Konbentzimendu osoz

  • Aspaldian ez naiz boto-emaile ziurra. Halako batean, konbentzimenduak erabaki zuen hagin baten itzalean esertzea, eta bizitzak aurrera eraman ninduen, bazterrik bazter, urruti. Harrezkero hura ez da osoa, eta ni alderrai nabil.

Argazkia: Wikipedia

2023ko maiatzaren 22an - 03:05
Azken eguneraketa: 10:03

Banaketa jazo aurretik, populazioaren %89arekin bizi nintzen, hiri-eremuan. Espazio txikia, lurraldearen %11 baino ez. Halere, makro-ustiategi funtzionamendu haren zaindariak adi zeuden, ezer ez faltatzeko.

Eta halaxe, egunero-egunero jaten genuen, nahi adina eta noiznahi; edozein egoeretarako arropa, eskura; medikuak eta erizainak, bertatik bertara; berdin liburutegiak eta kultur-emanaldiak; baita eskolak, garraioa edota administrazioetako bestelako zerbitzu publikoak ere. Majo ikasi genuen ematen zigun edozein apeta posible zela. Boto-emailea izatea erraza zen, aukera guztiek ziurtatzen baitzuten burbuilaren existentzia bera, ñabardurak ñabardura.

Makro-ustiategitik kanpo zegoena, aldiz, ez genuen ezta usaindu ere egiten; tartean santuren bat edo beste ez bazen. Orduan bai, orduan azaldu baserritarrak, gutiziak ekartzera. Talo eta txistorra usainek esnatzen zituzten lo genituen memoriak.

Konturatzerako, espazioa soberan dut, bost bat lagun hiru kilometroko itzulinguruan. Orain, gutxiengoan bizi naiz, populazioaren %11ren parte, hemen, landa-eremuan. Eta, hara non, egun batetik bestera, konturatzen zara, inortxo ere ez dagoela hona begira, hirirako input bila ez bada.

Horrela, egiten zaituzten parajeak sakrifizio-eremu izendatu dituzte –parke naturalak eta babes bereziko eremuak izan ezik, noski–. Hemen zerbitzu asko faltan ditugu, osorik izateko, hirian halaxe erabaki dutelako.

“Nahi duzun guztia, eskura une oro” zioten neoizko argien dirdirak ez gaitu itsutzen. Gurean, elkarren zaintza eta autogestio saiakera xumeak bilakatu dira egunerokoak –hiriko batzuk lagun–.

Ez da erraza, halere; agintariek erabakimena desjabetu baitigute, lurrarekin egin ohi duten bezala, denon hobe beharrez. Ezin utzi bazterrekoen eskuetan kapitalak behar dituenak, inondik ere.

Segunda regionaleko mendietako biztanleok zerbitzu eskasiara ohitu gaituzte. Baina jakin badakigu, halaxe bizi dugulako, landek eta mendiek egiten gaituztela; egunsenti edota ilunabarretan ortzimugak libre egiten gaituen bezain ongi, jakin ere.

Zergatik txertatu barrote –edo barra-kode– gehiago gure bizitzetan, eta sakrifikatu gaurko ogia eta askatasuna, nekez eskuratuko den oparotasunaren promesaren atzetik abiatzeko?

Haginaren itzalera itzuli naiz, menditar sena nuen zain. Konbentzimendu osoz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Eguneraketa berriak daude