Euskaldunak kantari grabatu zituen ikertzailea

  • 100 urte dira aurten Alan Lomax (Texas, AEB, 1915) jaio zenetik. Folk musika biltzen jardun zuen bizi guztian, eta milaka grabazioren artean, Euskal Herrian egindakoak ageri dira haren artxiboetan. 

Bi disko dira, bilduma handi baten aleak: The Basque Country: Biscay and Guipuzcoa, eta The Basque Country: Navarre. Biak ere Espainian grabatutako musika bildumaren barruan ageri dira, eta Alan Lomax dute egile, munduko folka biltzen bizia eman zuen ikertzailea. AEBetan jaioa, bertako musika tradizionala ez ezik han-hemengoa ere batu zuen Europan, joan den mendeko 50eko hamarkadaren hasieran, dela Italiakoa, Erresuma Batukoa edo Espainiako Estatukoa. Ez zuen lan nekea izan. Idatzirik utzi zuenez, “alderrai ibili nintzen hilabeteetan eta inoiz ez zitzaidan zail gertatu herrietako kantari eta musikari onenak aurkitzea, denek ezagutzen baitzituzten”. Ordurako, dena den, gisako lanetan bide ikaragarria egina zuen Lomaxek, XX. mendeko folk musika biltzailerik handienetakoak. 

Kolorerik gabe, zailago da Lomax definitzen, diren eta ez diren arloetan barna ibili baitzen. Folklorista, etnomusikologo, artxibogile, idazle, irakasle, politika ekintzaile, ahozko historiagile eta zinemagile izan zen. Grabazioak, kontzertuak eta irratsaioak gauzatu zituen hala AEBetan nola Erresuma Batuan, 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan, folk mugimenduari alimaleko bultzada emanez. AEBetako presidente Franklin Delano Rooseveltek 1932an abiarazitako New Deal garaian berriz, Alan Lomaxek milaka kantu grabatu zituen aluminio eta azetatozko diskoetan Kongresuaren Liburutegiko Amerikako Folk Kantuaren artxibategirako. Lehenik, aitari laguntzen lan egin zuen, hau da, John A. Lomax folklorista eta bildumagilearekin. Hamazazpi urte zituela lagundu zion lehenbizikoz folk kantuak biltzen: American Ballads and Folk Songs (1934) eta Negro Folk Songs as Sung by Lead Belly (1936) lanetan, hain segur. Harrezkero, beste zenbait lankide eta kolaboratzailerekin jardungo zuen Alan Lomax gazteak: Floridan eta Bahametan izan zen 1935ean eta, 1937an aldiz, Texaseko Unibertsitateko Elizabeth Harold Goodman ikaslearekin ezkondu eta Haitin, Alabaman, Apalatxeetan eta Mississippin egin zituzten folk musika grabazioak.

1937tik 1942ra bitartean, Kongresuaren Liburutegiaren Folk musika Artxibategiko laguntzaile arduraduna izan zen, eta erakundearen asmoari jarraiki, landa-lana bultzatzeko eginahalak egin zituen. Ahozko historiaren aitzindarietakotzat jo izan da Lomax, eta folk eta jazz musikari anitz entrebistatu zituen. Bera izan zen kalean pasaeran oinezko arruntak elkarrizketatzen hasi zen lehena. 1941ean, lanpostua baliatuz, telegramak igorri zizkien AEBetako hamar estatutan barrena ari ziren landa-langileei, iritziak bil zitzaten Pearl Harbor-eko bonbardaketaren eta ondoko gerra deklarazioaren gainean. Hurrena, berriz, 1942an, Dear Mr. President izeneko elkarrizketak batu zituen, jendeari iritzia galde. Hitz bitan, 1939tik 1942ra Alan Lomaxek sasoi betean jardun zuen musika bilketan, eta Bigarren Mundu Gerra garaian ere, armadan zelarik, musika eta gerra lotzen zituzten hamaika irratsaio burutu zituen. Sona eta aipu handiko, adibidez, The Martins and the Coys, Ingalaterran BBCk emititu zuena. Woody Guthrie, Burl Ives, Pete Seeger eta beste hainbaten musika haizatu zituen BBCren saioak, nahiz eta AEBetan ez zen inoiz emititu.

1942an, Kongresuaren Liburutegiari diru-laguntzak kendu zizkioten garaian, Lomaxek bere gisa segitu zion bideari, eta Ingalaterran, Irlandan, Kariben, Italian eta Espainian ere ibili zen bilketan. Ordurako, grabatzeko teknologiarik berrienaren jabe zen Alan Lomax, eta ikaragarrizko bilduma osatu zuen, hala AEBetan nola handik kanpo. 

Sorgin ehizatik ihesi

1949an sorgin ehiza AEBetan. Komunismoa zen aitzakia. Hurrengo urtean, giroa gori, FBIko agente izandakoen Red Channels panfletoak artista eta kazetarien zerrenda gorri-beltza zabaldu zuen, non komunismoari sinpatia omen ziotenen izen-deiturak lau haizetara zabaldu baitziren. Bertan ageri ziren izenen artean, Leonard Bernstein, Burl Ives, Dorothy Parker, Pete Seeger, Josh White… eta, bistan da, Alan Lomax. 

Uda hartan, McCarran legea eztabaidatzeari lotu zitzaion Washingtongo Kongresua. Horren arabera, subertsibo guztiak erregistratuko ziren –fitxatu, argotean– eta hatz-markak bilduko zitzaizkien, bidaiatzea mugatuko zitzaien, eta “larrialdi” kasuetan atxilotu egingo ziren. Lomax segur zen legea onartuko zutela eta, hala izatera, bere karrerak hondoa joko zuela, ez zuela aurrera egiterik izango. Ordurako dibortziaturik eta Columbia Records etxearekin Europan grabazioak burutzeko kontratua adosturik zuela, herrialdetik irtetea planeatu zuen. 

Pasaportea korrika eta presaka berritu, hitzartutako konpromisoak bertan behera utzi eta 1950eko irailaren 24an partitu zen Mauretania itsasontzian. Beharrik! Urrian FBIko agenteak Lomaxen lagun eta adiskideen artean galdezka ziren. Hala ere, ez zien jakinarazi alde egitera beharturik ikusi zuela bere burua. Eta, geroago ere, Ingalaterrako egunkari batek Alan Lomax “sorgin ehizaren biktima”-tzat hartu zuenean, honek ez zuen esan Erresuma Batuan Columbia proiektuko lanean ari zela besterik. Erresuma Batutik Europako lau kornerretara zabaldu zuen bere lana...

Europa, soinu iturri agortezina

Ingalaterran, Londresen dugu 50eko hamarkadan, eta bertatik osatu zuen Columbia World Library of Folk and Primitive Music lantzarra, hemezortzi alez osatutako bilduma mardula. Espainiara, Eskoziara, Irlandara eta Italiara joateko baliatu zuen egokiera, badakigu zazpi hilabete eman zituela Espainian, esate baterako. Hirurehun item inguru grabatu zituen penintsulan barrena, hainbat eta hainbat ohar idatzi, eta ehunka argazki egin. Espainian grabatutako lanen artean Sevillan jasotako saeta edo Vigoko gaiteroen alborada goraipatu zituzten zenbait artistak –Miles Davisek, kasurako–, hainbat herrialdetako musika eta kantak bildu zituzten arren: Mallorca, Ibiza eta Formentera, Galizia, Extremadura, Aragoi, Valentzia eta, gurean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa ibili zituen Lomaxek Jeanette Bell laguntzarekin, eta lekuan lekuko laguntzaileak izan zituzten biek. 

Euskal Herrian egindako grabazioetan, esaterako, Eduardo Torner dugu Lomaxen kolaboratzaileetan, eta Aragoi, Valentzia eta Galiziakoetan, adibidez, Julio Caro Baroja bera ere ageri da, besteak beste.

Euskal Herria ezinbesteko bi diskotan

1952tik 53ra ibili zen Euskal Herrian, eta bi disko dira emaitza The Spanish recordings: Basque Country seriean. Lehena Bizkaia eta Gipuzkoari eskainia da, eta 38 kantu bildu zituen bertan. Bigarrenak, Basque Country: Navarrek, 33.

Bizkaia eta Gipuzkoari dagokien diskoko interpreteetan bada izen ezagunik aski: Ignazio Eizmendi Basarri eta Manuel Olaizola Uztapide bertsolariak dirateke aipu eta sona handikoenak, eta horien ondoan dira Zarauzko eta Donostiako txistulari taldeak. Horiekin batera, beste zenbait izen dira Arantza eta Andoni Goikoetxearenak, eta Sotero Erauzkin, Simon Badiola, Pedro Anaito edota Javier Bello Portu bera. Zeanuri, Ergoien, Tolosa, Ondarroan eta bestetan egindako grabazioek osatzen dute ale hau.

Nafarroako diskoaz denaz bezainbatean, Uitzi, Arizkun, Elizondo, Lesaka eta Iruñean osatu zituen grabazioak eta Perez Lazarraga anaiak, Jose eta Maria Fagoaga, Mariano Izeta, Maurizio Elizalde, Migel Anjel Leoz eta beste zenbait dira interprete. Nabarmentzekoa da dultzainaren eta txistuaren presentzia, eta Leoz gaztearen jota kantak, nahiz euskaraz, nahiz gaztelaniaz kantatzen baititu.

Bi lanak ere hagitz freskoak dira, bertan aditzen diren barre algara, txalo zarta eta irrintziek erakusten dutenez. Disko biak 2004an argitaratu zituen Rounder etxeak, eta liburuxka bana dute, argazkiz eta jakingarriz ongi hornituak, Juan Mari Beltranen eta Aintzane Camararen lanaren ondorio. Bi lanok ere entzungai dira Alan Lomaxek bildutako guztiekin batera, hark abiarazitako Kultur Ekitatearen aldeko Elkarte ACEren culturalequity.org webgunean.

Song of the basques eta Ximun Haran

Bistan denez, Alan Lomaxen bilketa baino lehen ere izan ziren atzerrian euskal kantuak grabatu zituztenak. 1938an, esaterako, Song of the Basque Children grabatu zuten Ingalaterran. Haurrak ziren interprete, 1937ko maiatzaren 22ko gauean SS Habana itsasontzian Santurtziko portutik irten eta Southamptonera abiatu ziren haietakoak. Hamar urtetsu geroago, 1949an, Song of the Basques grabatu zuten Boise, Idahon (AEB). Musika astea egin zen Idahoko hiriburuan, eta euskaldunak gonbidatu zituzten. Batu ziren bizkaitar artzainak, diskutitu zuten zer kantatu, zelan, eta parte hartu zuten. Diotenez, negar egin zuen jendeak, Euskal  Herri zaharreko kantuak entzun zituenean. 

Garaitsuan, baina etxean bertan, kantuak biltzeari lotu zitzaion ospe handiko pilotari Ximun Haran. “Gu pilotariak ginen, eta txoko guztietan gure jokoa erakutsi ondoren, gauean herriko tabernan afaltzeko egiten ziguten gonbita gustura onartzen genuen. Azken-burukoa ekarri bezain laster kanturako gogoa nagusitzen zen, eta kantaldi haiek berandu arte luzatzen ziren. Queheille Altzürükükoak Belatsa kantatu zuen gau batean, letrarik gabeko kanta benetan ederra, gabirai baten hegaldia imitatzen duena. Queheilleri entzuten genion bitartean, Mixel Epherrek ahopeka esan zidan: ‘Bera da hori kantatzen dakien bakarra; berarekin batera desagertuko da kanta ere’. Entzundakoak kezkatu egin ninduen, eta, horrela, Frankfurtera joatea erabaki nuen Grundig bat erostera”. Hasteko, Barkoxen, Senperen eta Amotzen, Larrainen eta Santa Grazin burutu zituen grabazioak, eta ondoren, berriz, Bermeon, Azkoitian eta Bilbon. Ehun zinta inguru grabatu zituzten, eta binilozko sei disko luze izan ziren emaitza, Euskal Museoa bildumaren barruan argitaratuak. 2003an, bestalde, Xiberoko kantüak berrargitaratu zuen Elkar etxeak. 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Folklorea
2023-09-24 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Rodrigo Cuevas

Musika jarraitzailea bazara, Rodrigo Cuevas ezaguna izango zaizu. Gure lurretan gonbidatua izan da, Bilboko Aste Nagusian, Iruñeko Enmusikadas eta Oreretan bukatu berri den Atlantikaldian, eta Erromeriak bira kantatu eta dantzatu dio bere fan talde zabalari. Rodrigo... [+]


2021-12-24 | dantzan.eus
Juan Mari Beltran
“Tradizioa ez da gauza zaharra, tradizioa gauza berriena izan daiteke”

Herri musikari eskaini dio bizitza osoa Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947); biltzen, sortzen eta zabaltzen. Haurtzaroan, Etxarri Aranatzen, heldu zien lehenengo musika tresnei eta familiarekin Donostiara mugituta hasi zen han eta hemen txistua astintzen. Dantza taldeetan... [+]


2021-11-12 | dantzan.eus
Iñaki Ahedo eta Xabier Gonzalez: "Interesgarri gertatu zaigu hausnartzea kanpoko ideia batzuk hona inportagarriak ote diren"

Estoniar lagun batek Iñaki Ahedori bidalitako postal bateko seilua da "Nondik nora folklorea?" erakusketaren abiapuntua. 1995. urtetik ari da seiluak biltzen, eta 2019an publikoari erakusteko aukera sortu zen Eusko Lorak dantza taldeak antolatutako erakusketaren... [+]


Joxemiel Bidadorren artikuluen bilduma bat publikatu du Pamiela argitaletxeak

Nabarrikadas. Historia y folclore de Navarra izeneko liburua Joxemiel Bidadorrek Diario de Noticias-en 1999 eta 2002 artean idatzitako artikuluen bilduma bat da.


Gurutzi Arregi hil da, Bizkaiko ondare immateriala jaso zuen etnografoa

Euskal herri kulturari ekarpen handia egin zion Gurutzi Arregi Azpeitia (Lemoa 1936, Zornotza 2020) etnografoa asteazken goizaldean hil da 84 urterekin.  Besteak beste, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren koordinatzaile izan zen.  Durangoko kultur mugimenduetan ere... [+]


Eguneraketa berriak daude