Bisiguak, saguzarrak eta hirustak karta-joko bihurtuta

  • Lehoiak, gameluak, kakatuak eta marrazoak protagonista dituzten karta-jokoen ordez, azkonarra, muskerra, kilkerra, izokina... ageri diren kartekin jolastu ahal izango bagenu? Sabana eta oihan tropikaletako izakien ordez gure inguruko padura, ibai eta parkeetako animalia eta landareak bagenitu kartetan? Pentsatu eta egin: jolastuz, bertako espezieak eta ekosistemak barneratzeko aukera ederra dira Hondarribian atera dituzten kartak.


2019ko abenduaren 01an

Ez da gai berria ARGIAn. Haur eta helduok ezagunago ditugu urruneko animaliak, bertakoak baino, eta kosta egiten zaigu inguruan ditugun landare arruntenei izena jartzea. Naturatik aldendu gara, hiritartu, ingurunearen transmisioa gainbehera doa belaunaldiz belaunaldi… eta haurrentzako liburu, telesail, panpina eta jokoen bidez kanpoko espezieak dira etxera sartzen zaizkigunak, maiz jabetu ez arren.

Bestelakoa da, baina, Hondarribiko ondarearen transmisioaz arduratzen den Arma Plaza Fundazioak Udalaren bidez sortu duen jolasa. Sei karta-familia dira, sei ekosistema edo habitat irudikatzen dituztenak: itsasoa eta itsaslabarra, padura, ibai eta errekak, landa eremua, basoa, eta hiri eta parkeak. Familia bakoitzaren barruan, beste seina karta, izaki bat irudikatzen dutenak: ugaztuna, anfibio edo narrastia, arraina, hegaztia, ornogabea eta landarea. Denak bertakoak, batzuk ezagunagoak, beste batzuk ez hainbeste, beste zenbait mehatxatuak daudenak… Eta bertakoak diogunean ez gara Hondarribiaz soilik ari: Euskal Herriko ia txoko guztietan topatu daitezkeen espezieak dira. Are gehiago, kartetan ageri diren izaki asko Europako beste hainbat lurraldetan ere aurki ditzakegu. Karta hauetako protagonista dira, esaterako, orka, igaraba, apo lasterkaria, suge gorbataduna, zirauna, platuxa, aingira, amuarraina, buztanikara horia, karnaba, kaskabeltz handia, karrakela, kotxorroa, krabelina, txipa-belarra, huntza… Zazpigarren familia bat ere sartu dute kartetan, haurrentzat hurbileko eta erakargarri izan daitezkeelakoan: Hondarribiko erraldoiak.

Euskal Herriko ia txoko guztietan topatu daitezkeen espezieak dira. Orka, igaraba, suge gorbataduna, zirauna, platuxa, aingira, amuarraina, buztanikara horia, karnaba, kaskabeltz handia, karrakela, kotxorroa, krabelina, txipa-belarra, huntza…

Besteak beste, inguruan ditugun ekosistemen aniztasuna, fauna eta flora erakustea du helburu jolasak, “handia baita bertako aberastasuna, eta ekosistema ugariak agertuz, barneratzen dugu ekosistema guztiak direla garrantzitsuak, paduretatik hasi eta hiriko parkeetaraino, bertan badelako bizitza. Batzuetan iruditzen zaigu ingurumenerako basoak oso garrantzitsuak direla, eta badira, baina hor ez da bukatzen babestu eta zaindu beharreko natura; inguratuta gaude”, kontatu digu Iñaki Sanz-Azkuek. Ingurumenaren ikuspegitik lagundu du berak proiektuan, eta arlo pedagogikoari berriz Lore Erriondok heldu dio. Erriondok azaldu digunez, hizkuntza ekologia ere bada jolasaren xedeetako bat. Hala, hiru modutan ematen dira kartetako izakien izendapenak: Hondarribiko aldaeran, euskara batuan, eta dagokion izen zientifikoan. “Konturatu gara, herriko hizkuntza aldaeran izenak sarri onomatopeietatik eratorriak direla, adibidez txoriek eurek egiten duten soinutik eratorriak: Ttirrittarratta erabiltzen da txenada hankabeltza izendatzeko, kirrikilla sorbeltz arrunta esateko edo ttirritta kilkerra adierazteko”.

Emaitza sinplea izan arren, atzean lan handia dagoela azpimarratu digute solaskideek, ñabardura eta xehetasunik txikiena ere hartu dutela kontuan. “Ilustratzailea erotu egin dugu, kar, kar, kar. Padura adibidez marraztu dugu Jaizkibel atzealdeko argazkietan oinarrituta, kolore zehatzak erreproduzituz; kurlinta handia paduraren eta ibaiaren arteko eremuan jarrarazi diogu, ez harago ez honantzago; hirustaren hostoari arrasto zuriak margotzeko eskatu diogu… Zorrotzak izan gara, ilustrazio errealistak nahi genituelako”. Eñaut Aiartzaguena aritu da marrazkilari.

Ezagutza, memoria, azkartasuna, arreta
Lau karta-joko proposatzen dituzte. Batetik, txikienek puzzleak egin ditzakete, familia bereko kartak elkartuz gero ekosistema jakin baten puzzlea osatzen baita. Bestetik, familia-joko klasikora jolastu daiteke. Memoria jokoa ere egin daiteke: karta handiago batzuetan, konbinazio ezberdinak osatu dituzte (adibidez arrain bat, landare bat, ornogabe bat… karta berean); berau hartu, denbora batez aztertu, gero kartari buelta eman eta ea zenbat izaki gogoratzeko gai garen. Azkenik, arreta eta azkartasun jokoa proposatzen dute: karta konbinatuak erdigunera ateratzen joan eta norberak duen kartako izakiren bat errepikatzen bada, “kapen” esan eta karta hori eskuratu ahal izango du, ahalik eta karta gehien biltzea helburu. Kapen hitzak itsasora buruz botatzea esan nahi du Hondarribian.

Kartak herriko ikastetxeetan banatzea eta Arma Plaza Fundazioaren bidez salgai jartzea da asmoa, solaskideen esanetan aitzakia ona direlako jolasetik abiatuta gaian nahi adina sakontzeko eta eskolan nahiz etxean espezieak eta ekosistemak jorratzeko. Dena den, argi dute Erriondok eta Sanz-Azkuek: haurrei bertako ondarea hurbiltzeko onena da natura behatzera animatzea, eta horretarako helduak izan ditzatela bidelagun eta eredu, aurreneko urteetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Natura
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude