Zuhaitzen koloreak


2018ko azaroaren 25an
Otsagabiako basoak, Muskildatik ikusita. Argazkia: Juanmi.
Otsagabiako basoak, Muskildatik ikusita. Argazkia: Juanmi.

Etxetik abiatua naiz zelkoba kaukasiarrari (Zelkova carpinifolia) eta astigar txinatarrari (Acer truncatum) goizeroko bisita egin ondoren. Gaur, gorri-gorri lehena eta horitik morerainoko kolore ore bigarrena. Ez alferrik ingelesek “purpleblow maple” (kolpe moreko edo gorri mineko astigarra) esaten diote astigar txinatarrari. Etxetik Pirinioetarainoko bidea egitekoa dut.

Hotzak biluzten ditu zuhaitzak, eta, soineko hostoen gona kendu orduko, gordean izan duten azpiko gona agertzen da. Gona berdeen azpian kolore ugaritako azpiko gonak, arin eta bizitza laburreko barruko gonak. Hotza non egiten duen seinale da, “hotza gorri, koloreak bizi”. Axitarte igaro orduko makal zorrotzak agertzen dira (Populus nigra “Italica”) hori-hori. Hortik aurrerako bidea, emozioaren dardarrean, motz, seko motz egin zait. Horia, horia eta horia. Oritzak ugaztunaren umaldiaren hasiera bezala, paisaia nafarraren horitzak neguarena dakar. Iruñea inguruko erreken aldamenetako makalek bideratu naute Elomendiren iparraldetik Irunberriraino. Herri sarrera janzten du intxaurrondo batek (Juglans regia), espezie horri sekula ikusi ez diodan hori garbiz. Inguruetako mahastien (Vitis vinifera) eta zainzuridien (Asparagus officinalis) paisaia inpresionistek koska ederra goratzen dute gozamen estetikoa. 

Hortik atzera ez da koskarik, etengabeko goranzko joera hartu dit gozamenak. Zumar hosto zabala (Ulmus glabra subsp. glabra) horizta, europar laritza edo alertzea (Larix decidua) laranjakara, lertxuna (Populus tremula) horail iluna, basagereziondoa (Prunus avium) arrosakara, gingondoa (Prunus cerasus) gorri iluna, astigar arrunta (Acer campestre) eta frantses iharra (Acer monspessulanum) zein baino zein urreztatuago, lizar (Fraxinus excelsior) borobila anbar-kolorekoa, mertxikondoa (Prunus persica) adarretan behetik gora limoikaratik kobrekararainoko sorta ikusgarria osatuz, sahats arrunta (Salix aurita) lastokara, ahuntz-sahatsa (Salix caprea) larurantz, makal beltza (Populus nigra) okre zikindua, haritza (Quercus robur) hitsa, zuhandor arrunta (Cornus sanguinea) ardokara, gaztainondoa (Castanea sativa) beilegia, haltza (Alnus glutinosa) zerbeldua, hostazuria (Sorbus aria) zuhaila, zurzuria (Populus alba) beluria, basaerramua (Euonymus europaeus) su bizikoa, arkakaratsa (Rosa canina) gorrizta eta pagoa (Fagus sylvatica) sagardo koloretik azafraikararaino. Otsagabian hurritzak (Corylus avellana) inbidiatan, hostoen azpiko gonaz finolatu ezinik, lore gerba zintzilikarioak dantzatzen ditu, ezko kolorekoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zuhaitzak
Indarkeria bikarioa salatu dute ehunka lagunek Lizarran

Lizarrako Mugimendu Feministak deitu du elkarretaratzea haurraren hiletaren ostean. Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernu Ordezkaritza kasua ikertzen ari da.


Amari min emateko hil zuen aitak semea Urbasan, nagusitzen ari den hipotesia

Haurraren amak salaketa ipini zuenetik zeuden haien bila. Aita semea helduta amildu zela adierazi du autopsiak, eta indarkeria bikarioaren hipotesiak indarra hartu duen arren, ikerketa aurrera doa.


2023-10-22 | Reyes Ilintxeta
María Castejón. Manugaitz eta arriskutsua
"Ezagutzen ez dugun errebeldia eta arriskugarritasun genealogia itzela dugu emakumeok"

Pasioarekin hitz egiten du, eta pasioa eta lana elkartzen ditu etengabe. Zinema, historia eta feminismoa dira bere bizitzako filmeko protagonistak. Arauetatik aldendu, genero-aginduak dinamitatu eta erreferente berriak gorpuzten dituzten emakumeak erakusten dizkigu bere liburu,... [+]


2023-09-01 | Jon Torner Zabala
Nafarroako Komiki Azoka, hiru astez Iruñean eta Lizarran

Tiza elkarteak antolatuta, Nafarroako Komiki Azokaren XVI. edizioa egingo da gaur hasita hilaren 24ra arte, Iruñea eta Lizarrako hainbat lekutan. Mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, erakusketak, topaketak artistekin, auto-edizio eta bigarren eskuko azoka... [+]


Eguneraketa berriak daude