Baserrira jo eta kontserbei ekin dien gaztea


2018ko abenduaren 19an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nekazaritzari lotutako ikasketak amaitu zituenean argi zuen Haizea Bengoetxea Andikoetxeak lurrari lotutako proiekturen batean egin nahi zuela lan. 2011n, egun Olatxuko Laboreak denaren lehen pausoak eman zituen Arrietako (Bizkaia) aiton-amonen Olatxu baserrira mugitu zenean. “Nekazaritzatik bizi nahi nuen, baina baserria lehenago ezagututa. Hor hasi nintzen soroarekin lanean eta kontserben mundua ezagutzen eta ikasten”, azaldu du. Egun jada finkatuta dagoen proiektua da Olatxuko Laboreak: fruitu eta barazki marmelada, krema eta pateen ekoizpenean dihardute jo eta su.

Txikitasunari eutsiz hazi den proiektua

Olatxu baserrian egin zituzten lehen bi urteak proiektuko bi kideek, baina nekazaritzara lehen hurbiltze hori eta gero Arrietako beste baserri batera mugitzea erabaki zuten. “Baserri honetara etorri ginenean obradorea jarri genuen eta Olatxuko Laboreak proiektuari buelta batzuk ematen hasi ginen”, dio Bengoetxeak.

Hasieratik eredu agroekologikoaren aldeko apustua egin dute, nekazaritzatik bizi ahal izateko bide bakarra horixe dela konbentzituta. “Aiton-amonek hein handi batean ekoizpen modu agroekologikoak erabiltzen zituzten arren, beste zenbait kontutan ez zuten bat egiten nire moduekin”. Bere saila ekoizten hasi zen orduan, aiton-amonengandik jasotako jakintzak eta liburu nahiz formakuntzetatik ikasitakoak uztartuz. Orain, proiektuan jauzi berria eman nahi izan dute Fikan (Bizkaia) lursail berria erosiz: frutarbolak eta negutegiak dituzte bertan, eta baserri berriaren lehen hormak ere sortze prozesuan dira jada.

Jakintzak elkarbanatzen

Plazaz-plaza, azokaz-azoka mugitzen da Bengoetxea kontserbak zuzenean salduz. “Azokez gain, komertzio txikiekin ere egiten dugu lan. Bitartekariak izan arren bestelako baloreak dituzte, eta haiek ere egin dute gurekiko apustua”, azaldu du.

Duela urte pare bat ikastaroak ematen hasi ziren. “Zer eta nola egiten dugun azalduz kontserba ezberdinak egiten ikasten dugu”. Zerbait puntuala izan arren, jarraitu nahi dute ezagutzak jendearekin elkarbanatzen eta kontserben inguruan horrelako espazioak sortzen. Hurrengo urtean tailerrak Fikan, proiektua garatzen duten tokian bertan eskaintzea dute asmo.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude