzan emateko ideia?

Nire arreba Rosak lan asko egin zuen, eta obra kopuru izugarria utzi zuen hil ostean. Guk geuk ere ez genekien zehazki zenbat gauza zituen. Beste gauza batzuen artean, agertu dira 300 bat marrazki: gutxi batzuk zuri-beltzezkoak, baina gehienak kolorezkoak. Horiek guztiak, ordea, ez dira mihisean egindakoak, gehienak paperean egindakoak dira, eta batzuk kartoian. Marrazki horiekin zer egin genezakeen pentsatzen aritu ginen, eta San Telmo museokoekin harremanetan jarri ginen. Gauza bat adostu genuen beraiekin: guk dohaintza egingo genuen, eta beraiek zaindu egingo zuten, baita Rosaren obra pixka bat ezagutarazi ere. Anai-arrebak 100 bat marrazkirekin gelditu gara, eta besteak San Telmon utzi ditugu.

Museoan hobeto egongo dira etxean hautsa hartzen baino, ezta?

Bai, bai. Gainera, anai-arrebok aurretik ere Rosaren gauza asko genituen, eta gure seme-alaben etxeetan ere badaude bere obrak. Horregatik, nik uste dut San Telmo museoa leku ezin hobea dela Rosaren zein beste artista askoren lanak gordetzeko.

Gainera, dohaintzaren aurkezpenak bat egin zuen Rosaren arte kaxen San Telmoko erakusketarekin [martxoaren 13ra arte egon zen ikusgai]. Hori dela eta, azkenaldian puri-purian egon da Rosaren obra. Hala ere, askoz gauza gehiago egin zituen. Pentsa, gazte-gaztetatik hasi zen pintatzen, eta hil zen arte aritu zen pinta eta pinta.

Rosaren pintura ezaguna da, baina bere beste alderdi artistiko batzuk ezagutzeko aukera izan dugu duela gutxi Donostian: arte kaxak San Telmo museoan eta grabatuak Ekain arte galerian.

Nire aita zenak [Antonio Valverdek] egin zuen moduan, Rosak ere diziplina asko landu zituen: grabatuak, olioak, kaxak, eta abar.

Nahikoa aitorpen dauka Rosaren obrak gaur egun Donostian?

Hara, gero eta gehiago, nik uste. Eta ez soilik Donostian: Bilbon ere egin zituen gauza batzuk, eta Iruñean ere erakusketa zoragarri bat egin zuen, Ziudadelan. Gasteizko Artiumen ere badago bere obraren bat… Nik uste dut gero eta ezagunagoa dela.

antton2
Rosa Valverderen senideek San Telmo museoari haren obraren zati bat dohaintzan eman zioten martxoan. Argazkia: San Telmo Museoa

Artearekin harreman handia izandakoa da zure familia, zure aitatik hasita.

Nire aita pintore ezaguna zen, bai. Eta, bere bi arreba musikariak ziren. Bietako bat, gainera, nahiko ezaguna izan zen, Maria Josefa: Jesus Guridiren laguntzailea izan zen. Guridi Madrilgo Kontserbatorioko Organo arloko katedraduna zen, eta, hil zenean, berak hartu zuen haren postua.

Bestalde, gure belaunaldiak lotura izan du beti musikarekin eta pinturarekin. Gure aita saiatu zen pintura irakasten, baina nirekin eta nire anaia batekin porrot egin zuen [barrez]. Beste batzuekin, ordea, ez: Rosarekin ez zuen porrotik egin, noski, eta Javier anaia gazteenarekin ere ondo moldatu zen.

Aitak eragina izan zuen etxeko giro artistikoan?

Bai, betidanik. Aita pintorea zen, baina baita idazlea ere: artikulu ugari idatzi zituen, eta pare bat liburu ere bai. Bestalde, ez zuen musika jotzen, baina musika zale porrokatua zen.

Zuk musikaren bidetik jotzea erabaki zenuen.

Nik uste dut hori berez etorri zela, zaila da horrelako erabaki bat hartzea. Hara, etxean bagenuen piano bat, eta 6 urterekin, pixkanaka, jotzen hasi nintzen. Ikusi zuten banuela jotzeko nolabaiteko erraztasuna, eta irakasle bat jarri zidaten: Paquita Iribas, garai batean Donostian oso ezaguna zena. Berarekin hasi nintzen, eta gerora piano ikasketak egin nituen.

Nolako harremana zenuen zure arreba Rosarekin garai hartan?

Adinari dagokionez, alde nahiko handia zegoen bion artean, eta, beraz, nik baino hartu-eman estuagoa izango zuten berarekin nire atzetik datozen bi anai-arrebek: Maria Josek eta Carlosek. Baina bueno, sei anai-arrebok harreman estua izan dugu beti.

Etxeko giro artistiko hartan murgildu ginen denak, batzuk indar gehiagorekin eta beste batzuk gutxiagorekin. Nik musikaren bidea hartu nuen, adibidez, eta Rosak eta Javierrek pinturarena eta marrazkiarena. Besteak oso arte zaleak izan dira beti, baita arte kontuetan nahiko adituak ere.

antton1
Antton Valverde, emanaldi batean pianoa jotzen. Argazkia: Arriaga Antzokia

Rosak beste artista handi batzuekin ere ikasi zuen, Jose Antonio Sistiagaren eta Esther Ferrerren Adierazpen Askeko Lantegian izan baitzen.

Lehendabizi, etxean ikasi zuen, aitarekin. Ondoren, ordea, aitak Sistiagaren eta Ferrerren akademia horretara bidali zuen, eta han egon zen zenbait urtez. Akademia desegin zenean, Rosak bere bidea egiten jarraitu zuen, eta, azkenean, ikasle izatetik irakasle izatera pasa zen, bere akademiatxoa ireki baitzuen hemen, Donostian, Manterola kalean.

Azkainera [Lapurdi] bizitzera joan zenean, han ere bazituen ikasleak, bere etxera praktikatzera eta ikastera joaten zirenak. Azkainen bizi zela, Sistiagarekin harremana mantendu zuen, baita artearen munduko beste hainbatekin ere: Nestor Basterretxearekin, esaterako. Gainera, gure familia osoak harreman handia izan zuen Jorge Oteizarekin.

Oteizarekin? Nolatan?

Nire aita eta Jorge oso lagun onak ziren. Jorge Irunen bizi zen Ameriketatik bueltan, eta Oiartzungo gure etxera etorri ohi zen, vespa batean, bere emazte Itziar atzean zeramala. Gure etxean lanean aritzen zen, eskulturak eta horrelakoak egiten, nire aitarekin batera.

Giro erabat artistikoa, beraz.

Hala da, bai. Zubieta kalera joan ginenean bizitzera, gure etxera askotariko jendea etortzen zen: idazleak, pintoreak… Estropadak ikustera etorri ohi ziren, eta, horrela, etxean arte munduko jende ospetsuarekin egondakoa naiz. Adibidez, Aita Donostiarekin, Ascensio Martiarenarekin, Eduardo Txillidarekin, eta abar.

Nire aitak harremana zuen beraiekin artista zelako, baina baita gure familiako inprentan artista haien gauza asko inprimatzen zirelako: kartelak, liburuak, eta abar. Askotan, zuzenketak egiteko garaian inprentara etortzen ziren, eta harremana estutzen joan zen. Inprenta horretan ikusi ditut Oteiza, Txillida, eta abar. Giro horretan, ia saihestezina zen artista izaten amaitzea.

Zure ibilbidean, poesia musikatua landu duzu gehien bat. Zerk eraman zintuen horretara?

1970eko hamarkada zen, eta oso garai berezia zen politikari dagokionez. Ikusten nuen jende asko ari zela Euskal Herriaren aldeko gauzak egiten, eta, nik zer egin nezakeen? Ba, kantatu. Eta, kantaren bidez, jendea ezagutarazi; bereziki, poetak ezagutarazi. 1970. urtean hasi nintzen horrekin, eta gaur arte. Belaunaldi hartatik bizirik gelditzen diren gutxietako bat naiz; joan dira Xabier Lete, Mikel Laboa, Imanol… Benito [Lertxundi] eta Antton gelditzen gara [barrez]. Besteren bat ere gelditzen da, ez pentsa.

Besteen poemak musikatu dituzu beti, ezta?

1997an disko bat argitaratu nuen, Larogeita hamazazpi izenarekin izen hori jarri nion ez zitzaidalako beste ezer etorri burura, eta zenbait poetaren poemak musikatu nituen. Diskoko azken abestia, Barberian, aldiz, nik idatzi nuen. Ez nintzen oso kontent gelditu, eta promesa egin nuen, sekula ez nuela berriz poema bat idatziko. Hobe besteen poemak hartzea eta nik musikatzea, poema onak, ez nirearen modukoak. Bakoitzak bere dohainak ditu, eta nirea ez da hori. Ezta pintura ere. Ez pintura eta ez literatura. Musika nik sortzen dut, hori bai.

1970eko hamarkadan, hasi zinenean, Franco oraindik bizirik zegoen. Nolakoa zen garai hartan euskal musika egitea?

Asko hitz egin izan dugu horri buruz, baina, hala ere, jende gazteak ez du ezagutzen zein zen giroa. Alde batetik, oso gogorra zen, baina, bestetik, gure lanak aitortza bat zuela sentitzen genuen. Jaialdi asko eta asko zeuden, agian asteburuero hogei jaialdi zeuden Euskal Herriko herrietan. Jende asko joaten zen ikustera, eta kantaldi guztiek esanahi politiko handi bat zuten, zalantzarik gabe.

Gero, gauzak aldatu egin ziren, eta orain galdetzen badidazu zergatik kantatzen dudan gaur egun, inertziagatik abesten dudala esango nizuke, isilik ez egoteagatik [barrez]. Garai hartako lan soziopolitikoa hor gelditu zen, eta orain artista lana gelditzen da. Horrekin gozatu egiten dut, eta horregatik jarraitzen dut.

Orain ez al da beharrezkoa lan politiko hori egitea?

Ez horrenbeste, behintzat. Baina bueno, berez, euskaraz kantatze hutsa politikoa da.

antton
Argazkia: Joseba Parron San Sebastian

Legala al zen garai hartan euskaraz kantatzea?

Legala bai, baina oztopo asko gainditu behar izaten genituen. Zentsuraren aldetik, zer kantatzen genuen neurtu behar genuen, eta kantatzeko baimenak lortzea ere ez zen erraza izaten batzuetan. Eskerrak zentsurari ez geniola kasu handirik egiten, bestela ezingo genuen-eta inoiz kantatu

Franco hil ondorengo lehenengo urteak ere oso korapilatsuak izan ziren.

Jendea sutsu zegoen, eta kantaldiak oso arraroak izaten ziren. Edozein momentutan, jendea ‘Gora Euskadi’ eta horrelako aldarriak oihukatzen hasten zen. Jaialdiak nahiko bereziak izaten ziren, eta ez oso gustukoak. Bestalde, garai hartan, ez zen batere harritzekoa edozein egunetan ETAko batek polizia bat hiltzea, edo Poliziak ETAko bat hiltzea.

Dena oso nahastuta zegoen, eta, horregatik, Xabierrek [Lete] eta biok erabaki bat hartu genuen: gelditzea. Eta, urte batzuk kantatu gabe egon ginen. Uste dut Pantxoak eta Peiok ere erabaki bera hartu zutela garai hartan. Ez dakit zenbat urteko geldialdia egin genuen, ez dut gogoan, baina planto egin genuen, ezinezkoa zelako jaialdi normal bat egitea: edozein momentutan kantaldia gelditu behar genuen, eta abar. Gerora, Xabier berriz kantatzen hasi zen, eta nik ere gauza bera egin nuen.

Zer egin zenuen geldialdia egin zenuen urte haietan?

Nire bizitza guztian, alde batetik kantagintzan ibili naiz, baina, bestetik, nire ogibidea familiaren enpresan lan egitea izan da, lehen aipatu dudan inprentan. Geldialdiaren urte haietan, han aritu nintzen lan egiten, berriz kantatzen hasi ginen arte.

Bestalde, pianoa txikitatik jotzen banuen ere, goi mailako ikasketak bukatu gabe nituen, beraz, kantatzeari utzi genionean, erabaki nuen piano ikasketak bukatu behar nituela. Eta hala egin nuen. Bukatu aurretik, ordea, kontserbatorioan behartu ninduten Harmonia eta halako beste ikasgai batzuk egitera. Horretarako, Francisco Escuderorekin ikasten hasi nintzen. Lau urtekoak ziren Harmonia ikasketak, eta laurak egin nituen. Ordea, oso gustura nengoen irakaslearekin eta beste bi ikaslerekin, eta, azkenean, Konposizio ikasketetako bost urteak egin genituen. Okupatuta egon nintzen, alegia.

Nolakoa izan zen agertokietara itzultzea?

Xabier gaixotu egin zen, baina oso gaizki ez zegoen momentu batean, deitu ninduten galdetzeko ea joango ote nintzen Durangoko Azokara kantatzera. Ondo pentsatu nuen, eta nik bakarrik kantatu beharrean, esan nien, ‘esango al diot Xabier Leteri ea etorriko den kantatzera?’. Baietz esan zidaten, noski, eta Xabierri esan nion. Zalantza batzuk izan zituen, oraindik ez zegoelako oso indartsu, baina baietz esan zidan azkenean. Kantaldi hura antologikoa izan zen; ez nire partetik, Xabierren partetik baizik. Karlos Gimenezen laguntza ere izan genuen kantaldi hartan; Karlos Gimenez oso garrantzitsua zen gure kantaldietan. 1990. edo 1991. urtean izan zen, eta hortik aurrera kantatzen hasi ginen berriz. Xabier Leterekin, bereziki, oso ondo moldatu nintzen beti.

Hainbat disko argitaratu dituzu, baina adierazgarria da urte asko pasatzen direla disko batetik bestera.

Nagitasuna da hori [barrez]. Gauzak horrela dira, bakoitzak bere erritmoa dauka. Larogeita hamazazpi diskoa atera nuenean, esaterako, gutxienez hamar urte pasa ziren aurreko diskotik. Hamar urtetik behin disko bat ateratzea ez da oso marka ona, baina bueno.

Larogeita hamazazpi diskoa egin nuenean, ordura arte eginda nituen abesti guztiak sartu nituen, pentsatuz hori izango zela nire azken diskoa. Azkenean, ez zen horrela izan, eta beste hainbat gauza egin ditut: Hamabi amodio kanta diskoa, 3 Eleak eta Hitzak hots DVD-ak eta Gaua. Ausentziaren itzala diskoa.

‘Larogeita hamazazpi’-ren aurretik, Lauaxetaren omenezko disko bat argitaratu zenuen. Bereziki gustuko al duzu Lauaxeta?

Horrek badu bere historia. Joxe Antonio Artzek Isturitzetik Tolosan barru poesia liburu aparta egin zuen, eta liburu horretarako azal jakin bat zeukan pentsatuta. Euskal historiako pertsonaia asko agertu behar ziren azal horretan: politikariak, artistak, eta abar. Collage bat zen azal hori, baina inprimatzeko zaila zen, eta gure inprentara etorri zen horregatik. Aitzakia horrekin, harekin hizketan aritu nintzen, eta harengandik izan nuen lehenengo aldiz Lauaxetaren berri; ordura arte, ez nuen ezagutzen. Liluratuta utzi ninduen.

Handik urte batzuetara, Lauaxetaren poema guztiak bildu zituzten liburu batean, eta liburua etxean daukat, ez dakizu zeinen hondatuta dagoen, hainbestetan erabili dut… Horrela, pentsatu nuen Lauaxetak merezi zuela disko monografiko bat. Lauxetaren ikuspegi orokor bat eman nahi izan nuen diskoarekin. Uste dut disko horrekin ekarpenen bat egin nuela Lauaxeta ezagutarazteko. Harro nago horrekin. Bestela ere ezaguna izango zen, baina nik zerbaiten lagundu nuen.

Antton_Valverde
Argazkia: Joseba Parron San Sebastian

2020an argitaratu zenuen azken diskoa: ‘Gaua. Ausentziaren itzala’.

Hor, aurreneko aldiz, beste poeta garrantzitsu baten lau kanta sartu ditut: Harkaitz Canorenak.

Zuzeneko emanaldiak eskaintzen ari zara?

Pasa den urtean bost edo sei bat emanaldi egin nituen diskoa aurkezteko, eta nahiko pozik gelditu nintzen. Niretzat asko da hori. Hemendik aurrera ikusiko dugu, zerbait ateratzen bada primeran, eta, bestela, ondo baita ere.

Gogoa duzu beste disko bat argitaratzeko epe motzean?

Azken diskoarekin antzututa gelditu naiz [barrez]. Banabil beti zerbaitekin, eta, agian, halako batean atera daiteke zerbait, baina oraingoz behintzat ez. Gainera, urteak ere aurrera doaz.

Beste hamar urte itxaron beharko ditugu.

Orduan, ez zait tokatuko [barrez]!

Rosaren omenezko abestiren bat egin zenezake, adibidez.

Gustura egingo nioke, baina nik ez nioke letra jarriko. Beraz, hari buruzko zerbait idatzita duen norbait aurkitu beharko nuke, edo enkarguz egingo duen norbait. Gustatuko litzaidake, eta hamar urte barru ikusiko dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude